Marquesa del Ter
Lilly Rose Schenrich (Lilly Rose Cabrera, ezkondu ostean), Ter-eko markesa ezkontidea eta Morellako kondesa ezkontidea (Paris, 1864 – Londres, 1936ko apirilaren 29a), Marquesa del Ter izenez ezaguna, pianista eta feminista frantsesa izan zen, Espainian izan ziren lehen erakunde feministetako bat sortu zuena. Médaille de la Reconnaissance française (Frantziako Aintzatespen Domina) saria eman zioten Lehen Mundu Gerran ospitaleen alde egin zuen lanagatik. Bere senarra Ramón Cabrera y Richards izan zen, Ter-eko II. markesa eta Morellako II. kondea eta Ramón Cabrera y Griñó noblearen semea.
Marquesa del Ter | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Lilly Rose Schenrich |
Jaiotza | Paris, 1864 |
Herrialdea | Frantzia |
Heriotza | Londres, 1936ko apirilaren 29a (71/72 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | piano-jotzailea eta sufragettea |
Musika instrumentua | pianoa |
Biografia
aldatuLilly Rose Schenrich Parisen jaio zen 1864an. Bere gurasoak Julia Elizabeth Spuring eta Henri Joseph Schenrich izan ziren.[1] Ramón Alejandro Leopoldo Cabrera y Richards-ekin (1854 – 1940) ezkondu zen 1884ko urriaren 23an[2] Marylebone auzuneko (Londres) Little George kaleko kapera katolikoan.[3][4] Senarra, bera baino hamar urte zaharragoa, diplomatikoa zen. Bikotearen seme bakarra, Ramón Henry, Londresen jaio zen 1889an. Londres eta Madril artean bizi izan ziren, baina bolada batzuk Washington D. C., San Petersburgo (1901)[1] eta Marokon (1921-1922) eman zituzten. Azken herrialde horretan hiru hilabetez egon zen eta Melillako bonbardaketaren momenturik txarrenak ezagutu zituen, Espainiak sufritu zuen porrot handiaren lekuko izanik.[5]
Markesa pianista izan zen eta Ingalaterra, Frantzia eta Espainiako antzokietan jo zuen.[6] Hizkuntzalari aditua ere bazen, eta erraz mintzatzen zen hainbat hizkuntzatan —ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz—, eta aleman eta italieraren oinarrizko ezaupideak ere bazituen. 1914an, Lehen Mundu Gerraren hasieran, markesak «Ospitale aliatuen laguntzarako elkartea» erakunde humanitarioa sortu zuen. Errakunde horrek Frantziako bostehun ospitale militar hornitu zituen, eta Belgikako eta Salonikako (Grezia) hainbat ospitaleetarako ere arropa eta hornidurak bildu zituen. Elkarteak 110 anbulantzia eta hirurehun gizon eskaini zituen gerran laguntzeko. Gurutze Gorriarekin batera egindako lanagatik, Frantziako gobernuak Médaille de la Reconnaissance française (Frantziako Aintzatespen Domina) saria eman zion.[5]
XX. mendeko 20ko hamarkadaren amaieran, senarraren ama hil zen, eta Espainiara itzuli ziren semearekin. Han, markesak sufragisten mugimenduan parte hartu zuen[1], eta 1918ko abenduaren 24an, Espainiako lehen erakunde feministetako bat sortu zuen, Unión de Mujeres de España (UME) (Espainiako Emakumeen Batasuna) elkartea, hain zuzen,[7] Maria Lejarragarekin, azkenean zuzenean izango zenarekin, batera[8]. Gai feministei buruz idatzi zuen eta bere erretratua «Voice of Women» aldizkariaren azala bete zuen 1919ko urtarrilean, publikazioaren 21. liburukian.[1] Markesak «Renacimiento» (Berpizkundea) izeneko aldizkari feminista sortu zuen, iraupen laburra izan bazuen ere.[5] Espainiako hainbat lege salatu zituen, emakumearen eskubideak murrizten baitzituzten: senarraren baimenik gabe jardutea debekatzen zioten[9], ezkondutakoan senarraren nazionalitatea hartzera behartzen zuten, eta senarrari ematen zioten seme-alaben gaineko guraso-agintea[10]. UME erakundeak emakumeen heziketa, garai hartan klase sozial guztietan alde batera utzia, defendatzen zuen.[11] Ter-eko Markesa, bere helburuak lortzeko, errege-etxearekin zituen harremanak erabiltzen saiatu zen, Battenbergeko Victoria Eugenia erregina ezkontideari zuzenean dei eginez; baina ez zuen arrakasta handirik izan.[9] Prentsan kexatu egin zen Espainiak emakumearen eskubideak erdiesteko bidean zuen atzerapenagatik[12][13]:´
« | Gorputz eta arima, emakumeak esklabuak besterik ez gara. Ezkondu den aktoreak ezin du kontratu bat sinatu senarraren baimenik gabe. Alarguna ere ezin da pisu baten jabe izan gizonezko ahaide baten laguntzarik gabe. Eta familia-kontseiluan bazter utziak gara. Ezin dugu banku-kontu bat ireki, ezta herentzia bat ukitu, ezta gure seme-alaben irakasleak aukeratu ere. Ezkondu ahala, senarrak gure dotea eskuratzen du. Agian milioi bat irabaziko dut urtean neure ahaleginari esker, baina emazte gisa senarrarengana jo beharko dut dolar bat nahi dudan bakoitzean. Hau, 1921. urtean, zuzena edo bidezkoa da? | » |
—(Ter-eko Markesak Espainiako erreginari, «New York Times Book Review and Magazine» egunkarian aipatua 1921eko maiatzaren 1ean).[9] |
