Tanzania
Tanzania, izen ofiziala Tanzaniako Errepublika Batua[1] (ingelesez: United Republic of Tanzania; swahiliz: Jamhuri ya Muungano wa Tanzania), Ekialdeko Afrikako estatu burujabea da, Afrikako Aintzira Handien eskualdean dagoena. Iparraldean Kenya eta Uganda ditu, Indiako ozeanoa ekialdean, Ruanda, Burundi eta Kongoko Errepublika Demokratikoa mendebaldean, eta Zambia, Malawi eta Mozambike hegoaldean. 947.303 kilometro koadroko eremua hartzen du,[2] eta 55,5 milioi biztanle zituen 2016an.[3] Hiriburua Dodoma da 1974az geroztik, baina Dar es Salaam da hiri nagusia eta gune ekonomikorik garrantzitsuena.
Tanzaniako Errepublika Batua | |||
---|---|---|---|
United Republic of Tanzania Jamhuri ya Muungano wa Tanzania | |||
Ereserkia: Mungu ibariki Afrika (en) | |||
Goiburua: Uhuru na Umoja ("Askatasuna eta Batasuna") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Dodoma 6°11′1″S 35°44′46″E | ||
Azalera | 947.303 km² (31.) | ||
Punturik altuena | Kibo (5.895 m) | ||
Punturik sakonena | Indiako ozeanoa (0 m) | ||
Kontinentea | Afrika | ||
Mugakideak | Kenya, Uganda, Ruanda, Burundi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Zambia, Malawi, Mozambike, Victoria eta Seychelleak | ||
Administrazioa | |||
Tanzaniako presidentea | Samia Suluhu | ||
Tanzaniako presidentea | Samia Suluhu | ||
Legebiltzarra | National Assembly (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 57.310.019 | ||
Dentsitatea | 60,5 bizt/km² | ||
Talde etnikoak | ikusi
| ||
Hizkuntza ofizialak | |||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 5,145 (2014) | ||
Bizi-itxaropena | 65,675 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 40,5 (2018) | ||
Giza garapen indizea | 0,549 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 52.090.320.325,474 $ (2017) | ||
BPG per capita | 958 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 163.993.175.384 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 2.947,8 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 6,6 % (2016) | ||
Erreserbak | 5.887.869.884 $ (2017) | ||
Inflazioa | 5 % (2016) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1964ko apirilaren 26a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +255 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | TZ | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | TZA | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 230 V. 50 Hz.AC power plugs and sockets: British and related types (en) eta BS 1363 (en) | ||
Internet domeinua | .tz | ||
tanzania.go.tz |
Geografia
aldatuMugak
aldatuTanzania Ekialdeko Afrikan dago, hego latitudeko 1° eta 12° artean, eta ekialdeko longitudeko 29° eta 41° artean.[2] Ekialdean Indiako ozeanoarekin du muga; iparraldean, Kenya, Victoria aintzira eta Ugandarekin; mendebaldean, Ruanda, Burundi, Tanganyika aintzira eta Zambiarekin; eta hegoaldean, Malawi, Nyassa aintzira eta Mozambikerekin. Mafia, Pemba eta Unguja (Zanzibar) uharteak ere hartzen ditu herrialdeak. Denera, 1.424 kilometroko kostaldea du Indiako ozeanoaren bazterrean.[4]
Eskualde naturalak
aldatuRift Haranak zeharkatzen du Tanzaniako lurraldea, ipar-hego norabidea duten bi adarretan banatua. Mendebaldekoak herrialdearen mendebaldeko muga egiten du, eta Tanganyika eta Rukwa aintzira luzangak hartzen ditu bere baitan; ekialdeko adarrak, berriz, herrialdearen erdialdea gurutzatzen du, Kenyako mugako Natron aintziratik Mozanbikeko mugako Nyassa aintziraraino.[5] Horiek horrela, hauek dira eskualde geografiko nagusiak:
- Herrialdearen erdialdea, Rift Haranaren bi adarren arteko eremua hartzen duena, goi-ordoki zabal bat da; batez beste 1.000 metroko garaiera du. Goi-ordokiaren hegoaldeko erdian larreak dira nagusi, baina iparraldean nekazaritza lurrak daude. Bertan dago Dodoma, Tanzaniako hiriburua.
