Boer errepublikak (Boer estatuak bezala ere ezagutuak) XIX. mendean Afrikako hegoaldean independentzia aldarrikatu zuten herrialdeak izan ziren. Haien populazioa afrikanerra zen (nagusiki Herbehereetako jatorrikoa).

Hegoaldeko Afrika 1897an
Hegoaldeko Afrika 1897an

Jatorria

aldatu

XVIII gizaldiaren amaieran, Esperantza Oneko Lurmuturrean bizi ziren afrikanerren bizi baldintzak kaskartu ziren: Kolonia britainiarren esku geratzean, administratzaileek ez zuten haien kultura errespetatzen, afrikaans hizkuntza (nederlanderatik eratorria) baztertzen zuten ingelesaren mesedetan, Armadak ez zituen baserritarrak (boerrak) babesten indigenen erasoen aurrean...[1] Gainera, 1834ean Britainia Handiak bere kolonia guztietan esklabutza ezabatzea erabaki zuen, populazio indigena eta etorkinaren arteko berdintasuna aldarrikatuz; hau boer askorendako kaltegarria zen esklabuen eskulanaren menpekotasun handia zutelako (batez ere labore eta ardo ekoizleek).[2]

Gauzak horrela, 1835etik aurrera Lurmuturreko Kolonian bizi ziren boer askok baserriak saldu zituzten, eta Britainia Handiaren menpe ez zeuden lurraldeak bilatzera atera ziren. Afrika ezezagunean barneratu ziren kolono hauei voortrekker izena eman zitzaien ("aintzindariak"); migrazio mugimendu nagusiena 1835 eta 1843 artean burutu zen eta Trek Handia izenez ezagutzen da;[3] Esperantza Oneko Lurmuturreko Koloniako ekialdetik 12.000-14.000 pertsona mugitu zirela kalkulatzen da,[4] Orange ibaia zeharkatuz, ipar-ekialde norabidean Afrikan barneratuta. Voortrekkerren bidaiak nekeza izan ziren, besteak beste gaisotasunengatik eta tokian tokiko indigenekin izandako borrokengatik.[5]

Errepubliken sorrera

aldatu

Nazioarteko onarpena eta independentzia osoa lortu zuten boer errepublikak hiru izan ziren: Nataleko Errepublika, Hegoafrikar Errepublika (Transvaal izenez ezagunagoa) eta Orangeko Estatu Librea. Horietaz gain, efimeroagoak izandako beste boer errepublika asko izan ziren. Jarraian izendatuko ditugu, gaur eguneko Hegoaldeko Afrikan kokatuz, indarrean izan ziren urteak zehaztuz eta haiei buruzko zenbait datu emanaz.

Nataleko Errepublika (1839-1843)

aldatu

Gaur eguneko Durban hiriaren inguruan. 1837rako voortrekkerrek 5-6 kanpaleku egonkor zituzten Orange eta Vaal ibaien arteko lurraldean, guztira 2.000 bat biztanle.[6] Buruzagi boerrak Potgieter eta Uys ziren; haiekin izandako desadostasunengatik, Piet Retief eta Gerrit Maritz voortrekkerrek handik alde egitea erabaki zuten. 1838an Natal ingurura heldu ziren (gaur eguneko Durban); hango zulu indigenekin adostasun batera ailegatzen saiatu ziren arren, negoziazioek ez zuten aurrera egin eta harremanak gaiztotu ziren. Retief eta Maritz hil ziren, eta heldu berri zen Andries Pretoriusek hartu zuen buruzagitza: bere gidaritzapean zuluak garaitu zituzten Odolaren Ibaiaren guduan. 1839an boerrek Nataleko Errepublika aldarrikatu zuten;[7] baina iraupen gutxi izan zuen, 1843an Erresuma Batuak bereganatu baitzuen, Nataleko Kolonia bihurtuz.

