Limasol
Limasol (grezieraz: Λεμεσός, Lemesos; turkieraz: Leymosun) Zipreko bigarren hiri handiena, Limasolgo barrutiko hiriburua. Zipreko hegoaldeko kostaldean dago, Akrotiri badian. 2011ko erroldaren arabera, 235.056 biztanle zituen.
Limasol Λεμεσός | |
---|---|
Zipreko hiria | |
Limasol Irudi gehiago | |
Administrazioa | |
Herrialdea | Zipre |
Garaiera | 20 m |
Alkatea | Andreas Christou |
Izen ofiziala | [Greziera]]z: Λεμεσός, Lemesos; turkieraz: Leymosun |
Jatorrizko izena | Λεμεσός |
Posta kodea | 3010–3150 |
Geografia | |
Koordenatuak | 34°40′30″N 33°02′39″E / 34.674997°N 33.044286°E |
Azalera | 203 km² |
Demografia | |
Biztanleria | 235.056 (2011) |
Dentsitatea | 5.239 bizt/km² |
Informazio gehigarria | |
Telefono aurrizkia | 357 25 |
Ordu eremua | UTC+02:00 eta UTC+03:00 |
Hiri senidetuak | Patras, Brașov eta San Petersburgo |
http://www.limassolmunicipal.com.cy |
Historia
aldatuLimasol, Amathus eta Kourion antzinako hirien artean eraiki zen, eta horregatik, Bizantziar Inperioaren garaian Neapolis ("Hiri berria") izenarekin ezagutu zen.
Antzinaroa
aldatuLimasol Amathus suntsitu ondoren sortua izan litekeela pentsatzen da, antzinako idazkietan ez baitago haren aipamenik. Ingurunea ordea antzinagotik populatua izan da, izan ere K.a. 2000 urteko hilobiak aurkitu baitira, baita K.a. VIII eta K.a. IV mendeen arteko hilobiak ere. Kolonizazio apal bat izango zela esan nahi du, hiria izatera iritsi ez zena.
K.a. 85 urtean Tigranes II.a Handia Armeniako erregea Limasol dagoen eremura iritsi zen Siria, Libano eta Anatolia konkistatu ondoren. Aliatu greziarrak erromatarrengandik babestea zuen helburu.
451. urtean izandako Kaltzedoniako kontzilioaren arabera Amathus eta Arsinoeko apezpikuek fundatu zuten hiria, hasiera hartan Theodosiana eta Neapolis izenekin ezagutu zena[1]. VII. mendean Neapoliseko Leontios apezpikuak bere egoitza bertan zegoela idatzi zuen. X. mendean Lemesos izenarekin ezagutzen zen dagoeneko.
Zipreko Erresuma
aldatuXII. mendearen amaierako Hirugarren Gurutzadan gertakizun ezagunak izan ziren Limasolen. 1190ean Rikardo I.a Ingalaterrakoa Lur Santutik itzultzen ari zela ingelesen flotak ekaitz ugari izan zituen eta Kreta eta Rodas uharteetan geldialdiak egin zituen. Bere ezkongaia zen Berengela Nafarroakoa eta Joana Ingalaterrakoa eta Siziliako erregina zeramatzan ontzia Ziprera iritsi zen eta Limasol parean bota zuen aingura. Isaac Komnenos Zipreko enperadoreak itsasontzia hartu eta emakume biak bahitu zituen. Errege ingelesak Sizilian zuen armadari dei egin eta Zipre inbaditu zuen[2]. Rikardo eta Berengaria Limasolen ezkondu ziren[3].
1192an Zipreko Erresuma sortu zen, Lusignan Etxeko frankoak errege zituena. 1193an bertan Guy de Lusignan erregeak Limasolgo gaztelua eraiki zuen[4]. Zipreko Erresumak iraun zuen hiru mendetan Limasolek oparotasun handia izan zuen. Apezpiku latindar ugari izan ziren Zipren eta monastegi ugari altxatu ziren. XIII. mendean Limasolgo kaia garraio eta merkatalgune garrantzitsua bihurtu zen eta garapen finantziero eta kulturala ekarri zion hiriari.