- Ipar-ekialdea oso menditsua da. Bertan daude Meru (4.562 metro), sumendi aktiboa, Kilimanjaro (5.889 metro), sumendi jardueragabea, eta Usambara eta Pare mendilerroak. Mendi horien ekialdean dago Rift Haran Handiaren ekialdeko adarra; pitzadura erraldoi horren barnean aintzira gaziak daude, hala nola, Natron, Eyasi eta Manyara, eta baita Ngorongoro kraterra ere.
- Ipar-mendebaldean, Kenya, Uganda eta Tanzaniaren arteko mugan, Victoria aintzira dago, Afrikako handiena. Horren hego-mendebaldean, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Tanzaniaren arteko mugan, Tanganyika aintzira hedatzen da. Sabanak estaltzen ditu Victoria, Tanganyika eta Nyassa aintziren arteko zabaldiak.
- Rift Haranaren ekialdeko adarraren eta Indiako ozeanoaren arteko lurraldea ordokia da, askoz zabalagoa hegoaldean iparraldean baino. Han dago Tanzaniako hiririk handiena, Dar es Salaam. Aipagarriak dira kostalde horretako mangladiak.
-
Kilimanjaroren ikuspegia
-
Matemweko hondartza, Zanzibar
Hidrografia
aldatuTanzania, mendebaldea batez ere, Afrikako Aintzira Handien eskualdean dago. Hiru dira aintzira nagusiak:
- Victoria ipar-mendebaldean, Kenya eta Ugandarekin muga eginez. Afrikako lakurik handiena eta Niloren iturburu nagusia da.
- Tanganyika mendebaldean, Kongoko Errepublika Demokratikoaren mugan. Munduko aintzirarik sakonenetan bigarrena da, Errusiako Baikalen ondoan.
- Nyassa hego-mendebaldean, Malawi eta Mozambikerekin muga eginez.
Natron, Eyasi eta Manyara, iparraldean, eta Rukwa, hegoaldean, dira beste aintzira aipagarri batzuk.[5]
Ibai handirik ez dagoen arren, erdialdeko goi-ordokiak Afrikako hiru ibai-arro nagusien banalerroa eratzen du: Mediterraneokoa (Nilo), Atlantikokoa (Kongo) eta Indiako ozeanokoa (Zambezi). Herrialdeko ibai nagusiak, Ruvuma, Rufiji, Wami eta Pangani, Indiako ozeanora isurtzen dira. Luzeena Rufiji da, 600 kilometro ibilbidea egiten duena herrialdearen hegoaldean. Kagerak, berriz, Victoria aintziran du ahoa.[5] Kalambo ibaian, Zambiako mugan, Kalambo ur-jauziak daude, Afrikako handienetakoak (221 metroko jauzia).[6]
Basabizitza eta kontserbazioa
aldatuHistorian zehar biztanleriaren dentsitate txikia izan duenez, dibertsitate biologiko handiko herrialdea da Tanzania. Parke eta erreserbetan ugaztun handiak bizi dira, hala nola, afrikar elefantea (Loxodonta africana), Burchell zebra (Equus quagga burchellii), Thomson gazela (Eudorcas thomsonii), altzelafoa (Alcelaphus buselaphus), ñu urdina (Connochaetes taurinus), jirafa (Giraffa camelopardalis) eta afrikar bufaloa (Syncerus caffer). Ugaztun harrapariei dagokienez, marradun hienak (Hyaena hyaena), likaonak (Lycaon pictus), lehoiak (Panthera leo), lehoinabarrak (Panthera pardus) eta gepardoak (Acinonyx jubatus) daude. Nilotar krokodiloak (Crocodylus niloticus) eta hipopotamoak (Hippopotamus amphibius) arruntak dira ibai eta aintzira bazterretan. 1.500 hegazti espezie baino gehiago behatu dira.[5]
Herrialdearen %38 babesturik dago, eta 16 parke nazional daude. Serengeti Parke Nazionala ospetsua da urtero ehunka mila ñuk, zebrak eta gazelak egiten duten migrazioarengatik.[7]; Gombe Stream Parke Nazionalean, Tanganyika aintziraren ondoan, Jane Goodallek zehatz-mehatz aztertu zuen txinpantzeen (Pan troglodytes) jokabidea, eta gauza bera egin zuen Toshida Nishidak Mahale mendietako Parke Nazionalean.[8] Gizateriaren ondare izendaturik daude Serengeti eta Kilimanjaro parke nazionalak, Ngorongoro Kontserbazio Eremua[9] eta Selous ehiza-babeslekua.
