Greko-turkiar gerra (1919–1922)
Greko-turkiar gerra | |||
---|---|---|---|
Greziar infanteria Ermosen | |||
Data | 1919ko maiatza– 1922ko urria | ||
Lekua | Mendebaldeko Anatolia | ||
Emaitza | Turkiarren garaipena. | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Greko-turkiar gerra (1919-1922) (turkieraz: Türk-Yunan cephesi, lit. Greko-turkiar frontea; grezieraz: Ελληνοτουρκικός πόλεμος, Ellinotourkikós pólemos) Greziaren eta Turkiako Nazio Mugimenduaren arteko borroka izan zen, Lehen Mundu Gerraren ondotik Otomandar Inperioa zatitu bitartean agitua, 1919ko maiatzetik 1922ko urrira.
Greziako kanpaina abian jarri zen, nagusiki, mendebaldeko aliatuek, bereziki David Lloyd George britaniar lehen ministroak, Greziari agindu ziotelako lurraldeak irabaziko zituela Otomandar Inperioaren kaltetan, inperio hori galtzaile atera baitzen Lehen Mundu Gerran. Anatolia, otomandarrek bereganatu aurretik, Antzinako Grezian eta Bizantziar Inperioan kokatzen zelako agindu zitzaion hori Greziari.
Gatazka armatua 1919ko maiatzaren 15ean hasi zen, Greziako indarrak Esmirnan (gaur egun Izmir) lehorreratu zirenean. Lurraldean barneratu eta Anatolia mendebaldea eta ipar-mendebaldea hartu zituzten, besteak beste, Manisa, Balıkesir, Aydın, Kütahya, Bursa eta Eskişehir hiriak. Turkiar indarrek gerarazi egin zituzten Sakarya guduan, 1921ean. Fronte greziarrak behea jo zuen 1922ko abuztuan, turkiarrek kontraerasoa jo zutenean, eta gerraren amaiera etorri zen; gero, turkiar indarrek Esmirna berreskuratu zuten, eta Esmirnako sute handia gertatu zen.
Horren ondorioz, Greziako gobernuak Turkiako Nazio Mugimenduaren eskakizunak onartu zituen eta gerra aurreko mugetara itzuli zen, Ekialdeko Trazia eta Mendebaldeko Anatolia Turkiari utzirik. Aliatuek bertan behera utzi zuten Sèvresko Ituna, eta beste itun bat negoziatu zuten Turkiako Nazio Mugimenduarekin, Lausanan. Lausanako Itunak Turkiako Errepublikaren independentzia aitortu zuen, eta Turkiako Errepublikak Asia Txikiaren, Istanbulen eta Ekialdeko Traziaren gainean zuen subiranotasuna ere bai. Greziako eta Turkiako gobernuek, bestalde, populazioa trukatzea adostu zuten.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Testuinguru geopolitikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gatazka horren testuinguru geopolitikoa Otomandar Inperioaren partizioa da: Lehen Mundu Gerraren ondorioa zen, eta baita otomandarrek Ekialde Hurbilean esku hartu izanarena ere. Entente Hirukoitzak Greziari agindu zion, inperioaren partizioaren kariaz, Esmirnan lehorreratzeko. Gerra hartan, otomandar gobernua behea joa zen, eta Entente garailearen potentziek Otomandar Inperioa banatu zuten beren artean, Sèvresko Itunaren bidez.
I. Mundu Gerraren amaieran, isilpeko akordio zenbait izan ziren Otomandar Inperioa zatitzeko. Entente Hirukoitzak agintzari kontraesankorrak eginak zituen, Greziak Asia Txikiari buruz zituen itxaropenen inguruko gerraosterako zenbait egitasmo zirela-eta.
Mendebaldeko Aliatuek, batez ere David Lloyd George britainiar lehen ministroak, lurraldeak jasoko zituela agindu zion Greziari, Otomandar Inperioari kenduta, baldin eta Greziak gerran parte hartzen bazuen Aliatuen alde[5]. Lurralde horien artean ziren Ekialdeko Trazia, Imbros uhartea (İmroz, 1979ko uztailaren 29tik Gökçeada) eta Tenedos uhartea (Bozcaada), eta baita Anatolia mendebaldeko zatiak ere, Esmirna hiriaren inguruan, hor greziar multzo etniko handi samarrak baitziren.
