Ignazio Loiolakoa
Ignazio Loiolakoa —jaiotza izen-deiturez Eneko Lopez Loiolakoa; katolikoen artean San Ignazio Loiolakoa[1][2] deitua— (Loiola, Azpeitia, Gipuzkoa, 1491ko abenduaren 24a – Erroma, Aita Santuen Lurraldea, 1556ko uztailaren 31) militarra eta erlijiosoa izan zen, San Frantzisko Xabierkoa nafarrarekin batera Jesusen Lagundiaren sortzailea, eta Espainiako Kontrarreformaren buruetako bat.
Ignazio Loiolakoa | |||
---|---|---|---|
1541eko apirilaren 19a - 1556ko uztailaren 31 - Diego Laynez (en) → | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Iñigo López de Oñaz y Loyola | ||
Jaiotza | Loiolatarren Oinetxea, 1491 | ||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Bizilekua | Camere di San Ignazio (en) | ||
Heriotza | Camere di San Ignazio (en) , 1556ko uztailaren 31 (64/65 urte) | ||
Hobiratze lekua | Gesù Santa Maria della Strada (en) | ||
Heriotza modua | berezko heriotza | ||
Familia | |||
Aita | Beltrán II Ibáñez de Loyola | ||
Ama | Maria Sáenz de Licona y Balda | ||
Leinua | Loiola | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Parisko Unibertsitatea Alcalako Unibertsitatea Collège Sainte-Barbe (en) | ||
Hizkuntzak | euskara gaztelania latina | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | apaiz katoliko latindarra, soldadua eta founder of Catholic religious community (en) | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Santutegia | |||
Uztailaren 31 | |||
Zerbitzu militarra | |||
Parte hartutako gatazkak | Gaztelako Komunitateen Gerra Nafarroako konkista Iruñeko gudua | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||
Erlijio-ordena | Jesusen Konpainia | ||
Gudari gisa, Gaztelako Koroaren armadaren zerbitzura aritu zen. 1521eko maiatzean, Henrike II.a Nafarroakoa Nafarroako Erresuma berreskuratzeko ahaleginean ari zela, haren aurkako Gaztelako armadan zihoan Loiolakoa, eta Iruñeko guduan larri zauritu zuten. Erlijio ordena berria sortzeko abiapuntua izan zen gertakari hura.
Gipuzkoako eta Bizkaiko santu zaindari nagusia izendatua du Erromatar Eliza Katolikoak.
Izena
aldatuEuskaltzaindiak euskara baturako emandako 66. arauari (Santutegiko izen ohikoenak) jarraikiz, Ignazio da santuaren izena euskara jasoan,[1] eta ez Inazio edo Iñaxio. Azken bi forma horiek gipuzkera herrikoian erabiltzen dira, herri-mintzairako dialektalismoak dira.
Sortzez, Eneko[3] Lopez Loiolakoa zuen izena. Garai hartan ohikoa zen izenak hizkuntza batetik bestera itzultzea, eta euskarazko Eneko izenaren ordain gisa gaztelaniaz Iñigo erabiltzen zen. Latinez idaztean, ordea, Enecus forma baliatu zuen hasieran; eta, aurrerago, latinezko forma ustez jatorrago bat hartu zuen, Ignatius, funtsean Eneko izen bera zela pentsatuta.[4][5] Hortik dator Ignazio. Deiturari dagokionez, Lopez Rekaldeko dela ageri da Jesusen Lagundiko zenbait dokumentutan, kopista baten erruz dirudienez. Berak, ordea, bizitza osoan Lopez Loiolako deitura erabili zuen.
