Victor Hugo
Victor-Marie Hugo (Besançon, Franche-Comté, Frantzia, 1802ko otsailaren 26a - Paris, Frantzia, 1885eko maiatzaren 22a) frantsesezko idazlea izan zen, Erromantizismo garaian lan egin zuena. Antzerkia, olerkiak, saioak eta drama-eleberriak landu zituen, eta liburu asko idatzi zituen. Frantsesezko egilerik garrantzitsuenetarikoa da: Les Misérables eta Notre-Dame de Paris ("Parisko konkorduna") haren lanik ospetsuenen artean daude. Hainbat bidaia egin zituen, batez ere Pikardian eta Normandian.
Politikaria ere izan zen, eta eraso egin zien bonapartismoari eta autoritarismoari. 1852an erbesteratu behar izan zuen Belgikara, Napoleon III.aren aurkako jarrera zuela eta. Zahartuta hil zen (laurogeita hiru urte zituela), eta obra ikaragarri zabala osatu zuen. Lanerako ahalmen izugarria zeukan: haren lagunek ziotenez, prosazko hogei orri edo ehun bertso-lerro ontzen zituen goizero-goizero. Prosaz eta bertsoz idatzi zuen beraz, eta, adituek diotenez, hitz lauzko lanek, oro har, bertsozkoa esplikatzeko helburua dute. Hugoren lan erraldoian genero guztiak sartzen dira, hizkuntza maisuaren trebeziaz darabil eta poesiarako etorria irudimen handiz janzten du. Erretorika konplexuaz baliatuta, Hugoren irudiek jite fantastikoa ematen diote errealitateari. Bestalde, jeinuari dagokion eginbehar moralaz sinetsirik dago, eta Ederrera zein Egiara iristeko gidaritzat hartzen du bere burua, urrikia eta onginahia erakusten du jende xumearenganako eta begirunea naturarekiko.
Bizitza eta lanak
aldatuHaurtzaroa
aldatuVictor(-Marie) Hugo Besançonen jaio zen, 1802ko otsailaren 26an[1]. Aita Napoleonen armadako jenerala zuen, eta bidaian eman zuen Hugok haurtzaroa, Korsikara eta Espainiara aitarekin, Parisa amarekin. Haur ahula izanik, ama asko arduratu zen hartaz[2]. Hiru haurrideen arteko gazteena zen, eta haurtzaroa Parisen iragan zuen, Feuillantineseko komentu ohian. Hango lekuek eta lorategiek oroitzapen onak utzi zizkioten.
Hainbat aldiz joan zen Napolira, Espainiara eta Euskal Herrira, bere aita militarraren karguen arabera. 1811n, egotaldi bat egin zuen Hernanin, bere amarekin. Urte berean Madrilera joan zen, eta hango Real Colegio de San Antonio de Abad ikastetxeko ikasle izan zen[3]. Hurrengo urtean Parisera joan zen amarekin; ama, senarrarengandik bereizi berria zen, Victor Fanneau de la Horie generalarekin bizitzera joan baitzen[4].
1815ean hasi zen lehen bertsoak idazten, haren haurtzaroko lagun eta gerora emazte izanen zuen Adèle Foucherren arabera. Audoditakta moduan ikasi bide zituen neurria eta errima[5]. Irakasle batek testuak irakurri eta zuzentzen zizkion[5]. Amak bultzatuta, txikitan hasi zen idazten, eta orobat sariak jasotzen: errege-familiako poeta izendatu zuten, eta soldata moduko bat ere eman zioten. Erromantiko askoren antzera, Napoleonen balentrien eraginpean eman zuen heziketa-aroa. Ikasketak alde batera utzirik, literatura bideari ekin zion: Chateaubriand izan nahi dut zioen 15 urtean[6].
1817an Frantses Akademiak antolatutako olerki lehiaketa batean parte hartu zuen. Epaimahaia saria ematekotan egon zen, baina egilea gazteegia iruditu zitzaion eta iruzurra izan zitekeelako beldurra zuen; aipamen berezia eman zioten[7]. Hurrengo urteetan ere hainbat sarikeketatan parte hartu zuen; hasieran ez bazuen irabazi ere, 1819tik aitzina hasi zen sariak lortzen[8].