Historia
aldatuIndependentziaren aurreko garaia
aldatuI-II. mendera arte, kuxtar herriak (jatorriz kaukasoarrak eta Etiopiako hegoaldetik helduak ziur asko) bizi ziren Tanganyikan, baina gaur egun lurralde horretako herri gehienak I. eta II. mendeetan Afrikako mendebaldetik ekialdera hedatu ziren bantuen ondorengoak dira. Zanzibar uhartediko biztanleak shirazi herrikoak ziren. I. mendearen bukaera aldera, arabiar eta indiar merkatariak sartu ziren, Tanganyikako kostaldean batez ere eta, pixkanaka-pixkanaka, egokituz joan ziren. XV. mendearen bukaera aldera, portugaldarrak heldu ziren, eta bi mendez (XVI-XVII. mendeetan), arabiarrek eta Omango agintariek bat egin eta bidali zituzten arte (XVIII. mendearen hasieran), haien mende egon ziren lurralde horiek. Portugaldarrak irtetean, Omango sultanaren eta arabiarren artean banatu zuten lurraldea. Omango sultanak uharteak eta kostaldea hartu zituen, eta arabiarrek Tanganikako barrualdea, merkataritzako bideak kontrolatzearren batez ere. Horiek egon ziren bitartean, espezia-, boli-, arma- eta esklabo-salerosketek indar handia izan zuten; merkataritza horri eustearren, 1832an Omango sultanak Zanzibar egin zuen bere erresumako hiriburu.
1891n, Erresuma Batuaren eta Alemaniaren artean banatu zuten Tanzania; Zanzibar eta kostaldea britainiarren protektoratu gisa geratu zen; Tanganikako barrualdea, alemaniarren mende. Lehen Mundu Gerra bukatzean, ordea, alemaniarren mende zegoena ere (Ekialdeko Afrika Alemana) britainiarrei eman zien Nazioen Elkarteak. 1946an, Nazioen Elkartea Nazio Batuen Erakunde bihurtu zenean, hark bere babespeko lurralde gisa hartu zuen Tanganika, eta tanganikarrei administrazioan esku gehiago uzteko eta burujabetasuna bideratzeko eskatu zion Erresuma Batuari. Erresuma Batuak bideratu zuen ardura-banaketa ez zegokion biztanleen banaketa etnikoari, Tanganyika African Association (TAA) kide eta aldeko gehiena zituen alderdia izan arren, europarrei eta asiarrei kargu gehiago eman baitzizkien. Alderdi horren helburua etnien eta britainiarren arteko bitartekotza egitea zen; xede politiko garbirik ez zuen.
