Filipinak-Estatu Batuak Gerra

Filipinak-Estatu Batuak Gerra, Filipinetako Independentzia Gerra edo Filipinetako Matxinada (1899-1902) Estatu Batuen eta filipinar matxinoen arteko guda izan zen. Guda, Filipinetako Lehenengo Errepublika, Estatubatuen anexioaren aurka altxatu zenean piztu zen. Guda hori Filipinetako independentziaren aldeko borroketako bat izan zen. Aurretik, Filipinetako Iraultza eta Espainia-Estatu Batuak Gerra gertatu ziren.

Filipinak-Estatu Batuak Gerra
Gudako lehendabiziko egunean hildako filipinarrak.
DataFilipinetako matxinada: 1899ko ekainaren 2tik-1902ko uztailaren 4ra.
LekuaFilipinar uharteak, Hego-ekialdeko Asia
EmaitzaEstatu Batuen garaipena eta Filipinetako Lehenengo Errepublikaren disoluzioa.
Lurralde-aldaketakFilipinak Estatubatuetako Ez-erantsitako Lurraldea bilakatu zen.
Gudulariak
Ameriketako Estatu Batuak
Filipinetako Polizia
Filipinetako Lehenengo Errepublika
Katipunan
Pulahanak
Suluko Sultanerria
Moroak
Galerak
4,165 ~12,000–20,000 ~200,000-1,500,000 hildako zibil

Borroka 1899ko irailaren 4an piztu zen, estatubatuar eta filipinar matxinoen artean, eta azkar gaiztotu zen. Egun berean, Manilako gudua gertatu zen eta 1899ko ekainaren 2an, Filipinetako Lehenengo Errepublikak ofizialki deklaratu zuen gerra AEBen aurka. Guda 1902ko ekainaren 4an ofizialki amaitu bazen ere, Katipunan elkarte sekretuak estatubatuarren aurkako borrokari ekin zion. Horien artean, Macario Sacay jenerala zegoen, antzinako Katipunango kidea. Berak hartu zuen Tagalog Errepublikaren buruzagitza 1902an, Aguinaldo presidentearen atxilotzearen ostean. Beste talde batzuek, besteak beste, Moroek eta Pulahanek, borrokatzen jarraitu zuten, 1913ko ekainaren 15eko Bud Bagsak-eko guduan estatubatuarrek mederatu zituzten arte.

Gudaren kontrako oposizioak Mark Twain Inperialismoaren-aurkako Elkartea sortzera bultzatu zuen, 1898ko ekainaren 15ean. AEBen okupazioak uharteetako ikuspegi kulturala irauli zuen: 34.000-1.000.000 hildako izan ziren, eliza Katolikoak estatu erlijioa izatera utzi zion (Estatu Batuek erlijio askatasuna onartzen baitzuten), eta ingelesa gobernuaren eta negozioen hizkuntza bilakatu zen. 1916an, AEBek autogobernua agindu zieten filipinarrei eta, 1935ean, horren forma mugatua ezarri zuten. 1946an, Bigarren Mundu Gerraren ostean, AEBek, Manilako itunaren ondorioz, independentzia eman zieten.

Gudaren jatorriak

aldatu

Filipinetako iraultza

aldatu
 
Katipuneroen talde bat 1898an.
Sakontzeko, irakurri: «Filipinetako Iraultza»

1892ko uztailaren 7an, Andres Bonifaciok, Manilako biltegizain eta dendari bat, Katipunan sortu zuen. Hura, Espainiatik independentzia, matxinada armatuaren bitartez lortzeko elkarte iraultzaile bat izan zen. Katipunan probintzietara zabaldu zen, eta 1896ko iraultza “Katipuneros” deritzon elkarte horretako kideek gidatu zuten. Cavite probintzian, borrokalariek hasieran garaipenak lortu zituzten. Emilio Aguinaldo izan zen Cavite buruzagi haietan itzal handikoetariko bat. Cavite El Viejo-ko alkatea zen (gaur egun Kawit) eta ia Caviteren ekialde osoa menderatu zuen. Azkenean, Aguinaldok eta bere jarraitzaileek mugimenduaren buruzagitza lortu zuten. 1897an. Gauzak horrela, Aguinaldo gobernu iraultzailearen presidente izendatu zuten, Bonifacio, traizioa leporatuta, exekutatu zuten bitartean. Aguinaldo Filipinetako lehendabiziko presidente ofizialtzat hartzen da.