Bizitza
aldatuLoiolako leinua
aldatuIgnazio Loiolakoa Azpeitiko Loiolako leinuaren baitan jaio zen. Gipuzkoako familia boteretsua zen, hango oinetxearen eta dorretxearen jabeak, Gaztelako Erresumaren alde egin zuten oinaztaren bandoko ahaide nagusien aldekoak, ganboatarren aurka. Gaztelako Erresumako erregeen arma-zerbitzura izan ziren, behin baino gehiagotan Nafarroako Erresumako monarken aurka, eta Goi Erdi Aro garaian zehar herrialdea suntsitu zuten Bandoen Gerretan parte hartu zuten. Ildo horretan, Gil Lopez Oñazkoa eta Juan Perez Loiolak bere bost anaiekin batera 1321ko Beotibarko guduan izan zuten egitekoa nabarmentzen da; hain zuzen, une horretatik aurrera Gaztelako Erresumaren alde jarri zen Ignazio Loiolakoaren familia. Haien oinordekoak, Beltran Ibañez Loiolakoak Andaluziako mairuen aurkako muga-borroketan parte hartu zuen. 1457an Ignazioren aitona Juan Perez Loiolakoa Gipuzkoako udalerrien anaitasunaren aurka altxatzeagatik mairuen mugetara erbesteratu zuen Henrike IV.a Gaztelakoak, eta errege haren aginduz Loiolako dorre handi trinkoa eraitsi zen.
Ignazio gaztea
aldatuBeltran Ibañez Oinazko eta Marina Saenz Likonako izan zituen guraso. Ignazio hamahiru anai-arrebetan –zortzi anaia eta bost arreba– txikiena izan zen. Tontsura jasoa zuen zazpi urterekin, eta hala kleriko bilakatu zen, elizan karrera prestatzeko asmoarekin. Familiak Azpeitiko elizaren patronatua zuen, baina adinagatik bere anaiari Pedrori zegozkion, hark ere tontsura jasoa, horko pribilegioak. Geroxeago, Martin anaiak oinetxearen buruzagitza hartu zuen, aitaren baimenarekin, lehensemea hil ondoren. Martin 1498 urtean ezkondu zen Elisabet I.a Gaztelakoaren ohore-dama zen Magdalena Araozkoarekin, eta honek bereziki hezi eta prestatu zuen gortean jarduteko. Koinata Magdalenari esker, eta Manrique de Lara leinukoen eskutik, gortean zituzten harremanak sendotu nahian, Joana Gaztelakoa eta Filipe Ederra errege-erreginagaien morroi bilakatu omen zen 1502 urtean. Agiriek diotenez, 1506. urte inguruan Ignazio Gaztelako Arévalora joan zen morroi gisa, 1495az geroztik Errege-erregina Katolikoen kontulari nagusi zen Juan Velazquez de Cuellarren zerbitzura. 1517an kontulariak kargua utzi zuen arte, Loiolatarren seme txikienak Arevalo eta Valladoliden Gaztelako Gortearen giroa ezagutzeko aukera izan zuen. "Oso eskribau on" izatera iritsi zen arte bere idazkera landu zuela. Zaldun-liburuekiko zaletasuna izan zuen, bereziki, Amadis de Gaularekin, Ignaziok berak Camarari egindako memorietan aipatu zuenez "haiek goitik behera ulertu" arte. Musikan ere saiatu zen eta San Pedroren omenezko poema baten errima osatzera ere heldu zen.[erreferentzia behar]
Gorteko manerak bereganatu zituen guztiz, eta Azpeitira itzultzen zenean, nabaria zen bere arrandia, janzkeran zen soinean eramaten zituen armetan. Bisita haietako batean, 1515 urtean, anaia Pedrorekin batera, zehaztu ezin izan den "krimen izugarria" burutu zuen. Biak kleriko izanik, elizaren jurisdikzioan babestu ziren eta Iruñean zigor txikia bete zuten, baina Gipuzkoatik jurisdikzio zibiletik kargu hartu zitzaion Ignaziori, arrakastarik gabe antza, kleriko bizitza utzia zuela nabaria zela argudiatuta. Urte horietan gazte limuria ere bazen, neskazalea, eta Maria de Villarrealekin ezkontzaz kanpoko alaba bat ere izan omen zuen, azkenean aitortu zuena.[6]
Ignazio soldadu
aldatu1516 urtetik Naiarako duke eta Nafarroako erregeorde Antonio Manrique de Lararekin eskuz esku aritu zen. Haren agindutara, 1520-22 urteetan Gaztelako Komunitateen Gerran hartu zuen parte, Gaztelako erregearen alde, eta Gipuzkoan korrejidore baten aurka altxatu zirenekin bitartekaritza arrakastatsua egin zuen, gatazka militarra saiheste aldera. Giro horretan, Ignazio Loiolakoa eragingo zuen gertakari garrantzitsuena 1521eko maiatzean izan zen, Gaztelako giro nahasia profitatuta eta Nafarroako erresuma berreskuratzeko Albreteko leinuko Henrike II.a Nafarroakoaren tropek Nafarroan sartu eta Iruñean gotorturik zeuden Gaztelako erregearen aldeko tropak setiatu zituztenean.