Tanzania independentea
aldatu1954an, Julius Nyerere hautatu zuten TAAko lehendakari eta, haren eraginez, burujabetasunaren aldeko ideiak sartuz joan ziren alderdiaren barnean; aldi berean, izena ere aldatu zioten: Tanganyika African National Union (TANU). 1958ko hauteskundeetan oso emaitza onak izan zituen TANUk. 1961ean, zenbait tirabira izan ondoren, Tanganikari burujabetasuna ezagutu behar izan zieten britainiarrek. Zanzibarko Sultanerria britainiarren mende geratu zen 1963 arte. Tanganikak eta Zanzibarrek bat egin zuten 1963an , baina bakoitzak autonomia handia gordetzen zuela. 1967an, Nyerere lehendakari zela, TANU alderdiak bere helburua sozialismoa zela adierazi zuen Arushako deklarazioan, eta nekazariak komunitatetan biltzeko esperientzia jarri zuen abian. Handik hamar urtera esperientzia haren porrota onartu behar izan zuen, nekazari gehienak haren kontra baitzeuden.
1977an, Zanzibarko Afro-Shirazi Party alderdiak eta TANUk elkartzea eta alderdi bakar bat osatzea erabaki zuten, Chama Cha Mapinduzi (CCM) edo Iraultzaren alderdia hain zuzen. Alderdi bakar bilakatu zen hura, baina Zanzibarrek bere autonomia gordetzen zuen. Julius Nyerereren garaiko Tanzania Hegoafrikako apartheid-erregimenaren kontra, Rhodesia zuriaren kontra eta portugaldarren kolonialismoaren kontra agertu zen argi eta garbi. Bestalde, Tanzaniako gobernuak Frelimo-ri, Mozambikeko askapen-mugimenduari, laguntzen zion, eta baita Komoreetako Ali Soilihren eta Seychelleetako France-Albert Renéren erregimen progresistei ere. Kenyarekin eta Ugandarekin zituen harremanak hoztu egin ziren, eta Ekialdeko Afrikako Ekonomia Erkidegoa, britainiarrek sortua, desegin egin zen. 1981ean, muga-arazo bat zela-eta, Tanzaniako gudarostea Ugandan sartu zen, eta Idi Amin Dada presidentearen kontra egin zuen. Amin Dadak ihes egin behar izan zuen, nahiz eta Libiako gudarostearen laguntza zuen. Handik gutxira, antzinako lehendakari Milton Obote itzuli zen Kampalara. Baina Ugandara bidalitako gudarosteak eragin handia izan zuen estatuaren finantzetan. Hala, 1985ean Nyererek lehendakaritzarako hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen. Zanzibarko presidente Ali Hassan Mwinyi, CCMkoa, hautatu zuten presidente.
Artean Nyererek indar handia zuen alderdi bakarraren buruan, eta gogor kritikatu zuen bere ondorengoaren jarrera liberala. Hala eta guztiz ere, Ali Hassan Mwinyi berriro hautatu zuten presidente 1990eko hauteskundeetan. Dena dela, Zanzibarrekiko harremanak ez ziren onak, uhartediaren separatismoa indartzen ari baitzen. 1992an, alderdi-aniztasuna onartu zen eta Tanzania kontinentalean kristauen eta musulmanen arteko tirabirak gogortu egin ziren. 1995ean, CCM alderdiak eta Benjamin Mpaka hautagaiak erraz irabazi zituzten hauteskundeak. Zanzibarren, CCMko hautagai Seif Sharif Hamadek irabazi zuen, baina ez zion alde handia atera banaketaren aldekoa zen Fronte Zibiko Batuari. Salmin Amour gelditu zen, beraz, uharteko presidente; krisi politiko latzari eta oposizioari egin behar izan zien aurre presidente berriak.