Frantses erromantiko handia
aldatu1819an aldizkari bat sortu zuen, Le Conservateur Litteraire, eta 1822an argitaratu zuen lehen liburua, Odes et poesies diverses (Zenbait oda eta poesia). Urte horretan bertan, ama hil zitzaion[9], eta Adele Foucherekin ezkondu zen. Orduan hasi zen eleberriak ere idazten -Hans d Islande (1823, Hans Islandiakoa)-, odak -Nouvelles odes (1824, Oda berriak), eta artikuluak. Aitarekin zenbait urtez haserre egon ondoren, garai hartan adiskidetu ziren, eta orduantxe hasi zen Hugo erromantizismoaren buruzagi gisa agertzen. Joera berri hori Bur Hargal eleberrian ageri da –Santo Domingoko beltzen matxinada bati buruzkoa da–, eta Odes et Ballades liburuan (1826, Odak eta baladak); bertan, aurreneko aldiz, Napoleonen irudia gogoratzen du egileak. Alabaina, antzezlan batean agertu zen argien Hugoren joera erromantikoa, Cronwell-en (1827). Aurreneko drama historiko erromantikoa izateaz gainera, egileak hitzaurrean agertzen du literaturaren historiaren filosofia, eta drama –eta gizon modernoaren dramarako zaletasuna– definitzeko saio bat[10]; kontrasteetan oinarritua egonik, bizitzaren irudia da drama Hugorentzat. Neurri batean esperimentalak dira garai horretako lanak; era berean, nabarmena dute Sortaldearen erakarmena –garai hartan arkeologoek, margolariek (Delacroix) zabaldua–, Les Orientales-ekin (1828) gorena jotzen duena.
Historiaren olertia
aldatuBorboien monarkiaren azken urtean argitaratu zuen Hugok, heriotza-zigorraren kontra, Les Derniers jours d'un condemne (1829, Kondenatu baten azkeneko egunak), sozialismo utopikora jotzen duen doktrina morala harturik abiapuntutzat. Antzerkian ere bide horrixe heldu zion, hausnarketa politiko-historikoari alegia, zentsurak debekatuko zuen Marion de Lorme-rekin (1829). Antzerki instituzionalaren kontra, klasikoen errepikatzea baitzuen helburua, Hernani drama ondu zuen Hugok (1830); lehen emanaldian, Hugok irabazi zuen erromantiko gazteen eta klasikozale tradizionalisten arteko gudu literarioa. Alabaina, lanaren arrakasta gehiago etorri zen, argumentutik baino, bertsoaren soinu eta indarretik. Dena den, Hernani-z geroztik, erromantiko gazteen belaunaldi batek beretu zuen Comedie Francaise-ko talde kontserbadorearen feudoa.
1830. urtea oso inportantea izan zen Hugorentzat, gauza asko gertatu baitziren: Luis Feliperen estatu kolpea –haren aldekoa zen idazlea–; emaztearengandik urrundu zen (azken honek bikotearen adiskide batekin hasi zuen harremana[11]); Notre-Dame de Paris hasi zen idazten (hurrengo urtean argitaratuko zen). Eleberri hori konkordun batek eta apaiz batek maite duten Esmeralde izeneko neska eder baten istorioa da; baina, aldi berean, Parisko erdiguneko katedralaren istorio bizia da.
Obraren asmoa, hain zuzen ere, paper eta harri azpian ezkututarik dauden mitoak irakurlearen irudimenean piztea da, hiriko monumentuen arima agerian ipintzea. Poesia idazten jarraitu zuen: Feuilles d'automne (1831, Udazkeneko orriak), Les Chants du crepuscule (1835, Ilunabarreko kantuak), bere barneko bizikizunak eta politikoak aldizkatzen dituena, eta orobat antzerkia, historikoa gehienbat: Le Roi samuse (1832, Erregea jostatzen ari) –lan horren operako bertsioa da Verdiren Rigoletto–, Lucrece Borgia (1883), Angelo, tyran de Padoue (1835, Angelo, Paduako tiranoa) eta Ruy Blas (1838).
Poeta morala
aldatuBitartean, etengabe lantzen zuen Hugok poesia morala. Claude Gueux obran (1834), gizon batek miseriatik gillotinara egindako ibilbidea agertzen da, babesgabeei laguntzen dien eta biktima errugabeak irensten dituen gizarte bati buruzko hausnarrean.
