San Pedro eliza (Zumaia)
San Pedro eliza Zumaiako parrokia nagusia da, XV. eta XVI. mendeetan eraikitakoa San Petriren omenez. Gotorleku itxura du, 34 metro garai den dorrearekin. Habearte bakarrekoa da, oinplano laukizuzenekoa (30 metro luze eta 14,7 metro zabal)[1]). Zumaiako Alde Zaharrean dago, Agirre etxearen parean.
San Pedro eliza | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kostaldeko Donejakue bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Zumaia |
Koordenatuak | 43°17′50″N 2°15′24″W / 43.29727°N 2.25665°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XIII. mendea |
Izenaren jatorria | Petri |
Erlijioa | katolizismoa |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa pizkundetar arkitektura |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0005137 |
3 | |
Ezaugarriak
aldatuEliza gotorleku itxurako eraikuntza sendoa da, 30 m luze eta 14,7 m zabalekoa, mendixka baten gainean kokatua. 1347an herria fundatu ondoren eraiki zen eta Santa Maria antzinako komentuarekin lotua egon da. Estilo gotikoan eraikia, nabe bakarrekoa, dorre karratua mendebaldean du eta bertan dago sarrera nagusia.
Erretaulak
aldatuErretaula nagusia
aldatuErretaula erromanista da, Joanes Antxeta eta Martin Arbizu mihiztatzaileak 1574-1577 bitartean egindako lana. Gipuzkoan kontserbatzen da Antxeta eskultore handiaren obra bakarra bere osotasunean eta dokumentatua. Eskultore hori Euskal Herriko eskultura erromanistaren adierazle gorena izan zen, eta penintsulan artista nabarmena.
Laukiz osatutako erretaula da, hiru kaletan antolatuta dago, predela bat, bi gorputz eta burua ditu, XVIII. mendean erantsi zitzaion predela edo behe zerrenda batek goragotzen duelarik.
Urria da apainduratan; ordena gainjarriko zutabeak dituzten lauki angeluzuzenetan antolatuta dago; elkarrekin lotuta dauden apaindura geometriko urriekin apainduta ditu frisoak; eta lehen gorputzeko alboetan dituen frontoiak alderantzizko kurba bidez ebakita dauzka. Predelako erdiko kalean sagrarioa dago, erretaula baino geroagokoa dena eta Martin Ostizak egina; sagrarioa edikulu bat da, zutabez osaturiko tenplutxo bat, frontoi triangeluarra eta buruan kupula bat dituena. Alboko kaleetan erliebeak daude medailoi handi eta panel angeluzuzenetan kokatuta, hegaletan, berriz, pinturak estanpatan jasoak agertzen dira. Lehen gorputzeko laukien alboan dauden zutabeak doriarra dira, alboko nitxoek buruan frontoi nahasia daukate eta erdiko hormakonka handiak frontoi zuzen bat, azken horrek (frontoiak) bigarren gorputzaren zokaloa hartzen duelarik. Bigarren gorputz horretako biko zutabeak korintiarrak dira; hormakonka nagusiak antolamendu serlianoa aurkezten du puntu erdian, eta horrek, ondoan dituen biko zutabeekin lanketa bana osatzen du. Buruan, frontoi bat eta aleatoiak ditu, bertan irudiak biluzik agertzen dira. Bigarren gorputzeko zutabeetan mukuluzko eskulturak daude, bestalde, hormakonka gainean dagoen kartelan San Petriren giltzak agertzen dira eta frontoian kalbarioari buruzko lanketak.
