Trinidad eta Tobago
Trinidad eta Tobago[1] (ingelesez: Trinidad and Tobago, ˈtrɪnᵻˌdæd_ənd_tɵˈbeɪɡoʊ ahoskatua[2]), ofizialki Trinidad eta Tobagoko Errepublika (ingelesez: Republic of Trinidad and Tobago) Karibe itsasoaren hegoaldean dagoen herrialde independentea da. Bi uharte nagusik (Trinidadek eta Tobagok) eta 21 uharte txikiagok osatzen dute. Handiena Trinidad da, bai zabaleran, baita populazioan ere.
Hiriburua Port-of-Spain da.
Geografia
aldatuHerrialdea uhartedia da, 23 uhartez osatua. Hego Kariben dago, Karibe itsasoaren eta Ozeano Atlantikoaren artean, Venezuelako ipar ekialdean. Uharteok Antilla Txikien parte dira eta Hego Amerikako alde kontinentaletik oso hurbil daude.
5.128 km² luze-zabal da eta uharte nagusiak, estatuari izena ematen diotenak, Trinidad eta Tobago dira. Trinidad Venezuelatik 11 kilometrora dago eta 4.768 km² luze-zabal izanik, estatuko eremuaren % 93 da. Lauki itxura du eta hiru penintsula ditu. Tobago 30 km iparralderago dago eta 298 km² ditu.
Historia
aldatuBai Trinidadeko, bai Tobagoko jatorrizko biztanleak Hego Amerikako amerindiarrak izan ziren. Europarrek Trinidad ezagutu orduko, arawakeraz mintzatzen ziren herriak zeuden finkaturik. Kristobal Kolonek Trinidad eriden zuen 1498ko uztailaren 31n, hirugarren bidaian. Trinidad izena eman zion, Hirutasun Santuaren omenez. Halaber, Tobago ere ikusi zuen Kolonek eta Bella Formari izena eman; baliteke, ordea, Tobago izena tobako (tabako) hitzetik etortzea.
XVI. eta XVIII. mendeen artean, Trinidad Guyana probintziako zatia izan zen, Nueva Granadako erregeorderrian, eta hiriburua San José de Oruña zen. 1650az geroztik, Tobago frantsesen menpe egon zen, 1814an Erresuma Batuaren mendera igaro zen eta Espainiak Trinidad 1802an galdu zuen, Napoleondar gerrak zirela kausa. 1889an, bi uharteak elkartuta geratu ziren.
1958an, Karibeko beste kolonia britainiarrekin batera, Trinidad eta Tobagok Mendebaldeko Indien Federazioa osatu zuten. Herriaren Mugimendu Nazionala (MNP), Eric Eustace Williams buru zuela, independentziaren alde borrokatzen hasi zen eta 1962ko abuztuaren 31n lortu. Williamsek 1966ko hauteskundeak irabazi zituen.
Botere Beltza izeneko erakundea matxinatu zen 1970eko urteetan. Larrialdi-estatua ezarri zen. Krisialdi ekonomikoan murgildu zen hamarkada horretan, petrolio-esportazioek gora egin arren. 1976an, errepublika aldarrikatu zen. Horrela, Commonwealthean segitzen badute ere, harezkero Erresuma Batuko estatuburua ez da berea.
Williamsen heriotzaren ostean, 1981ean, George Chambersek hartu zuen boterea. 1986ko hauteskundeetan, MNPren oposizioak —Eraberritzearen aldeko Aliantza Nazionalak (ANR) hain zuzen— irabazi eta Arthur Robinson Lehen Ministroa izan zen. 1990eko uztailean, Jamaat al Muslimeen erakundeko 114 kide, Yasin Abu Bakr buru zutela, estatu-kolpe bat egiten saiatu ziren. Arthur Robinson eta gobernuaren gehiena bahitu zituzten sei egunez. 1991n MNP itzuli zen agintera Patrick Manningekin. 1995ean, Basdeo Panday Lehen Ministro izendatu zuten, bai eta 2000n kargua berretsi ere.
Banaketa administratiboa
aldatuTrinidad eta Tobagok 15 administrazio ditu: 9 eskualde (hainbat udalerri dituzte), 5 udalerri eta autonomia eskualde bat (Tobago uharte osoa).
Eskualdeak honakoak dira: Couva-Tabaquite-Talparo, Diego Martin, Penal-Debe, Princes Town, Rio Claro-Mayaro, San Juan-Laventille, Sangre Grande, Siparia eta Tunapuna-Piarco. Udalerriak honakoak dira: Arima, Chaguanas, Point Fortin, Port of Spain eta San Fernando.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ Jones, Daniel. (2003). Peter Roach, James Hartmann & Jane Setter ed. English Pronouncing Dictionary. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 3-12-539683-2..
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
- ILGA
Amerikako herrialde eta lurraldeak | |||
Ipar Amerika eta Karibea |
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu Batuak • Antigua eta Barbuda • Bahamak • Barbados • Belize • Costa Rica • Kuba • Dominika • Dominikar Errepublika • El Salvador • Grenada • Guatemala • Haiti • Honduras • Jamaika • Kanada • Mexiko • Nikaragua • Panama • Saint Kitts eta Nevis • Santa Luzia • Saint Vincent eta Grenadinak • Trinidad eta Tobago
|
Hego Amerika |
Estatu burujabeak: Argentina • Bolivia • Brasil • Txile • Kolonbia • Ekuador • Guyana • Paraguai • Peru • Surinam • Uruguai • Venezuela
|