Globalizazioaren aurkako mugimendu
Globalizazioaren aurkako mugimendua, antiglobalizazio mugimendua, mugimendu altermundialista edo altermundialismoa neoliberalismoaren eta enpresa kapitalista handiek ezarritako globalizazioaren aurka diharduen gizarte mugimendua da, 1990eko hamarkadaz geroztik mundu osoan sortua. Talde anitz biltzen ditu, hala nola gobernuz kanpoko erakundeak, sindikatuak, emakume eta gazte elkarteak eta indigena komunitateak. Ezkerrean kokatzen badira ere, alderdi politikoetatik at sortu eta atxikitzen dira eta sare moduan, bereziki Internet baliatuz, antolatzen dira. Bere kezkak ingurumen, bakezaletasun, feminismo, pobrezia eta garapena, giza eskubideak, bidezko merkataritza eta oro har munduko herrialde garatu (edo iparra) eta azpigaratuen (edo hegoaren) arteko harremanei buruzkoa da.
Aktibista altermundialista asko globalizazioaren alde daude: ordezkaritza demokratiko hobea, giza eskubideen errespetua, bidezko merkataritza eta garapen sostengagarria bultzatuko dituen globalizazioaren alde. Beraz, nahasgarritzat dute antiglobalizazio edo globalizazioaren aurkako terminoen erabilera.[1][2][3]
Eguneroko komunikazio eta errebindikazio lanaz gainera, mugimenduaren agerraldi eta manifestazio nabarmenak dira G8ak, G20ak, Merkataritzaren Mundu Erakundeak eta herrialde boteretsuenek egiten dituzten ekonomia arloko bilkuretan.
Izenaren jatorria eta bere inguruko eztabaida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Noam Chomskyk 2002an honela azaldu zuen antiglobalizazio hitzaren sorrera eta horrek sortu zuen eztabaida:[4]
« | Globalizazio hitza bere egin dute boteretsuek nazioarteko ekonomia integratzeko modu jakin bat izendatzeko, inbertitzaileen eskubideetan oinarritzen den eta herritarren interesak kontuan hartzen ez dituen modua. Ondorioz, beste globalizazio modu batzuen aldekoei antiglobalizazio esaten zaie, eta horietako askok, zoritxarrez, terminoa onartzen dute, baztertu beharreko propagandazko terminoa den arren. Globalizazioaren, hau da, nazioarteko integrazioaren aurka dagoen pertsona zentzudunik ez dago. Ezkerreko eta langile mugimenduko kiderik ez behintzat, nazioarteko elkartasun printzipioa baitute oinarri, hau da, botere pribatu sistemen ordez herritarren eskubideak aintzat hartzen dituen globalizazioa. | » |
Globalizazioa kapitalismoa izendatzeko eufemismo gisa erabiltzen hasi zen 1990eko hamarkadan, jarduera neoliberal basatia hartzen ari zen kutsu negatiboa uxatu nahian. Antiglobalizazio hitza erabiltzen lehenak ere politikariak eta hedabide nagusiak izan ziren, beren globalizazioaren aurka Seattlen izandako mobilizazioak izendatzeko. Ekintzaile gehienak terminoaren aurka daude; batetik, negatiboa delako, ukazioa duelako oinarri; bestetik, mugimendua ez dagoelako giza jarduerak nazioartekotzearen aurka, ekonomia ahulenak desegonkortzen dituzten jarduera espekulatiboetan aritzeko gero eta askatasun handiagoaren aurka baizik. Horregatik beste hainbat izen proposatu dira mugimendurako. Eremu anglosaxoiean ekintzaileek nahiago izan dute Global Justice Movement erabiltzea, edo gutxienez alter-globalization aldaera hobetsi dute. Italian movimento no global ere erabiltzen dute, baina hori ere prentsak asmatua da eta ez du jatorrizkoa asko hobetzen. Frantzian Ignacio Ramonetek proposatutako altermundialisme terminoak arrakasta handiagoa izan du eta, ondorioz, gaztelaniaren eremuan altermundialismo edo altermundismo zabaltzen ari da.[4]
Batetik, termino sortak mugimenduaren izaera heterogeneoa erakusten du, erabaki bateratuak hartzeko zailtasunen isla da. Bestetik, antiglobalizazio edo globalizazioaren aurkako da oraindik termino erabiliena eta, beraz, fenomenoa identifikatzeko errazena.[4]
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999ko Seattleko gatazka antiglobalizazioaren suzko bataiotzat jotzen den arren, atzerago joan behar da mugimenduaren erroak eta lehen zantzuak aurkitzeko.[4]
1988an NDFk eta Munduko Bankuak Berlinen (Alemaniar Errepublika Federaleko aldean) egin zuten urteko bilera. Protestaldi gogorrak izan ziren bilera oztopatu nahian. Bilera normaltasunez burutu zen arren, antiglobalizazioaren aurrekaritzat jo daiteke.[4]
Hurrengo urtean, 1989ko uztailean G7aren aurkako kontragailurra antolatu zen Parisen ça suffat comme ci goiburuarekin, eta herrialde txiroen zorra baliogabetzea eskaera nagusi zutela. G7aren aurkako lehen ekitaldia izan zen; manifestazioak 10.000 pertsona bildu zituen eta ondorengo kontzertuak, 200.000. Frantziak zorra ezeztatzearen aldeko jarrera hartu zuen bilera hartan.[4]
