Islamaren bost euskarriak
Islamaren bost euskarriak (arabieraz: أركان الإسلام, arkān-al-Islām edo أركان الدين, arkān ad-dīn "erlijioaren euskarriak") Islamaren bost ekintza nagusiak dira, sunientzat derrigorrezkoak direnak[1]. Mahoma hil zenean, haren jarraitzaileek beharrezkotzat jo zuten islamaren oinarriak edo funtsak finkatzea, fededun guztiek haiek bete zitzaten. Funts edo oinarri haiei islamaren bost zutabeak (arkan) deitu zitzaien. Beste adar batzuk (jariyarrak, adibidez) seigarren zutabe bat gehitzen ahalegindu ziren, Yihad edo gerra santuarena, alegia, baina ez zuten lortu.
Koranen arabera gurtzaren esparrua eta fedearekiko norbaiten atxikimendua azaltzeko modua dira. Hona hemen euskarriak[2]:
- Fede edo sinesmen aitorpena (shahada). “Ez da Alaz beste Jainkorik, eta Mahoma da haren profeta” esapidea funtsezkoa da islamiarren artean. Horregatik, fededunak bizitzan behin gutxienez esan behar du argi eta garbi, eta zer esaten duen ongi jabetuz; dena den, islamiarrek oso sarri erabiltzen dute esapide hori eta garrantzi handiko ospakizun eta gertaera guztietan errepikatzen dute. Bestetik, Mahoma Alak argitutako profeta dela aitortu eta Koran liburu sakratuko irakaspenak onartzen dituzte: sinesten dute Jainko sortzaile bakarra dela, hark aingeruak eta profetak bidali dituela (Adan, Abraham, Moises, Jesu Kristo eta Mahoma), gizona hil ondoren berpizten dela, azken epaia izango dela eta beste bizian saria dagoela prestu eta zuzen jokatu dutenentzat.
- Eguneroko bost otoitzak (salat). Otoitzak erritu, gorputz jarrera eta hitz jakin batzuk ditu, eta islamiarrak egunean bost bider egin behar ditu horiek Meka aldera begiratuz; egunsentian, eguerdian, arratsaldeko hirurak eta bostak bitartean, arratsaldean eguzkia ezkutatu baino lehen, eta, azkenik, gauean. Islamean ez dago liturgiarik, ezta apaizik ere; berez, predikatzaileak, eta otoitza gidatzen duten arduradunak (imanak) baizik ez daude, eta mezkitatik otoitzera dei egiten dutenak (muezinak); ostiraletan egiten da otoitza mezkitan eta aurretik imanak sermoi edo hitzaldi bat esaten du politikari, gizarteari eta moralari buruz.
- Baraua Ramadanen zehar (sawm). Ramadan garaian (musulmanen egutegiko bederatzigarren hilabetean) baraua gorde behar du islamiarrak eguzkia irteten duenetik sartzen den arte. Hala ere, eriek edo bidaiariek atzeratzea badute, ezinbestean. Horrez gainera, hartarako modua dutenek behartsu bat mantendu behar dute.
- Legezko limosna (zakāt). Limosna (zakat) nor bere dituen ondasunetatik eta diruzalekeriatik garbitzeko modu bat da, eta urteko sari gisa eman behar da, dirutan nahiz bestelako gauzatan. Estatuak bil dezake eta premia askotarako erabiltzea dago; behartsuei emateko, gerrako gatibuak aske uzteko ordainetan, zor handiegiak kitatzeko, gerra santurako, eta hezkuntza eta osasunerako, besteak beste.
- Mekarainoko erromesaldi (hajj), bizitzan behin behintzat. Hartarako ahalmena duten islamiar guztiek, bizitzan behin bederen, erromes joan behar dute Mekara urteko azken hilabetean. Erromesak zazpi itzuli eman behar ditu Kaaba tenpluaren inguruan eta Abrahamen harri beltza ukitu behar du eta musu eman.
Bai xiitek bai sunitek euskarrien beharrezkotasuna errespetatzen dute[3], baina xiitek izen ezberdina erabiltzen dute.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/10/18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Pillars of Islam. in: Oxford Centre for Islamic Studies. Oxfordeko Unibertsitatea.
- ↑ Religions. in: The World Factbook. Central Intelligence Agency.
- ↑ The Five Pillars of Islam. BBC.
Kanpo estekak
aldatuArtikulu hau erlijioari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |