Ozeano Atlantikoa

ozeano
Ozeano Atlantiko» orritik birbideratua)

Ozeano Atlantikoa[1] bost ozeanoen artean bigarren handiena da, 86.133.000 kilometro karraturekin. Gutxi gorabehera Lurraren %17 estaltzen du, eta uraren gainazalaren %24. Esplorazioen Aroan "Mundu Zaharra" (Afrika, Europa eta Asia) eta "Mundu Berria" (Amerika) bereizteagatik zen ezaguna.

Ozeano Atlantikoa
Datu orokorrak
Garaiera0 m
Motaozeano
Zabalera5.000 km
Azalera106.460.000 km²
Sakonera8.605 m
3.646 m
Bolumena305.811.900 km³
EponimoaAtlas
Geografia
Map
Koordenatuak0°N 30°W / 0°N 30°W / 0; -30
Honen parte damunduko ozeano
Lurraldeko administrazio-erakundeItsas zabal
Hidrografia
Ibaiadarrak

Europa, Afrika eta Asia Amerikatik bereiztean, Ozeano Atlantikoak funtsezko eginkizuna izan du giza-garapenean, globalizazioan eta nazio askoren historian. Eskandinaviarrak izan ziren Atlantikoa zeharkatu zuten lehen gizaki ezagunak, baina Kristobal Kolonen espedizioak izan zuen eraginik handiena 1492an. Kolonen espedizioak Europako potentziek batez ere Portugalek, Espainiak, Frantziak eta Erresuma Batuak Amerikak esploratu eta kolonizatzeko aro baten hasiera ekarri zuen. XVI. eta XIX. mendeen artean, Ozeano Atlantikoa izan zen esklaboen merkataritzaren eta kolondar trukearen erdigunea, eta, aldi berean, itsas guduak izan zituen noizbehinka. Itsas bataila horiek eta Ameriketako Estatu Batuak eta Brasil bezalako potentzia amerikarren merkataritza gero eta handiagoak XX. mendearen hasieran gora egin zuten, eta gaur egun Atlantikoan gatazka militar handirik izan ez den arren, ozeanoa merkataritzaren osagai nagusia da oraindik mundu osoan.

Ozeano Atlantikoak S formako arro luzanga bat hartzen du, Europa eta Afrikaren artean luzetara hedatzen dena, eta Ameriketatik mendebaldera. Munduko Ozeanoa interkonektatuaren osagai gisa, Ozeano Artikoarekin iparraldean, Ozeano Barearekin hego-mendebaldean, Indiako Ozeanoarekin hego-ekialdean, eta Ozeano Antartikoarekin hegoaldean (beste definizio batzuen arabera, Atlantikoa hegoalderantz hedatzen da Antartidaraino) konektatuta dago. Ozeano Atlantikoa bi zatitan banatuta dago: Ipar Atlantikoa eta Hego Atlantikoa, ekuatorearen alde bietan.

Toponimia

aldatu

Atlantiko hitzaren aipamen ezagunik zaharrena Estesikorok egin zuen K.a. VI. mendean (Sch. A. R. 1. 211): Atlantikôi pelágei (antzinako grezieraz: Ἀτλαντικῷ πελάγει; Atlasen itsasoa)[2] eta Herodotoren Historiak lanean (K.a. 450; Hdt. 1.202.4) Atlantis thalassa gisa agertzen da (antzinako grezieraz: Ἀτλαντὶς θάλασσα)[3], "Herkulesen zutabeen ondoren", eta esaten du lur guztia inguratzen zuen itsasoa zela. Bi erabilera hauetan Atlasi egiten dio erreferentzia, greziar mitologiako Titan bat, zeruak eusten dituena. Atlas Erdi Aroko mapetan agertu ohi da, alboak irudikatzen, eta horregatik deitzen zaie horrela atlasei. Bestalde, Antzinako Greziako marinelentzat, zein Iliada eta Odisea lanetan, lur guztia inguratzen duen ozeanoari Ozeano deitzen zaio, mundua inguratzen duen ibai erraldoi, greziarrek ondo ezagutzen zituzten Mediterraneoa eta Itsaso Beltzarekin kontrajarrita[4]. Atlantikoa Atlas mendien mendebaldean zeuden, Marokon, Gibraltarko itsasartea behin igarota[5].

XIX. mendearen erdialdera arte, Hego Atlantikoari Etiopiako Itsasoa izena ematen zitzaion, Etiopiari erreferentzia egiten dion izena[6]. Esplorazioen Aroan Atlantikoa maiz agertzen zen mapetan Mendebaldeko Ozeano Handia izenarekin[7].

Bereizten dituen kulturak antzekoak izanda, maiz bere benetako tamaina gutxiesten duten terminoak erabiltzen dira, hala nola AEBn eta Ingalaterran the pond[8] eta Espainian eta Hego Amerikan el charco[9], biak putzua esan nahi dutenak.

Geografia

aldatu

14.700 km luze eta 106.400.000 km² inguru ditu (munduko bigarrena Ozeano Barearen ondotik). Muga hauexek ditu: Ozeano Artikoa, iparraldean; Ozeano Antartikoa, hegoaldean. Itsaso garrantzitsuak ageri dira haren ondoan, luzakin gisa: Ipar Itsasoa, Itsaso Baltikoa, Mediterraneoa, Karibe Itsasoa.

Ozeano Atlantikoak «S« luze eta zabal baten itxura du, antzina elkarturik zeuden Amerika eta Afrika bereizi ondoren sortu bide zena. Iparretik hegoaldera hedatzen den urpeko mendilerro batek (Atlantikoko dortsala) sakonune handiak ezkutatzen dituzten bi aldeetan banatzen du ezkerretik eskuinera Ozeano Atlantikoa.

Mendilerro horretako alde bolkaniko batzuk uraren gainetik ageri dira uharteak osatuz (Azore uharteak, Tristan da Cunha, Asuncion, Santa Helena,…). Beste uharte batzuk kontinenteko plataformetatik bereizitako guneak dira: Britainiar uharteak (Ingalaterra, Gales, Eskozia, Irlanda), Antillak, Kanariar uharteak. Atlantiko aldera doazen ur lasterren artean, oso ibai handiak ageri dira, Afrikan eta Ameriketan batez ere: Amazonas, Rio de la Plata, Mississippi, Orinoko, San Laurendi, Kongo, Gabon, Niger eta Europakoak (txikiagoak eskuarki).

