Edukira joan

Europa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau Europa kontinenteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Europa (argipena)».
Europa
Azalera10.180.000 km²
Biztanleria739.165.030 bizt. (2011, 3.a)
Biztanle-dentsitatea72,5 bizt/km²
Jentilizioeuropar
Herrialdeak50
Hizkuntzakaleman, frantses, ingeles, errusiera eta beste asko
Ordu-eremuakUTC-UTC+6
Interneteko TLD.eu (Europar Batasuna)
Hiri nagusiakIstanbul, Mosku, Londres, San Petersburgo, Berlin

Europa Ipar hemisferioan eta, batez ere, ekialdeko hemisferioan dagoen kontinente bat da. Iparraldean Ozeano Artikoa, mendebaldean Ozeano Atlantikoa, hegoaldean Mediterraneo itsasoa eta ekialdean Asia ditu mugakide. Europa Asiatik Ural mendiek, Ural ibaiak, Kaspiar itsasoak, Kaukaso Handiak, Itsaso Beltzak eta Turkiar itsasarteek banatzen dutela esaten da[1]. Muga honen zati bat lehorrekoa den arren, Europari kontinente osoaren estatusa ematen zaio bere tamaina fisikoagatik eta historiaren eta tradizioaren pisuagatik.

Europak 10.180.000 kilometro karratu hartzen ditu, edo lurrazalaren % 2 (lur lehorraren % 6,8), eta horrek seigarren kontinente handiena bihurtzen du. Politikoki, Europa berrogeita hamar estatu subiranotan banatuta dago, horietatik Errusiar Federazioa handiena eta populatuena delarik, kontinentearen azalreraren %39 eta bere biztanleriaren %15 hartzen duelarik. Europak, guztira, 741 milioi biztanle zituen (munduko biztanleriaren % 11 inguru) 2018an. Europako klimari neurri handi batean eragiten diote Atlantikoko korronte beroek, kontinentearen zati handi batean neguak eta udak arintzen baitituzte, baita Asia eta Ipar Amerikako klima latza den latitudeetan ere. Itsasotik haratago, urtaroen arteko aldeak kostaldetik gertu baino nabarmenagoak dira.

Europako kulturak nagusitasuna edo pribilegioa izan du, sarritan "eurozentrismoa" deitua, sistema-mundu modernoaren eraketan, bai konkista militarraren bidez, bai beste menderatze-modu batzuen bidez. Europar kultura mendebaldeko zibilizazioaren sustraia da, honen jatorria Antzinako Grezia eta Antzinako Erroman dagoelarik. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorketa 476an eta ondorengo Migrazioaren Garaiak, Europako antzinako historiaren amaiera eta Erdi Aroaren hasiera markatu zuten. Humanismo errenazentistak, esplorazioak, arteak eta zientziak Aro Modernoa ekarri zuten. Portugaldar eta Espainiar inperioek hasitako Aurkikuntzen Arotik, Europak paper garrantzitsua jokatu zuen munduko gaietan. XVI. eta XX. mendeen artean, Europako potentziek behin baino gehiagotan kolonizatu zituzten Amerikak, ia Afrika eta Ozeania osoa, eta Asiako gehiengoa.

Argien Mendeak, ondorengo Frantziako Iraultzak eta Napoleondar Gerrek kontinenteari forma eman zioten XVII. mendearen amaieratik XIX. mendearen lehen erdialdera arte, ikuspuntu kultural, politiko eta ekonomikotik. Industria Iraultza Britainia Handian hasi zen XVIII. mendearen amaieran, eta aldaketa ekonomiko, kultural eta sozial erradikala eragin zuen mendebaldeko Europan eta, denborarekin, mundu osoan. Bi mundu gerraren guda gehienak Europan gertatu ziren, XX. mendearen erdialdean mendebaldeko Europaren nagusitasuna murrizten lagundu zuena, Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak protagonismoa hartzen joan ziren heinean. Gerra Hotzaren garaian, Europa banatuta egon zen Altzairuzko oihalan, mendebaldean NATOren eta ekialdean Varsoviako Itunaren artean, 1989ko iraultzak eta Berlingo Harresiaren erorketa arte.

1949an Europako Kontseilua sortu zen Europa bateratzeko asmoz, helburu komunak lortzeko. Estatu batzuen integrazio europarrak Europar Batasuna (EB) eratzea ekarri zuen, konfederazio baten eta federazio baten artean dagoen entitate politiko banandua. Europar Batasuna mendebaldeko Europan sortu zen, baina 1991n Sobietar Batasuna erori zenetik ekialderantz hedatu da. Europar Batasuneko herrialde gehienen moneta, euroa, europarren artean gehien erabiltzen dena da; eta EBko Schengen eremuak estatu kide gehienen arteko mugako eta immigrazioko kontrolak ezabatzen ditu. Europar Batasuna kontinentearen zati handi bat hartzen duen superfederazio bakar baterantz eboluzionatzen laguntzen duen mugimendu politiko bat dago.