1994ko urtarrilaren lehenean Chiapasen zapatistak Ipar Amerikako Merkataritza Librerako Ituna (NAFTA) indarrean jarri izanaren aurka altxatu ziren. Hasieran EZLNren helburuak eremu lokalera edo, gehienez, nazionalera mugatu arren, eskaerak pixkanaka unibertsalizatuz joan ziren. Hala, 1996an Marcos komandanteordeak mundu osoko foro bat biltzeko deialdia egin zuen. Chiapasen bertan burututako bilera sorta hari topaketa intergalaktikoak ezizena ipini zien jendeak, eta hainbatentzat hantxe jaio zen globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendua. De Seattle a Porto Alegre liburuan, José Seoane eta Emilio Taddei egileek zera diote: «Antimundializazio mugimenduaren genesiak Chiapaseko oihan sakonera, 1996. urtearen erdialdera garamatza. Hainbat kronista bat datoz Gizadiaren aldeko eta Neoliberalismoaren aurkako Nazioarteko Lehen Topaketa, EZLNren ekimenez 1996ko uztailaren 27tik abuztuaren 3ra arte Chiapasen burutu zena, mundializazio liberalaren aurkako nazioarteko mugimenduaren lehen mugarria dela esatean».[4]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999 - 2003: lehen urteak eta une gorena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antiglobalizazio mugimendua ez zen 1999ko azaroaren amaieran Seattlen jaio, baina orduan egin zuen eztanda. Munduko Merkataritza Erakundea (MME) AEBetako hiri horretan biltzekoa zen, baina nagusiki internet bidez goi-bileraren aurka egindako deialdiak 50.000 pertsona bildu zituen, eta manifestazioen ondorioz, bilera bertan behera geratu zen.[4]
Ekintzaileen ia ezusteko arrakastaren berri berehala zabaldu zen, eta munduko hainbat erakunde eta norbanako, mugimenduarekin bat egiten hasi ziren. 2000. urtean Pragako kontragailurrak Nazioarteko Moneta Funtsaren eta Munduko Bankuaren arteko batzar bateratua atzeratzea lortu zuen. 2001ean Munduko Gizarte Foroa sortu eta lehenengoz burutu zen Porto Alegren (Brasil), NMFren, Munduko Bankuaren edo G8aren bileren kontrapisu gisa. Han sortu zen «beste mundu bat posible da» goiburua. Urte bereko ekainean, herritarren presioaren ondorioz, Munduko Bankuak Bartzelonan egin behar zuen bilera aldatu egin zen, ekintzaileen boikotaren beldur. Azkenean bilera bideokonferentzia bidez egin zuten, baina Bartzelonako mobilizazioek aurrera egin zuten eta 300.000 pertsona bildu ziren. Hurrengo hilabetean, 2001eko uztailean, Genovaren txanda iritsi zen. Han bildutako 150.000 ekintzaileek poliziaren errepresio basatiarekin egin zuten topo. Carabiniere batek tirokatuta hil zen Carlo Giuliani, mugimenduaren lehen biktima.[4]
2003ko neguan, Irakeko gerraren atarian, antiglobalizazio mugimenduak gailurra jo zuen. Otsailaren 15ean milioika pertsona mobilizatu ziren Bush administrazioaren eta haren aliatuen kontra. Bigarren potentzia jaio zela ere iragarri zuten: kalean presioa egiten duen munduko iritzi publikoa. Baina gailurra jo bezain pronto, mugimenduak behera egin zuen. Hurrengo hilabetean, 2003ko martxoan AEBek eta haren aliatuek Irak inbaditu zuten. Desengainu hark agerian utzi zituen mugimenduaren ahuleziak.[4]
Bere baitan hainbeste mugimendu, ideologia, metodologia eta antolakuntza eredu biltzen dituen mugimendu globalean zaila da barne kohesioa lortzea. Askok uste zuten, etsai komuna izaki, heterogenotasuna ez zela arazo izango, baina nabarmen oztopatu zuen ezadostasunak arintzeko eta alternatiba bateratuak eraikitzeko bidea.[4]
2003 - 2007: indarkeria eta botere politikoa ezbaian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2001ean Fidel Castrok eta Hugo Chávezek Munduko Gizarte Foroan parte hartzeko asmoa adierazi zuten, baina ez ziren azaldu ez zeudelako gonbidatuta. Foroetan parte hartzen duten gizarte mugimendu gehienek bat egin zuten erabakiarekin. Ez zuten gobernuak foroez jabetzerik nahi eta, oro har, helburuak botere politikoa hartu gabe eskuratzea posible zela uste zuten.[4]