Uraren gazitasuna % 35etik beherakoa da. Sakonera, 3.900 m batez beste, 9.200 m-ra iristen da Puerto Ricoko sakongunean. Ozeano Atlantikoan era askotako mugimenduak sortzen dira: itsasaldi bizienak badia eta itsasertzetan gertatzen dira. Urte osoan zehar egon ohi diren goi-presioek etengabeko haize boladak eragiten dituzte: alisioak. Ur laster hotzei (Benguela, Kanariar uharteak, Labrador eta Groenlandiakoa) eta beroei (Brasil, Ekuador, Ginea eta, batez ere, Golkokoa) esker, latitude berean dauden ekialdeko eta mendebaldeko itsasertzetako lurraldeetan oso klima desberdina da.

Arrain kopuru handiko ura da: Ipar Itsasoa, Ternua-Kanada eta Afrika ipar-mendebaldea, nahiz hego-mendebaldeetakoak izan emankorrenak. Itsas nahiz airebide ugarik zeharkatzen dituzte ozeanoko bazter guztiak, Ipar Atlantikoan batez ere: iparraldeko bi aldeetan sortu dira munduko porturik garrantzitsuenak (Rotterdam, New York, Londres, Anberes, etab.).

Itsasorik handienak

aldatu

Itsasorik handienak hauek dira:[10][11][12]

  1. Sargazoen itsasoa – 3,5 milioi km2
  2. Karibe itsasoa – 2,754 milioi km2
  3. Mediterraneoa – 2,510 milioi km2
  4. Gineako golkoa – 2,35 milioi km2
  5. Mexikoko golkoa – 1,550 milioi km2
  6. Norvegiako itsasoa – 1,383 milioi km2
  7. Groenlandiako itsasoa – 1,205 milioi km2
  8. Argentinako itsasoa – 1 milioi km2
  9. Labrador itsasoa – 841.000 km2
  10. Irminger itsasoa – 780.000 km2
  11. Baffin badia – 689.000 km2
  12. Ipar itsasoa – 575.000 km2
  13. Itsaso Beltza – 436.000 km2
  14. Baltikoa – 377.000 km2
  15. Libiako itsasoa – 350.000 km2
  16. Levanteko itsasoa – 320.000 km2
  17. Itsaso Zeltikoa – 300.000 km2
  18. Tirreniar itsasoa – 275.000 km2
  19. San Laurendiko golkoa – 226.000 km2
  20. Kantauri itsasoa – 223.000 km2
  21. Egeo itsasoa – 214.000 km2
  22. Jonikoa – 169.000 km2
  23. Balearretako itsasoa – 150.000 km2
  24. Adriatikoa – 138.000 km2
  25. Botniako golkoa – 116.300 km2
  26. Kretako itsasoa – 95.000 km2
  27. Maineko golkoa – 93.000 km2
  28. Liguriar itsasoa – 80.000 km2
  29. Mantxako kanala – 75.000 km2
  30. James badia – 68.300 km2
  31. Botniako itsasoa – 66.000 km2
  32. Sidrako golkoa – 57.000 km2
  33. Hebridetako itsasoa – 47.000 km2
  34. Irlandako itsasoa – 46.000 km2
  35. Azov itsasoa – 39.000 km2
  36. Botniako badia – 36.800 km2
  37. Venezuelako golkoa – 17.840 km2
  38. Campecheko badia – 16.000 km2
  39. Liongo golkoa – 15.000 km2
  40. Marmarako itsasoa – 11.350 km2
  41. Wadden itsasoa – 10.000 km2
  42. Uhartedien itsasoa – 8.300 km2

Batimetria

aldatu
 
Atlantikoko batimetria.

Ozeano Atlantikoaren batimetrian Erdialdeko Atlantikoko dortsala dago, ipar-hegoalde guztiz zeharkatzen duen ozeano dortsal luzea. Ipar Polotik 300 kilometrora hasten da, 87°N latitudean eta Bouvet uhartean amaitzen da, 54°S latitudean. Atlantikoko batimetria aztertzeko lehenengo azterketak Challenger espedizioa eta Alemaniako Meteor espedizioa izan ziren. Askoz beranduago, Columbia Unibertsitateko Lamont-Doherty Lurraren Behatokiak eta AEBko Navy Hydrographic Officek ikerketa oso zehatzak egin dituzte[13].

Erdialdeko Atlantikoko dortsala

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Erdialdeko Atlantikoko dortsala»

Erdialdeko Atlantikoko dortsalak Atlantikoa bi zatitan erdibitzen du bere luzeran. Bi arroetako bakoitza faila transbertsalek mugatzen dituzte, bigarren mailako arroak sortuz. Dortsalak ia Atlantikoaren luzera osoa hartzen ud, baina bi faila transformakor ditu bi lekutan: Romanche fosa ekuatoretik gertu eta Gibbsen Haustura Zona 53°N latitudean. Hondoan dagoen urarentzat harresi handi bat da dortsala, baina bi leku hauetan ura alde batetik bestera igaro daiteke, korronte sakonen bidez[14].

Dortsala inguruko hondo abisaletik 2-3 kilometro inguru altxatzen da, eta rift bailara luze bat da, Ipar Amerikako plaka eta Eurasiako plaka bereizten dituena Ipar Atlantikoan eta Hego Amerikako plaka eta Afrikako plaka Hego Atlantikoan. Dortsalak sumendi basaltikoak sortzen ditu Islandian, Eyjafjallajökull kasu, kuxin-labak ur sakonetan[15]. Uraren sakonera dortsalaren goiko aldean 2.700 metro ingurukoa da[16].

Beste bi dortsal perpendikularki elkartzen dira dortsalarekin: Azores-Gibraltar Faila Transformakorra, Afrikako plakaren eta Eurasiako plakaren arteko muga dena, Azoresko Puntu Hirukoitzean batzen dira, Azores mikroplakaren inguruan. Beste egitura lausoago bat, izenik gabekoa, Hego eta Ipar Amerikako plaken arteko loturan dago, Hamabost-Hogei Haustura Zonatik gertu elkartzen dena, 16°N inguruan[17].

