Juan Migel Gartzia de Bakedano
Juan Migel Gartzia de Bakedano (Eulate, 1739ko maiatzaren 15a - Eulate, 1820ko abenduaren 18a) nafar apaiz eta euskal idazlea izan zen. Ezagutzen den haren lan bakarra, kristau dotrinaren zati bat, Ameskoako euskararen lekukotasun urrietako bat da.[1]
Juan Migel Gartzia de Bakedano | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Eulate, 1739ko maiatzaren 15a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Heriotza | Eulate, 1820ko abenduaren 18a (81 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa eta euskal idazlea |
Bizitza
aldatuJuan Migel Gartzia de Bakedano Eulaten jaio zen 1739ko maiatzaren 15ean. Aita Larragoakoa zuen eta ama, erditzean hila, Eulatekoa. Aitona-amonak ere, inguru horretakoak.[2] Aita Eulateko beste emakume batekin ezkondu zen gero, eta ume gehiago izan zituzten. Ondoren, aita hil, eta amaordea berriz ezkondu zen.[1]
Gramatika ikasketak Lizarrako gramatika estudioan egin zituen, Teologia Gasteizen, eta Filosofia eta Morala Calatayuden. 1761ean kapilautza bat lortu zuen sorterrian, Larragoako elizan izan zen gero, eta handik Arabara salto egin zuen. 1767az geroztik, Urabaingo eta Bikuñako parrokietan ibili zen. Ondoren jaioterriko parrokiara itzuli zen, 1796an uko egin zuen arte, bista eta erreuma arazoak tarteko. Ez omen zuen, edonola ere, ez eliztarrekin ez familiarekin harreman onik izan.[1]
1820ko abenduaren 18an hil zen, 81 urte zituela, eta herriko San Joan Bataiatzaile elizan ehortzi zuten.[1]
Eulateko dotrina
aldatu2022an, Aingeru Irigarai (1899–1983) euskaltzain zenaren paperak Nafarroako Errege Artxibo Nagusira ailegatu ziren. Hori begiratzen eta katalogatzen ari zela, Ekaitz Santaziliak arreta jarri zion eskuz idatzitako kristau dotrina anonimo zahar bati, estalkian "Procede de Eulate" zioena.[2]
Lehenbiziko zatia Juan Irazusta Hernialdeko erretorearen dotrinaren zati baten eskuzko kopia da. Baina testuaren orrietan aurrera egin eta, bat-batean, eten bat dago. Une batetik aurrera, beste tinta bat, beste luma bat erabili zuen idazleak. Bestelako idazkera… eta bestelako hizkera! Mintzo berezia, Nafarroako eta ekialdeko ezaugarriak mendebaldekoekin batera erabiltzen dituena! Hori bai, hori izan zitekeen, ustez behintzat, Eulateko ordu hartako mintzoa.[1]
Testu anonimo hori nork idatzi zuen jakitea izan zen hurrengo lana. Testu erlijiosoa izaki, egilea apeza izan zitekeen. Parrokia liburuak izan ziren lan horretan lagun. Liburu horietan bataioak, ezkontzak, heriotzak eta bestelakoak eskuz apuntatzen dituzte parrokoek, eta sinatu. Aski zen, beraz, testuko idazkera eta mendez mende Eulateko parrokiako liburuetan idatzi duten apezena konparatzea. Era horretan jakin zen, dudarik gabe, Juan Migel Gartzia de Bakedanok idatzi zuela.[1]
Eulateko dotrina dokumentuaren bost orritxoak urregorria dira Ameskoako XVIII. eta XIX. mendeetako euskara nolakoa zen jakiteko. Gainera, ezaugarri linguistiko berezi batzuk garai berekoa den Artatzako dotrinan ere daudenez, seguruago jakin dezakegu benetan erabiltzen zirela Ameskoan.[1]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g Santazilia, Ekaitz. Ameskoako euskaraz idatzitako testu zahar bat agertu da. Argia, 2023ko azaroak 27, CC BY-SA, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ a b Santazilia, Ekaitz. Datu berriak Araba-Nafarroetako euskararen historiarako: Eulateko dotrina (XVIII-XIX. m.). Euskera ikerketa aldizkaria: Revista de Investigación de la Real Academia de la Lengua Vasca, ISSN 0210-1564, 2023, 221-318. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-30).
Kanpo estekak
aldatu- Santazilia, Ekaitz, Datu berriak Araba-Nafarroetako euskararen historiarako: Eulateko dotrina (XVIII-XIX. m.), Euskera ikerketa aldizkaria: Revista de Investigación de la Real Academia de la Lengua Vasca, dialnet.unirioja.es