Bere ezkontza erdi desegina zuela, Juliette Drouet antzezle gazteari lotu zitzaion (hil arte izango zuen lagun leiala). Maitasun horren ondorio da Les Voix interieures bilduma lirikoa (1837, Barne-ahotsak). Les Ravons et les ombres (1840, Errainuak eta itzalak) liburuak erakusten du nola hizkuntza poetaren bizitzaren berridazketa den, moral sozial baten oinarriak agertzen dituena aldi berean. Edozein gertaerak aurkitzen zuen Hugorengan oihartzuna: Napoleonen errautsak itzuli zirenean Le Retour de l Empereur (1840, Enperadorean itzulera) idatzi zuen; Le Rhin (1842) lanean agertu zuen Julietterekin Rhin ibaian barna egin zuen bidaia.
Alaba maiteena, Leopoldine, istripu batean itota hil izana (1843), eta Les Burgraves obraren porrota (1842), aipatzen dira, oro har, Hugoren bizitzaren beheraldi baten eta poesia utzi izanaren arrazoitzat. Hala ere, politikagintzan jarraitu zuen bete-betean, eta baita Akademiako lanetan ere. Izan ere, Hugoren literaturaren arrakastak 184lean lortu zuen ezagutza ofiziala, hiru saioren ondoren Académie Francaise-n onartu baitzuten, eta 1845ean, berriz, Pareen Ganberako kide egin zuten. Alabaina, berehala sortuko zizkion arazoak bere pentsamolde politiko eta sozialak, 1848ko iraultzaren ondoren.
Erbestealdia
aldatuII. Errepublika sortu ondoren (1848) -errepublikarren alde egin zuen Hugok-, Luis Napoleonek estatu-kolpea jo zuenean, 1851n, alde egin behar izan zuen idazleak Frantziatik; izan ere, berriro heldu zion miseriaren gaineko eta sufragio unibertsalaren eta prentsa-askatasunaren aldeko bere diskurtso zaharrari; lehengo erregimenaren ukoa matxinada bihurtu zen estatu-kolpearen aurrean. Frantziatik alde eginda, Belgikan erbesteratu zen aurrena, eta Ingalaterran gero. Frantziatik urrun, Hugok barregarri jarri zuen enperadorea Napoleon le Petit obran (1852, Napoleon txikia), eta babesa eta dieta eskaini zien errepublikazale abertzale eta erbesteratuei.
Les Chatiments (1853, Zigorrak) obra gogorra da, diktadorearen bortizkeriari bortizkeriaz erantzuten diona. Obra horren ondorengoan, Les Contemplations (1856), aurrekoaren bide beretik, giza patu oro beretzen duen morala bihurtzen da idazkera, barne-bizitzaren adierazpen eta memoriaren dimentsio mitikoaren kosmologia.
Les misèrables eta Komuna
aldatuLa Legende des siècles idazten ari zela (Mendeetako elezaharra), Hugok berriz hartu zituen Misères (Miseriak) titulupean bilduak zeuzkan zirriborroak, Les Miserables izango zen eleberria osatzeko (Miserableak). 20. eta 21. mendeetan Victor Hugoren lanik ezagunena da Miserableak, musikal bezala ere sekulako ospea lortu du, euskarazko bertsio bat barne (1993an estreinatua),[12] eta film eta telesail bertsioak ere bai.
Argitaratu zenean, 1862an, izugarrizko arrakasta izan zuen, era guztietako irakurleen artean gainera; sekulako ospea eman zion, Frantzian ez ezik, baita atzerrian ere, segituan itzuli baitzen kanpoko hizkuntzetara.
Miserableak Parisko mundu ezkutuan gertatzen da, eta detektibe-istorio baten suspensea du; Frantziako historiaren zati bat ere bada, Errestauraziotik Luis Filipe arte.
Liburu horren arrakastak irakurle-kopuru zabal baten mundu-ikuskera adierazten du, Hugoren espiritualtasunean jokabide moral baten oinarria aurkitu baitzuten, eta haren fantasian beren irudimeneko mamuak. Les Travailleurs de la mer eleberrian bere mezua osatu zuen (1866, Itsasoko langileak): horixe da, dudarik gabe, Hugoren lanik poetikoena eta osatuena, irudi fantastiko eta irrealetan oparoa. Proletarioen egoera gero eta gehiago da Hugoren eleberrigintzaren ardatza, eta idazlea gero eta gehiago aurkitzen da halabeharraren mende (itsasoaren, izadiaren halabeharraren mende), eta orobat gizakiaren bihotzean beti nagusitzen den halabeharraren mende.