Britainiarren uztarria onartu barik, voortrekker gehienek bidaiari berrekin zioten, Transorangia zeritzon iparraldeko lurretan barneratuz.[3]

Hegoafrikar Errepublika (1848-1902)

aldatu

Transvaal Errepublika izenez ezagunagoa, gaur egunean Hegoafrikako Errepublikaren barruan Gauteng, Ipar-mendebaldea, Limpopo eta Mpumalanga probintzien artean zatitua dago. 1835ean, Hendrik Potgieter buruzagiaren taldea Vet ibaira ailegatu zen (Vaal ibaiaren afluentea); talde honetako batzuek jarraitu zuten halere (Louis Trichardt eta Jan van Rensburg gidari zirela), eta Limpopo ibaiaren mugaraino ailegatu ziren, gaur egungo Hego Afrika eta Mozambike arteko mugan.[8] 1837an, Potgieterren eta Piet Uys-en (beste voortrekker buruzagi bat) taldeek matabele indigenekin borroka gogorrak izan zituzten; garaipena lortu zutenean Vaal ibaiaren ipar eta hegoaldea “boer lurralde” izendatu zituzten, eta Potchefstroom hiria sortu zuten. Baina 1848an Lurmuturreko Koloniako gobernadoreak Vaal ibaiaren ipar eta hegoaldearen gaineko jabetasun britainiarra aldarrikatu zuen, eta boerrek armak hartu zituzten, Andries Pretorius komandante zela; Boomplaatseko batailan britainiarrek garaitu zituzten, halere, eta boerrak Vaal ibaiaren iparraldera (Transvaal eskualdea) erretiratu ziren. Orduantxe ezarri zitzaion Hegoafrikar Errepublika izena herrialde berriari, Potchefstroom kapitala zela, eta nazioarteko errekonozimendua 1852an etorri zen, Britainia Handiarekin Sand Riverreko Konbentzioa sinatu zutenean.[9]

Orangeko Estatu Librea (1854-1900)

aldatu

Gaur eguneko Hegoafrikako Errepublikaren barruan Estatu Askea izeneko probintzian. 1836 inguruan, Orange ibaia zeharkatu zuten voortrekkerrek asanblada bat egin zuten, bertan nolabaiteko errepublika bat osatzea adostuz. Zuluak garaitu eta gero Winburg hiria sortu zuten (“Garaipenaren Hiria”), legebiltzarra osatu zuten (volksraad) eta Piet Retief buruzagia hautatu zuten lehendakari gisa. Basotho eta griqua indigenek, halere, kezka zuten bere lurrak okupatzen ari ziren boer etorkinekiko; hori dela eta, Lurmutur Hiriko britainiarrei babesa eskatu zieten. 1843an sinatutako akordioan, okupatutako lurraldeen gaineko jabetza indigenei aitortu zieten; honek hiru alderdien arteko gatazka areagotu zuen. Sasoi horretan, boerren zati handi batek britainiarren agintea onartu nahi zuen, eta Lurmutur Hiriko agintariek Orange ibaia zeharkatu eta Erresuma Batuko jabetasuna aldarrikatu zuten; ez zen berehala onartu, eta tirabira batzuen ostean 1848an lurraldea protektoratu britainiar izendatu zen. Ingelesek indigenekin zituzten akordioak bertan behera utzi zituzten, eta britainiar jabegoa aldarrikatu zuten Vaal ibarraren ipar eta hegoaldeko lurren gainean. Biztanle gehienek erabakia ongi hartu zuten –haien artean asko ingelesen ondorengoak ziren-; onartu ez zutenek Andries Pretoriusekin bat egin zuten, eta Boomplaatseko porrotaren ostean Transvaalera erretiratu ziren, Hegoafrikar Errepublika aldarrikatuz (1852).[9] Orangeko biztanle gehienek britainiarren menpe jarraitzea nahi bazuten ere,[10] 1854ean Erresuma Batuak Orangeko Estatu Libreari ere independentzia eman zion. Errepublika honek arrakasta izan zuen (“estatu modelo” izenez ere ezagutu zen), baina britainiarrekin gatazkak etengabeak izan ziren (Boerren Gerrak); eta azkenean, 1900ean, Erresuma Batuak bereganatu zuen berriro, Orange Ibaiko Kolonia bihurtuz.[11]