1228an Zipreko tenplarioek eskatuta Frederik II.a Germaniakoa Limasolera iritsi zen[5]. Tenplarioak Jhon Ibelen erregearen aurka egin zezan eskatzen zioten. Musulmanen aurka elkarrekin borrokatzeko aitzakiaz Frederik II.ak Ibelen Limasolera deitu zuen. ez ziren akordio batetara iritsi eta Frederik II.ak Zipreko hainbat hiri eskuratu zituen, tartean Limasol. Zipretik alde egin zuenean gobernadore germaniarrak utzi zituen hirien arduradun. 1229an Agirtako borrokan Ibelenen armada frankoak soldadu germaniarrak garaitu zituen eta uharte guztia berreskuratu zuen[5].
1373an genovarrek Limasolgo gaztelua eskuratu zuten eta hiriari su eman zioten. Gazteluak ere kalte handiak jaso zituen eta berreraiki beharra izan zen. 1402 eta 1408an ere genovarrek eraso egin zioten hiriari baina ez zuten Limasol konkistatzea lortu. 1413an Egiptoko mamelukoen erasoari aurre egin zion baina 1425ean mamelukoek hiria hartzea lortu zuten eta suntsitu eta harpilatu egin zuten[6]. Zipreko Janus erregea bahitu eta Kairora eraman zuten[5].
1489an veneziarrek erosi zuten uhartea eta otomandarren mehatxua gertu ikusita hiriak gotortzea erabaki zuten. Limasolgo gaztelu zaharra ere handitu egin zuten. 1538an otomandarrek Limasol konkistatzea lortu zuten. Veneziarrek hiria berreskuratu zutenean gaztelua eraistea erabaki zuten, otomandarrek berriz eskura zezaten ekiditeko.
Otomandar Inperioaren barnean
aldatu1570eko uztailean otomandarrek Zipre hegoaldeko hiriak konkistatu zituzten eta aurrera jarraitu zuten uharte guztia eskuratu arte[7]. Limasol erresistentziarik jaso gabe hartu zuten. Hiriaren gainbehera etorri zen, konkistatzaileen interes faltagatik eta ezarri ziren zerga handien erruz. Hiriko komunitate biak ere banandu egin ziren; gazteluaren ekialdean turkiarren auzoa sortu zen eta mendebaldean greziar jatorriko zipretarrak gelditu ziren[5].
Britainiar kolonia
aldatuBritainiarrek 1878an Zipre hartu zuten. Limasolgo aurreneko gobernadore ingelesa Warren koronela izan zen eta haren ekimenez hiriak aldaketa handiak izan zituen[8]. Bideak garbitu ziren, animaliak erdigunetik atera zituen, zuhaitzak landatu ziren eta kaian nasak eraiki ziren itsasontziak karga eta deskarga hobeto egin ahal izateko. Posta eta telegrafo bulegoak eta ospitalea eraiki ziren eta egunkari bat jarri zen martxan 1880an. Urte berean linternak ezarri ziren hiria argitzeko, argi indarra 1912an iritsi zen. XIX. mendearen amaieran hotelak eraiki ziren.
Aldaketa moderno guzti hauek hiriaren bizitza artistiko eta intelektuala bultzatu zuten. Eskolak, antzokiak, arte galeriak, musika aretoak eta kirol elkarteak agertu ziren hurrengo urteetan.
Ekonomia
aldatuMediterraneo itsasoko merkataritza-portu garrantzitsuenetakoa da; eta arrazoi horregatik, Limasol bihurtu da eskualdeko turismo-, merkataritza- eta zerbitzu-hornitzaile gune nagusiena.
Limasolgo portu berria 1973an eraiki zen eta 1974ko Turkiaren inbasioaren ondoren uharteko itsas-portu nagusia bihurtu zen. 2000 urtean 3.589.000 tona karga jaso zuen eta milioi bat bidaiari jaso eta atera zen bertatik[9]. Gaur egun 50 gurutzaontzi linea hartzen ditu. Limasolgo portura ehunka mila errefuxiatu iristi dira azken urteotan, gehienak Libano aldetik datozenak[10]. Portuaren mendebaldean Erresuma Batuko Akrotiri eta Dhekelia base subirano burujabeak daude.