Europaren estatua, Plazzo Ferrerian, Malta.

Greziar mitologian Europa (antzinako grezieraz: Εὐρώπη Eurṓpē) feniziar printzesa bat zen. Europa hitza bere izenetik eratortzen da. Izenak εὐρύς (eurús), "zabala"[2] eta ὤψ (ōps, gen. ὠπός, ōpós) "begi, aurpegi"[3] elementuak ditu, beraz Eurṓpē hitzak "begirada-irekia" edo "aspektu zabala" bezalako zerbait esan nahiko luke. "Zabala" kontzeptua Lurraren epiteto bat izan da berreraikitako aitzinindoeuropar mitologian eta berari eskainitako poesian[4].

Saiakerak egon dira Eurṓpē hitzari jatorri semita emateko, "mendebaldea" esanahiarekin, eta hau akadierako ereburekin "behera joan, jarri" (Eguzkiarekin lotuta) edo fenizierako 'ereb "arratsa, mendebaldea"[5], arabierako Maghreb eta hebreerako ma'arav hitzen jatorria dena. Michael A. Barry Princeton Unibetsitateko irakasleak Ereb hitzaren mentzioa aurkitu du asiriar estela batean, "gaua, ilunabar[reko herrialdea]" esanahiarekin, Asurekin kontrajarriz "egunsentia[ren herrialdea]", hau da, Asia. Eredu bera agertzen da izendapenean greziar konbentzio kartografikoan: Ἀνατολή (Anatolḗ "[eguzkia] irtetzea", "ekialdea", eta hortik Anatolia)[6]. Martin Litchfield Westen arabera "fonologikoki, Europaren izena eta edozein hitz semitikoren arteko lotura oso pobrea da". Hipotesi hauetatik gertu dago aitzinindoeuroperako *h1regʷos, zeinetatik eratorri zen grezierako Erebus.

Munduko hizkuntza gehienek Eurṓpē edo Europatik eratorritako hitz bat erabiltzen dute kontinentea izendatzeko. Txineraz, adibidez, Ōuzhōu (歐洲/欧洲) esaten da; txineratik eratorritako Ōshū (欧州) erabiltzen da japonieraz, adibidez Ōshū Rengō (欧州連合) Europar Batasuna izendatzeko, nahiz eta katakanako Yōroppa (ヨーロッパ) den ohikoena. Hizkuntza turkiko batzuetan jatorrizko persierako izenaren eratorpena erabiltzen da, Frangistan ("frankoen lurraldea"). Hala ere, izendapen ofizialetan ohikoagoa da Avrupa edo Evropa[7].

Sakontzeko, irakurri: «Europako historia»

Historiaurrea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Santimamiñeko margoak, orain dela 13.000 urte ingurukoak

Europan aurkitutako lehenengo hominidoa Georgian aurkitutako Homo erectus georgicus izan zen, orain dela 1,8 milioi urte inguru bertan bizi zena[8]. Espainiako Atapuercan beste giza aztarna batzuk ere aurkitu dira, orain dela milioi urte ingurukoak. Aurkitzaileek Homo antecessor izena eman diete fosil hauei[9]. Neandertaleko gizakia Europan orain dela 230.000 urte inguru agertu zen[10], eta laster hedatu zen kontinente osoan zehar. Erregistro fosiletik orain dela 30.000 urte inguru desagertu ziren, Iberiar penintsulako hegoaldean[11]. Neanderthalek milaka urte eman zituzten Cro-Magnongo gizakiarekin, Europan orain dela 43.000 eta 40.000 urte artean agertu zena, tartean Isturitzen, Nafarroa Beherea[12][13].

Europako Neolitoa, nekazaritza eta abeltzaintza ekarri, herri-sedentarioen kopurua handitu eta eltzegintza ekarri zuen iraultza, orain dela 9.000 urte inguru hasi zen Grezian eta Balkanetan, ziurrenik Ekialde Hurbileko Anatoliatik eragina[14]. Balkanetatik hedatu zen Danubioan eta Rhinean zehar (Banden eltze kultura) eta Mediterraneoko kostan zehar (Kardial kultura). K.a. 4500 eta 3000 urteen artean Neolitoa mendebalderantz eta iparralderantz hedatu zen, kobrezko gailuak egiteko teknologia berria zabalduz. Mendebaldeko Europako Neolitoan ez ziren nekazaritza herri handiak garatu, baina bai itxiturak, tumuluak eta megalitoak[15]. Eltze kordadunen kultura Neolitoaren amaieran eta Kalkolitikoaren hasieran hedatu zen. Garai honetan tenplu megalitiko erraldoiak egin ziren, adibidez Maltako tenplu megalitikoak edo Stonehenge garai honetan eraiki ziren Europako mendebalde eta hegoaldean[16].