Erbestea, Hugok betiko zela uste zuena, bat-batean amaitu zen 1870ean. Napoleon III.aren abdikazioarekin, Parisa itzuli zen idazlea. Sekulako harrera egin zioten, eta sinbolo baten balioa hartu zuen. Parisko Komuna eta ondorengo zapalkuntza gai historiko eta mitiko bihurtu ziren L Anee terrible obran (1872, Urte izugarria), hain zuzen ere Frantzia atzerakoiak gutxiesten zuen artean. Komuneroen matxinada izan zen halaber, zeharka bada ere, Quatrevingt-Treize eleberriaren inspirazio iturri (1894, Laurogeita hamairu): gaia Frantziako Iraultza eta Vendée-ko zapalkuntza da, Hugoren aitak parte hartu zuena.
Azken urteak
aldatuBizitzaren azken urteetan Victor Hugo ospetsu eta apreziatua izan zen Parisen. 1881an haren omenezko manifestazio bat egin zen hiriburuan, eta kroniken arabera 600.000 lagun elkartu ziren, hitz handiko egun batean (otsailak 27). Victor Hugok orduko bere etxeko lehiotik agurtu zituen manifestariak Eylau hiribidean.[13] Manifestazio hartan Hego Euskal Herriko ordezkaritza bat izan zen, eta Euskal Herriaren adierazgarri izan zen bandera bat eraman eta erakutsi zuten bertan, zeinak lau esku elkarlotuta erakusten zituen, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa adierazteko. Pedro Soraluze Zubizarreta donostiarrak diseinatutako bandera bat zan zen.[14]
Hil arte (1885) jarraitu zuen Hugok poesia idazten. 1883an amaitu zuen Mendeetako elezaharra. Bertan epopeia mitologiko handi baten moduan lantzen da historia, Genesitik hasi eta XX. mendearen hasiera arte, sinbolo ugarirekin, aipamen metafisiko, erlijioso eta kulturazkoekin; hizkera- eta erritmo-baliabide oparoz dago idatzia, ikuspuntu fantastiko guztiz indartsu batez.
Ezaugarri horiek ematen diote Hugori modernotasuna. Azken egunak arte joan zen Senatuko biltzarretara (han komuneroei amnistia ematearen alde borrokatu zen, besteak beste) eta Akademiara. 83 urte zituela hil zen, Parisen. Frantziako poeta nazionala bihurtuta, ohorezko hileta nazionala egin zioten, Garaipen Arkuan ipini zuten zerraldoa, eta Pantheon-en hilobiratu zuten.
Hil ondoren, Hugoren obra anitz agertu dira; haien artean, egunkariak eta oroitzapen-liburuak.
Iritziak
aldatuVictor Hugo idazle konprometitua zen. 1848an, Uztaileko Monarkian Parekoen Ganberako hautetsi izan zen, eta Frantziako Bigarren Errepublikako Asanblea Konstituziogileko eta Asanblea Nazionaleko hautetsi. Frantziako Bigarren Inperioan erbesteratu zen, eta hemeretzi urte geroago itzuli, 1871n, Frantziako Hirugarren Errepublika sortu zenean. Orduan ere Asanblea Nazionaleko diputatu izan zen, eta senatari 1876an.
Haren ibilbide politikoa oso aldakorra izan da, eta oportunista izatea leporatu izan zioten. Erregezalea zen Borboien berrezarkuntza garaian. Gero, eskuin kontserbadorea izan zen, aurrerago liberalismoarekin bat egin zuen, geroago Louis-Napoléon Bonaparteren jarraitzaile izan zen eta handik hiru urtera haren aurkari[15]. Azkenik, ezkerrarekin bat egin zuen. Hugoren hitzetan, "iritzi politiko guztien ibilbidea osatu" zuen[16].