1870ean Challenger espedizioak gaur egun dortsal gisa ezagutzen dugunaren atalak aurkitu zituen:

« Uraren gainazaletik 1.900 fathom (3.500 metro) inguruko sakonerara altxatzen den mendilerro altxatu batek Ipar eta Hego Atlantikoko arroak zeharkatzen ditu hegoalderako norabide batean Farewell lurmuturretik, ziurrenik Gough uhartea bezain hegoaldera, gutxi gorabehera Mundu Zahar eta Berriaren kostaldeak markatuz.[18] »


Dortsalaren gainontzeko eremuak 1920ko hamarkadan aurkitu zituen Alemaniako Meteor espedizioa sonar moduko tresneriaren bidez. 1950ko hamarkadan egindako ikerketek itsas hondoaren hedapena eta plaken tektonika teoria nagusi gisa finkatzen lagundu zuten.

Dortsalaren zatirik handiena ur azpian badago ere, badaude hainbat sumendi uharte gisa azaleratzen direnak. Horietatik bederatzi Gizateriaren Ondare izendatu dira, euren balio geologikoagatik, eta lauk "Balio Unibertsal Paregabea" dutela esaten da, bere ezaugarri kultural eta naturalen ondorioz: Þingvellir, Islandia; Pico Uharteko mahastien kulturaren paisaia, Portugalen; Gough uhartea, Erresuma Batua; eta Brasilek Atlantikoan dituen Fernando de Noronha eta Atol das Rocas erreserbak.

Hondo abisala

aldatu

Atlantikoko plataforma kontinentalak zabalak dira Ternuaren, Hego Amerikako hegoaldeko muturraren eta Europako ipar-ekialdearen aurrean. Mendebaldeko Atlantikoan, karbonatodun plataformak nagusi dira eremu handietan, adibidez, Blakeko goi-ordokia eta Bermudetako goragunea. Atlantikoa ertz pasiboz inguratuta dago, ertz aktiboek hobi sakonak osatzen dituzten leku gutxi batzuetan izan ezik: Puerto Ricoko hobia (-8.376 m) mendebaldeko Atlantikoan eta Hegoaldeko Sandwicheko hobia (-8.264 m) Hego Atlantikoan. Itsaspeko arroila ugari daude Ipar Amerikako ipar-ekialdean, Europako mendebaldean eta Afrikako ipar-mendebaldean. Arroila horietako batzuk goragune kontinentaletan zehar hedatzen dira, eta lautada abisaletan barneratzen dira, ur sakonetako kanal gisa[19].

1922an une historikoa izan zen kartografian eta ozeanografian. USS Stewartek Itsas Armadaren sonar bat erabili zuen Atlantikoaren hondoaren mapa jarraitua egiteko. Ez zen aieru askorik egin behar izan, sonarraren ideia sinplea baita: itsasontzitik ozeanoaren hondoan errebotatu eta itsasontzira itzultzen diren bulkadak bidaltzen dira. Uste da hondo ozeanikoa nahiko laua dela, noizbehinkako sakontasunekin, lautada abisalekin, hobiekin, urpeko mendiekin, arroekin, ordokiekin, arroilekin eta guyot batzuekin. Kontinenteen ertzetan dauden plataforma batzuek hondoaren topografiaren % 11 inguru osatzen dute, eta kanal sakon gutxi batzuek zeharkatzen dute goragune kontinentala.

60º N eta 60º S arteko batez besteko sakonera 3.730 m-koa da, hau da, munduko ozeanoaren batez bestekotik gertu dago, eta 4.000-5.000 m-ko sakonera modala du. Hego Atlantikoan, Walvis dortsalak eta Rio Grandeko goraguneak hesiak eratzen dituzte itsaslasterren aurrean. Laurendiar amildegia Kanadako ekialdeko kostaldearen parean dago.

Uraren ezaugarriak

aldatu
 
Golkoko itsaslasterra Ipar Atlantikoan zehar mugitzen da, ur beroak Europako kostaldera eramanez. Sorburutik amaierara arte 20ºCko tenperatura aldaketa dago.

Gainazaleko uren tenperaturak aldatu egiten dira latitudearekin, korronte-sistemekin eta estazioarekin, eta eguzki-energiaren banaketa latitudinala islatzen dute; -2 °C baino gutxiago eta 30 °C artean egon ohi dira. Tenperatura maximoak ekuatorearen iparraldean izango dira, eta balio minimoak eskualde polarretan izango dira. Latitude ertainetan, tenperatura-aldaketa maximoko eremuan, balioak 7-8 °C bitartean alda daitezke[20].

Coriolis efektuaren ondorioz Ipar Atlantikoko ura erloju-orratzen noranzkoan zirkularazten du, eta Hego Atlantikoko ura, berriz, kontrako noranzkoan. Ozeano Atlantikoan, hegoaldeko mareak erdizka izaten dira; hau da, bi marea gora izaten dira 24 orduan behin. Ipar 40°-tik gorako latitudeetan, ekialde-mendebalde oszilazio jakin bat gertatzen da, Ipar Atlantikoko oszilazio gisa ezagutzen dena.

Gazitasuna

aldatu

Batez beste, Atlantikoa da ozeano nagusi gaziena; itsaso zabaleko azaleko uraren gazitasuna milako 33 eta 37 partekoa da (% 3,3-3,7) masan, eta latitudearen eta urtaroaren arabera aldatzen da. Lurruntzeak, prezipitazioek, ibaien etorrerak eta itsasoko izotzaren urtzeak eragina dute azaleko gazitasun-balioetan. Gazitasun-balio txikienak ekuatorearen iparraldean daude (prezipitazio tropikal handien ondorioz), baina, oro har, balio txikienak latitude altuetan eta ibai handiak sartzen diren kostaldeetan daude. Gazitasun-balio maximoak 25°-ra izaten dira iparraldean eta hegoaldean, prezipitazio gutxi eta lurruntze handia duten eskualde subtropikaletan.

Atlantikoaren azaleko gazitasun handia, zeinaren mende baitago zirkulazio termohalino atlantikoa, bi prozesuri esker mantentzen da: Agulhasko ihesa/eraztunak, Indiako ozeanoko ur gaziak Hego Atlantikoan sartzen dituena, eta «zubi atmosferikoa», ur atlantiko subtropikalak lurrundu eta Ozeano Barera esportatzen dituena[21].

