Aristipo
Aristipo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Zirene, K.a. 435 |
Heriotza | Zirene, K.a. 355 (79/80 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Irakaslea(k) | Sokrates |
Ikaslea(k) | ikusi
|
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa |
Influentziak | Sokrates |
Mugimendua | Zirenaikoak |
Aristipo Zirenekoa (antzinako grezieraz: Ἀρίστιππος ὁ Κυρηναῖος; K.a. 435 inguruan - K.a. 356 inguruan) Greziako filosofoa izan zen. Zirenen jaio zen, Afrika iparraldeko greziar kolonia batean.
Aristipo, Sokratesen jarraitzailea izan zen, eta filosofia eskola zirenaikoaren sortzailetzat edo inspiratzailetzat hartzen da. Greziar beste pentsalari etiko batzuk bezala, Aristiporen etika, "xedea" zein den galdetzean zentratzen da, hau da, zein helburutara apuntatzen duten gure ekintzek eta zer den berez baliotsua.
Aristipok plazer gisa identifikatu zuen xedea. Plazeraren amaiera bezala identifikazio honek Aristipo filosofo hedonista bihurtzen du. Bere pentsamenduak Epikuroren obran izan zuen eragina, lorategiko filosofoak aitortu ez bazuen ere, garrantzitsua izan zen, baita Eszeptizismoan ere. Aristipok desiragarritzat deskribatzen dituen plazer gehienek asetze sentsualarekin dute zerikusia, hala nola kortesanekin lo egitearekin eta janari eta ardo onaz gozatzearekin. Irakatsi zuen ez ditugula geroratu behar orainaldian lor ditzakegun plazerak etorkizuneko plazerren onerako.
Prest zegoen bere garaiko konbentzio sozialak hausteko eta esperientzia atseginak lortze aldera iraingarritzat jotzen ziren portaeretan parte hartzeko. Probokazio modu hori keinu filosofikoen bidez ezarritako ordena sozial eta moralaren desafio gisa ere uler daiteke. Bere garaiko beste filosofo sokratiko baten praktika bat, Diogenes Sinopekoa.
Bizitza
Aristipo, Aritadesen semea, Zirenen jaio zen, K. a. 435ean, gutxi gorabehera. Greziara joan zen Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, non Isomako atletari Sokratesi buruz galdetu zion. Honek eman zion deskribapenagatik, Sokrates ikusteko hain desio sutsua sortu zitzaion, non Atenasera joan baitzen asmo horrekin, eta berarekin egon baitzen Sokrates K.a. 399an exekutatu zuten arte.
Aristipo, Sokratesen dizipulu edo jarraitzaileetako bat izan zen. Maisuaren irakaspenak forma ezberdin eta are bateraezinetan garatu zituzten pentsalari talde anitza eta heterogeneoaren bat da Aristipo. Luxuz bizi izan zen, pozik zegoen sentsualki gogobetetzea eta kortesana (prostituta) ezagunen konpainia bilatzeaz. Bere irakaspenengatik ere dirua jasotzen zuen, Sokratesen lehen dizipulua izan zena (ondoren Sofistek ere egin zuten). Bere bizitzaren zati bat Dionisio I.a Sirakusakoa edo Dionisio Gaztearen (Dioniso I.aren semea) gortean pasa zuen.
Diogenes Laerzio eta beste iturri zahar batzuei esker, Aristiporen bizitzaren pasarte batzuk ezagutzen dira[1]. Dionisio I.aren jauregira lehen aldiz iritsi zenean, Dionisiok galdetu zion zer egiten ari zen han, eta, ustez, zera esan zuen: "Jakinduria nahi nuenean Sokratesengana joan nintzen; baina orain, dirua nahi dudanean, zugana etorri naiz". Platon Dionisio Gaztea bere Errege Filosofo bihurtzen saiatu zen, eta porrot egin zuen, eta, beraz, Aristipok errege horri zerbitzatuko balio, Platonek Aristiporekiko zuen etsaitasuna are gehiago esplikatuko luke, beste faktore batzuen artean.
Aristipok bere jaioterrian igaro zuen zahartzaroa, luxuzko eta plazerezko bizitza baten ondoren, eta bertan hil zen. Bere alabak Arete Zirenekoak[2], aita hil ondoren, berak sortutako eskola zirenaikoa zuzendu zuen.
Pentsamendua
Aristiporen filosofia etika praktikoaren inguruko auzi sokratikoan zentratzen da: zer da ona eta nola lortu? Nahiz eta ez dagoen testu idatzirik (ez dago argi obra filosofikorik idaztera iritsi ote zen), Aristiporen bizitzako pasadizoen testigantzak, jatorrian sokratikoa izan zen baina bere maisuarengandik dezente aldendu zen, jakintza praktiko baten ingeradak marrazteko aukera ematen digu[3].