Iruñeko tropa defendatzaileen buruzagitza Ignazio Loiolakoak eta anaia Martinek hartu zuten, Pedro Beaumontek ihes eginda. Tropa setiatuek ez zituzten onartu nafar erregearen aldeko tropen buru André Foixkoaren errendizio eskaintzak, eta hala Iruñeko gaztelua bonbardatu zuten. Egun Iruñeko San Ignazio basilika dagoen lekuan bertan, bonbarda-bala batek Ignazio zauritu zuen bi hanketan[7].
Iruñea hartuta, André Foixkoa Ignazio sendatzeko bitartekoak jarri zituen, etsai militarrak izan arren, Ignazioren ospea aintzat hartzeaz gainera, ahaide txikiak ere bazirelako. Lehen premiazko sendaketen ondoren, Oinetxera eraman zuten, anaia Martin gidari. Loiolara helduta, Martin Itziolakoa zirujauak hartu zuen Ignazioren zaurien ardura. Hil ala biziko zenbait ebakuntzaren ondoren, azkenean sendatu egin zen, bizitza guztirako herren geratu bazen ere.
Konbertsioa eta erromesaldiak
aldatuIruñean jasandako zaurien sendaketan ia urtebete eman zuen; herren geratu zen, ordea. Denbora horretan, Vita Christi, Ludolfo Saxoniakoak idatziriko Jesusen bizitzaren kontakizun bat, hainbat iruzkin eta gogoetekin batera, eta Flos sanctorum, santuen biografien bilduma bar irakurri zituen. Liburu horien irakurketak zirrara nabarmena eragin zioten eta "iraganeko bizitzari buruz benetan gogoeta egin, eta horregatik egin beharreko penitentziari buruz". Liburu horietan Jerusalemerako erromesaldia sustatzen zen orobat, eta hala 1522ko otsailean Loiolatik abiatu zen, mando baten gainean.
Lehenik, Arantzazura joan zen eta, ondoren, Montserratera, non erabateko aitortza egin eta arropa dotoreak eta ezpata utzita, Jesusen zalduntzat eskaini zuen bere burua. Manresara jaitsi zen, Bartzelonan ontzia hartzeko une egokiaren zain, eta azkenean hamar hilabete eman zituen hango kobazulo batean, bizimodu aszetikoz. Mistikazko hilabete haietan osatu zituen bere Gogo-jardunak. 1523aren hasieran, Bartzelonan ontzia hartu zuen Erromarako. Gaetan lehorreratu eta oinez joan zen Erromara. Han Aita santuaren baimena eskuratu zuen Lur Santura joateko. Veneziara oinez joan eta han ontzia hartu zuen Lur Santurako. Jerusalemera 1523ko irailaren 4an heldu zen.
