Ura nola kutsatzen den erakusten du kartel honek.

Uraren kutsadura laku, ibai, itsaso edo ozeanoetako edota lurpeko urek jasaten duten kutsadura, gehienetan giza jarduerek eraginda.

Gizakiok gure jarduera ugarietan ura erabiltzen dugunean, gerta daiteke uraren kalitatea okertzea eta, ondorioz, beste jarduera batzuetarako erabili ezin izatea. Ura kutsatuta dagoela esaten da orduan.

Kontsumitzen dugun urak kalitate onekoa izan behar du. Garapen bidean dauden herrialdeetan, biztanle guztiek ez dute edateko ura izaten eskura, edo ur garbia ur zikinekin nahastea eragozten duten hustubide-sistemak dituzte. Horrek gaixotasun larriak sortzen ditu, hala nola kolera, sukar tifoidea eta abar.

Edateko ur kutsatuak gaixotasunak eragin ditzake herrialde garatuetan ere. Metal astunak ibai, akuifero, itsaso eta ozeanoetako uretan pilatzen badira eta gizakiei transmititzen bazaizkie, gaixotasun larriak eragin ditzakete.

Uraren kutsadura nola sortzen da?

aldatu

Uraren kutsadurak jatorri ugari izan ditzake:

Etxeko hondakin-urak

aldatu

Etxeetan sortzen ditugun ur zikinak dira, hau da, sukaldean, garbiketa egiteko edo bainatzeko erabiltzen duguna eta gero hustubideetatik botatzen duguna. Ur horri hondakin-ura deitzen zaio.

Etxeko ur zikinak komuneko hondakinak, osasunerako kaltegarriak diren bakterioak eta birusak, detergenteak, materia organikoa, esekiduran dauden substantzia solidoak, koipeak eta abar dituzte, eta horregatik jada ez da erabilgarria. Ur zikin horiek behar bezala garbitzen ez badira, oso arriskutsuak izan daitezke gizakiontzat, hainbat gaixotasun eragin baititzakete, hala nola tifusa, kolera, hepatitisa edo salmonelosia. Bestalde, ur zikin honek mikroorganismo asko sortzen ditu, bizitzeko oxigeno asko behar dutenak, eskura dagoen oxigenoa gutxituz eta izaki kopurua gehituz.

Nekazaritzak eta abeltzaintzak sortutako kutsadura

aldatu

Nekazaritzan ongarri eta ongailu gehiegi erabiltzen direnean, nitrato eta fosfatoak euri-urarekin nahasi eta aintzira eta akuiferoen kutsadura eragin daiteke.

Gainera, pestizida, herbizida eta bestelako produktu toxikoak erabiltzen direnean laboreak kaltetzen dituzten organismoak hiltzeko, pozoin horiek beste izaki bizidun batzuetara pasa daitezke elikadura-katearen bidez, eta gaixotasunak eragin.

Abeltzaintzaren kasuan, abereen gorotzak ongarri gisa erabil daitezke, baina gehiegizkoak direnean, azaleko eta lurpeko urak ere kutsa ditzakete, eta uraren eutrofizazioa eragin.

Industriak eta meatzaritzak sortutako kutsadura

aldatu
 
Borondatezkoak Prestige petroliontziak eragindako kutsadura garbitzen.
  • Meatzaritzan eta industria batzuetan erabiltzen den ura hondakin toxikoz, azidoz, metal astunez eta abarrez kargatuta dago, eta horien tratamendua oso zaila da. Putzu edo tankeetan utzi ohi dira, ingurumena ez kutsatzeko.


  • Planta energetikoetan (zentral termikoak, nuklearrak, etab.) ura hozgarri gisa erabiltzen da eta, erabili eta gero, ibai edo aintziretara edo itsasora itzultzen da; ur horrek substantzia toxikorik ez duen arren, beroago egoten da (batzuetan, 20 ° C), eta tenperatura-aldaketa horrek ekosistemak alda ditzake: ur beroak uretan disolbatutako oxigeno kopurua gutxitzen du, eta izaki bizidunak hil egin daitezke. Bestalde, zentral nuklear batzuetako hondakin erradiaktiboak porlanezko edukiontzietan itxi eta itsasora botatzen dira; edukiontzi horiek noizbait hondatzen hasten badira, hondakin errakdiaktiboak urarekin kontaktuan jarriko dira, eta ondorio ikaragarriak gerta daitezke.


  • Petrolioa edo haren deribatuak garraiatzean izandako istripuek eta petrolio-isuriek ere oso kalte larriak eragin ditzakete ingurumenean. Adibidez, Prestige izeneko petroliontziaren kasu ospetsuan, 2002an, 600.000 tona petrolio isuri ziren Galiziako kostaldearen aurrean. Bizkaiko golkoko kostalde osoko ekosistemak luzarorako kaltetuta geratu ziren, eta lan eta inbertsio handiak egin behar izan ziren inguruak garbitu eta deskontaminatzeko.