Bere hizkuntza-gaitasun handiari eta nazioarteko gaiei buruz zuen ezagutza sakonari esker, markesa Espainiako ordezkari hautatu zuten Emakumeen Nazioarteko Aliantzak 1920an Genevan (Suitza) antolatutako «Emakumeen Sufragioaren aldeko Kongresuan». Union des Femmes de France erakundearen ordezkari espainiarra izan zen Parisen,[5] 1926ko «Parisko Nazioarteko Kongresuan»[6] eta, 1927an, Amsterdamen (Herbehereak) egindako Emakumeen Nazioarteko Aliantzaren «Bakerako Kongresuan».[5] Nazioarteko legeei eta horiek emakumeen herritartasunean duten eraginari buruzko materialen bilketan —Doris Stevensek eta Alice Paulek Amerikako Estatuen Erakundearentzat eta Nazioen Ligarentzat hasitako prozesuan—, markesa izan zen herrialde bakoitzaren legeei buruzko informazioa biltzen lagundu zien feministetako bat.[14] Txostenak emakumeen eskubideei buruz Historian izan den lehen nazioarteko akordioa ekarri zuen, baina Amerikako Estatuen Erakundeko kideek bakarrik onartu zuten.[15]
Berak sorturiko Espainiako Emakumeen Kontseilu Nazionalean Espainiar Emakumeen Gurutzadako lehendakariorde izan zen. Horrez gain, Natur Zientzietako Iberiar Elkartearen eta Madrileko Herriaren Adiskideen Errege Elkarte Ekonomikoaren kide ere izan zen.[5]
Espainian hainbat urte eman ondoren, senar-emazteak Londresera itzuli ziren.[1] Markesa bertan hil zen 1936ko apirilaren 29an, eta maiatzaren 2an Windsor-ko hilerrian lurperatu zuten. Hil ondoren, Portugalgo Liburutegi Nazionalean aurkeztu zen bere musika-bilduma, hogeita hamar bolumenez osatua eta Beethovenen, Haydnen eta zenbait konpositore frantsesen ahotserako musika eta pianorako sonatak biltzen zituena.[6] Isabel Lizarragak idatzitako Cándida eleberri historikoak (2012), Espainiako lehen feministen istorioak kontatzen dituenak, markesari buruzko informazioa ematen du.[16]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) JUA. (2009-09-26). «El Maestrazgo Carlista: ¿Una biografía fraudulenta escrita por el segundo conde de Morella?» El Maestrazgo Carlista (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ Rovira i Gómez, Salvador-J.. (2008). Els nobles de Tortosa : segle XIX. (1. argitaraldia) Cossetània Edicions ISBN 978-84-9791-331-7. PMC 298112973. (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ «Scheurich, Lilly Rose» FreeBMD (ONS).
- ↑ «De Morella, Ramon Alexander L.C.(Count)» FreeBMD (ONS).
- ↑ a b c d e f «Marquesa del Ter» The Times (Issue 47369) (London, England) 8 de mayo de 1936.
- ↑ a b c LUSA, RTP, Rádio e Televisão de Portugal - Agência. «Espólio da pianista Lily Rose Schenrich doado à Biblioteca Nacional - Cultura - RTP Notícias» www.rtp.pt.
- ↑ (Gaztelaniaz) Branciforte, Laura. (2012-08-03). «El feminismo político de Magda Donato de los años veinte» CUADERNOS KÓRE: 12–33. ISSN 1989-7391. (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) Matilla Quiza, María Jesús. (2001). «María Lejárraga y el asociacionismo femenino: 1900-1936» María Martínez Sierra y la República: ilusión y compromiso : II Jornadas sobre María Lejárraga, Logroño 23-25 de octubre y 6-8 de diciembre 2001, 2002, ISBN 84-95747-19-7, págs. 83-101 (Instituto de Estudios Riojanos): 83–101. ISBN 978-84-95747-19-8. (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ a b c (Ingelesez) Phayre, Ignatius. (1921-05-01). «A Woman Don Quixote in the Harems of Spain» The New York Times Book Review and Magazine. 69. or. (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ (Ingelesez) Drexel, Constance. (1920-08-29). «The Part She is Playing in Remaking our War-torn World is Graphically Told by These Voices Speaking from the Newborn Republics in All Parts of the Earth.» The Washington Herald (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ «Union of Women in Spain». Wanatah Mirror. 1919ko uztailaren 18a. Noiz kontsultatua: 2016ko martxoaren 26a.
- ↑ «Lady Rhondda Hits Woman's Alliance, The Indiana Gazette (Indiana, Pennsylvania) 5 June 1926, p 16» The Indiana Gazette: 16. 1926-06-05 (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ «Spanish Women Pan Congress of Suffragists.» New-York Tribune: 10. 1920-02-23 (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ Lee, Muna. (1 de octubre de 1929). «The Inter-American Commission of Women» Pan-American Magazine: 1–5.
- ↑ OEA - Comisión Interamerican de Mujeres. (2016-04-02). «El primer tratado del mundo sobre igualdad para la mujer - Montevideo, Uruguay, 1933» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).
- ↑ (Gaztelaniaz) C. Pico, Raquel. (2014). «5 escritoras españolas olvidadas de hace 100 años que podrías recuperar» Librópatas (Noiz kontsultatua: 2021-12-09).