Aguinaldoren erbestealdia eta itzulia

aldatu

1897ko abenduan, borroka berdinketa batera iritsi zen. 1897ko abuztuan espainiako gobernadore nagusiak, Fernando Primo de Rivera, eta Aguinaldok armistizio baterako negoziazioak abiatu zituzten. Abenduaren erdian, hitzarmen batera heldu ziren. Akordioaren arabera, gobernadoreak Aguinaldori, hiru epetan, 800.000$ (mexikarrak) emango zizkion erbestera joatearen truke. Aguinaldo, beraz, Hong Kongera joan zen, baina alde egin baino lehen, Iraultza gaitzetsi zuen, filipinar borrokalariak armak uztera bultzatu zituen eta Espainiaren gobernu kolonialaren aurka borrokatzen zutenak legez kanpokoak zirela aldarrikatu zuen. Hala ere, filipinar iraultzaile batzuek borrokatzen jarraitu zuten.

Aguinaldok, atzera begiratzen zuela, 1899an, 1898ko apirilaren 22tik, 25era, E. Spencer Pratt eta Rounceville Wildman estatubatuar kontsulekin Singapurren bildu zela idatzi zuen. Haiek Iraultzaren buruzagitza berriro hartzera limurtu zuten Aguinaldo. Prattek, telegramaren bitartez, George Dewey almirantearekin (AEBetako itsas-armadako Asiako eskuadroiaren komandantea) hitz egiten zuen eta Aguinaldori AEBek Filipinetako independentzia aintzatetsiko zutela estatubatuar itsas armadaren babespean. Prattek ere idatzitako itun ofizial baten beharrik ez zegoela gehitu zuen; AEBetako kontsul baten eta almirante baten hitzek eta itunik formalena baliokideak zirela eta agindutakoa hitzez-hitz beteko zutela. Aguinaldok Filipinetara itzuliko zela adostu zuela esan zuen, Singapurretik Hong Kongera Malacca lurrunontzian; Hong Kongetik estatubatuar McCulloch ontzian eta Cavitera heldu zela Maiatzaren 19an. The New York Timesek 1899ko abuztuaren 6an idatzi zuen, Prattek epaitegi baten ebazpen bat lortu zuela, Aguinaldoren eta bere arteko lotura agerian uzten zuten informazioak ez argitaratzeko. Beraz, egunkariak afera horri zegokion argitaratutako guztia zuzendu behar izan zuen.

 
George Dewey AEBetako almirantea.
 
Emilio Aguinaldo

Camiguinen, Aguinaldok Dewey almiraltearekin batzartu zela esan zuen eta hauxe gogoratzen zuen: "Singapurreko kontsuli, Pratt jaunari, telegrama guztiak bidali zizkion galdetu nion. Almiranteak baietz esan zuen eta gehitu zuen AEBak Filipinetara joan zirela bertakoak babesteko eta espainiar uztarritik askatzeko. Are gehiago esan zuen, AEBek lur, baliabide eta ogasun nahikorik zeukala eta, beraz, ez zuela koloniarik behar. Azkenik, esan zuen, ez nuela zalantzarik izan behar AEBek Filipinetako independentzia aintzatesiko zutela." Maiatzaren amaierarako, Deweyk Aguinaldorengandik aldentzeko Itsas Armadako Departamentuaren agindua jaso zuen, Filipinetako indar armatuei zegozkien akordiorik onartu arte, behintzat.

Hilabete batzuk Aguinaldoren itzuliaren ostean, filipinar iraultzaileek Filipinetan espainarrek kontrolatzen zuten ia lurralde guztia menderatu zuten. 12000 bat matxinok inguratutako Manila izan ezik, filipinarrek uharte guztiak kontrolazen zituzten. Aguinaldok ere, estatubatuarrei 15000 inguru espainiar atxilo itzuli zizkien, eta horiekin batera, informazio oso garrantzitsua. Ekainaren 12an, Aguinaldok Cavite el Viejo-ko bere etxean, independentzia aldarrikatu zuen.