 
Ipar Atlantikoko Bira
Txiotesia

2018an UEUk antolatzen duen Txiotesia lehiaketa irabazleak (Naima El Beni) sei txiotan azaldu zuen "Ipar Atlantikoan eta Artikoan iraganeko itsas-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz" izenburuko tesia.[22][23][24]

Ipar Atlantikoko Birak, ur berokoa eta erlojuaren noranzkokoa, Ipar Atlantikoa hartzen du, eta Hego Atlantikoko Birak ur berokoa eta erlojuaren aurkako noranzkokoa, Hego Atlantikoan agertzen da.

Ipar Atlantikoan, azaleko zirkulazioan elkarri konektatutako hiru korronte nagusi daude: Golkoko itsaslasterra, Ipar Amerikako kostaldetik ipar-ekialderantz doana, Cabo Hatterasen; Ipar Atlantikoko itsaslasterra, Golkoko itsaslasterraren adar bat, Ternuako Banku Handietatik iparralderantz doana; eta Fronte Subpolarra, Ipar Atlantikoko itsaslasterraren hedadura zabala. Korronte-sistema horrek ur beroa garraiatzen du Ipar Atlantikorantz, eta, hori gabe, Ipar Atlantikoko eta Europako tenperaturak izugarri jaitsiko lirateke[25].

Ipar Atlantikoko Biraren iparraldean, Ipar Atlantikoko biraketa subpolar ziklonikoak funtsezko zeregina du klima-aldakortasunean. Bazterreko itsasoen korronte ozeanikoek eta eskualdeko topografiak gidatzen dute, haizeak gidatu beharrean, ozeano sakonean zein itsas mailan[26]. Biraketa subpolarra zirkulazio termohalino globalaren zati garrantzitsua da. Ekialdeko zatian Ipar Atlantikoko korrontearen zurrunbiloak daude, eta ur bero eta gaziak garraiatzen dituzte eremu subtropikaletatik ipar-ekialdeko Atlantikoraino. Han, ur hori hoztu egiten da neguan, eta itzulera-korronteak eratzen ditu, Groenlandiako ekialdeko ezponda kontinentalean bat egiten dutenak; han, korronte bizia (40-50 Sv) eratzen dute, eta Labrador itsasoaren ertz kontinentalen inguruan isurtzen da. Ur horren heren bat Ipar Atlantikoko Ur Sakonaren (NADW) zati sakon bihurtzen da. NADWak, berriz, hegoaldeko zirkulazio baskulagarria (MOC) elikatzen du, eta haren beroa iparralderantz garraiatzea mehatxatzen du klima-aldaketa antropogenikoak. Ipar Atlantikoaren oszilazioarekin lotuta, hamarkada/mende eskalan biraketa subpolarraren aldaketa handiak bereziki nabarmenak dira Labrador itsasoko uretan, MOCaren goiko geruzetan[27].

Hego Atlantikoan hegoaldeko bira subtropikal antiziklonikoa da nagusi. Hego Atlantikoko ur zentrala bira horretan sortzen da, eta bitarteko ur antartikoa, berriz, eskualde zirkunpolarreko goiko geruzetan, Drake pasabidetik eta Malvina uharteetatik gertu. Bi korronteek Indiako ozeanoaren nolabaiteko ekarpena jasotzen dute. Afrikako ekialdeko kostaldean, Angolako biraketa zikloniko txikia, biraketa subtropikal handian txertatuta dago. Hegoaldeko biraketa subtropikala haizeak eragindako Ekman geruza batek estaltzen du partzialki[28]. Biraketaren iraupena 4,4-8,5 urtekoa da. Ipar Atlantikoko ur sakona hegoalderantz doa, bira subtropikalaren termoklinaren azpitik[29].

Sargazoen itsasoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Sargazoen itsasoa»
 
Sargazoen itsasoaren mugak.

Sargazoen itsasoa, mendebaldeko Ipar Atlantikoan, bi Sargassum espeziek (S. fluitans eta natans) flotatzen duten eremua da, 4.000 km-ko zabalerakoa, Golkoko itsaslasterrak, Ipar Atlantikoko Birak eta Iparraldeko Korronte Ekuatorialak inguratua. Alga-populazio hori, ziurrenik, tertziarioko arbasoetatik sortu zen antzinako Tetis ozeanoko Europako kostetan, eta, hala izatekotan, hazkunde begetatiboz mantendu da, milioika urtez ozeanoan flotatuz[30].

Sargazo itsasoko beste espezie endemiko batzuk sargazo arraina da, algen antzeko apendizeak dituen harraparia, sargazo artean geldirik flotatzen duena. Antzerako arrainen fosilak aurkitu dira antzinako Tetis ozeanoko badia fosiletan, gaur egun Karpatoen eskualdea den horretan, Sargazoen itsasokoen antzekoak zirenak. Baliteke Sargazo itsasoko populazioa Atlantikora migratu izana, Tetis arroa Miozenoaren amaieran itxi zenean, 17 Ma inguruan. Sargazoen fauna eta floraren jatorria enigmatikoa izaten jarraitu zuen mendeetan zehar. XX. mendearen erdialdean Karpatoetan aurkitutako fosilek azkenean frogatu zuten talde hori Karpatoen arroan sortu zela, eta handik Siziliara migratu zuela erdialdeko Atlantikoraino, non eboluzionatu zuen Sargazoen itsasoko espezie moderno bilakatzeraino[31].

Europako aingiraren errute-eremuaren kokapena ezezaguna izan zen hainbat hamarkadatan. XIX. mendearen hasieran jakin zen Sargazoen Itsasoaren hegoaldea aingira europarraren eta amerikarraren errute-eremua dela, eta lehenengoek 5.000 km baino gehiago migratzen dutela eta bigarrenek 2.000 km. Itsaslasterrek, Golkoko itsaslasterrak esaterako, angulak garraiatzen dituzte Sargazoen Itsasotik Ipar Amerikako, Europako eta Afrika iparraldeko elikadura eremuetara[32].