Mugimenduko fakzio moderatuenak edo erreformatzaileenak ez zion erabat uko egin, errealismoaren izenean, alderdi eta sindikatu nagusiekin elkarlanean aritzeari. Baina gaiak beti sortu zuen deserosotasuna mugimenduan. Adibide gertuago batera joaz, 2001eko Bartzelonako mobilizazioetan, Batasuna alderdiak bat egin zuen deialdiarekin. Tenka arintzeko, azkenean, Batasunak era erdi autonomoan parte hartu zuen manifestazio nagusian, gainerako manifestarien alboan, baina haiekin nahastu gabe. Kontua da, beste alderdi politiko eta sindikatu batzuek ere (ICV, IU, UGT, CCOO...) parte hartu zutela mobilizazioetan, baina Batasuna izan zela, antza, hautsak harrotu zituen bakarra. Alderdi politikoa izateaz gain, Batasunak antiglobalizazioaren este ahulgune batekin baitzeukan lotura: indarkeria eta kriminalizazioa.[4]
Susan George, ATTAC Franceko presidenteordea eta askorentzat mugimenduaren biblia den Lugano Txostenaren egilea 2001ean hasi zen konturatzen antiglobalizazio mugimenduak hartutako bidea eutsiezina zela, goi-bileraz goi-bilera joateko estrategiak ez zuela etorkizunik, bereziki, Giulianiren heriotzaren eta urte berean Europako buruzagien bilera batean Goteborgen poliziak erabilitako indarkeriaren ondoren.[4]
Gainera kaleko presioak ez zituen hasierako emaitzak ekartzen. Kritikoek, kanpokoek nahiz barrukoek, eraginkortasunik eza egotzi izan diote altermundismoari, proposamen bateratu zehatzik landu eta helburuak lortzeko bidea urratu ez izana. Genoako Gizarte Foroko kide Salvatore Cannavok, esaterako, gogor kritikatu du Porto Alegreko prozesua: «Munduko Gizarte Foroa erakunde handiei lotuegia dago. Esaterako Bolonia hezkuntza erreformaren aurka europar ikasleek egindako protestak bere egiteko gai ez zen izan».[4]
Ukaezina da antiglobalizazioak herritarrak biltzeko ahalmen izugarria erakutsi zuela, eta internet tresna gisa erabiltzen ere asmatu zuela. G8a G20ak ordezkatu izana mugimenduaren lorpentzat jotzen du hainbatek. Baina Hegoaldeko zenbait herrialderen parte-hartzeak aldaketa nabarmenik ez du ekarri. Tobin tasari edo bankarien sariei buruzko eztabaida agenda politikoan sartu izanaren merezimendua ere kendu nahi izan dio neoliberalismoak. Fredrik Erixon Nazioarteko Politika Ekonomikorako Europar Zentroko zuzendari ohiak zera esan zuen 2010ean: «Ez dute inolako eraginik izan agenda politikoan. Sari sistemen gaiak finantza egonkortasunari dakarkion arriskuarekin, krisialdi sakon eta arriskutsu honekin du zerikusia, eta ez, antiglobalizazio taldeek erabiltzen zuten argudioarekin, pertsona errugabeen esplotazio hutsarekin».[4]
2007 -: mugimendua krisi ekonomikoan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Krisialdiak arrazoia eman zion kapitalismo neoliberalaren aurkako mugimenduari. Beste mundu bat posible ez ezik beharrezkoa ere bazela utzi zuen agerian. Batzuek krisia pizterako berandu zela uste zuten. «AEBen antiglobalizazio mugimendua ia hilda zegoen ordurako», dio Bennett Baumer Indymediaren sortzaileetako batek. Beste batzuek krisialdiak mugimendua biziberrituko zuela uste zuten.[4]
Esther Vivasekin batera Resistencias globales lana idatzi zuen Josep Maria Antentasen ustez, krisiaren ondorioz mugimendua ez da amaitu, «zatikatu egin da». Arabiar Udaberria, 15M, Occupy mugimendua... haren oinordeko dira. «Tokiko borrokak ugaldu egin dira eta errebolta espezializatu egin da». Harentzat beste mundu bat posible da oraindik, eta beste antiglobalizazio bat ere bai.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Morris, Douglas Globalization and Media Democracy: The Case of Indymedia (argitaratu aurretiko bertsioa).
- ↑ (Ingelesez) Podobnik, Bruce, Resistance to Globalization: Cycles and Evolutions in the Globalization Protest Movement, 2. orrialdea.
Podobnikek hau dio:« the vast majority of groups that participate in these protests draw on international networks of support, and they generally call for forms of globalization that enhance democratic representation, human rights, and egalitarianism. » - ↑ (Ingelesez) Stiglitz, Joseph & Andrew Charlton. 2005. Fair Trade for All: How Trade Can Promote Development. 54. orrialdea.
Egileek hau diote:« The anti-globalization movement developed in opposition to the perceived negative aspects of globalization. The term 'anti-globalization' is in many ways a misnomer, since the group represents a wide range of interests and issues and many of the people involved in the anti-globalization movement do support closer ties between the various peoples and cultures of the world through, for example, aid, assistance for refugees, and global environmental issues. » - ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r Nagore Irazustabarrena, «Kapitalismoaren aurkako ikurraren bilakaera», Argia, 2013-11-17, CC-BY-SA lizentzia