Abuztuaren 13an, estatubatuar komandanteek aurreko egunean AEBek Espainiak bake protokolo bat sinatu zutela ez zekitela, Manila hirira sartu ziren. Fermin Jaudenes gobernadore-nagusiak Dewey eta Wesley Merritt jeneralarekin isileko itun bat sinatu zuten. Jaudenesek zehazki eskatu zuen estatubatuarrei baino ez errenditzea. Bere burua zuritzeko, estatubatuarren aurkako itxurazko gudu bat proposatu zuen, baina filipinarrak ezin izango ziren hirian sartu. Dewey eta Merritt ados egon ziren, eta inork ez zeukan itun haren berri. Guduaren bezperan, Thomas M. Anderson jeneralak Aguinaldori telegrama bat bidali zion, “ez itzazu zure tropak Manilan sartu estatubatuar komandantearen baimenik gabe. Pasig ibaiaz bestaldera pasatuz gero tiro egingo dizuegu”.

Guda hasieran isilpeko aliatuak izanda Espainiaren aurka; orain, espainiarrak eta estatubatuarrak elkarte batean zeuden eta filipinar matxinoak kanpo utzi zituzten. Borroka ia piztu zen estatubatuarren eta filipinarren artean, hauek matxinoak Manila inguruetako euren posizio estrategikoetatik aldentzera joan zirenean, erasoaren bezperan. Aguinaldori estatubatuarrek zakarki esan zioten iraultzaileek ezin izango zutela parte hartu eta tiro egingo dietela hirian sartuz gero. Matxinoak amorratuta zeuden euren hiriburuan sartzen uzten ez zietelako, baina Aguinaldok bere aukerari itxarotea deliberatu zuen. Harremanak gaizkitzen ari ziren, alabaina, filipinarrek estatubatuarrak uhartera geratzeko etorri zirela argi ikusi zutenean.

Ez AEBek, ezta Espainiak ere, ez zuten ekainaren 12ko Filipinen independentziaren aldarrikapena onartu, eta espainiar gobernadoreak uharteen jabetza AEBei eman zien 1898ko Parisko Itunean, 1898ko abenduaren 10ean sinatuta. 1899ko urtarrilaren 1ean, Aguinaldo Filipinetako presidente izendatu zuten; geroago deituko zuten Filipinetako Lehenengo Errepublikako aurreneko presidentea. Gero, kongresu bat egin zuen Bulacango Malolosen konstituzio bat zirriborratzeko.

Dewey almirantea gero filipinarrei ezer ez ziela agindu desenkusatu zen:

“Aguinaldo eta aholkulariak ondo aztertu eta gero, haiekin ofizialki kolaboratzea ez zela zuhur izango ondorioztatu nuen… Epe laburrean, nire politika matxinoekiko aliantzak saihestea zen, baina, bitartean, gure tropak heldu arte, erabilgarriak izango zirelakoan nengoen”.

Guda AEBen aurka

aldatu

Borrokaren jatorriak

aldatu
 
Estatubatuar soldaduak Pasig ibaiaren gaineko zubi bat zaintzen ari dira Manilako Escolta kalean; antzina, Manilako kale nagusia.