1996an, 800 pertsona baino gehiago hil ziren, MV Bukoba itsasontzia Victoria lakuan iraulita.[10] 1997an Tanzaniako presidente Benjamin Mpakak laguntza eskatu zien hainbat herrialderi, El Niño fenomeno meteorologikoak eragin izugarriak izan baitzituen Tanzaniako biztanleengan, eta hainbat eskualdetan biztanleek ezin zuten oinarrizko beharrak ase. 1998ko abuztuaren 7an, lehergailu indartsuek eztanda egin zuten Estatu Batuek Kenya eta Tanzaniako hiriburuetan zituzten enbaxadetan, Nairobin eta Dar es Salaamen. 258 lagun hil zituzten bonbek (213 Nairobin, 11 Dar es Salaamen), eta 5.000 gehiago zauritu. Washingtonek Osama Bin Laden islamista integristaren taldeari leporatu zizkion atentatuak.[11] 2004ko Indiako ozeanoko lurrikarak eragindako tsunamiak 11 pertsona hil zituen Tanzaniako kostaldean. 2005ean, Jakaya Mrisho Kikwete hautatu zuten lehendakari. 2012ko uztailean, gutxienez 145 pertsona hil ziren Indiako ozeanoan Zanzibar uhartera zihoan ferry bat hondoratzean.[10]
2015eko presidentetzarako hauteskundeetan, John Magufuli nagusitu zen. 2018ko irailean, Ukerewe eta Ukara uharteen arteko bidea egiten zuen MV Nyerere hondoratu zen Victoria aintziran; gutxienez 207 pertsona hil ziren ezbeharrean.[10][12]
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuErrepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea estatuburu eta gobernuburu da. Bozketa zuzenaren bitartez hautatzen da, bost urteko agintaldirako. Lehen ministroak gidatzen du gobernuaren egunez eguneko jarduna. Ganbera bakarreko parlamentua du, Nazio Biltzarra (ingelesez: National Assembly; swahiliz: Bunge la Tanzania), 393 aulki dituena. Legebiltzarrerako hauteskundeak bost urtetik behin izaten dira.[13]
Banaketa administratiboa
aldatu2016tik, Tanzania 31 eskualdetan banaturik dago. Eskualdeak barrutitan banaturik daude.
Eskualdea | Hiriburua | Barrutiak | Eremua (km2) | Biztanleria (2012)[14] | Posta kodea | Mapa |
---|---|---|---|---|---|---|
Arusha | Arusha | 7 | 37.576 | 1.694.310 | 23xxx | |
Dar es Salaam | Dar es Salaam | 5 | 1.393 | 4.364.541 | 11xxx | |
Dodoma | Dodoma | 7 | 41.311 | 2.083.588 | 41xxx | |
Geita | Geita | 5 | 20.054 | 1.739.530 | 30xxx | |
Iringa | Iringa | 5 | 35.503 | 941.238 | 51xxx | |
Kagera | Bukoba | 8 | 25.265 | 2.458.023 | 35xxx | |
Katavi | Mpanda | 3 | 45.843 | 564.604 | 50xxx | |
Kigoma | Kigoma | 8 | 37.040 | 2.127.930 | 47xxx | |
Kilimanjaro | Moshi | 6 | 13.250 | 1.640.087 | 25xxx | |
Lindi | Lindi | 6 | 66.040 | 864.652 | 65xxx | |
Manyara | Babati | 6 | 44.522 | 1.425.131 | 27xxx | |
Mara | Musoma | 7 | 21.760 | 1.743.830 | 31xxx | |
Mbeya | Mbeya | 7 | 35.954 | 1.708.548 | 53xxx | |
Mjini Magharibi (Zanzibar) |
Zanzibar | 2 | 230 | 593.678 | 71xxxr | |
Morogoro | Morogoro | 7 | 70.624 | 2.218.492 | 67xxx | |
Mtwara | Mtwara | 7 | 16.710 | 1.270.854 | 63xxx | |
Mwanza | Mwanza | 7 | 9.467 | 2.772.509 | 33xxx | |
Njombe | Njombe | 6 | 21.347 | 702.097 | 59xxx | |
Ipar Pemba | Wete | 2 | 574 | 211.732 | 75xxx | |
Hego Pemba | Chake-Chake | 2 | 332 | 195.116 | 74xxx | |
Pwani | Kibaha | 7 | 32.547 | 1.098.668 | 61xxx | |
Rukwa | Sumbawanga | 4 | 22.792 | 1.004.539 | 55xxx | |
Ruvuma | Songea | 6 | 63.669 | 1.376.891 | 57xxx | |
Shinyanga | Shinyanga | 5 | 18.901 | 1.534.808 | 37xxx | |
Simiyu | Bariadi | 5 | 25.212 | 1.584.157 | 39xxx | |