Jatorrizko erretaulan nabari den espresatzeko ahalmen itzela bere egilearen maila artistikoaren adierazle da. Predelan Azken afaria eta Oinen garbiketa daude irudikatuta, irudi horietan teknika eta pertsonaien psikologia adierazteko ahalmena dira azpimarragarri. Sagrarioaren alboetan, marko biribilduetan, San Marko eta San Mateoren irudiak agertzen dira, horrela, osatua gelditzen da predelako errepertorio ikonografikoa. Lehen gorputzean, erdian, San Petri agertzen da eserita, eta alboetan haren bizitzako bi gertaera, Bokazioarena eta Aingeruak kateetatik askatu zuenekoa. Bigarren gorputzean, puntu erdiko markoan ipinita Jasokundea ageri da, eta Deikundea eta Andre Mariaren jaiotza albo banatan. Buruaren gainean, San Joan Bataiatzailea, San Antonio, Karitatea eta San Paulo apostoluen irudiez gain, Kalbarioko taldea agertzen da. XVIII. mendeko predela ere erliebez jantzita agertzen da, bertan, Jaunaren atxilotzea eta Baratzeko otoitzaldia irudikatzen dira.
Erretaula baino geroagokoa den kontraerreformako polikromiak irudiaren balore plastikoak bultzatzen ditu, nabarmentzekoak direlarik, pintzel puntaz predelan, lehenengo gorputzeko zokaloan eta erretaularen titularra kokatzen den kaxan margotutako irudiak.
Elorriaga erretaula
aldatuErretaula honek Elorriaga familiaren babesa zuen eta Flandriatik ekarritako triptikoa da, eskuineko kaperan kokatua. Erdiko margolanean Kristoren gurutziltzatzea dago adierazia eta honen oinetan Elorriaga familiakoak otoitz egiten, San Pedro, San Bernabe eta Santa Katalinaren babespean[2].
Alboetan Kristoren Pasioa ageri da: Baratzeko otoitza, Kalbariorako igoera, Pietatea eta Berpizkundea ikusten dira. Ateak ixterakoan, Anuntziazioa edo Deikundea azaltzen da.
San Antonen erretaula
aldatuSan Antonen erretaula parrokiako ezker kaperan kokatzen da. Erretaula hau Gotikotik Pizkunderako pasabidearen paradigmatzat hartzen da, egitura nahiz kontzeptuari dagokienean, arlo bietan estilo batetik besterako iraganbidea argiro erakutsiz. Gainera Euskal Herri guztiko triptikoen artean tipologia osatuenetakoa dauka, era askotako pintura eta eskulturak bateratzen ditu, eta ateen barnekaldeko pinturetan du bere adierazgarririk baliotsuena.
Babes-ateak dauzkan XVI. mendearen hasierako triptikoa da. Erdiko kalean bi gorputz ditu eta hiru albokoetan; erretaularen ateetan, aurretik nahiz atzetik, pinturak ikus daitezke bi zerrendatan.
Erretaulak ezaugarri hispaniar-flandriarrak eta pizkundetarrak uztartzen ditu, bere mazoneriaren elementu gotikoetan garbi asko nabaritzen den moduan: adibidez, kutxak kokatzen dituzten pilareak eta buruan dituzten filigranazko errezeltxoak; eta kutsu pizkundetarrekoak, berriz, erdiko kalearen albo banatan dauden zutabeak, "candelieri" erara dekoratuak.
Programa ikonografikoa Pasioarena da funtsean, santu titularraren irudiarekin erdiko kalearen barreneko gorputzean eta aurrealdeko oholean; alboko kaleetan beste debozio batzuen zenbait errepresentazio, hala nola, San Kristobal eta Santiagoren bizitzako eszena bat; eta jaiotza eta adorazioari buruzko gaiak, hauek ere atean. Programa honek estilo aldetik gotiko kutsua ez ezik, Pizkundearen eragin garbia ere badauka, gehienetan joera espresionistarekin, beren kalitate aparterengatik ateen barruko aldetiko oholak nabarmentzen direlarik.
Polikromia ere erretaularen garaikoa da eta altzari guztian nabari den forma-bikoiztasuna azaltzen du, ezaugarri gotikoak pizkundetarrak konbinatuz.
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ Zumaiako Udala, zumaia.net
- ↑ Zumaiako Udala Alboko kaperak
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |
- Erretaula: Kultura Ondasun izendapena EHAAn
- San Pedro parrokia, Zumaiako Udalaren webgunean.