Beste errepublikak

aldatu

Swellendam (1795-1806)

aldatu
 
Beste boer errepubliketako batzuk (irudian, griqua etniako estatuekin batera agertzen dira)

Gaur eguneko izen bereko hiriaren inguruan. Ekialdeko Indietako Herbeheretar Konpainiak (EIHK) 1652an Esperantza Oneko Lurmuturrean basea ezarri zuen garaian sortu zen, iparralderago khoikhoi indigenekin izandako merkatal harremanen inguruan. Urteetan Swellendam europar zibilizazioaren azken hornikuntza postua izan zen, Afrika ezezagunean barneratu aurretik. 1795ean EIHK-rekin desadostasunak sortu ziren, Swellendam bazterrean utzia zutela iritzita. Orduan errepublika independientea aldarrikatu zuten; haien burujabetasunak 1806 arte iraun zuen, britainiarrak Lurmutur Hiriaz jabetu ziren arte alegia.[12]

Graaf-Reinet (1795-1806)

aldatu

Gaur eguneko izen bereko hiriaren inguruan. Hiria 1786ean sortu zen, EIHK-ren merkatal base bezala hau ere; izena Lurmutur Hiriko gobernadorearen eta haren emaztearen abizenekin osatu zen. Swellendam moduan, Graaf-Reinet ez zen konforme EIHK-ren kudeaketarekin eta burujabetasuna aldarrikatu zuen, Herbehereetako Gobernuari babesa eskatuz. Errepublika txiki bi hauen eskariak ez ziren aintzat hartu, kontrara: autoritatek matxinadaren kontrako neurriak prestatzen hasi ziren. Baina errepresioa gauzatu baino lehen, ingelesek Lurmutur Hiria hartu zuten eta azkenean Graaf-Reinet ere haien menpe geratu zen.[11]

Zoutpansberg (1836-1864)

aldatu

Gaur eguneko Pietersburg hiriaren inguruan. Zoutpansberg izena Coenraad de Buys abenturazaleak eman zion, XVIII gizaldiaren amaieran Graaff-Reinet-etik ihesi bertara ailegatu zenean. 1835ean, Louis Trichardt eta Jan van Rensburg esploratzaile afrikanerrak ailegatu ziren, eta venda indigenei laguntza militarra eman zieten; horren ordainetan, lur sail bat jaso zuten. Hendrik Potgieterren voortrekker taldea ailegatu zen gero, eta lurraldeak aurrerakuntza handia ezagutu zuen. Errepublika burujabea izan zen 1864ean Transvaaleko Errepublikarekin bat egin zuen arte.[11]

Winburg (1837-1840)

aldatu

Gaur eguneko izen bereko hiriaren inguruan. 1835ean voortrekkerrak Vaal eta Vet ibaien arteko lurraldera ailegatu ziren. 1836ean bertako bataung eta basotho indigenen artean liskarrak zeuden, abereak zirela eta; Andries Pretoriusen boerrak bataungen alde jarri ziren, eta honi esker irabazi zuten. Ordainetan lurraldea boerrei eman zieten, eta 1837an bertan Winburg hiria eta errepublika sortu zituzten,[13] Potchefstroomeko Errepublikarekin federatua egon zena 1840a arte, eta 1854ean Orangeko Estatu Librearen barruan sartu zena.[11]

 
Boer errepublika batzuk.