Brontze Aroa K.a. 3200.aren inguruan hasi zen Grezian, Kretako Minoar zibilizazioarekin, Europako lehen zibilizazio aurreratua[17]. Minoarren ostean Mizenastar zibilizazioa etorri zen, K.a. 1200 inguruan desagertu zena, Europako Burdin Aroa piztuz[18]. Burdin Aroko kolonizazio nagusiak greziarrek eta feniziarrek egin zituzten, Mediterraneoko hiriak sortuz. Italian eta Grezian K.a. VIII. mendearen inguruan sortu ziren hiriek Antzinaro Klasikoari bidea ireki zioten, askotan Antzinaroko Olinpiar Jokoen hasierarekin irekitzen dena, K.a. 776. urtean[19].

Sakontzeko, irakurri: «Antzinate klasikoa», «Antzinako Grezia» eta «Antzinako Erroma»
Atenasko Partenoia.

Antzinako Grezia Mendebaldeko zibilizazioaren sortzailea izan zen. Mendebaldeko demokraziak eta arrazionalismoa askotan egozten zaizkio Antzinako Greziari. Greziako hiri-estatua, polisa, Grezia klasikoko unitate politiko funtsezkoa zen[20]. K.a. 508. urtean Klistenes Atenaskoak munduko lehen gobernu sistema demokratikoa sortu zuen Atenasen[21]. Greziako ideal politikoak XVIII. mendeko filosofoek eta idealistek berraurkitu zituzten. Antzinako Greziaren ondare kulturala oso handia da: filosofia, humanismoa eta arrazionalismoa Aristoteles, Sokrates eta Platon; historian, Herodoto eta Tuzidides; bertso dramatiko eta narratiboan, Homeroren poema epikoak; draman Sofokles eta Euripidesekin, medikuntzan Hipokrates eta Galenorekin; eta zientzian Pitagoras, Euklides eta Arkimedes[22][23]. K.a. V. mendean Greziako hiri-estatuetako batzuek elkarrekin egin zioten aurre Akemenestar Inperioari Mediar Gerretan, munduaren historiako gertakari garrantzitsuenetako bat[24]. Ondoren, 50 urteko bake egonkorra egon zen, Periklesen Mendea deitzen zaion garaia, Mendebaldeko zibilizazioaren fundaziorako unerik garrantzitsuenetako bat.

Greziaren ostean Antzinako Erroma etorri zen, erromatar zuzenbidean, politikan, hizkuntzan, ingeniaritzan, arkitekturan, gobernuan eta mendebaldeko zibilizazioaren beste eremu askotan eragin zuzena izan zuena[20]. Italiatik abiatuta, K.a. III. mendetik aurrera erromatarrak hedatzen joan ziren, milurtekoaren aldaketarekin batera Europako mendebaldea eta Mediterraneo osoa kontrolpean izan arte. Erromako Errepublika K.a. 27. urtean amaitu zen, Zesar Augustok Erromako Inperioa aldarrikatu zuenean. Hurrengo bi mendeetan pax romana gisa ezagutzen dena hedatu zen, bake, oparotasun eta egonkortasun politiko handiko denbora, Europako leku gehienetan[25].

Inperioa oraindik gehiago hedatu zen, Antonio Pio eta Marko Aurelio enperadoreen gobernupean, denbora luzez iparraldeko mugan zeuden germaniar, pikto eta eskoziarren aurka[26]. Inperioaren gainbehera III. mendean hasi zen, bereziki mendebaldean. Konstantino I.ak Kristautasuna legaleztatu zuen 313. urtean, hiru mendetako jazarpenaren ondoren. Konstantinok hiriburua Erromatik Bizantziora mugitu zuen, 330etik aurrera Konstantinopla izena hartu zuen hiria. Kristautasuna erlijio ofizial bakarra bilakatu zen 380ean, eta 391-392an Teodosiok paganismoa debekatu zuen[27]. Autore batzuek Antzinaroa une horretan amaitzen dela uste dute; alternatiba gisa, 476. urtean Mendebaldeko Erromako Inperioaren erorketan ezarri ohi da garaiaren amaiera gisa, 529an Atenasko Akademiaren itxieran[28] edo Islamaren sorreran VII. mendean.

