Edukira joan

Bigarren Gerra Punikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bigarren Gerra Puniko» orritik birbideratua)
Bigarren Gerra Punikoa
Gerra Punikoak
Bigarren Gerra Punikoaren gudu nagusien kokapena
DataK.a. 218 eta 201 artean
LekuaItalia, Sizilia, Hispania, Galia Zisalpina, Galia Transalpina, Afrika, Grezia
EmaitzaErromatarren garaipena
Gudulariak
Erromatar Errepublika
Etoliar Liga
Pergamo
Numidia
Kartago
Sirakusa
Mazedonia
Buruzagiak
Publius Cornelius Scipio†,
Tiberius Sempronius Longus
Publius Cornelius Scipio Africanus,
Gaius Flaminius†,
Fabius Maximus,
Claudius Marcellus†,
Lucius Aemilius Paullus†,
Gaius Terentius Varro,
Marcus Livius Salinator,
Gaius Claudius Nero,
Gnaeus Cornelius Scipio Calvus†,
Masinissa,
Marcus Minucius Rufus†,
Gnaeus Servilius Geminus
Hanibal,
Hasdrubal†,
Mago†,
Hasdrubal Gisco†, Syphax,
Hanno Zaharra†,
Hasdrubal Burusoila,
Hampsicora†,
Maharbal,
Filipo V.a

Bigarren Gerra Punikoa Kartagok eta Erromak elkarren aurka K.a. 218tik K.a. 202raino egindako gerra izan zen. Puniko izena erromatarrek eman zioten, punicus hitzak «kartagotar» esan nahi baitzuen latinez.

Lehen Gerra Punikoaren ostean, Kartagok Sizilian zeuzkan hiriak galdu egin zituen. Hori zela kausa, saiatu zen Hispanian hedatzen. Hamilkar Barkak hasita, Hasdrubalek eta Hanibalek jarraitu zioten politika honi.

K.a. 219an, Hanibalek, Sagunto, Erromako hiri aliatua, eraso zuen. Hanibalek bere aliatuak, tokiko tribuak, defenditzen ari zen. Izan ere, Saguntok aldameneko tribu horiei eraso egiten zien. Hanibalek Ebro ibaia (Erroma eta Kartagoren arteko adostutako muga) zeharkatutakoan, Erromak gerra deklaratu zion.

Gerra Italiako frontean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hanibalek ustekabean harrapatu nahi zituen erromatarrak. Horretarako, negu horretan bertan 40.000 soldadutako armada Italiara Alpeetan zehar eraman zuen. Ezinezkoa zirudiena egin zuen Hanibalek, larrutik ordainduta hala ere: udaberrian, Po ibaiaren haranean, 26.000 gizon (eta 37 gerra-elefantetik 3 baino ez) geratzen zitzaizkion.

Erromatarrek eraso zuten orduan, armada ongi osaturik ez zebilenean. Tizinio ibaiko batailan ordea Hanibalek eskuratu zuen garaipena. Publio Kornelio Eszipion kontsula larri zauriturik suertatu zen. Trebia bataila are okerragoa izan zen: erromatar armadaren heren bat hil baitzen. Honela, Italiako Iparraldea Kartagok kontrolpean izan zuen. Hanibal saiatu zen tribu zeltiarren babesa lortzen, baina askok Erromaren alde jo zuten. Baserriak erre Hanibali eman baino nahiago zuten. Hala eta guztiz ere, Hanibalek armada indartu ahal zuen, 50.000 soldadu izatera iritsiz.

Hurrengo urterako, Gaio Flaminio izendatu zuten kontsul. Honek Arretium zelada bat jarri zion Hanibali, baina kartagoarrak, jakinaren gainean, saihestu zuen zelada eta Erromara abiatu zen. Flaminiok atzetik jarraitu zion. Tasimene lakuko batailan erabateko porrota jaso zuen Erromako armadak. Hanibalek orduan, Erroma eraso ordez, jeneralek aholkatzen zioten bezala, hegoaldera jo zuen, Erdi Italian babesik ez zuelako eta hegoaldeko greziarrak matxinatzea nahi zuelako.

