Yolanda Barcina
Yolanda Barcina Angulo (Burgos, 1960ko apirilaren 4a) Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan zen 2011 eta 2015 bitartean. 1999 eta 2011 urteen bitartean Iruñeko alkatea izan zen. Lehendakari kargua uztearekin batera, politikagintza profesionala ere utzi zuen, eta gaur egun Telefónicaren esku dagoen enpresa batentzat lan egiten du.[1] Jose Vallejo arkitektoarekin ezkonduta dago, nahiz eta 2010ean banandu ziren, eta Óscar izeneko seme bat dute.
Bizitza
aldatuBurgosen jaio bazen ere, txikia zelarik gurasoak Portugaletera joan ziren bizitzera, ama bizkaitarra baitu. Hamazpi urte zituela, Botika ikastera aldatu zen Iruñera, Nafarroako Unibertsitatera. 1984an farmaziako doktorea izatera iritsi zen unibertsitate horretan eta bere tesia aparteko saria izan zen. 1988an, plaza lortu zuen irakasle titular moduan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. 1990ean, Euskal Herriko Unibertsitatera joan eta Farmazia Fakultateko dekano-ordea izan zen. Hurrego urtean, 1991n, Nafarroako Unibertsitate Publikoko elikagaien teknologia sailean sartu zen, eta 1993an, elikadura eta bromatologiako katedra eskuratu zuen unibertsitate horretan. 1995etik 1996 arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeaketa akademikoko errektoreordea izan zen. Gerora ere, hango gizarte kontseiluko kidea izan da.[2]
Jarduera politikoa
aldatuPolitikagintzan 1996ko irailean hasi zen, independente moduan baina UPNren eskutik, Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Saileko kontseilari izendatu zutenean, Miguel Sanz Sesma buru zuen Gobernuan. Kargu horretan Nafarroako Gobernuan parte hartu duen lehen emakumea izan zen.[2]
Iruñeko alkatea
aldatuHurrengo hauteskunderako, 1999an, UPNko Iruñeko zerrendaren buruan kokatu zen, nahiz eta 2000 arte alderdira ez afiliatu. Iruñeko alkatetza lortu duen lehendabiziko emakumea izan da. 2003ko hauteskundeetan, polemikak polemika, berriro irabazi zuen, gehiengo osoa lortzeko zinegotzi bat falta bazitzaion ere. CDNrekin batera osatu zuen gobernua 2007 arte.
2007ko hauteskundeetan zinegotzi kopuru berbera lortu zuen baina CDNk bere bi karguak galdu zituen. Hala ere, boterean segitu zuen 2007-2011 legegintzaldian, PSNren abstentzioari esker, horiek Uxue Barkos (Nafarroa Bai) alkate izan zedin eragotzi zutelako EAE-ANVrekin batera ez bozkatzearren.
Alkate kargu medio, Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioko Batzorde Betearazleko batzordekidea izan da eta Kontseilu Federaleko kidea. Halaber, Udalerri arteko Lankidetzako Iberoamerikako Erakundeko (OICI) eta Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen Erakundeko (IULA-FMCU) kidea izan da.[2]
2009ko apirilaren 19an, UPNko lehendakari hautatu zuten.
Nafarroa Garaiko lehendakaria
aldatu2011ko maiatzean hauteskundeak egin ziren Nafarroako Parlamenturako. UPN alderdirik bozkatuena izan zen eta 19 eserleku erdietsi zituen, aurrekoan baino 3 gutxiago. PPk, 1987z geroztik bere izenarekin aurkezten zen lehendabiziko aldian, 4 lortu zituen. Emaitza horien ondorioz, UPNk eta PSNk gobernu hitzarmena adostu zuten, eta Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari izendatu zuten, PSNko Roberto Jimenez lehendakariorde zuela. Kargu hori eskuratu zuen lehendabiziko emakumea da Yolanda Barcina.
2011ko urrian, Tolosa Okzitaniako bilkura ofizial batean hiru tarta bota zizkioten aurpegira, AHTaren aurkako protesta ekintza batean.
2012ko ekainaren 14an, Yolanda Barcinak Roberto Jimenez lehendakariordea gobernutik egotzi zuen, leialtasunik gabe jokatu zuela leporatuta.[3] Berehala, PSNko bi kontseilariek (Anai Astiz eta Elena Torres) dimititu zuten. Gobernu hitzarmena modu horretan hautsita, UPNk ez zuen behar adina eserleku Parlamentuan legerik aurrera eramateko. Hartara, 2013ko aurrekontuak 2012tik luzatu ziren.
Testuinguru horretan, CANeko dieten eskandalua zabaldu zen. 2013ko martxoan jakinarazi zen Yolanda Barcinak eta Miguel Sanzek, besteak beste, 2010eko abuztutik 2011ko ekainera arte dieta bikoitzak kobratu zituztela egun berean CANeko Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean, bi bileraren artean tarte bat utzita. Eskandalua dela eta, Yolanda Barcinak adierazi zuen dietak itzuliko zituela[4] eta Parlamentuak dimititzeko eskatu zion martxoaren 11n.[5]
Barcinak ez zuen dimititu. Handik egun batzuetara (martxoaren 17an) UPNk egin zuen IX. Batzarrean, Alberto Catalan presidenteordearekin lehiatu zen Yolanda Barcina alderdiko presidentetza lortzeko, aurreko asteetan hautagaitza bakarra aurkezteko ahaleginek porrot egin ondoan. Eskandalua gorabehera, Barcina atera zen garaile tarte txiki bati esker.[6]
2014ko azaroaren 10ean, Yolanda Barcinak adierazi zuen ez zela berriz izango Nafarroako gobernuko presidentea. Uko egin zion 2015eko foru hauteskundeetan UPNren zerrendaburua izateari.[7][8]
Enpresa handi bateko aholkulari
aldatuLehendakari kargua uztearekin batera, politikagintza profesionala ere utzi zuen, eta gaur egun Telefónicaren esku dagoen enpresa batentzat lan egiten du.[1]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b «Telefonicara doa Barcina», Berria, 2015-10-14.
- ↑ a b c Nafarroako Webgunea: Yolanda Barcina Anguloren profila, 2012-02-08an ikusia
- ↑ http://www.diariodenavarra.es/noticias/navarra/mas_navarra/2012/06/15/barcina_destituye_jimenez_83706_2061.html
- ↑ lahttp://paperekoa.berria.info/harian/2013-03-12/002/001/barcina_inoiz_baino_estuago.htm
- ↑ https://web.archive.org/web/20230212104932/https://www.berria.eus/albisteak/76851/barcinaren-dimisioa-eskatu-du-nafarroako-parlamentuak.htm/
- ↑ https://web.archive.org/web/20130322042557/http://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/1288238/upnren-kongresua--barcina-eta-catalan-aurrez-aurre/
- ↑ «Yolanda Barcina ez da berriz izango Nafarroako gobernuko presidentea», EITB, 2014-11-10
- ↑ Jokin Sagarzazu: «Amore eman du», Berria, 2014-11-11.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu
Aurrekoa Javier Chourraut (CDN) |
Iruñeko Alkatea 1999 – 2011 |
Ondorengoa Enrique Maya (UPN) |