Gizakiek "on" edo "txar" izendatzen dituzten balioak plazerrera eta minera parekatuak dira; autosatisfakzioa, orduan, on handia da, eta norberaren burua kontrolatzea, aldiz, plazer jakin baten aurrean, txarra litzateke. Hala eta guztiz ere, Aristipok esan zuen plazera dakarten gauzez jabetzea ezinezkoa dela.
Diogenes Laercioren arabera, Aristipo Lais izeneko maitale oso garesti bat mantentzeagatik kritikatua izan zenean, berak erantzun zuen: "Lais daukat, ez berak ni. Izan ere, bere buruari eustea eta plazeretatik herrestatzen ez uztea laudagarria da, baina ez erabat kentzea". Ez zegoen ezer txarrik, orduan, gozatu nahi zenarekin gozatzearekin, baldin eta norberak gauza edo pertsona horren azken balioa ezagutzen bazuen eta balio hori norberaren askatasun pertsonalarekin nahasten ez bazuen. Aristiporen iritziz, batek ez du inoiz bere askatasuna ezeren truke aldatu behar. Nork bere burua zaintzea eta autosatisfakzioa, orduan, norberaren askatasun pertsonala mantentzeko balio berekoak izan ziren, bizitzan ongia jazartzen zen bitartean: plazera.[4]
Aristiporentzat Zoriona plazera da; zenbat eta plazer gehiago, orduan eta zoriontasun handiagoa; eta plazerik handiena sentigarria denez, horixe da bilatu behar dena. Sentimenezko atseginaren barruan, oraingo atsegina (pathos paroia) bakarrik interesatzen da, etorkizunaz kezkatu beharrik gabe, hau zalantzazkoa baita. Zuhurtzia (Sofrosine) da plazeraren bilaketan gidatzen duena, egokiena aukeratzen jakiteko; baina gizakia ez da plazerak menderatu behar, hura menderatzen jakin baizik.
Aristipok aberastasuna onartzen du plazerrerako bitarteko gisa, eta prostituzioa ere onartzen zuen. Halako batean, Diogenes Zinopekoak, belar batzuk garbitzen ari zela, zera esan zion Aristipori: "Janari hau prestatzen ikasi izan bazenu, ez zenituzke tiranoen jauregiak eskatuko". Aristipok erantzun zion: "Eta zuk gizonekin tratatzen jakingo bazenu, ez zinateke belarrak garbitzen ariko".[1]
Pasadizoak
Aristiporen pentsamendua ezagutzeko ezinbesteko iturria dira Diogenes Laerziok Filosofoen bizitzak edo Filosofo argien bizitzak (grezieraz, φιλóσοφoι Βίοι) lanean eskaintzen dituen pasadizoak eta bizi kontakizunak[5]. Nahiz eta egia den ezin dela horien guztien egiazkotasuna baieztatu, ezta kontakizunaren fideltasuna ere (greziar filosofoen bizitzatik mende batzuetara idatzi zena, hauen bizitzak kontatzen dituelarik), kasu honetan, Aristiporen filosofia praktikoari buruzko ideia bat egiteko egokiak dira.
Aristipo Zirenekoa filosofo urduria, probokatzailea eta heterodoxoa izan zen, ikusi dugun bezala. Bere bizitzaren eta obraren eragina (alderdi hauek bereiz badaitezke) nabarmena izan zen, baita bere belaunaldiko kideekin, Sokratesen ikasleekin edo jarraitzaileekin izandako polemikak ere. Platonek eta bere jarraitzaileek gogor kritikatu zuten (eta batzuetan isilarazi ere bai), Aristipok doktrina platonikoaren alderdi garrantzitsuak zalantzan jarri omen zituelako. "Tratu txar" horri buruz ari da Laerzio bere obraren pasarteetako batean, non Aristiporen zirkunstantzietara egokitzeko gaitasuna ere nabarmentzen den:
"Teodorok ere gaizki tratatzen du "Sektez" liburuan, eta Platonek gauza bera egiten du "Arimaz" liburuan, beste idatzi batzuetan esan genuen bezala. Bere jeinua tokira, denborara eta pertsonengana egokitzen zen, eta bazekien komenientzia-arrazoi guztiak simulatzen. Horregatik, Dionisiori besteak baino gustu handiagoa ematen zion, eta gauza guztiak ongi antolatzen zituelako; izan ere, eskaintzen ziren erosotasunez gozatzen zekien arren, era berean, eskaintzen ez zirenez gabetzen zuen inolako penarik gabe".
Filosofia eta paideiari buruz
- Filosofiatik zer atera zuen galdetuta, hauxe erantzun zuen: "Guztiekin hitz egin ahal izatea beldurrik gabe"
- Korintorantz nabigatzen zuen behin, eta borraska batek astindu eta batek esan zionez: "Gu ergelak ez al gara beldur, eta zuek filosofoak dardarka?", erantzun zuen: "Kontua da ez dela bizitza bera gure eta zuen artean galtzen dena".