1974ko Turkiarren inbasioaren beste albo-ondorio bat turismoaren garapenaren hasiera izan zen. Limasolgo turismo-eremua ekialdetik hasita Amathuseraino iristen da. Hiraren erdiguneko turismoaz gain Limasolek hainbat hondartza ere baditu. Troodos mendien hegoaldeko magalak ardo eta brandy ekoizle oparoak dira. Limasoleko ardoak Europa guztira exportatzen dira gaur egun.
Limasol Zipreko bigarren hiria izanik industriagune garrantzitsua ere bada. 350 lantegi inguru ditu eta ehungintza, altzarigintza, zapatagintza, elikagaien industria, metalgintza eta elektronika gaiak ekoizten dituzte besteak beste.
Demografia
aldatuHistorikoki Limasolgo komunitate nagusiak greziarrak, turkiarrak eta armeniarrak izan dira. 1960tik aurrera eta bereziki Turkiak uhartearen iparraldea konkistatu zuenean handik ihes egin zuten greziar jatorriko zipretar ugari iritsi zen Limasolera. Era berean Limasolen zeuden turkiar zipretar askok ere iparralderako bidea hartu zuten. 1960ko erroldan hiriaren populazioa 43.593 biztanletakoa zen, hauetatik 37.478 greziar jatorrikoak eta 6.115 turkiar jatorrikoak.
Sobietar Batasuna amaitu zenean Pontoko greziar ugarik Ziprera jo zuten eta gaur egun Limasolgo populazioaren %17a errusiera hiztuna da[11].
Klima
aldatuDatu klimatikoak (Limassol (1991–2005)) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 23.3 | 24.4 | 29.0 | 33.6 | 38.6 | 40.3 | 38.8 | 40.2 | 39.3 | 35.6 | 32.5 | 24.6 | 40.3 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 17.6 | 17.8 | 20.0 | 22.9 | 26.9 | 30.8 | 33.2 | 33.3 | 31.3 | 28.6 | 23.5 | 18.9 | 25.4 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 13.2 | 13.5 | 15.2 | 18.0 | 21.8 | 25.5 | 27.8 | 28.0 | 26.0 | 23.2 | 18.5 | 14.5 | 20.4 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 8.8 | 8.5 | 10.4 | 13.1 | 16.7 | 20.1 | 22.4 | 22.7 | 20.6 | 17.7 | 13.5 | 10.1 | 15.4 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | 2.1 | 1.0 | 3.4 | 5.0 | 11.1 | 13.9 | 19.0 | 18.9 | 13.8 | 8.8 | 3.8 | 0.5 | 0.5 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 86.7 | 66.9 | 35.8 | 18.4 | 05.1 | 01.4 | 0.0 | 0.0 | 02.9 | 13.1 | 77.5 | 99.7 | 407.5 |
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) | 9.3 | 7.1 | 5.6 | 3.3 | 1.1 | 0.2 | 0.0 | 0.0 | 0.3 | 1.9 | 5.5 | 8.8 | 43.1 |
Iturria: Meteorological Service (Zipre)[12] |
Datu klimatikoak (Limasol) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 16.7 | 17.1 | 18.9 | 22.2 | 26.1 | 29.9 | 32.1 | 32.6 | 30.4 | 27.2 | 23.0 | 18.5 | 24.6 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 12.1 | 12.1 | 13.6 | 16.3 | 20.1 | 23.8 | 25.8 | 26.3 | 24.1 | 21.4 | 17.6 | 13.7 | 18.9 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 7.4 | 7.0 | 8.2 | 10.4 | 14.0 | 17.6 | 19.5 | 19.9 | 17.8 | 15.5 | 12.2 | 8.8 | 13.2 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 95 | 71 | 48 | 20 | 8 | 2 | 1 | 0 | 2 | 26 | 48 | 104 | 425 |
Iturria: Climate-Data.org[13] |
Jaialdiak
aldatuZipre guztian oso ezagunak dira Limasolgo bi jaialdi, inauteriak eta ardoaren jaialdia.