Azaleko uren tenperaturek eta ur-korronteek eragiten dute kliman, baita haizeek ere. Ozeanoak beroa metatzeko eta askatzeko ahalmen handia duenez, itsas klimak neurritsuagoak dira, eta klima kontinentalek baino urtaro-aldaketa gutxiago izaten dituzte. Prezipitazioak kostaldeko datu meteorologikoetatik eta airearen tenperaturatik hurbil daitezke, uraren tenperaturatik abiatuta.

Ozeanoak lurruntzearen bidez lortzen den hezetasun atmosferikoaren iturri nagusia dira. Klima-zonak latitudearekin aldatzen dira; beroenak ekuatorearen iparraldeko Atlantikoan zehar hedatzen dira. Eremu hotzenak latitude altuetan daude, eta eskualde hotzenak itsasoko izotzak estalitako eremuei dagozkie. Itsaslasterrek kliman eragiten dute, ur bero eta hotzak beste eskualde batzuetara garraiatuz. Korronte horietan putz egitean hozten edo berotzen diren haizeek eragina dute ondoko lehorreko eremuetan.

Uste denez, Golkoko itsaslasterrak eta Europaranzko iparraldeko luzapenak, Ipar Atlantikoko Birak, nolabaiteko eragina dute kliman. Adibidez, Golkoko itsaslasterrak lagundu egiten du Ipar Amerikako hego-ekialdeko kostaldean neguko tenperaturak baretzen, eta neguan epelago mantentzen du kostaldean barnealdean baino. Golkoko korronteak Floridako penintsulan muturreko tenperaturak izatea ere saihesten du. Latitude altuenetan, Ipar Atlantikoaren jiteak atmosfera berotzen du ozeanoen gainean, eta Britainiar Uharteak eta Europako ipar-mendebaldea epel eta lainotsu mantentzen ditu, eta ez oso hotz neguan, latitude altu bereko beste leku batzuk bezala. Ur hotzeko korronteek Kanadako ekialdeko kostaldearen (Ternuako Banku Handien zonaldea) eta Afrikako ipar-mendebaldeko kostaldearen aurrean dagoen laino trinkoa eragiten dute. Oro har, haizeek hezetasuna eta airea garraiatzen dituzte lehorreko eremuetan.

Arrisku naturalak

aldatu
 
Urakan Atlantikoen ibilbidea.

Negu oro, Islandiako depresioak ekaitz ugari eragiten ditu. Icebergak ohikoak dira otsailaren hasieratik uztailaren amaierara arte Ternuako Banku Handietatik gertu dauden itsas ibilbideetan. Izotz denboraldia luzeagoa da eskualde polarretan, baina nabigazioa urria da eremu horietan.

Urakanak arriskutsuak dira Ipar Atlantikoko mendebaldeko eremuetan udan eta udazkenean. Haizearen zizailadura handia eta Konbergentzia Intertropikaleko Eremuaren ahultasuna direla eta, Hego Atlantikoko zikloi tropikalak ez dira oso ohikoak[33].

Geologia eta plaken tektonika

aldatu

Ozeano Atlantikoa basaltoz eta gabroz osatutako lurrazal ozeaniko mafiko trinko baten azpian dago, eta lautada abisalean buztin mehez, lohiz eta limo silizeoz estalita dago. Ertz kontinentalek eta plataforma kontinentalak dentsitate txikiagoko baina lodiera handiagoko arroka kontinental feltsikoak markatzen dituzte, askotan itsas hondokoak baino askoz zaharragoak. Atlantikoko lurrazal ozeaniko zaharrenak 145 milioi urte ditu, eta Afrikako mendebaldeko kostaldearen eta Ipar Amerikako ekialdeko kostaldearen aurrez aurre dago, edo Hego Atlantikoaren bi aldeetan[34].

Leku askotan, plataforma kontinentala eta ezponda kontinentala geruza sedimentario lodiz estalita daude. Adibidez, Ipar Amerikako ozeanoaren aldean, karbonato-metaketa handiak eratu ziren sakonera txikiko ur beroetan, hala nola Floridan eta Bahametan; aldiz, hareak eta ibai-azaleramenduko lohi lodiak ohikoak dira plataformako sakonera txikiko eremuetan, hala nola Georges Bankuan. Harea lodia, uharriak eta arrokak Eskozia Berriko kostaldera edo Maineko Golkora eraman zituzten, besteak beste, Pleistozenoko glaziazioetan.

Erdialdeko Atlantikoa

aldatu
 
Erdialdeko Atlantikoaren irekiera, orain dela 200 milioi urte inguru.

Pangearen desintegrazioa erdialdeko Atlantikoan hasi zen, Ipar Amerika eta Afrikako ipar-mendebaldearen artean, non rift arroak ireki ziren Triasikoaren amaieran eta Jurasikoaren hasieran. Atlas mendikatea altxatzeko lehen etapak ere aldi horretan gertatu ziren. Une zehatza eztabaidagarria da: 200 eta 170 Ma arteko estimazioak daude[35].

Ozeano Atlantikoaren irekiera Pangea superkontinentearen hasierako hausturarekin batera gertatu zen, biak Atlantikoaren Erdialdeko Probintzia Magmatikoaren (CAMP) erupzioaren ondorioz hasiak, Lurraren historiako probintzia igneo handienetako bat, Triasiko-Jurasikoaren iraungitze-gertaerarekin lotua, Lurreko iraungitze-gertaera handienetako bat[36]. Mendebaldeko Afrikan, Ipar Amerikako ekialdean eta Hego Amerikako iparraldean dike teolitikoak, sillak eta laba koladak aurkitu dituzte, CAMPen 200 Ma-ko erupziotik datozenak. Bolkanismoaren hedadura 4,5×106 km2 dela kalkulatu da, eta horietatik 2,5×106 km2 gaur egun Brasilgo iparraldea eta erdialdea dena estaltzen zuten[37].

Erdialdeko Amerikako istmoaren eraketak Erdialdeko Amerikako itsas bidea itxi zuen duela 2,8 Ma Pliozenoaren amaieran. Istmoaren sorrerak lurreko animalia askoren migrazioa eta iraungipena eragin zuen, Amerikar Truke Handia bezala ezagutzen dena, baina itsasbidearen itxierak «Amerikar Zisma Handia» ekarri zuen, Atlantikoan zein Ozeano Barean itsaslasterrei, gazitasunari eta tenperaturei eragin zielako. Istmoaren bi aldeetako itsas organismoak isolatuta geratu ziren, eta elkarrengandik aldendu edo desagertu egin ziren[38].