Goi Erdi Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europa 650. urte inguruan.
Sakontzeko, irakurri: «Goi Erdi Aroa» eta «Antzinaro Berantiarra»

Antzinako Erromaren gainbeheran zehar, Europan Migrazioen Garaia deitu izan den epe bat ireki zen. Inbasio eta migrazio ugari izan ziren garai honetan, tartean ostrogodoak, bisigodoak, godoak, bandaloak, hunoak, frankoak, angloak, saxoiak, eslaviarrak, abaroak eta bulgariarrak; beranduago iritsi ziren bikingoak, petxenegoak, kumandarrak eta hungariarrak. Berpizkundeko pentsalariek, adibidez Petrarkak, garai hari Garai Iluna izena eman zioten. Garai hartan, monasterio bakartuetan baizik ez zen bildu eta gorde aurretiko ezagutza guztia; garai hartako oso idazki gutxi gorde dira, eta garai klasikoko pentsalarien literatura, filosofia, matematika eta beste lan asko galdu ziren; aitzitik, Bizantziar Inperioan gorde ziren.[29]

Erromako inperioa desagertzen joan zen mendebaldean, baina Erromatar tradizioak eta Erromako estatuak aurrera jarraitu zuen greziera hitz egiten zuen Ekialdeko Erromatar Inperioan, Bizantziar Inperio izenarekin. Bere existentziaren zatirik handienean, Bizantziar Inperioa izan zen Europako potentzia ekonomiko, kultural eta militarra. Justiniano I.aak Konstantinoplan agindu zuen bere lehen urrezko aroan: Justinianoren Kodea ezarri zuen, gaur egungo lege-sistema askoren oinarria, Hagia Sophiaren eraikuntza ordaindu zuen eta Kristau eliza estatuaren kontrolpean ezarri zuen[30].

VII. mendetik aurrera Bizantziarrak eta euren mugakide zen Sasandar Inperioa asko ahuldu ziren, bereziki mendeetako Bizantziar-Sasandar gerren ondorioz; arabiar musulmanek ahultasun hori probestu zuten historikoki Erromatar lurraldea izan zen horretan sartzeko, Ekialde Hurbila, eta Ipar Afrikatik Anatoliarako bidea irekiz. VII.mendearen erdialdean musulmanek Persia konkistatu zuten, eta Islama Kaukasoan sartu zen[31]. Hurrengo mendeetan musulmanek Zipre, Malta, Kreta, Sizilia eta Italiako hegoaldea konkistatu zuten. 711 eta 720 bitartean Iberiar penintsula ia osoa musulmanen kontrolpean geratu zen, Asturias eta Euskal Herriko eremuak izan ezik. Lurralde hau, arabierazko Al-Andalus izenpean, Omeiatar Kalifa-herriaren parte bilakatu ziren. 717an Konstantinoplako bigarren setioak ez zuen arrakastarik lortu, Omeiatar dinastia ahulduz eta prestigioa galaraziz. 732an[32][33], Karlosek, 'Martel' gero deituak, aurre egin zion omeiatarren espedizio bati Poitiersen, iparralderako hedapena geldituz[34].

Garai Ilunean zehar, Mendebaldeko Erromatar Inperioa hainbat leinuren eskuetan geratu zen. Germaniar eta eslaviar leinuek euren domeinu propioak eratu zituzten mendebaldeko eta ekialdeko Europan[30]. Ebentualki, frankoak batu ziren Klovis I.aren azpian[30]. Karlomagno, karolingiar dinastiako frankoen erregeak Mendebaldeko Europako zati handiak konkistatu zituen, ahalik eta aita santuak "Germaniar Erromatar Inperio Santuko Enperadore]] izendatu zuen arte. 962an Germaniako Erromatar Inperio Santua eratu zen, azkenik Alemaniako printzerritan zentratu zena, Erdialdeko Europa kontrolatuz[30].

Behe Erdi Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. mendean, hala ere, herri migratzaile horiek geldiarazita edo finkatuta zeuden. Hiriak berriro garatu ziren Europa osoan zehar, eta populazioaren gorakadak ez zuen aurrekaririk. Feudalismoaren arabera egituratu ziren gizarteak, Eliza Katoliko Erromatarraren agindu moralaren azpian. Ekialdean, musulmanen presiopean Bizantziar Inperioa gero eta ahulago zegoen. Lurralde Santuak berreskuratzeko asmoz, Gurutzadak burutu ziren. Azkenean, Lurralde Santuak eta Inperioa bera (1456an) musulmanen indarraren azpian geratu ziren.

XIV. mendeko krisialdiaren ostean (Ehun Urteko Gerra eta Izurrite Beltza dira horren isla), erregeen boterea handituz joan zen.