1898ko abenduaren 21ean, McKinley Borondate Oneko Bereganatze Aldarrikapen bat argitaratu zuen. Otis jeneralak, bere aldetik, argitaratzea 1899ko urtarrilaren 4ra arte gibelatu zuen zuzendutako bertsio bat plazaratzeko. Bertatik, jatorriko bertsioan agertzen ziren “burujabetza”, “babesa” eta “eteteko eskubidea” hitzak kendu zituzten. Hala ere, Marcus Miller jeneralak, garai hartan Iloilon, Otisek zuzendutako bertsio bat argitaratu zuela ez zekielarik, hango filipinar ofizialari jatorriko bertsioaren ale bat eman zion. Nola edo hala, ale hori Aguinaldoren eskuetara heldu zen, urtarrilaren 5ean, eta horrek beste aldarrikapen bat plazaratu zuen: “Nire gobernuak ezin da axolagabe ageri aberriko zati bat beste estatu batek menderatu duela ikusita; are gutxiago, estatu horrek zapaldutako herrien defendatzaile nagusiaren titulua bereganatu nahi izan duenean. Beraz, nire gobernua borrokarako prest dago, baldin eta estatubatuar tropak Visayas uharteak indarrez menperatzen saiatuko balira. Gertaera hauek mundu zabalera plazaratzen ditut, gizaki guztiek euren epaia eman dezaten; nortzuk diren benetako herrien zapaltzaileak eta nortzuk gizakion torturatzaileak.” Egun berean zuzendu zuen bertsio batean, Aguinaldo kexa agertu zen: “irmotasun osoz, AEBek uharte hauetako burujabetasuna urratu dutelako.”

Otisek aldarrikapen biak guda-aldarrikapentzat hartu zituenez, tropak erne jarri, eta behaketa postuak indartu zituen. Beste alde batetik, Aguinaldoren aldarrikapenak jendea berotu zuen borrokarako asmo sendo batez, aliatu ohia orain etsai bilakatu baitzen. Otsailaren 4ko ilunabarrean, Manilako San Juan del Monten ziren bi estatubatuar zaintzailek (haietako bat Robert William Greyson soldadua) 1899ko Manilako Guduko lehenengo tiroak egin zituzten. Hurrengo egunean, Arthur MacArthur jeneralak, istilua aztertu gabe, haren tropei filipinarrei oldartzeko agindu zien, borroka orokorrari hasiera emanez.

Filipinetako Lehen Batzordea

aldatu
 
Jacob Gould Schurman

1899ko urtarrilaren 20an, McKinley presidenteak Jacob Gould Schurman doktoreari batzorde bat egitea agindu zion, Dean C. Worcester, Charles H. Denby, Dewey almirantea eta Otis jeneralarekin. Batzorde horren helburua, uharteen egoera aztertzea eta aholkuak ematea zen. Borroka otsailean piztu zen, eta militarrak ez ziren kideak martxoan irletara heldu zirenean, Otis jeneralak batzordearen aktibitateak bere agintearen aurkakoak zirela uste zuela konturatu ziren.

Hurrengo urtean presidenteari txosten bat eman zioten eta, bertan, batzordekideek filipinarren independizatzeko gogoa aintzatetsi zuten, baina, hala ere, Filipinak ez zirela prestatuta horretarako ere esaten zuten. Aholku zehatzak eman zituzten: 1- Manilan gobernu zibila ezartzea (Otisek hiriaren gobernuaren gaineko beto-eskubidea izango zuen); 2- ahalik eta lasterren gobernu zibil bat sortzea, batez ere, baketutako eskualdeetan (garai hartan estatubatuar autoritate nagusia uharteetan gobernadore militarra zen). 3- Ganbera biko legebiltzar bat sortzea eta probintziako gobernu autonomoak eta udalerriko autoritateak ezartzea. 4- eskola publiko sistema aske bat ezartzea.

1900ko abenduaren 2an, Schurman doktoreak honako aldarrikapen hau sinatu zuen:

“Halabeharrak jota, gure boterea uharteetatik aldendu behar bagenu, batzordeak uste du, Filipinak anabasan amilduko zirela, beraz, beste botere batzuek irletan esku hartzeko aitzakia eskuratuko zuten eta uharteak haien artean banatuko zituzten. Estatubatuar okupazioaren bitartez baino ez litzateke posiblea, hortaz, filipinar mankomunitate aske eta batu bat. Eta uhartediaren gaineko estatubatuar subiranotasuna mantentzeko filipinar ikuspuntutik ezinbesteko beharra, filipinar zentzudun guztiek onartzen dute, eta baita estatubatuar protektoratua nahi duten matxinoek ere. Azken hauek, etekinak jasoko lituzkete eta ez ardurak. Hala ere, filipinarrek, eurek, bakarrik ezin dioten eutsi ukaezin egia onartzen dute. Beraz, filipinarren ongizateak bat egiten du gure herriaren ohorearekin eta galarazten digute uhartedi hori abandonatzea. Inolako ikuspuntutik, ezin diegu ihes egin gure subiranotasunak dakartzan gobernuaren ardurei; eta batzordea guztiz sinestarazita dago, gure betebehar nazional betetzeak Filipinetako uharteetako jendeari dohainik handienak ekarriko dizkiela.”