- Hau zioen: "Hobe da eskale izatea ezjakina baino, hura dirurik gabe baitago, baina hau gizatasunez".
- Gauza asko ikasi izanaz loriatzen zen bati esan zion: "`[...] ez da jakintsutzat hartu behar gauza asko ikasten dituena, gauza baliagarriak aztertzen dituena baizik".
- Aristipok, mutil inozoek zer ikasi behar duten galdetzean, erantzun zuen: "Zer izan behar zaien baliagarri gizonak direnean".
- Batek galdetu zion ea zertan ote zen hobe bere semea ikasiz gero, eta Aristipok erantzun zion: "Antzerkian beste harri baten gainean ez izatea besterik lortzen ez badu ere, nahikoa da".
Diruari eta aberastasunari buruz
- Dionisiok galdetu ziolarik zergatik filosofoak aberatsak bisitatzera joaten diren eta hauek ez dituzten bisitatzen, hauxe erantzun zion: "Filosofoek badakitelako zer falta zaien, baina aberatsek ez dakite".
- Batek semearen heziketa enkargatu zionean, filosofoak 500 drakma eskatu zizkion, eta honek, kopuru horrekin esklabo bat eros zezakeela esanez, Aristipok erantzun zion: "Erosi eta bi izango dituzu".
- Esaten zuenez, "bere lagunek ematen zioten dirua jasotzen zuen, ez bere onurarako, baizik eta haiek ikus zezaten nola erabili behar zen".
- Batzuek, Sokratesen dizipulu izanik, dirua jasotzen ziotenak errudun jotzen zituztelarik, honela erantzun zioten: "Eta arrazoiz egiten dut, zeren Sokratesek beti atxikitzen baitzuen batzuek bidaltzen zioten ale eta ardoaren zatiren bat, gainerakoa bidaliz. Baina nik ez dut Eutikes baino, esklabo erosia ".
- Behin nabigatzen ari zela, untzia piratena zela jakin zuenez, zeraman dirua atera eta kontatzen hasi zen. Gero itsasora erortzen utzi zuen, zoritxarrez erori zitzaiola deitoratuz. "Hobe da Aristipok dirua galtzea, diruak Aristipo galtzea baino".
- Bere hitzaldietan diru asko bildu ondoren, Sokratesek hainbeste nondik atera zuen galdetu zionean, honela erantzun zion: "Zuk hain gutxi atera zenuen tokitik".
- Dionisiorengandik diru zati bat jaso ondoren, Platonek, liburu batekin kontent, ohartarazten zion bati, erantzun zion: "Nik dirua behar dut; Platonek liburuak behar ditu".
Prostituzioari buruz
- Meretriz batekin bizi zen aurpegiratzen zuen bati erantzun zion: "Esadazu, garrantzitsua al da garai batean asko bizi izan ziren etxe bat hartzea, edo inor bizi izan ez zen etxe bat?" Eta ezetz erantzunez, jarraitu zuen: "Eta zer alde dago askok nabigatu duten ontzi batean nabigatzearen eta inork nabigatu ez duen ontzi batean nabigatzearen artean?" Bat ere ez, esan zion Aristipok: "Beraz, ez du axolarik emakume bat erabiltzeak askori edo inori zerbitzatu dion".
- Laida meretrizarekin zuen harremana, Soziok Oinordekotzen bigarren liburuan dioen bezala, eta hori leporatzen ziotenei, honela erantzun zien: "Laida dut nik, baina ez berak ni; izan ere, bere buruari eustea eta plazerretatik arrastaka ez ibiltzea miresgarria da, baina ez da guztiz haietaz gabetzea ".
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b «Los diez libros de Diógenes Laercio: Aristípo - Wikisource» es.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
- ↑ «Arete_of_Cyrene» Society_for_the_Study_of_Women_Philosophers (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
- ↑ M. Onfray filosofoak sutsuki denfendatzen du ideia hau: pasadizoek botere teoriko asko daukate filosofoaren pentsamendua ezagutu ahal izateko.
- ↑ «Aristippus of Cyrene» Ancient History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
- ↑ «Los diez libros de Diógenes Laercio: Aristípo - Wikisource» es.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
Kanpo estekak
- (Ingelesez)Ancient History Encyclopedia: https://www.ancient.eu/Aristippus_of_Cyrene/
- (Ingelesez) Internet Encyclopedia of Philosophy: https://www.iep.utm.edu/ari
- (Ingelesez) Society for the Study of Women Philosophers: http://www.societyforthestudyofwomenphilosophers.org/Women_Philosophers_Start.html