Europako hiri nagusien populazioa (XVI-XVIII).[35]

Martin Lutherrek hasitako Erreforma Protestanteari esker, Eliza Katolikoaren nagusitasuna kolokan jarri zen. Garai berri horri Pizkundea deitu zitzaion, Antzinateko jakinduria eta estetika berreskuratu zirelako.

Aldi berean, Atlantikoko hainbat herrialdek (Portugalek, Espainiak, Ingalaterrak eta Frantziak, geroago Herbehereek) Europatik kanpo hedatu nahi zituzten bere agindupeko lurraldeak. Amerika 1492an aurkitu zenetik, erresuma horiek saiatu ziren bere kontrolpean ahalik eta lurralde gehien ezartzen. Afrika eta Asia ere europarren helburu militarra izan ziren.

Europan barnan ere borrokak ohikoak izan ziren, XVI. eta XVII. mendeetan erlijio kontuengatik batez ere. Hogeita Hamar Urteko Gerra horietako garrantzitsuena izan zen. Pixkanaka, besteak beste Rene Descartes eta Isaac Newtonen lanei esker, arrazionalismoa eta ilustrazioa (Europak beretzat dituen beste bi ikur) zabaldu ziren, eta, garaiko egoera politikoa irauli zen. Lehendabiziko iraultza Ingalaterrakoa izan zen, baina, eraginengatik, askoz inportanteagoa Frantziakoa izan zen. Horretan, luze iraun zuen feudalismoari amaiera ofiziala eman zitzaion. Ideia berri horiek hedatzeko, Napoleondar Gerrek Europa osoa suntsitu zuten berriro.

Aro garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzeko ahalegin horien aurka, nazionalismoa sortu zen Europan XIX. mendean. Horren harira, Alemania eta Italia batu ziren, eta Balkanetan gatazkek etengabeak ziruditen, zenbait herrik independentzia aldarrikatzen baitzuten. Aldi berean, Erresuma Batuan sortutako Industria Iraultza iparraldeko Europan zehar hedatu zen XIX. mendean, une horiek arte ezagutu zen egoera ekonomikoa guztiz irauliz. Bidegabekeria sozialari bukaera eman nahian, Karl Marxek bere teoriak plazaratu zituen, zeinek eragin sakonak izatekoak ziren hurrengo urteetan.

Munduaren jabeak, Europako estatu gehienak, nazionalismoak akuilatuta, nagusitasuna nork zeukan ikusteko borrokatu ziren berriro XX. mendearen hasieran. Lehen Mundu Gerra latz horrek Europako inperioen amaiera ekarri zuen, baita Errusiar Iraultzaren eskutik munduko lehen estatu sozialistaren sorrera ere. Alemaniaren porrotaren eta 1929ko krakaren ondorioz, Adolf Hitlerrek boterea eskuratu zuen Berlinen. Benito Mussoliniren Italian bezala, faxismoa edo, behintzat, autoritarismoa, Europa osoan zehar zabaldu zen.

Faxismoaren aurkako borroka Bigarren Mundu Gerra izan zen. Orduko horren ondorioa Europa bi taldetan (komunista eta kapitalista) banantzea izan zen. Nolanahi ere, Mendebaldeko Europan, horrenbeste elkarren kontrako borroken ondoren, batzeko prozesua hasi zen Europako Batasunaren inguruan. Prozesu hau, komunismoaren erorketaren ostean (1991), ekialdera ere zabaldu da, eta, gaur egun, 28 estatuk osatzen dute.

Europako eskualdeak.
Sakontzeko, irakurri: «Europako geografia»

Europak, munduko bigarren kontinenterik txikiena, 10.530.751 km² area du, hau da %7a.

Geografikoki, Europa, Ozeania bezala, ez da kontinente baizik eta "makro-batasun geografiko" bat, Eurasia kontinentearen beso bat baino ez. Hala ere, ohituraz, kontinente bat izaten jarraitzen du.

Orografiaren ikuspuntutik, kontinenterik lauena da, 230 metrotako altuerarekin. Europako mendirik altuenak Ekialdeko Europan 5.642 metrotako Elbrus (Errusia) eta 5.204 metrotako Shkhara (Georgia) dira eta Mendebaldeko Europan 4.807 metrotako Mont Blanc (Frantzia).

Europako golko eta itsaso nagusiak Bizkaiko golkoa, Ipar itsasoa, Itsaso Baltikoa, Mantxako itsasoa eta Mediterraneo itsasoa (barnean Itsaso Adriatikoa, Egeo itsasoa, Alboran itsasoa, Marmara itsasoa, Itsaso Beltza, Joniar itsasoa eta Tirreniar itsasoa dituena) dira. Bere artean zenbait itsasarte daude: Gibraltar, Dardaneloak, Bosforo, Messina eta Oresund itsasarteak dira.