Ipar Atlantikoa

aldatu
 
Iparraldeko Atlantikoaren irekiera.

Geologikoki, Iparraldeko Atlantikoa hegoaldean bi ertz konjugatuk mugatzen duten eremua da, Ternua eta Iberia, eta iparraldean Eurasiako arro artikoak mugatzen duena. Iparraldeko Atlantikoaren irekierak hurbiletik jarraitu zituen bere aurrekoaren (Japeto ozeanoa) bazterrak, eta Erdialdeko Atlantikotik sei etapatan zabaldu zen: Iberia-Ternua, Porcupine-Ipar Amerika, Eurasia-Groenlandia, Eurasia-Ipar Amerika. Eremu honetako hedatze-sistema aktibo eta ez-aktiboak Islandiako puntu beroarekiko elkarrekintzak markatzen ditu[39].

Itsas hondoa hedatzeak azala hedatzea eta hobiak eta arro sedimentarioak sortzea eragin zuen. Rockalleko hobia duela 105 eta 84 milioi urte artean ireki zen, baina rifta eten egin zen, Bizkaiko golkoan amaitzen zen beste batekin batera.

Labrador itsasoan duela 61 milioi urte inguru hasi zen zabaltzen eremua, eta duela 36 milioi urtera arte jarraitu zuen. Geologoek bi fase magmatiko bereizten dituzte. Bata, duela 62 eta 58 milioi urte artekoa, Groenlandia Europa iparraldetik bereizi aurrekoa da; bigarrena, berriz, duela 56 eta 52 milioi urte artekoa, banaketa gertatu zenean gertatu zen.

Islandia duela 62 milioi urte hasi zen eratzen, bereziki kontzentratutako mantuko luma baten ondorioz. Groenlandiako Baffin uhartean, Faroe eta Eskozia uharteetan basalto erupzionatu kopuru handiak daude denbora tarte horretan, eta Europa Mendebaldeko errauts erorketek markatzaile estratigrafiko gisa jokatzen dute. Ipar Atlantikoa ireki zenean, lurrazal kontinentala nabarmen altxatu zen kostaldean zehar. Adibidez, 7 km-ko basaltoa izan arren, Groenlandiako ekialdeko Gunnbjorn zelaia uharteko punturik altuena da, oinarrian arroka sedimentario mesozoiko zaharragoak erakusteko bezain garaia, Eskoziako mendebaldeko Hebrida garaietan arroka sedimentarioetan dauden laba-zelai zaharren antzekoa.

Ipar Ozeano Atlantikoak 810 urpeko mendi inguru ditu, gehienak Dortsal Mesoatlantikoan zehar kokatuak. OSPAR datu-baseak (Atlantikoaren Ipar-ekialdeko Itsas Ingurunea Babesteko Hitzarmena) urpeko 104 mendi aipatzen ditu: 74, eremu ekonomiko nazional esklusiboen barruan. Itsaspeko mendi horietatik 46 Iberiar Penintsulatik gertu daude.

Hego Atlantikoa

aldatu
 
Gondwana orain dela 115 milioi urte.
 
Gondwana orain dela 65 milioi urte.

Mendebaldeko Gondwana (Hego Amerika eta Afrika) Kretazeo goiztiarrean banandu zen Hego Atlantikoa osatzeko. Bi kontinenteetako kostaldeen arteko itxurazko ahokadura Hego Atlantikoa barne hartzen zuten lehen mapetan ikusi zen, eta 1965ean ordenagailuz lagundutako plaken lehen berreraikitze tektonikoak ere egin ziren[40][41]. Hala ere, enkaje bikain hori arazotsua izan da harrezkero, eta ondoren egindako berreraikitzeek hainbat deformazio-eremu sartu dituzte kostetan zehar, iparralderantz hedatzen den haustura egokitzeko. Kontinente barneko arrakalak eta deformazioak ere sartu dituzte, bi plaka kontinentalak azpi-plaketan banatzeko[42].

Geologikoki, Hego Atlantikoa lau segmentutan bana daiteke: segmentu ekuatoriala, 10º N-tik Romancheko haustura-eremuraino (RFZ); segmentu zentrala, RFZ segmentutik Florianopoliseko haustura-eremuraino (FFZ, Walvis Ridge-ko iparraldea eta Rio Grande Rise-ko segmentua); hegoaldeko segmentua, FFZtik Agulhas-Falkland haustura eremuraino (AFFZ); eta Falkland segmentua, AFFZren hegoaldean[43].

50 Ma inguru, Drake pasaiaren irekiera, Hego Amerikako eta Antartikako plaken banantze abiadura eta mugimenduen aldaketa baten emaitza izan zen. Lehenik eta behin, arro ozeaniko txikiak ireki ziren, eta Eozeno ertainean sakonera txikiko igarobide bat agertu zen. 34 eta 30 Ma bitartean itsas bide sakonago bat garatu zen, Eozeno eta Oligozenoaren arteko hondatze klimatikoa eta Antartikako izotz geruzaren hazkundea[44].

Atlantikoaren etorkizuneko itxiera

aldatu

Gibraltarretik mendebaldera subdukzio-marjina bat garatzen hasi da. Gibraltarko arkua, mendebaldeko Mediterraneoan, mendebalderantz migratzen ari da, erdialdeko Atlantikorantz, non Afrikako eta Eurasiako plaka konbergenteekin bat egiten duen. Elkarrekin, hiru indar tektoniko horiek subdukzio-sistema berri bihurtzen ari dira poliki-poliki ekialdeko arro atlantikoan. Bien bitartean, Scotiako arkua eta Karibeko plaka, mendebaldeko arro atlantikoan, ekialderantz hedatzen diren subdukzio-sistemak dira, eta, Gibraltarreko sistemarekin batera, Ozeano Atlantikoaren itxieraren hasiera eta Atlantikoko Wilsonen zikloaren amaierako etapa irudika litzakete[45].

