Edukira joan

Druzo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Druzoak» orritik birbideratua)
Druzoak
موحدّون دروز
Biztanleak guztira
800.000 - 2.000.000
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
 Siria: 500.000[1]-800.000[2]

 Libano: 220.000[3]

 Israel: 140.000[4]
Hizkuntza
Arabiera (jatorrizkoa)
Hebreera (Israelen)
Erlijioa
Zerikusia duten beste giza taldeak

Druzoak (arabieraz: درزي, derzī edo durzī, plurala دروز, durūz, hebreeraz: דרוזי druzim) edo drusoak[5] komunitate erlijioso monoteista bateko kideak dira, batez ere Siria, Libano, Israel eta Jordanian bizi direnak. Talde hori XI. mendean sortu zen, ismailismotik bereizita.

Druzoek sineste eklektiko multzo bat dute, abrahamen erlijioetatik, gnostizismotik, neoplatonismotik eta beste filosofia batzuetatik atera dituztenak. Beren buruari Ahl al-Tawhid (unitarianismo edo monoteismoaren herria) edo al-Muwaḥḥidūn (unitaristak edo monoteistak) izena ematen diote; izan ere, erlijioaren izen osoa al-Muwaḥḥidūn al Durūz («druzo unitarioa») da.

Jatorriz, mugimendu ismaildar xiitatik bereiziriko talde bateko kideak ziren drusoak. XI. mendeko bi misiolarik sortu zuten sekta: Muhammad ibn Ismael al-Darazi (druso duruz hitz arabiarretik dator eta duruz, darazi horren plurala da, daraziarrak beraz) eta Hamza ibn’Ali ibn Ahmad. Dotrina horretako oinarriak mesianismotik, gnostizismotik eta neoplatonismotik hartu zituzten. Jainkoa gizon egitean eta metenpsikosian (arima bera gorputz desberdinetan bizi daitekeela dioen dotrina) sinesten dute. Drusoen arabera, siniste islamdarrak beren mendeko sunitei ezarri nahi izan zien Al-Hakim fatimatar kalifa (996-1021) izan zen azken jainkozko gizona edo maqam. Herri honetako kideen ustez Al-Hakim ez zen hil, desagertu baizik, eta egunen batean hura urrezko aro bat inauguratzera etorriko den sinestea dute[5].

Musulman ortodoxoek Egiptotik egotzirik, Siriara jo zuten (1017. urtea, drusoen aroaren hasiera). Hego Sirian egokitu ziren, Hauran mendietan (geroko Jabal al-Druze) XIX. mendetik aurrera. Zapalkuntza gogorra pairatu behar izan bazuten ere, bizirik iraun zuten Taqiyah («ezkutatzea») hastapenari esker. Honen arabera, drusoek ez dute aitortu behar beren sinestea giro arrotzean edo etsai giroan daudenean. Drusoen artean, jakintsuek (Uqqal) baizik ezin dituzte liburu sakratuak erabili.

Soldadu drusoak 1925ean, Sultan Pasha al-Atrashekin gudura joateko prest.

Historian zehar drusoak gurutzatu kristauen, turko otomandarren (XVII. mendean menderatu zituzten otomandarrek), kristau maroniten (1860. urtean triskantza handiak egin zituzten drusoek maroniten artean) eta frantsesen aurka (1925-1926) borrokatu ziren. Sirian nolabaiteko autonomia erdietsi zuten eta ordezkari bereziak aukeratzen dituzte parlamenturako.

1975. urtetik aurrera, drusoak parte hartzen hasi ziren Libanoko Gerra Zibilean, Alderdi sozialista aurrerazalea zutela buru. Hasieran kristau maroniten nagusitasun politikoaren aurka borrokatu ziren eta, beraz, palestinarren alde. 1983. urtetik aurrera, Siriaren laguntza zuten drusoak palestinarren aurka jarri ziren eta maronitak egotzi zituzten Xuf-eko mendietatik, gudu odoltsu bortitzen ondoren. 1984. urtean, Walid Jumblatten milizia drusoak eta xiitak Beiruten sartu ziren, nazioarteko gudarosteek alde egin ondoren. Libanoko bakerako hitzarmenean parte hartu zuten eta arabiarren eta kristauen arteko koalizio gobernuko kide bihurtu ziren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Syria - International Religious Freedom Report 2006. in: U.S. Department of State. state.gov (Noiz kontsultatua: 2016-7-18).
  2. The Economist, 390 (8618–8624). 2014. (Noiz kontsultatua: 2016-7-18).
  3. Lebanon - International Religious Freedom Report 2008. in: U.S. Department of State. state.gov (Noiz kontsultatua: 2016-7-18).
  4. Palestinians say they number 12.1 million worldwide. in: The Times od Israel. timesofisrael.com (Noiz kontsultatua: 2016-7-18).
  5. a b Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Druso. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]