Kontinenteko penintsula nagusiak Eskandinavia, Iberiar penintsula, Italia, Balkanak, Kola, Jutlandia eta Krimea dira.

Uharte nagusiak honako hauek dira:

  1. Britainia Handia, 218.000 km².
  2. Islandia, 103.000 km².
  3. Irlanda, 83.000 km².
  4. Zembla Berriko Ipar uhartea, 49.000 km².
  5. Zembla Berriko Hego uhartea 33.000 km².
  6. Sizilia, 25.000 km².
  7. Sardinia, 24.000 km².
  8. Zipre, 9.200 km².
  9. Korsika, 8.700 km².
  10. Kreta, 8.300 km².
  11. Seelandia, 7.500 km².
  12. Eubea, 3.900 km²..
  13. Mallorca, 3.600 km².
  14. Malta, 316 km².
  15. Fionia, 3.400 km².
  16. Faroe uharteak, 1.390 km².
  17. Eivissa, 560 km².
  18. Menorca, 690 km².
Europako mapa geologikoa

Europako geologia aldakorra eta konplexua da, eta kontinente osoan dauden paisaien aniztasun handia sortzen du, Eskoziako Lur Garaietatik hasi eta Hungariako lautadetaraino. Europako ezaugarririk esanguratsuena Europa hegoaldeko mendien eta iparraldean partzialki itsaspean Ingalaterratik Ural mendietaraino hedatzen den lautada zabalaren arteko dikotomia da. Bi esparru horiek Pirinioek eta Alpeak-Karpatoak mendilerroek banatzen dituzte. Iparraldeko lautadak, mendebaldean, eskandinaviar mendiek eta britainiar uharteen zati menditsuek mugatzen dituzte. Hegoaldeko eskualde menditsua Mediterraneo itsasoak eta Itsaso Beltzak mugatzen dute. Iparraldeko lautadetatik sartzen diren sakonera gutxiko ur masa nagusiak Itsaso Zeltikoa, Ipar Itsasoa, Itsaso Baltikoa eta Barentseko itsasoa dira.

Plaken tektonikaren ikuspuntutik, Afrikako plaka Mediterraneoko arroan plaka euroasiarrerantz etengabe iparralderantz mugitzea da gaur egungo Europako eszenaren alderdirik nabarmenena. Afrikako plakak eragindako presioa da Pirinioen, Alpeen eta Karpatoen igoeraren arrazoi orokorra. Kareharriak eta beste sedimentu batzuk, Tetis itsasoko antzinako lurra, gorantz bultzatuak dira, eta, gaur egun, mendilerro hauen zati handi bat dira. Italiako hegoaldean, arku-aurreko arroa garatzen da itsaspean, bi plaken artean harrapatutako zati mediterraneo mini-kontinenteetako bat dena. Lurrazalaren puzte honek, Italiako mendiak gorantz bultzatzen ditu, eta faila aktiboak eta sumendiak pizten ditu, Etna bezala. Iberia, banandutako beste lursail unitate bat, biratu egin da, eta Europa osoaren aurka jarri da, plakek talka egin dutelako.

Alpeetatik eta beste mendilerro batzuetatik iparralderantz mugituz, jarduera tektonikoa, neurri handi batean, Baltikoko kratoi egonkorrean desagertzen da. Joera honen salbuespen bat puntu bero bat da, erdialdeko Alemaniaren azpiko mantutik altxatzen dena, Hesseko Vogelsberg bezalako sumendien arduraduna izan dena eta, gaur egun, eskualdeko ur beroko iturriei eta lakuei beroa ematen diena.

Saprolitoz egindako mantu meteorizatuak ohikoak dira Europan. Saprolitoaren osaera kaolinitikoa eta ferralitikoa izatetik grus izatera aldatzen da. Lehenengoak Mesozoikoan eta Zenozoiko goiztiarrean sortu ziren; bigarrenak, berriz, Zenozoikoaren amaieran[36]. Higatutako harriaren hondakinak, Finlandia eta Suedian laku ugarik okupatutako sakonuneak eragin ditu[37][38].

Europako estatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste estatu baten menpeko lurrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estaturik gabeko nazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Estaturik gabeko nazioak»

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Europako hirigune nagusien zerrenda»
  1. Istanbul 15.029.231 biztanle (2017).
  2. Mosku 12.615.279 biztanle (2019).
  3. Londres 9.126.366 biztanle (2018).
  4. San Petersburgo 5.383.890 biztanle (2019).
  5. Berlin 3.748.148 biztanle (2018).
  6. Madril 3.223.334 biztanle (2018).
  7. Kiev 2.950.819 biztanle (2019).
  8. Erroma 2.857.321 biztanle (2018).
  9. Paris 2.140.526 biztanle (2019).
  10. Bukarest 2.106.144 biztanle (2016).