Filipinetako Bigarren Batzordea

aldatu
 
William Howard Taft, AEBetako presidentea eta Filipinetako Bigarren Batzordeko burua.

McKinleyk, 1900go martxoaren 16an, Filipinetako Bigarren Batzordea (Taft batzordea) eratu zuen, botere-legegile eta betearazle murriztuekin. Batzorde horren burua William Howard Taft izan zen eta 1900go irailetik, 1902ko abuztura, 499 lege egin zituen. Botere judizial bat, Auzitegi Goren batekin eta arautegi batekin ezarri zuten espainiar ordenantza zaharkituak ordezkatzeko. 1901ko udal-araudiaren arabera, udal-kontseiluko funtzionarioak aukeratzeko hauteskundeak egin behar ziren. Funtzionario haiek zergak jasotzeko, udalerriko jabetzak mantentzeko eta eraikuntza-egitasmoak egiteko arduratuko ziren. Probintzietako gobernadoreak ere hautatuko zituzten.












Estatubatuar guda-estrategia

aldatu

Estatubatuar taktikak

aldatu

Estatubatuar estrategia militarra Filipinetan, era konbentzional batetik Espainiaren aurka, zapaltzeko batera iraultzaileen aurka, lerratu zen. Taktikak aldatu zituzten eskualde garrantzitsuak menperatzeko eta zibilak iraultzaileengandik banatzeko. Kontzentrazio-esparruek, edo “babes-eremuak” teorikoki, estatubatuar armadak ohiko ofentsiba orokor batean zibilei egin ziezazkiekeen kalteak ekiditeko ezarri zituzten. Hala ere, han sartutako asko hil egin ziren disenteriak jota.

Estatubatuar akzioak AEBetako funtzionario askok eta hedabideetako kazetari askok zuritu zituzten lengoaia-morala erabiliz. Stuart Creighton Millerek idatzi zuen:

“estatubatuarrak hobe beharrez sartu ziren espainiarren aurkako gudan kubatarrak, Puerto Ricokoak, eta filipinarrak euren uztarrietatik askatzearren. Filipinetan hain denbora luzetan geratu baziren, filipinarrak europar harrapariengandik babesteko eta bertakoak estatubatuar-estiloan zaintzeko.”

Otis jeneralaren akzioak

aldatu
 
Elwell S. Otis jenerala.

Otis jeneralak ospe handia lortu zuen Filipinetako haren akzioak zirela eta. Washingtondik gatazka ekiditeko agindu asko jaso arren, ez zuen ahalegin handirik gudaren hasiera saihesteko. Borroka piztu orduko, horri amaiera emateko Emilio Aguinaldoren proposamena ere egotzi zuen: "behin borroka abiatuta, jarraitu behar baituzu amaiera latzeraino." Otisek baldintzarik gabeko filipinar armadaren errendizioa baino ez zuen onartuko. Askotan hartzen zituen erabaki garrantzitsuak, Washingtongo bere agintariei galdetu gabe. Oso oldarkor jokatu zuen filipinarrekin, uste baitzuen eurek azkar emango zuten amore eta; hori faltsua zela ikusi zuenean ere, matxinada zapalduta zegoela eta izaten zituzten hildako eta zaurituak, legez kanpoko batzuek besterik ez zituztela egiten esaten jarraitu zuen.

Otisek ere, hedabideei estatubatuar taktika militarrei buruzko informazioa argitaratzea galarazi zien. Estatubatuar sarraskien gaineko eskutitzak argitaratu zituztenean, Gerra Departamentuak egiazkoak ziren aztertzeko esan zion. Orduan, argitaratutako eskutitz bakoitzak idazleen ofizialei helarazten zizkieten egileek esana zuzenarazi zezaten.