Singida | Singida | 6 | 49.340 | 1.370.637 | 43xxx | |
Songwe | Vwawa | 5 | 27.656 | 998.862 | – | |
Tabora | Tabora | 7 | 76.150 | 2.291.623 | 45xxx | |
Tanga | Tanga | 10 | 26.667 | 2.045.205 | 21xxx | |
Ipar Unguja (Zanzibar) |
Mkokotoni | 2 | 470 | 187.455 | 73xxx | |
Hego Unguja (Zanzibar) |
Koani | 2 | 854 | 115.588 | 72xxx |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu2016an 55.572.201 biztanle zituen.[3] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %43,4 dira, 15-24 urte bitartekoak %20, 25-54 urte bitartekoak %30, 55-64 urte bitartekoak %3,5 eta 65 urtetik gorakoak %3. Bizi itxaropena 63,1 urtekoa da; 61,6 urtekoa gizonezkoena eta 64,6 urtekoa emakumezkoena (2018ko zenbatespenak). Malaria da bost urte baino gutxiagoko umeen lehenbiziko heriotza iturria, eta HIESa helduen heriotza kausa nagusia.[13]
Banaketa etnikoa
aldatuJatorriari dagokionez, lauzpabost taldetan bereizi daitezke Tanzaniako biztanleak. Tanganyika aintziraren inguruko gehienak, jatorriz, bantuak dira, baina haiek ere 120 bat etniatan banatuta daude. Jende-kopuruari dagokionez, etnia nagusia sukuma da (biztanleen %12 inguru), baina horiek ia adina dira nyamwezi, hehe, haya eta makonde herrietakoak. Zanzibar uhartediko biztanle gehienak shirazi herrikoak dira. Arabiarrak, indo-pakistandarrak eta europarrak ere badira Tanzanian, eta kostaldean bizi dira ia denak.
Hizkuntzak
aldatuTanzania da swahili-hiztun gehien biltzen dituen herrialdea. Beste hizkuntza nagusia ingelesa da. Arabiera ere hitz egiten da Zanzibar eta inguruko uharteetan.[13]
Erlijioa
aldatuKristauak % 61,4 dira; musulmanak, % 35,2; erlijio tradizionalen jarraitzaileak, % 1,8; eta erlijiorik gabeak, % 1,4 (2010eko zenbatespenak).[13]
Hiri nagusiak
aldatuEkonomia
aldatuTanzaniako biztanleen %66,9k nekazaritzan lan egiten du (2014ko zenbatespena).[13] Nekazaritzak gorakada handia izan zuen 1967-1997 bitartean; aldi horretan, herrietako nekazariak kooperatibetan biltzea bultzatu zen. Hauek dira merkataritzarako labore nagusiak: azukrea, kotoia, anakardoa, tabakoa, kafea, sisala, tea eta piretroa.[16] Zuraren esportazioak beheraldia izan du. Hori bera gertatu da sisalaren salmentekin; antzina gai hori herrialdeko aberastasun-iturri nagusietako bat zen (48.000 tona 1980an eta 23.344 tona 2012an).[16] Iltze-belarraren produkzioa ere asko jaitsi da 1980ko hamarkadaz geroztik, garai horretan Indonesia, herrialde inportatzaile nagusia, bere beharrak asetzeko adina iltze ekoizten hasi baitzen. Abere-hazkuntzak ere garrantzi handia du Tanzaniako ekonomian, behi-aziendak (21 milioi buru 2008an) eta ahuntz-aziendak (15 milioi buru 2008an), batez ere.[16]
Tanzania Afrika beltzeko herrialde pobreenetako bat da. Mea-baliabideetan duen aberastasuna urria da; diamante-, urre- eta eztainu-meategi gutxi batzuk daude, eta ez dira oso emankorrak. Bestalde, industrializazio-maila oso apala da. Industria nagusiak hauek dira: ehungintza, elikagaiak, tabakoa, papera. Merkataritza-harreman gehienak India, Hego Afrika eta Txinarekin ditu.[13] Garraiobideei dagokienez, burdinbide- eta errepide-azpiegiturak ez dira hain txarrak. Hiri nagusi gehienak Dar es Salaamekin eta elkarrekin lotuak daude burdinbidez eta errepidez, baina herri askotara ez dira iritsi. Portu nagusia eta nazioarteko aireportua Dar es Salaamen daude.
