Adolf Erik Nordenskiöld
Adolf Erik Nordenskiöld (Helsinki, 1832ko azaroaren 18a - Dalbjö, 1901eko abuztuaren 12a) suediar jatorriko finlandiar esploratzailea eta naturalista izan zen[1]. Artikoa esploratu eta Zembla Berria eta Siberiako itsasaldeak ikertu zituen. Ipar-ekialdeko Pasaia itsastatu zuen lehenbizikoa izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Finlandian jaio zen baina arrazoi politikoak zirela eta, Suediara erbesteratu behar izan zuen. Irakaslea izan zen Stockholmen. 1858an eta 1861ean Artikora egindako bi espediziotan parte hartu zuen. 1864an eta 1868an Svalbard uharteetara zihoazen espedizioak antolatu zituen, bide horretatik iparburura iritsiko zelakoan; ez zen heldu baina garrantzi handiko aurkikuntza zientifikoak egin zituen. 1870ean Groenlandiako mendebaldeko kostaldea ikertu zuen. 1875ean Jenisei ibaiaren bokaleraino iritsi zen eta Europaren eta Errusiaren arteko merkataritzarako bide berri bat aurkitu zuen. Harrezkero haren helburu nagusia ipar-ekialdeko igarobidea aurkitzea izan zen. 1878an Göteborgetik irten zen Vega izeneko itsasontzian, Txeliuskin lurmuturra iragan eta Lena ibaiaren bokalera iritsi zen; Ekialdeko lurmuturra atzean utzi eta Japoniara iritsi zen. Suezko kanaletik itzuli zen Europara.
1880ean "Vega"n egindako bidaldia izeneko liburua argitaratu zuen. Faksimile-bildumak eta mapa zaharrei buruzko ikerketak ere argitaratu zituen: Facsimil Atlas (1889) eta Periphus (1897).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Nils Adolf Erik, Baron Nordenskiold 1911encyclopedia.org
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Adolf Erik Nordenskiöld |
- (Ingelesez) Baron Nils A(dolf) E(rik) Nordenskiöld (1832-1901) Pegasos