Potcheftstroom (1838-1840)

aldatu

Gaur eguneko Tlokwe / Potchefstroom hiriaren inguruan. Voortrekkerrak 1838an ailegatu ziren bertara, eta Transvaalen sortutako lehen hiria izan zen. Denbora motz batean boer errepublika independientea izan zen, Winburgekin federaturik, Hendrik Potgieterren agindupean. 1852ean Hegoafrikar Errepublikaren barruan sartu zen.[14]

Klip Ibaiaren Errepublika (1847)

aldatu

Gaur eguneko Ladysmith inguruan. 1847an, boer talde batek Mpande errege zuluari lurrak erosi zizkion, eta bertan Klip Ibaiaren (Klipriever) Errepublika aldarrikatu zuen, Andries Spies buruzagi zela. Urte berean, baina, britainiarrek hartu zuten.[15]

Utrechteko Errepublika (1852-1860)

aldatu

Gaur eguneko izen bereko hiriaren inguruan. Britainiarrek Klip Ibaiaren Errepublika hartu eta gero, bertako boer gehienak Orangera eta Transvaalera joan ziren, hiru izan ezik: A. T. Spies, J. C. Klopper eta C. J. van Rooyen. Azken hau zulu hiztun ona zen eta Mpande erregearen laguna; 1852an, zuluei lurralde bat erosi zieten 300 abereren truke; haien asmoa Transvaaleko Errepublikarekin bat egitea zen, baina herrialde honek ingelesekin arazoak ekidin nahi zituen (Klip Ibaiean baitzeuden), eta ez zuen onartu; are, tratu hau gaitzetsi zuen, Andries Pretorius berak sinatutako gutun baten bitartez.[16] 1857an, Utrechteko Errepublika Lydenburgeko Errepublikarekin elkartu zen, eta 1860an biek Hegoafrikar Errepublikarekin bat egin zuten. Azken hau 1902an Erresuma Batuaren esku geratu zenean, bi herriak Nataleko Koloniaren barruan geratu ziren.[17]

Lydenburgeko Errepublika (1856-1860)

aldatu

Gaur eguneko Lydenburg/Mashishing izeneko herrixka, Thaba Chweu udalerrian. Lydenburg Hendrik Potgieterrek gidatutako voortrekker taldeak sortu zuen 1849an, iparraldetik malaria epidemia batetik ihesi zetorrela. 1856ean bertan Lydenburgeko Errepublika aldarrikatu zen (De Republiek Lydenburg in Zuid Afrika). 1857an Utrechteko Errepublikarekin elkartu zen, eta 1860ean biek Hegoafrikar Errepublikarekin bat egin zuten. Azken hau 1902an Erresuma Batuaren esku geratu zenean, bi herriak Nataleko Koloniaren barruan geratu ziren.[17]

Stellalandeko Estatu Batuak (1882-1884)

aldatu

Goshen eta Stellaland izeneko boer errepublika txikiak 1882an sortu ziren, Mahikeng eta Vryburg hirien inguruan hurrenez hurren, voortrekkerrak bertako indigenen arteko borroketan mertzenario gisa aritu ostean, saritzat hartutako lurretan. 1883an bi errepublikek bat egin zuten Stellalandeko Estatu Batuak izenarekin. Transvaaleko Errepublika eta Inperio Britainiarraren arteko gatazka gunea izan zen, eta horren eraginez amaitu zen haien independentzia, britainiarren eskura pasatuz.[18]

Klein Vrystaat (1886-1890)

aldatu

Gaur eguneko Piet Retief hiriaren inguruan. 1876 ingurutik, boerrak Mbandzeni swazi erregeari erositako lurretan bizi ziren; 1886an konstituzio bat onartu zuten, eta Klein Vrystaat aldarrikatu zuten (“Estatu Libre Txikia”). Transvaaleko Errepublikarekin bat egitea eskatu zuten, eta 1890ean lortu zuten.[19]

Nieuwe Republiek (1884-1888)

aldatu

Gaur eguneko Vryheid hiriaren inguruan. Nieuwe Republiek ( “Errepublika Berria”) 1884ean aldarrikatu zen zuluen erregeak emandako lurretan, boerrek emandako laguntza militarra eskertzeko. Britainiarren mehatxuarengandik babestearren, Transvaaleko Errepublikan sartzea eskatu zuten; 1888an egin zuten hori, nahiz eta Nieuwe Republiek-ek autonomia handia mantendu. Bigarren Boerren Gerraren ostean britainiarrek Nieuwe Republieken lurrak Nataleko Kolonia barruan sartu zituzten.[20]