Tanzaniar ezagunak
aldatu- Shaaban Robert (1909-1962), swahilizko idazlea.
- Julius Nyerere (1922-1999), herrialdeko lehenengo presidentea.
- Abdulrazak Gurnah (1948-), idazlea.
- Samia Suluhu (1960-), historiako seigarren presidentea, lehenengo emakumea eta zanzibartarra.
- Rachel Luttrell (1971-), aktorea.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b "Basic Facts and Figures on Human Settlements, 2012". National Bureau of Statistics, Tanzania Ministry of Finance, nbs.go.tz (Noiz kontsultatua: 2019-6-20).
- ↑ a b "World Population Prospects: The 2017 Revision, United Nations Department of Economic and Social Affairs, population.un.org
- ↑ Country review: United Republic of Tanzania. fao.org (Noiz kontsultatua: 2019-6-18).
- ↑ a b c d Mascarenhas, Adolfo C., Bryceson Deborah Fahy and Others. Tanzania. Encyclopædia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2019-6-20).
- ↑ Kalambo Falls. in: Country review: United Republic of Tanzania. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2019-6-19).
- ↑ Aizpurua Sarasola, Joserra. Serengetiko migrazioa arriskuan. Argia aldizkaria, 2010ko irailak 5, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-20).
- ↑ Sears, Cathy. Txinpantzearen botikina. Elhuyar aldizkaria, 43. zenbakia, 1991ko urtarrilak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-20).
- ↑ Tanzaniako paradisua, Ngorongoro. Elhuyar aldizkaria, 2010eko martxoak 1, zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-20).
- ↑ a b c Uribesalgo Alzola, Karmele. Gutxienez 136 pertsona hil dira Tanzanian ferry bat hondoratuta. Berria egunkaria, 2018ko irailak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-21).
- ↑ Estatubatuarrak eraso ugariren jomuga. Euskaldunon Egunkaria, 2011ko irailak 12, CC BY-SA 4.0, Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-21).
- ↑ Victoria lakutik 207 gorpu atera dituzte Tanzanian. Berria egunkaria, 2018ko irailak 23, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-6-21).
- ↑ a b c d e f Tanzania. in: CIA World Factbook. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2019-6-21).
- ↑ "Sub-Divisional Population Projection for Year 2016 and 2017 Based on 2012 Population and Housing Census". National Bureau of Statistics, Tanzania Ministry of Finance, nbs.go.tz (Noiz kontsultatua: 2019-6-21).
- ↑ Population of Cities in Tanzania (2019). worldpopulationreview.com (Noiz kontsultatua: 2019-06-21).
- ↑ a b c 2013 Statistical Abstract. National Bureau of Statistics (NBS), web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2019-6-21).
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Tanzaniako webgune ofiziala, tanzania.go.tz
- Tanzania, argia.eus