Limasolgo inauteriek hamar egun irauten dute. Jaialdia Inauterietako erregearen desfilearekin hasten da eta hiriko kale nagusietan jendetza mozorroturik biltzen da.
Irailaren hasieran Zipreko Ardoaren Jaialdia ospatzen da Limasolgo lorategi publikoan. Hiritarren Zipreko ardo anitzak dastatzeko aukera izaten dute eta musika eta dantzaldiak izaten dira. 2003an Garagardo festa ere abiatu zen.
Kirolak
aldatuHiriko kirol talde nagusiak Apollon Limassol eta AEL Limassol dira. Futbola nagusi de herrialde honetan AEL-ek Zipreko 6 Liga eta 6 Kopa irabazi ditu eta Apollonek 3 Liga eta 9 Kopa.
Limasolgo maratoia ere kirol ekintza popularra da. 2006an abiatu zen eta 2016an 13.000 partaide izan zituen.
Ondasun nabarmenak
aldatu- Limasolgo gaztelua
- Kolossiko gaztelua (Limasoldik 14 km-ra)
- Arkeologia museoa
- Zipreko folk arte museoa
- Limasolgo aintzira gazia
- Lorategi publikoa
- Limassol BBC Relay dorrea
- Antzinako hiriak:
Pertsona ospetsuak
aldatu- Marcos Baghdatis, tenis-jokalaria
- Michael Cacoyannis, zine-zuzendaria
- İsmet Güney, margolaria
- Spyros Kyprianou, Zipreko lehendakari ohia
- Polyxeni Loizias, irakasle, idazle eta feminista
- Ioannis Phrangoudis, tiro-kirolaria
- Marios Tokas, konpositorea
Senidetutako hiriak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ Richard Price, Michael Gaddis. (2006). The acts of the Council of Chalcedon. ISBN 0-85323-039-0..
- ↑ (Ingelesez) «Richard the Lionheart and The Accidental Conquest of Cyprus» Historic UK (Noiz kontsultatua: 2020-09-13).
- ↑ (Ingelesez) «Richard the Lionheart, King of England» Historic UK (Noiz kontsultatua: 2020-09-13).
- ↑ (Ingelesez) «Limassol Castle» Cyprus Island 2017-03-15 (Noiz kontsultatua: 2020-09-23).
- ↑ a b c d «THE HISTORY OF THE TOWN OF LIMASSOL» web.archive.org 2007-09-27 (Noiz kontsultatua: 2020-09-23).
- ↑ «The Limassol Castle. Cyprus» www.cyprusexplorer.globalfolio.net (Noiz kontsultatua: 2020-09-23).
- ↑ Turnbull, Stephen. (2003). The Ottoman Empire 1326–1699 (Essential Histories Series #62). Osprey Publishing ISBN 978-0-415-96913-0..
- ↑ «The History of Cyprus - The British occupation» web.archive.org 2012-04-02 (Noiz kontsultatua: 2020-09-22).
- ↑ «Cyprus Ports Authority - Αρχική Σελίδα» www.cpa.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-09-23).
- ↑ «Cyprus Ports Authority - Νέο Λιμάνι Λεμεσού» www.cpa.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-09-23).
- ↑ «Στατιστική Υπηρεσία - Πληθυσμός και Κοινωνικές Συνθήκες - Απογραφή Πληθυσμού - Κυριότερα Στοιχεία» www.mof.gov.cy (Noiz kontsultatua: 2020-09-23).
- ↑ Meteorological Service – Climatological and Meteorological Reports. .
- ↑ Climate: Limassol – Climate-Data.org
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Limasol udalerriko webgunea
- (Gaztelaniaz) Hispavista - Limasolgo klima
- (Gaztelaniaz) Luventicus - Limasolgo turismoa