1853 eta 1855 urteen artean espiritismoan interesa izan zuela dokumentatua dago. Hildakoekin "idazketa automatikoaren" bitartez komunikatzea posible zela sinetsi zuen nonbait, eta "tables parlants" edo mahai hiztunen hainbat saiotan parte hartu zuen. Horietan bere alaba hilarekin, Leopoldinerekin, komunikatu zela sinetsi omen zuen, eta baita pertsonaia ospetsuekin hala nola Jesukristo bera, Platon, edo Dante eta Shakespeare idazleak. 19, mendeko idazleen artean ez zegoen bakarrik ohitura honetan Hugo: Charles Dickens edo Arthur Conan Doyle bezalako idazleak ere aritu ziren halako saioetan.[17]
Victor Hugo eta Euskal Herria
aldatu1811n egin zuen Euskal Herriaren lehen ezagupena Victor Hugok 9 urte zituelarik. Napoleonen gobernuak Hugoren aita, Joseph Leopold Sigisbert Hugo, Madrila bidali zuen jeneral gisako kargu militarrarekin, okupazio tropa napoleondarrean. Ama apartatua zegoen senarrarengandik, baina harremana berriz osatu nahian, berak ere semearekin Espainiarako bidea hartu zuen, eta bidean, Baionan geratu ziren hilabete batez.[18] Bidean jarraitu zutelatik Hernani izenaren sonoritatea gustatu omen zitzaion, ze bere drama bati izenburu hori eman zion (gaiak Euskal Herriarekin zerikusirik ez zuen arren).
1843an errepikatu zuen bisitaldia. Bigarrengo horretan Donostian zela, Pasaiako badia ezagutu zuen eta bereziki inpresionatu zuen paisaiak eta herriak. Sei egunez ostatu hartu zuen Pasai Donibanen Madame Basquetz alargunaren etxean.
Etxe hori ez zen zehatz kokatu Victor Hugoren idazkietan baina geroago identifikatu zuen etxea Paul Déroulède frantses idazle eta politikariak: Gabiria etxea izan omen zen, deskribapenak bat baitaatoz[19]. 21. mendean Victor Hugoren museo-etxe gusa bisitatu daiteke, eta Pasaiako turismo bulegoa ere bertan dago. XVII. mendean eraikitako arrantzale estilo herrikoia duen etxea da.
2009. urtetik Pasai Donibanen Hugoenea izeneko egoitza ere badago (ez da Gabiria etxea), Euskal Idazleen Elkarteak sormenezko egonaldietarako erabiltzen du.[20]
Euskaraz poliki moldatzera iritsi omen zen. Euskal Herriaz gauza interesgarri asko kontatu zituen Pirinioak lanean.
Koldo Izagirreren idazkietan
aldatu2002an Koldo Izagirre idazle pasaitarrak "Idi orgaren karranka. Euskal Herrian gaindi, 1843" liburua argitaratu zuen (Elkar), frantziar idazlearen idazkietan oinarrituta. 1997an, bestela, "Non dago Basque harbour?" liburuan "Victor Hugoren pleinua" poema dedikatu zion. Olerkiaren pasarte bat da hau:
"San Pedrotik San Juanera itsasoa da labur
Igerian pasatzeko ni ez naiz haren beldur
Batelari beltzaranak
Mesié esan dit maltzur
San Pedrotik San Juanera itsasoa da hotza
Bertara jaurtita ahal zait epelduko bihotza
Batelari beltzaranak
Askatu du mototsa".
Euskaldunak Victor Hugoren idazkietan
aldatuHiru lanetan gordetzen dira Victor Hugok Euskal Herriaz eta euskaldunez egindako aipuak: La legende des siecles, L’homme qui sit, eta batez ere Alpes et Pyrenees liburuan.[21]Herri euskaldunaren berezitasuna, ez espainol eta ez frantsestasuna, azpimarratu zuen Victor Hugok pasarte askotan eta, gogoeta jakin batean, euskaldunen aberria euskara zela ere esan zuen:
« | Aspect singulier d'ailleurs et digne d'etude. J'ajoute qu'ici un lien secret et profond, et que rien n'a pu rompre, unit, meme en depit des traites, ces frontieres diplomatiques, meme en depit des Pyrenees, ces frontieres naturelles, tous les membres de la mysterieuse famille basque. Le vieux mot Navarre n'est pas un mot. On nait basque, on parle basque, on vit basque et l'on meurt basque. | » |
Victor Hugo |
La langue basque est une patrie, j'ai presque dit une religion.Besteak beste, euskal dantzak eta bereziki fandangoa deskribatu zituen Victor Hugok: "Iluntzean dantzan egiten da soropilean, eriak klaskatuz esku ahurrean; kriskitinen itzala besterik ez da. Dantzariak malgutasun harmoniatsuz kulunkatzen dira, baina elasturi, suhartasun, oldar, sentsuen atseginik gabe; cachucha dantzaren itzala besterik ez da."[22]
Bigarren egonaldian, karlistadaren giroan, auzi politikoetan ere sartu zen Victor Hugok. Joeraz liberalago zen bera, kontserbadorea baino, baina karlismoaren barruan, elkarrekin ongiegi ez omen zetozen bi alderdi bereizi zituen: erregezaleena edo Gortea, eta «fueristena». Victor Hugoren idazkietan Zumalakarregi espreski fuerista bezala azaltzen da, karlismoaren egiazko indarra fuerista horiek zirela aitortuz.