Bien bitartean, Otisek filipinar matxinoek estatubatuar gatibuak oso era ankerrean torturatu zituztela aldarrikatu zuen. 1899ko azken hilabeteetan, Emilio Aguinaldok Otis jeneralaren bertsioa indargabetzeko, ikuskatzaile neutralek operazio militarrak behatz zitzaten proposatu zuen, hain zuzen ere, kazetari atzerritarrak, eta Gurutze Gorriko ikuskatzaileak. Otisek uko egin zion proposamenari, baina Emilio Aguinaldok lau kazetari ezkutuka sartu ahal izan zituen: bi ingeles, kanadiar bat eta japoniar bat. Manilara itzuli zirenean, estatubatuar gatibuak, atxiloak baino, gonbidatuak bezala tratatzen zutela esan zuten; herrialdean lortu ahal zen jakirik onena ematen zizkietela eta ahal zen guztia egiten zutela haien konfiantza eurenganatzeko. Lau kazetariak Filipinetatik egotzi zituzten haien istorioak argitaratu orduko.

Filipinarren guda-estrategia

aldatu
 
Filipinar matxinoak 1899an.

Estimazioen arabera, filipinar indarrak 100.000 eta 1.000.000 artean zeuden, milaka laguntzailerekin. Armen eta munizioen gabezia filipinarrentzat oztopo handia izan zen, izan ere, tropa gehienak bolo aiztoekin, arku eta geziekin eta lantzekin armatuta zeuden.

Filipinarren helburua, burujabe, aske eta gizarte-egonkor baten Filipinak zen. Estatu horren buruzagiak, "ilustrado" oligarkiakoak izango ziren. Eskualdeburuak, lur-jabeak eta negozio gizonak "principales" delakoak ziren eta tokian tokiko politika kontrolatzen zuten. Borroka alde izan zuten ilustratuek, "principales" eta nekazariek bat egiten zuten bitartean. Hala ere, gerrillaren gehiengoa nekazariak ziren eta oso bestelako interesak zeuzkaten, ilustratuek eta "principales"-ek baino. Horri zatikatze etnikoa eta geografikoa gehituta, bat egitea oso eginkizun latza izan zen. Aguinaldo eta bere jeneraleen erronka nagusia estatubatuarrei buru egiten zieten filipinar guztiak batzea zen.

Filipinarren estrategia nagusia, beraz, euren irregular indarreko 100.000 soldaduak frontean etengabe izatea zen. Francisco Macabulos filipinar jeneralak filipinarren estrategia honela deskribatu zuen: "ez dugu AEBetako armada txikitu nahi, baizik eta, etengabe hildakoak eragin nahi diegu." Taktika konbentzionalak erabiliz gero eta hildako gehiago eragin gura zizkieten McKinleyk porrota izan zezan 1900ko hauteskundetan. Haien itxaropena, William Jennings Bryan bakezaleak hauteskundeak irabastea zen. Helburu hori lortzeko gerrilla taktikak erabili zituzten borroka luzerako egokiagoak ziren eta. Estrategia horrek iraultzaile asko kitzikatu arren epe laburrean, McKinleyk hauteskundeak irabazi zituenean, filipinar askok etsi egin zuten uste baitzuten AEBek ez zutela arinegi alde egingo Filipinetatik.

Gerrilla gudaren aldia

aldatu

1899an, iraultzaileen buruzagiek gerrilla borroka ikusten zuten aureka estrategikotzat eta ez helburutzat. 1900ko azaroaren 13an, Emilio Aguinaldok gerrilla borroka aurrerantzean estrategia nagusia izango zela aldarrikatu zuen. Horrek Filipinetako estatubatuar okupazioa hurrengo urteetan zaildu zituen. Izan ere, gerrilla gudako lehenengo lau hilabeteetan, estatubatuarrek 500 bat hildako izan zituzten. Filipinar armada zelata odoltsuak eta eraso arinak egiten hasi ziren, hala nola, Paye, Catubig, Makahambus, Pulang Lupa, eta Matibac gerrillaren garaipenak. Hastapenean, ematen zuen filipinarrek borroka berdinketa batera eramango zutela eta estatubatuarrak uharteetatik egotziko zituztela. Hori McKinley presidenteak berak hausnartu zuen.