Europako hizkuntzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europako hizkuntzen mapa.
Sakontzeko, irakurri: «Literatura europarra»

79 europarrek lortu dute Literaturako Nobel Saria, tartean Harold Pinterrek, Elfriede Jelinekek, Imre Kerteszek, Günter Grassek, Jose Saramagok, Wislawa Szymborskak, Jean-Paul Sartrek, Winston Churchillek, Bertrand Russellek eta Rudyard Kiplingek.

Europako erlijio garrantzitsuena kristautasuna da, Behe Erdi Aroko garaiatik. Hiru adar nagusi ditu: katolizismoa, protestantismoa eta eliza ortodoxoa. Protestanteak iparraldean kokatzen dira, ortodoxoak ekialdean eta katolizismoa hegoaldean eta mendebaldean.

Islama Balkanetan dago zerbait hedatuta, XVI. eta XIX. mende bitartean Otomandar Inperioaren mende baitzeuden: Albanian, lehengo Jugoslavian, Bulgarian eta Grezian. Europako Errusiak kontinenteko komunitate musulmanik handiena dauka, Volga erdiko tartaroak eta Kaukasoko talde franko (txetxeniarrak, avararrak, inguxak eta abar) bere baitan edukita. XX. mendeko migrazioak direla medio, Mendebaldeko Europan ere gutxiengo nabarmena bilakatu dira musulmanak.

Juduek historia luzea daukate Europan, baina gutxiengoen erlijioa izanda. Gaur egun Frantzia da Europako herrialde bakarra non juduen populazioa %1era iristen den. Europako juduek bi adar nagusi dituzte: askenaziak eta sefardiak. Askenaziak VIII. mendean heldu ziren, eta sefardiak Iberiar penintsulan lehenago ere finkatu ziren. XX. mendean Holokaustoak urritu egin zuen judu europarren kopurua, era zuzenean (6 bat milioi hil baitzituzten) edo emigrazioa eraginez.