Historia

aldatu

Giza jatorria

aldatu

Mundu zaharra

aldatu

Mundu berria

aldatu

Bikingoek ezagutzen bazuten ere, XVI. mendearen hasiera arte, Ozeano Atlantikoa ez zen behar bezala esploratzen hasi. Kolonen aurkikundearen ondoren (1492), Ameriketara joateari ekin zioten espainiarrek eta portugaldarrek, Atlantikoaren bazter berriak arakatuz.

Ameriketako konkistan, espainiarren banderapean, parte hartu zuten hego euskaldunek eta lehen ekintza horietatik kanpo geratu ziren ipar euskaldunek [erreferentzia behar] Ipar Atlantikoko urak jorratuak bide zituzten Kolonen aurkikundearen aurretik Ternua eta Labradorren bidean (dena den, alde hartako egiazko arrantza industria XVI. mendearen hasieratik aurrera garatu zuten euskaldunek).

Aurkikunde garaietatik aurrera, mendeetan luzatu ziren emigrazio oldeak txandakatu ziren etenik gabe Europatik Ameriketara, itsasoa zeharkatuz. XX. mendearen lehen hamarkadetan egin ziren Atlantikoa airez zeharkatzeko lehen saioak.

Mundu Atlantikoa

aldatu

Ekonomia

aldatu

Arrantza

aldatu

Ingurumena

aldatu

Arriskuan dauden espezieak

aldatu

Zaborra eta kutsadura

aldatu

Klima aldaketa

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindiaren 52. araua: Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak). euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-25).
  2. (Gaztelaniaz) Mangas, Julio; Plácido, Domingo; Elícegui, Elvira Gangutia; Somolinos, Helena Rodríguez. (1998). La Península Ibérica en los autores griegos: de Homero a Platón. Editorial Complutense (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  3. «Ἀτλαντίς, DGE Diccionario Griego-Español» web.archive.org 2018-01-01 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  4. (Ingelesez) Janni, Pietro. (2016-01-01). «2 The Sea of the Greeks and Romans» Brill's Companion to Ancient Geography (Brill): 21–42.  doi:10.1163/9789004284715_003. ISBN 978-90-04-28471-5. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  5. «Water, water, everywhere: how we named the oceans | OxfordWords blog» web.archive.org 2015-06-09 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  6. (Ingelesez) Ripley, George; Dana, Charles Anderson. (1873). The American Cyclopaedia: A Popular Dictionary of General Knowledge. Appleton (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  7. (Ingelesez) Steele, Ian Kenneth. (1986). The English Atlantic, 1675-1740: An Exploration of Communication and Community. Oxford University Press ISBN 978-0-19-503968-9. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  8. «POND | Definition of POND by Oxford Dictionary on Lexico.com also meaning of POND» web.archive.org 2021-05-14 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  9. «cruzar el charco - Diccionario Inglés-Español WordReference.com» www.wordreference.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  10. The World's Biggest Oceans and Seas. .
  11. World Map / World Atlas / Atlas of the World Including Geography Facts and Flags. .
  12. List of seas. .
  13. «Atlantic Ocean Facts» web.archive.org 2001-03-02 (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  14. Tyler, Paul A., ed. (2003). Ecosystems of the deep oceans. (1st ed. argitaraldia) Elsevier ISBN 978-0-444-82619-0. PMC ocm51568279. (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  15. «The Geological Society» www.geolsoc.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  16. Hsü, Kenneth J.. (1987). The Mediterranean was a desert: a voyage of the 'Glomar Challenger'. (1. paperback print. argitaraldia) Princeton Univ. Pr ISBN 978-0-691-02406-6. (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  17. DeMets, Charles; Gordon, Richard G.; Argus, Donald F.. (2010-04). «Geologically current plate motions» Geophysical Journal International 181 (1): 1–80.  doi:10.1111/j.1365-246x.2009.04491.x. ISSN 0956-540X. (Noiz kontsultatua: 2024-06-17).
  18. Thomson, C. Wyville; Thomson, C. Wyville. (1878). The voyage of the "Challenger." The Atlantic; a preliminary account of the general results of the exploring voyage of H.M.S. "Challenger" during the year 1873 and the early part of the year 1876. Harper & Brothers (Noiz kontsultatua: 2024-06-19).
  19. Tyler, Paul A., ed. (2003). Ecosystems of the deep oceans. (1. ed. argitaraldia) Elsevier ISBN 978-0-444-82619-0. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  20. «Atlantic Ocean Facts» web.archive.org 2001-03-02 (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  21. (Ingelesez) Marsh, Robert; Hazeleger, Wilco; Yool, Andrew; Rohling, Eelco J.. (2007-02). «Stability of the thermohaline circulation under millennial CO 2 forcing and two alternative controls on Atlantic salinity» Geophysical Research Letters 34 (3)  doi:10.1029/2006GL027815. ISSN 0094-8276. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  22. Galarraga, A.. (2019ko urtarrilaren 11). «Naima El Bani: “Zientzia gizarteratzeko, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea”» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2019ko apirilaren 29a).
  23. «Ipar Altantikoan eta Artikoan iraganeko itsas-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
  24. «Naima El Bani Altuna: "Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut" — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