Baina, gerrilla borrokarako aldaketak AEBetako armada guda orokorrera pasatzera bultzatu zuen. Zibilei identifikazioak eman zitzaizkien eta kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten. Ordumuga ezarri zuten eta hori gaindituta, kontzentrazio-esparrutik kanpo topatutako edozein pertsonari tiro egingo zioten ikusi orduko. Esparru horietan jende asko hil egin zen egoera txarrak zirela kausa. Hala ere, horrek guda berehala amaitu zuen.

Filipinar Errepublikaren gainbehera eta hondamendia

aldatu
 
Frederick Funston, Aguinaldo atxilotu zuten tropen jenerala.

Guda arruntaren garaian filipinar armadak porrotak izaten jarraitu zuen eta Aguinaldok etengabe mugitu behar izan zuen bere operazioen basea. Horrela egingo zuen guda osoan zehar.

1901ko martxoaren 23an, Frederick Funston jeneralaren tropek Aguinaldo harrapatu zuten Palananen, Isabela probintzian, Luzongo uhartean. Ekintza horretan filipinar esploradoreen (Macabebe esploradoreak ere deitzen zioten, herri hartan sortu baitziren) laguntza izan zuten. Haiek filipinar armadaren uniformeak jantzi zituzten eta estatubatuarrek filipinarren gatibuarenak egin zuten. Funston eta "gatibuak" Aguinaldoren kanpamenduan sartu orduko, berehala eraso zieten zaindariei, goitik behera garaitu zieten eta lur jota zegoen Aguinaldo harrapatu zuten.

1901ko apirilaren 1ean, Malacañang Jauregian Aguinaldok Filipinen gaineko AEBen autoritatea onartzen zuela zin egin zuen eta estatubatuar gobernuaren aliatua izango zela hitzeman zuen. Apirilaren 19an, AEBei amore ematen zien aldarrikapena egin zuen, jarraitzaileei armak eta borroka bertan behera uzteko aginduz: "amai dezagun odol-jarioa; amai daitezela malkoak eta hondamendiak." Hauxe ere esan zuen: "Gudak laga digun irakaspenak, duela gutxi ulertu dudan arren, borrokaren amaiera eta bake iraunkorra, Filipinen onurarako behar-beharrezkoak diren uste sendoa sortu dit."

Aguinaldoren atxilotzeak kolpe latza izan zen filipinar iraultzarentzat, baina ez estatubatuarrek nahi bezain handia. Miguel Malvar jeneralak filipinar gobernuaren buruzagitza hartu zuen, edo, behintzat, geratzen zena. Defentsarako jarrera hasieran hartu arren, orain eraso orokorrera pasatu zen Batangas eskualdean estatubatuarrek kontrolatzen zituzten hirien aurka. Vicente Lukban jeneralak, Samaren eta beste ofizial batzuek euren eskualdeetan borrokari berriro ekin zioten.

Gudaren amaiera ofiziala

aldatu

1902ko uztailaren 1ean onartutako Filipinetako Lege Organikoaren arabera, Filipinetako Batzordea ezartzen zuen McKinleyren dekretua berresten zen. Ganbera biko legebiltzar bat hautatuko zen; beheko ganbera bat, Filipinetako Legebiltzarra, jendeak onartuko zuen eta goiko ganbera Filipinetako Batzordekoek osatuko zuten. Legearen arabera ere, AEBetako Eskubide Nagusiak (Bill of Rights) filipinar guztientzat onartuko ziren. Uztailaren 2an, AEBetako Guda Idazkariak iraultza amaitu zenez eta gobernu zibila ezarri zenez, gobernu militarraren betebeharra bukatuta zegoela telegrafiatu zuen. Uztailaren 4an, Theodore Rooseveltek, irailaren 14an McKinley hil zutenetik AEBetako presidentea, borrokan parte hartu zuten filipinar guztientzako erabateko barkamena eta amnistia aldarrikatu zuen.

Kanpo estekak

aldatu