Encyclopédie
Encyclopédie ou Dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers 1751 eta 1772 artean Frantzian Denis Diderot eta Jean d'Alemberten zuzendaritzapean editatutako entziklopedia da.
XVIII. mendeko lanik handienetakotzat hartzen da, ez soilik lehen entziklopedia frantziarra izateagatik, baizik eta garai hartako ezagutzarik garrantzitsuenen sintesi bat izateagatik, ahalegin editorial handia izan baitzen.
Haren ezagutzagatik, ordezkatzen duen ahaleginagatik eta egileek eman zizkioten asmoengatik, Ilustrazioaren proiektuaren ikur, arma politiko, eta editoreen, erredaktoreen eta botere sekular eta eklesiastikoen ordezkarien arteko eztabaida ugariren arrazoia izan zen.
Aurrekariak
aldatuEntziklopedia bat frantsesez argitaratzeko ideia Ingalaterran Ephraim Chambersen Cyclopaediak (Zientzien eta Arteen Hiztegi Unibertsala, 1728) izan zuen eragin eta arrakasta editorialagatik eta jesuitek idatzitako Trevouxren argitaratzetik jaio zen. Azpimarratu behar da, halaber, irakurle ugarik mota horietako lanak eskatzen zituztela.
André Le Breton editore frantziarrak, liburuzain arrakastatsua eta lan ingelesen itzulpenean aditua zenak, 1745ean Chambersen entziklopedia frantsesera itzultzeko baimena jaso zuen. Le Bretonek hasiera batean John Mills, Frantzian bizi zen ingeles bat, eta Jean Paul de Gua de Malves abadea proiekturako buru gisan aukeratu zituen, baina utzi egin zuten. 1747an Le Bretonek Dideroti eta d'Alemberti eman zien Encyclopédie argitaratzeko lana.
Garapen editoriala
aldatuDideroten eta d'Alemberten parte hartzeak erabat eraldatu zuen proiektua, itzulpen soila izan gabe, lan askoz handiagoa izan zelako, garaiko ezagutzak arrunt bilakatzeko, argitaratu gabeko lanekin eta grabatu ugarirekin.
Entziklopedia egitura eta gaien arabera sailkatzeko, Diderotek eta d'Alembertek Novum organum-en (1620) Francis Baconek adierazten zuen giza ezagutzen zuhaitza hartu zuten eta Descartesen eta haren Metodoaren diskurtsoaren (1637) eragina ere jaso zuten.
Entziklopediaren aintzinsolasa
aldatu« | Hasi dugun (eta bukatu nahi dugun) lanak bi helburu ditu: Entziklopedia den aldetik, gizakiaren jakintzaren ordena eta lotura adierazi behar ditu, ahal den neurrian. Zientzien, arteen eta ogibideen hiztegi arrazoitua den aldetik, zientzia eta arte liberal zein eskuzko arte bakoitzaren oinarriak osatzen dituzten printzipio orokor guztiak adierazi behar ditu, bai eta haietako bakoitzaren gorputza eta substantzia osatzen duten oinarrizko xehetasunak ere. (...).
Aurkikuntzen artean dauden loturei buruz pixka bat hausnartzea nahikoa da, zientziek eta arteek elkarri laguntza ematen dietela jakiteko, eta beraz, badela biak lotzen dituen kate bat. Zientzia eta arte bakoitza arau edo ideia orokor gutxi batzuen bidez adieraztea sarritan zaila izaten dela kontuan hartuta, giza zientziaren denetariko adarrak sistema bakar batean biltzea ere ez da batere erraza izango (...). Ulermenak hiru modu hautematen duenaz arduratzeko, hiru ahalmen nagusiak erabiltzen ditu: Oroimena, Arrazoia eta Irudimena. (...) Eta hortik, gizakiaren jakintzaren banaketa orokorra lortzen da (...). Historian, Oroimenari dagokiona; Filosofian, Arrazoitik eratorria; eta Poesian, Irudimenetik sortua (...). |
» |
Jean le Rond d'Alembert, Entziklopediaren aintzinsolasa, 1751 |