Lanen zerrenda
aldatuVictor Hugo oso obra zabala utzi zuen genero desberdinetan:
Antzerkia
aldatu- Cromwell (1827)
- Hernani (1830)
- Marion Delorme (1831)
- Le Roi s'amuse (1832)
- Lucrèce Borgia (1833)
- Marie Tudor (1833)
- Angelo, tyran de Padoue (1835)
- Ruy Blas (1838)
- Les Burgraves (1843)
- Torquemada (1882)
- Théâtre en liberté (1886)
Eleberriak
aldatu- Bug-Jargal (1826)
- Han d'Islande (1823)
- Le Dernier Jour d'un condamné (1829)
- Notre-Dame de Paris (1831)
- Claude Gueux (1834)
- Les Misérables (1862)
- Les Travailleurs de la mer (1866)
- L'Homme qui rit (1869)
- Quatre-vingt-treize (1874)
Olerkiak
aldatu- Odes et poésies diverses (1822)
- Nouvelles Odes (1824)
- Odes et Ballades (1826)
- Les Orientales (1829)
- Les Feuilles d’automne (1831)
- Les Chants du crépuscule (1835)
- Les Voix intérieures (1837)
- Les Rayons et les ombres (1840)
- Les Châtiments (1853)
- Les Contemplations (1856)
- La Légende des Siècles Hiru sorta, (1859, 1877 eta 1883)
- Les Chansons des rues et des bois (1865)
- L'Année terrible (1872)
- L'Art d'être grand-père (1877)
- Religions et religion (1880)
- Les Quatre Vents de l'esprit (1881)
- La Fin de Satan (1886)
- Toute la Lyre (1888 eta 1893)
- Dieu (1891)
- Les Années funestes (1898)
- Dernière Gerbe (1902)
- Océan. Tas de pierres (1942)
Beste batzuk
aldatu- Étude sur Mirabeau (1834)
- Littérature et philosophie mêlées (1834)
- Le Rhin (1842)
- Napoléon le Petit (1852)
- Lettres à Louis Bonaparte 1855)
- William Shakespeare (1864)
- Paris-Guide (1867)
- Mes Fils (1874)
- Actes et paroles - Avant l'exil (1875)
- Actes et paroles - Pendant l'exil (1875)
- Actes et paroles - Depuis l'exil (1876)
- Histoire d'un crime - 1re partie (1877)
- Histoire d'un crime - 2e partie (1878)
- Le Pape (1878)
- L'Âne (1880)
- L'Archipel de la Manche (1883)
- Œuvres posthumes
- Choses vues - 1re série (1887)
- Alpes et Pyrénées (1890)
- France et Belgique (1892)
- Correspondances - Tome I (1896)
- Correspondances - Tome II (1898)
- Choses vue] - 2e série (1900)
- Post-scriptum de ma vie (1901)
- Mille Francs de récompense (1934)
- Pierres(1951)
- Mélancholia
Euskaratuak
aldatu- Le dernier jour d'un condamne. Hugoren jatorrizkoa: 1829. Euskaraz: Kondenatu baten azken eguna. Itzultzailea: Juan Mari Agirreurreta, Elkar, 2010.
- Nore-Dame de Paris. Hugoren jatorrizkoa: 1831. Euskaraz: Parisko Andre Maria (testu osoa online). Itzultzailea: Iñaki Azkune, Erein, 1997.