Erroman, Fabio Maximo zaharra diktadore izendatu zuten. Batailetan borrokatu beharrean, Hanibalen hornikuntzak etetea hobestu zuen. Hori zela eta, soroak eta baserriak birrindu zituen. Politika hori gaitseztuta, erromatarrek Fabioren lekuan beste bi kontsul jarri zituzten, zeinek Hanibal berehala menderatuko zutela agindu zuten. Inoizko armadarik handiena bilduta (50.000 soldadukoa) Hanibali Cannaeko guduan aurre egin zioten. Ondorioa erromatarren erabateko suntsipena izan zen. 16.000 soldadu erromatar baino ez omen ziren bizirik atera. Erromatarrek, etsiturik, giza-sakrifizioak berreskuratu zituzten (haren historian zehar azkenak), jainkoen babesa lortzeagatik.

Bataila horrek Hanibalek nahi zuen matxinadak eragin zituen. Hurrengo hiru urteetan Kapua, Sirakusa eta Tarento hiriek haren alde egin zuten. Mazedoniak ere gerra deklaratu zion Erromari, baina mazedoniarren armada ezin izan zuen Italiara igaro.

Erroman, Fabio Maximo kontsul izendaturik, haren irizpideei jarraitu zitzaien. Italiako frontean, gainerako urteetan buruz buruko batailak saihestu zituzten.

Gerra Hispaniako frontean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bigarren gerra punikoaren hasierako egoera.

Bitartean, erromatarrek gerra Hispaniara eraman zuten. Pixkanaka, Erromak kostaldea menderatu ahal izan zuen, eta, K.a. 211an, Sagunto ere bai. Honi esker, kartagotarrek laguntza eta errefortzuak Hispaniara, eta ez Italiara, bidali behar zituzten.

Erromak Kapua eta Sirakusa ere menderatu zuen. Bigarrenean, Arkimedesek asmatutako defentsa sistemarengatik, sitioak urtebetea iraun behar izan zuen.

Hanibalen anaiak, Hasdrubalek, Betis ibaian Erromako armada garaitu zuen, erromatarren buruak, Publio eta Gneo Eszipion anaiak hilik suertatuz. Hala ere, ezin izan zuen erromatarren armada Hispaniatik bota. Hurrengo urtean, Publioren semea, Publio Kornelio Eszipion izenekoa ere, kontsul izendatuta (zilegizko adina ez bazuen ere), Hispaniara bidali zuten. Honek zuzenetik Kartagok Hispanian zuen hiri garrantzitsuena, Kartago Nova, eraso zuen, eta K.a. 209an, konkistatu. Hasdrubal, Hispania galdutzat jota, Italiara joan zen anaia laguntzera. Erromatarrek kartagotarren etorrera aurreikusirik, garaitu zituzten Metauro ibaiko batailan (K.a. 207an). Hispanian geratzen ziren Kartagoko armada apurrak hurrengo urtean menderatu zituzten, eta Hispania Erromako probintzia bihurtu zen.

Gerra Afrikako frontean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromara bueltatzerakoan, heroi handi baten harrera jaso zuen Eszipionek. K.a. 205ean kontsul izendaturik, Kartago bera erasotzea erabaki zuen. Afrikan, numidiarren babesa eskuratu zuen, Kartagoko agindua arbuiatzen zuten eta.

Hanibal Italiatik abiatu zen Eszipionen armadari aurre egiteko. Zama batailan (K.a. 202an) Eszipion atera zen garaile. Kartagok bakea eskatu behar izan zuen. Eszipionek Afrikano goitizen irabazi zuen honela.

Gerraren amaiera ez zen aho batez txalotu. Batzuek uste zuten Kartagok, erabat birrindu ezean, Erroma mehatxatzeko indarra berreskuratuko lukeela. Hala ere, gerra ordainketa gogorrak pagatu behar izan zituen Kartagok. Haren itsas armada 10 ontzira murriztu zen, piratei aurre egin ahal izateko. Erroma, ordea, indartsuago atera zen gerratik.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]