Handik itzuli eta Alcalá de Henares, Bartzelona eta Parisko unibertsitateetan ikasi zuen. Han, San Frantzisko Xabierkoarekin Jesusen Lagundia sortu zuen. Aita Sainduaren agindutara jarri eta Kontrarreformaren protagonista bilakatu zen ordena erlijioso berria. Bere gutun elkartrukean (1554), Erromako dogma katolikoa babesteko neurri gogorren alde agertu zen, hala nola ondasunen konfiskazioa, erbesteratzea eta heriotza zigorra, pertsonen joera heretikoen kontra, baita heretikotzat jotako liburuak erre edo erresumatik kanporatzearen alde.[8]
Hil ondoko ondarea
aldatu1609ko uztailean, Paulo V.ak beatifikatu zuen, Nafarroa Garai iparraldean sorgin ehiza Inkisizioaren interbentzioaz garrantzia hartzen ari zen unean.[9]1622an santu izendatu zuten. Gipuzkoako eta Bizkaiko zaindaria da. Azpeitian, Loiolako Santutegia dago haren omenez, XVII. mendean eraikia.
Idazlanak
aldatuIgnazio Loiolakoak idatzitako testu garrantzitsuena 1548ko Gogo jardunak da (Ignaziok latinez idatzia: Exercitia spiritualia, Luis Egiak 1972an euskaratua). 28 – 30 egunean egiteko jardunak dira, fede katolikoaren esperientzia pertsonala areagotzeko asmoz pentsatuak.
Horrez gainera, zazpi mila gutun baino gehiago idatzi zituen bere bizitzan, gaztelaniaz. Aipagarria da bere autobiografia ere.
Ignazio Loiolakoaren omenez
aldatuKaleak eta auzoak
aldatu- San Ignazio auzoa, Bilbo.
- San Inazio galtzada, Donostia.
- San Ignazio Loiolakoaren kalea, Gasteiz.
- San Ignazio etorbidea, Iruñea.
- San Inazio kalea, Lazkao.
- San Inazio auzoa, Lemoa.
Monumentuak
aldatuElizak
aldatu- Loiolako Santutegia, Loiola, Azpeitia.
- San Ignazio eliza, Iruñea.
- San Ignazio basilika, Iruñea.
Zubiak
aldatu- San Ignazio Loiolakoa nazioarteko zubia, Argentina eta Paraguai artean.
Asteroideak
aldatu- 3562 Ignatius asteroidea, izena Ignazio Loiolakoaren omenez eman zitzaion.
- 3589 Loyola asteroidea, izena Ignazio jaio zen auzoa omentzeko eman zitzaion.
San Ignazioren martxa
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b Euskaltzaindia. (PDF) 66. arauaː Santutegiko izen ohikoenak. .
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ Euskaltzaindia: «Eneko», Euskal Onomastikaren Datutegia.
- ↑ (Gaztelaniaz) Verd, Gabriel María (1976): «El 'Íñigo' de San Ignacio de Loyola», Archivum Historicum Societatis Iesu, Institutum Historicum Societatis Iesu, 45. bol, 95-128.
- ↑ (Gaztelaniaz) Verd, Gabriel María (1991): «De Iñigo a Ignacio. El cambio de nombre en San Ignacio de Loyola», Archivum Historicum Societatis Iesu, Institutum Historicum Societatis Iesu, 60. bol, 113–160
- ↑ Aranbarri, Iñigo. (2022-07-31). «Gure patroi handia» Berria (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
- ↑ Tellechea Idígoras, José Ignacio. (2006-01-01). Ignacio de Loyola: la aventura de un cristiano. Sal Terrae ISBN 9788429312591..
- ↑ «San Ignacio y la pena de muerte» usuaris.tinet.cat (Noiz kontsultatua: 2021-07-31).
- ↑ (Frantsesez) Labat, Claude; Marko. (2019). Sorcellerie. Lauburu / Elkar, 51 or. ISBN 978-84-9027-935-9..
Ikus gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ignazio Loiolakoa |
- Koldo LARRAÑAGA ELORZA: «Ignacio de Loyola», Auñamendi Eusko Entziklopedia.