Upingtonia / Lijdensrust (1885-1887)

aldatu

Gaur eguneko Grootfontein hiriaren inguruan (Namibia). 1874tik aurrera, Transvaaletik etorritako boerrak inguru honetara ailegatu ziren; bertan, indigenekin tratuan aritu ostean lurrak eskuratu zituzten.[21] 1885ean, Transvaal eta Orangetik beste migrazio olde bat etorri zen, eta bertan Upingtoniako Errepublika aldarrikatu zuten. Izena Lurmuturreko Koloniako lehen ministro Thomas Upingtonen ohorez ezarri zioten, haien babesa espero baitzuten; baina ez zen horrela izan.[22] 1886ean izena aldatu zioten: harrezkero errepublikak Lijdensrust izena hartu zuen, eta 1887ra arte iraun zuen estatu independiente gisa; urte horretan Hego-Mendebaldeko Afrika Alemaniar koloniaren eskuetara pasatu zen.[23]

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Lloyd, Trevor Owen. (1997). The British Empire, 1558-1995+. Oxford University Press ISBN 978-0198731337..
  2. Simons, Mary; James, Wilmot Godfrey. (1989). The Angry Divide: Social and Economic History of the Western Cape. David Philip, Publisher (Pty) Ltd ISBN 978-0864861160..
  3. a b Giliomee, Hermann. (2003). The Afrikaners: Biography of a People. Tafelberg Publishers Limited ISBN 062403884X..
  4. Laband, John. (2005). The Transvaal Rebellion: The First Boer War, 1880-1881. Routledge Books ISBN 978-0582772618..
  5. Ransford, Oliver. (1972). The Great Trek. John Murray.
  6. Bulpin, Thomas Victor. (1966). «The Republic of Natal» Natal and the Zulu Country (11).
  7. Die Kosbare Erflating van Andries Pretorius. (Noiz kontsultatua: 2018-I-10).
  8. Fairbridge, D. (1918). History of South Africa. .
  9. a b Eybers. (1917). Select constitutional documents illustrating South African history 1795–1910.. .
  10. McCall Theal, G. (1908). History of South Africa since 1795 [up to 1872]. .
  11. a b c d Chisholm, Hugh. (1911). Encyclopædia Britannica (11th ed.).. Cambridge University Press..
  12. The Swellendam Republic accepts British rule. (Noiz kontsultatua: 2018-I-10).
  13. Floyd, T.B.. (1960). Town Planning in South Africa. Shuter and Shooter.
  14. Badenhorst, Wessel J. (1939). The History of Potchefstroom. Afrikaans Press.
  15. Ladysmith History And The Boer War. (Noiz kontsultatua: 2018-I-10).
  16. Utrecht. (Noiz kontsultatua: 2018-I-10).
  17. a b Lydenburg history and information. (Noiz kontsultatua: 2018-I-10).
  18. McCall, G. (1919). History of South Africa from 1873 to 1884. George Allen & Unwin Ltd.
  19. Booth, Allan R. (2000). Historical Dictionary of Swaziland Second Edition. The Scarecrow Press, Inc.
  20. Dominy, Graham. (1984). «The New Republicans: A Centennial Reappraisal of the 'Nieuwe Republiek' (1884-1888)» Natalia (14): 87-97. (Noiz kontsultatua: 2018-I-10).
  21. Dieckmann, Ute. (2007). Haillom in the Etosha Region: A History of Colonial Settlement, Ethnicity and Nature Conservation. Basler Afrika Bibliographien.
  22. MacVicar Aitken, Robbie John. (2007). Exclusion and Inclusion: Gradations of Whiteness and Socio-Economic Engineering in German Southwest Africa, 1884-1914. .
  23. Tonchi, William A; Grotpeter, John J. (2012). Historical Dictionary of Namibia. .

Kanpo estekak

aldatu