  25. (Ingelesez) Marchal, Olivier; Waelbroeck, Claire; Verdière, Alain Colin de. (2016-02-15). «On the Movements of the North Atlantic Subpolar Front in the Preinstrumental Past» Journal of Climate 29 (4): 1545–1571.  doi:10.1175/JCLI-D-15-0509.1. ISSN 0894-8755. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  26. (Ingelesez) Treguier, A. M.; Theetten, S.; Chassignet, E. P.; Penduff, T.; Smith, R.; Talley, L.; Beismann, J. O.; Böning, C.. (2005-05-01). «The North Atlantic Subpolar Gyre in Four High-Resolution Models» Journal of Physical Oceanography 35 (5): 757–774.  doi:10.1175/JPO2720.1. ISSN 0022-3670. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  27. (Ingelesez) Böning, C. W.; Scheinert, M.; Dengg, J.; Biastoch, A.; Funk, A.. (2006-11). «Decadal variability of subpolar gyre transport and its reverberation in the North Atlantic overturning» Geophysical Research Letters 33 (21)  doi:10.1029/2006GL026906. ISSN 0094-8276. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  28. (Ingelesez) Stramma, Lothar; England, Matthew. (1999-09-15). «On the water masses and mean circulation of the South Atlantic Ocean» Journal of Geophysical Research: Oceans 104 (C9): 20863–20883.  doi:10.1029/1999JC900139. ISSN 0148-0227. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  29. Gordon, Arnold L.; Bosley, Kathryn T.. (1991-01-01). «Cyclonic gyre in the tropical South Atlantic» Deep Sea Research Part A. Oceanographic Research Papers 38: S323–S343.  doi:10.1016/S0198-0149(12)80015-X. ISSN 0198-0149. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  30. (Ingelesez) Mann, Kenneth H.. (1991-07). «Seaweeds: Their environment, biogeography, and ecophysiology» Limnology and Oceanography 36 (5): 1066–1066.  doi:10.4319/lo.1991.36.5.1066. ISSN 0024-3590. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  31. Jerzmańska, Anna; Kotlarczyk, Janusz. (1976-11-01). «The beginnings of the Sargasso assemblage in the Tethys?» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 20 (4): 297–306.  doi:10.1016/0031-0182(76)90009-2. ISSN 0031-0182. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  32. (Ingelesez) Als, Thomas D.; Hansen, Michael M.; Maes, Gregory E.; Castonguay, Martin; Riemann, Lasse; Aarestrup, Kim; Munk, Peter; Sparholt, Henrik et al.. (2011-04). «All roads lead to home: panmixia of European eel in the Sargasso Sea» Molecular Ecology 20 (7): 1333–1346.  doi:10.1111/j.1365-294X.2011.05011.x. ISSN 0962-1083. (Noiz kontsultatua: 2024-08-26).
  33. «TCFAQ G6) Why doesn't the South Atlantic Ocean experience tropical» web.archive.org 2018-06-12 (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  34. (Ingelesez) Fitton, Godfrey; Larsen, Lotte Melchior. (2001). «The geological history of the North Atlantic Ocean» Denmark and Scotland: the cultural and environmental resources of small nations: Joint symposium of the Royal Society of Edinburgh and the Royal Danish Academy of Sciences and Letters held in Copenhagen 15th-18th September 1999 (Det Kongelige Danske Videnskabernes Selskab): 9–27. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  35. Seton, M.; Müller, R. D.; Zahirovic, S.; Gaina, C.; Torsvik, T.; Shephard, G.; Talsma, A.; Gurnis, M. et al.. (2012-07-01). «Global continental and ocean basin reconstructions since 200   Ma» Earth-Science Reviews 113 (3): 212–270.  doi:10.1016/j.earscirev.2012.03.002. ISSN 0012-8252. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  36. (Ingelesez) Blackburn, Terrence J.; Olsen, Paul E.; Bowring, Samuel A.; McLean, Noah M.; Kent, Dennis V.; Puffer, John; McHone, Greg; Rasbury, E. Troy et al.. (2013-05-24). «Zircon U-Pb Geochronology Links the End-Triassic Extinction with the Central Atlantic Magmatic Province» Science 340 (6135): 941–945.  doi:10.1126/science.1234204. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  37. (Ingelesez) Marzoli, Andrea; Renne, Paul R.; Piccirillo, Enzo M.; Ernesto, Marcia; Bellieni, Giuliano; Min, Angelo De. (1999-04-23). «Extensive 200-Million-Year-Old Continental Flood Basalts of the Central Atlantic Magmatic Province» Science 284 (5414): 616–618.  doi:10.1126/science.284.5414.616. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  38. (Ingelesez) Lessios, H.A.. (2008-12-01). «The Great American Schism: Divergence of Marine Organisms After the Rise of the Central American Isthmus» Annual Review of Ecology, Evolution, and Systematics 39 (1): 63–91.  doi:10.1146/annurev.ecolsys.38.091206.095815. ISSN 1543-592X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  39. Seton, M.; Müller, R. D.; Zahirovic, S.; Gaina, C.; Torsvik, T.; Shephard, G.; Talsma, A.; Gurnis, M. et al.. (2012-07-01). «Global continental and ocean basin reconstructions since 200   Ma» Earth-Science Reviews 113 (3): 212–270.  doi:10.1016/j.earscirev.2012.03.002. ISSN 0012-8252. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  40. academic.oup.com  doi:10.1111/j.1365-246x.2006.03206.x. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  41. (Ingelesez) «The fit of the continents around the Atlantic» Philosophical Transactions of the Royal Society of London. Series A, Mathematical and Physical Sciences 258 (1088): 41–51. 1965-10-28  doi:10.1098/rsta.1965.0020. ISSN 0080-4614. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  42. Seton, M.; Müller, R. D.; Zahirovic, S.; Gaina, C.; Torsvik, T.; Shephard, G.; Talsma, A.; Gurnis, M. et al.. (2012-07-01). «Global continental and ocean basin reconstructions since 200   Ma» Earth-Science Reviews 113 (3): 212–270.  doi:10.1016/j.earscirev.2012.03.002. ISSN 0012-8252. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  43. Torsvik, Trond H.; Rousse, Sonia; Labails, Cinthia; Smethurst, Mark A.. (2009-06). «A new scheme for the opening of the South Atlantic Ocean and the dissection of an Aptian salt basin» Geophysical Journal International 177 (3): 1315–1333.  doi:10.1111/j.1365-246x.2009.04137.x. ISSN 0956-540X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  44. Livermore, Roy; Nankivell, Adrian; Eagles, Graeme; Morris, Peter. (2005-07-30). «Paleogene opening of Drake Passage» Earth and Planetary Science Letters 236 (1): 459–470.  doi:10.1016/j.epsl.2005.03.027. ISSN 0012-821X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).
  45. (Ingelesez) Duarte, João C.; Rosas, Filipe M.; Terrinha, Pedro; Schellart, Wouter P.; Boutelier, David; Gutscher, Marc-André; Ribeiro, António. (2013-08). «Are subduction zones invading the Atlantic? Evidence from the southwest Iberia margin» Geology 41 (8): 839–842.  doi:10.1130/G34100.1. ISSN 1943-2682. (Noiz kontsultatua: 2024-11-06).

Kanpo estekak

aldatu