- Claude Gueux (testu osoa online). Hugoren jatorrizkoa, 1834. Itzultzailea: Zorion Zamakola, Ataramiñe, 2007.
- Idi orgaren karranka (testua online osorik) Koldo Izagirrek itzulitako sei kronika, sei pasarte. Elkar, 2002.
Marrazkiak eta margolanak
aldatuVictor Hugo idazle handia izanik, margolari eta marrazkilari aparta izan zen. Haren 2500 obra baino gehiago ezagutzen dira, gehienak Parisen kontserbatzen direnak. Hugok ez zuen jarduera artistikorik egin bere lanak erakusketa handietan aurkezteko. Nahiago izan zuen bere burua idazle gisa ikusi margolari gisa baino. Horregatik ez zuen bere pinturarik publikoki erakutsi.[23]
-
Crépuscule (Jersey 1853-1855)
-
Ville avec le pont de Tumbledown (1847)
-
Le Rocher de l'Ermitage irudikatutako paisaia.
-
Olagarroa V. H. letrekin (1866).
-
Our harana, Luxenburgo (1871)
-
Le phare.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ (Frantsesez) Escholier, Raymond. (1932-01-01). Victor Hugo raconté par ceux qui l'ont vu: Souvenirs, lettres, documents réunis, annotés et accompagnés de résumés biographiques. FeniXX réédition numérique ISBN 978-2-402-22401-7. (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
- ↑ Victor Hugo : la face cachée du grand homme
- ↑ Diario de Madrid. 1811ko urriaren 11.
- ↑ Anne-Martin Fugier, «Victor Hugo : la face cachée du grand homme», Secrets d'histoire telebista saioa, France 2 (2012ko uztailaren 10a).
- ↑ a b Adèle Hugo, Victor Hugo (1863), Victor Hugo raconté par un témoin de sa vie, Paris, Bursela, Leipzig: Librairie Internationale A. Lacroix, Verboeckhoven et Cie. 233. or.
- ↑ Adèle Hugo, Victor Hugo (1863). 339. or.
- ↑ Adèle Hugo, 1863, Ibid. 331-347.
- ↑ Adèle Hugo, 1863, Ibid. 362. or.
- ↑ Adèle Hugo, 1863. chap. XXXV
- ↑ Picon, Gaêtan. (1980). Dictionnaire biographique des auteurs de tous les temps et de tous les pays.. Laffont, 550 or. ISBN 2-221-50150-0. PMC 301619607. (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
- ↑ «Biographie de Victor Hugo» groupugo.div.jussieu.fr (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «'Miserableak', 15 años después» El Diario Vasco 2009-03-13 (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «"El Buscón" ilustrado de Vierge, una lección de superación en versión íntegra» La Vanguardia 2020-05-08 (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
- ↑ Rubio Pobes, Coro. (2004). Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca 20: 171-182. ISSN 1131-5350..
- ↑ Lan kolektiboa - Henri Guillemin (1967), Victor Hugo, Paris: Hachette. 185. or.
- ↑ Stapfer, Paul. Victor Hugo à Guernesey. Forgotten Books, 247 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Victor Hugo, el escritor que hablaba con espíritus» La Vanguardia 2017-06-30 (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
- ↑ Azurmendi, Joxe. (1985). «Victor Hugo Euskal Herrian» Jakin 37 (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
- ↑ Victor Hugo .- Idi orgaren karranka : Euskal Herrian gaindi, 1843 liburuarako Joxe Azurmendik eginiko hitzaurrean. 18 orr. Donostia : Elkar, 2002. ISBN 84-8331-842-3
- ↑ «Hugoenea, idazlearen etxea» Pasaia (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Country, About Basque. (2015-10-30). «Las acertadas reflexiones de Victor Hugo sobre los vascos» About Basque Country (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
- ↑ «Victor Hugo idazlea fandangoaz» EKE (Noiz kontsultatua: 2023-06-15).
- ↑ https://www.meisterdrucke.es/artista/Victor-Hugo.html
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Idazleari buruzko webgune ofiziala (Frantsesez)(Ingelesez)
- Azurmendi, J., 1985: Victor Hugo Euskal Herrian, Jakin, 37: 137-166.
- Azurmendi, J., 2003: Victor Hugoren etxean Pasaian, Jakin, 138: 11-30.
- Victor Hugo le dessinateur
- Joan-etorria euskarazko material didaktikoa.