Garai modernoetan, sekularizazio zabala gertatu da, batik bat XIX. mendeko Frantzian eta XX. mendeko herrialde komunistetan. Gaur egun, sinesmen erlijiosoen maila oso desberdina izan daiteke tokia zein den: Polonian %95 da erlijiosoa, baina %20 besterik ez Txekian. Batez beste, 2005eko Eurobarometroak[40] adierazi zuen europarren %52k jainkoarengan sinesten zuela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. National Geographic Society (U.S.). (1999). Atlas of the world.. National Geographic Society ISBN 0-7922-7528-4. PMC 41310554. (Noiz kontsultatua: 2020-09-15).
  2. «Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon, εὐρύς» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  3. «Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon, ὤψ» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  4. West, M. L. (Martin Litchfield), 1937-2015.. (2007). Indo-European poetry and myth. Oxford University Press ISBN 978-0-19-928075-9. PMC 76937305. (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  5. (Ingelesez) «europe | Origin and meaning of the name europe by Online Etymology Dictionary» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  6. Les nouvelles intolérances.. Revue des deux mondes 1999 ISBN 2-7103-0937-8. PMC 43419303. (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  7. Davison, Roderic H.. (1960). «Where Is the Middle East?» Foreign Affairs 38 (4): 665–675.  doi:10.2307/20029452. ISSN 0015-7120. (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  8. (Ingelesez) Zollikofer, Christoph; Tvalchrelidze, Merab; Tappen, Martha; Leon, Marcia Ponce de; Nioradze, Medea; Mouskhelishvili, Alexander; Maisuradze, Givi; Ferring, Reid et al.. (2002-07-05). «A New Skull of Early Homo from Dmanisi, Georgia» Science 297 (5578): 85–89.  doi:10.1126/science.1072953. ISSN 0036-8075. PMID 12098694. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  9. «ScienceDirect» www.sciencedirect.com  doi:10.1016/j.jas.2013.06.013. ISSN 0305-4403. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  10. Arsuaga, Juan Luis de.. (1998). La especie elegida : la larga marcha de la evolución humana. (1. ed. argitaraldia) Temas de Hoy ISBN 8478809090. PMC 39171215. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  11. (Ingelesez) Sakamoto, Tatsuhiko; Ruiz, Francisca Martinez; Stringer, Christopher B.; Villalpando, Antonio; Valarino, Claire A.; Fuentes, Noemí; Brown, Kimberly; Guzman, Francisco Giles et al.. (2006-10). «Late survival of Neanderthals at the southernmost extreme of Europe» Nature 443 (7113): 850–853.  doi:10.1038/nature05195. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  12. (Ingelesez) Pääbo, Svante; Viola, T. Bence; Kelso, Janet; Reich, David; Hublin, Jean-Jacques; Slatkin, Montgomery; Higham, Thomas F. G.; Douka, Katerina et al.. (2014-10). «Genome sequence of a 45,000-year-old modern human from western Siberia» Nature 514 (7523): 445–449.  doi:10.1038/nature13810. ISSN 1476-4687. PMID 25341783. PMC PMC4753769. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  13. «ScienceDirect» www.sciencedirect.com  doi:10.1016/j.jhevol.2011.11.009. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  14. Borza, Eugene N.. (1990). In the shadow of Olympus : the emergence of Macedon. Princeton University Press ISBN 0691055491. PMC 20563267. (Noiz kontsultatua: 2019-05-04).
  15. The Oxford companion to archaeology. Oxford University Press 1996 ISBN 0195076184. PMC 35178577. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  16. Encyclopedia of prehistory. Kluwer Academic/Plenum Publishers ©2001-©2002 ISBN 0306462648. PMC 42476753. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  17. «British Museum - Ancient Greece» web.archive.org 2012-06-15 (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  18. «Periods - School of Archaeology - University of Oxford» web.archive.org 2018-10-26 (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  19. Short, John R. (John Rennie), 1951-. (1984). An introduction to urban geography. Routledge & Kegan Paul ISBN 0710098928. PMC 59974215. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  20. a b Daly, Jonathan W.. (2014). The rise of Western power : a comparative history of Western civilization. Bloomsbury ISBN 9781441189011. PMC 856054646. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  21. Democracy : the unfinished journey, 508 BC to AD 1993. Oxford University Press 1992 ISBN 0198273789. PMC 25548427. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  22. Heath, Thomas Little, Sir, 1861-1940.. (1981). A history of Greek mathematics. Dover Publications ISBN 0486240738. PMC 7703465. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  23. Gee, Brian. (1975-01). «Early Physics and Astronomy: A Historical Introduction» Physics Bulletin 26 (1): 21–21.  doi:10.1088/0031-9112/26/1/028. ISSN 0031-9112. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  24. Strauss, Barry S.. (2004). The battle of Salamis : the naval encounter that saved Greece--and Western civilization. Simon & Schuster ISBN 9780743274531. PMC 988941905. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  25. McEvedy, Colin.. ((1985 printing)). The Penguin atlas of medieval history. Penguin Books PMC 17782716. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  26. Foster, Sally M.. (2004). Picts, Gaels and Scots : early historic Scotland. ([New ed.]. argitaraldia) Batsford ISBN 0713488743. PMC 56453769. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  27. Williams, Stephen, 1942-2004.. (1994). Theodosius : the empire at bay. Batsford ISBN 0203975960. PMC 230743868. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  28. Hadas, Moses, 1900-1966.. (1950). A history of Greek literature.. Columbia University Press ISBN 0231017677. PMC 307596. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  29. Norman F. Cantor. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  30. a b c d National Geographic visual history of the world. National Geographic Society 2005 ISBN 0792236955. PMC 61878800. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  31. Hunter, Shireen. (2016-09-16). Islam in Russia: The Politics of Identity and Security.  doi:10.4324/9781315290133. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  32. White, Lynn, Jr., 1907-1987.. (1962). Medieval technology and social change. Clarendon Press ISBN 0195002660. PMC 390344. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  33. Baudot, Marcel, (1902- ...)., Auteur.. ([1955]). Localisation et datation de la première victoire remportée par Charles-Martel contre les musulmans. [s.n.] PMC 491982155. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  34. الغنيمي، عبد الفتاح مقلد. (1996). <>.. عالم الكتب، ISBN 9772320819. PMC 949513854. (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
  35. Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).
  36. Migoń, Piotr; Lidmar-Bergström, Karna. (2002-08). «Deep weathering through time in central and northwestern Europe: problems of dating and interpretation of geological record» CATENA 49 (1-2): 25–40.  doi:10.1016/s0341-8162(02)00015-2. ISSN 0341-8162. (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  37. «10.3726/978-3-653-05311-1/1» Inactive DOIs (CrossRef) (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  38. «Sök - Uppslagsverket Finland» uppslagsverket.fi (Noiz kontsultatua: 2020-01-20).
  39. Oraindik ere ofizialki onartu beharra dago. 2008ko otsailaren 17an bere buruaren independentzia aldarrikatu zuen.
  40. ReportDGResearchSocialValuesEN2.PDF

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Azpiindizearen testua