Italiarrek eta ingeles nahiz frantsesek St.-Jean-de-Mauriennego hitzarmena gaitzetsi egin zuten: 1917ko apirilaren 26an izenpetu zen, Italiak Erdialdeko Ekialdean zuen interesa bermatuz, baina baliorik gabe geratu zen Greziak okupazioari ekin ziolarik, Esmirna (Izmir) Italiari agindu zitzaizkion lurraldeetako bat baitzen. Greziak lurralde hori okupatzeari ekin aurretik, Italiak Pariseko Bake Konferentziara igorriak zituen ordezkariak, gaitzitu egin baitzitzaien Greziak Anatolia mendebaldea okupa zezakeelako aukera, utzi egin zuten Konferentzia, eta ez ziren Parisa itzuli maiatzaren 5era arte. Konferentzian Italiaren ordezkaritzarik ez zela-eta, bidea erraztu zitzaion Lloyd Georgeri Frantzia eta Estatu Batuak bairatzeko Greziaren alde egin zezaten eta, orobat, Italiak Anatolia mendebaldean ekitea eragozteko.
Historialari batzuen arabera, greziarrek Esmirna okupatzeak sorrarazi zuen Turkiar Nazio Mugimendua. Arnold J. Toynbeeren ustez: "Turkiaren eta Greziaren artean piztu zen gerra, berez, defentsa-gerra bat izan zen, Turkiak Anatoliako bere lurraldea babestu nahirik. Aliatuen politikaren ondorio bat izan zen, inperialismoak atzerriko estatu batean esku hartzean sortua, haren baliabide militarrak eta ahalak arrunt gutxietsirik; Greziar okupazio-armada baten inbasio bidegabeak eragin zuen gerra." [6] Beste batzuen arabera, Greziako tropak Esmirnan sartzea Eleftherios Venizelosen egitasmoa izan zen, Megali Ideak inspiraturik, alegia, Asia Txikiko greziar populazio handia askatzeko asmoak.[7] Esmirnako Sute Handiaren aurretik, Esmirnak Atenas hiriburuak baino greziar populazio handiagoa zuen: Greziaren eta Turkiaren arteko populazio trukea baino lehen, Atenasek 473.000 biztanle zituen[8], eta Esmirnak, 1910ean, iturri otomandarren arabera, 629.000 pertsonatik gorako greziar populazioa.[9]
Anatoliako greziar komunitatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazionalitateen banaketa Otomandar Inperioan (Anatolia), Otomandar Estatistika Ofiziala, 1910 | |||||||
Probintziak | Turkiarrak | Greziarrak | Armeniarrak | Juduak | Beste batzuk | Guztira | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
Istanbul (itsasertzeko Asia) | 135.681 | 70.906 | 30.465 | 5,120 | 16.812 | 258.984 | |
İzmit | 184.960 | 78.564 | 50.935 | 2.180 | 1.435 | 318.074 | |
Aydın (Izmir) | 974.225 | 629.002 | 17.247 | 24.361 | 58.076 | 1.702.911 | |
Bursa | 1.346.387 | 274.530 | 87.932 | 2.788 | 6.125 | 1.717.762 | |
Konya | 1.143.335 | 85.320 | 9.426 | 720 | 15.356 | 1.254.157 | |
Ankara | 991.666 | 54.280 | 101.388 | 901 | 12.329 | 1.160.564 | |
Trabzon | 1.047.889 | 351.104 | 45.094 | - | - | 1.444.087 | |
Sivas | 933.572 | 98.270 | 165.741 | - | - | 1.197.583 | |
Kastamonu | 1.086.420 | 18.160 | 3,061 | - | 1.980 | 1.109.621 | |
Adana | 212.454 | 88.010 | 81.250 | - | 107.240 | 488.954 | |
Biga | 136.000 | 29.000 | 2.000 | 3.300 | 98 | 170.398 | |
Guztira % |
8.192.589 % 75,7 |
1.777.146 % 16,42 |
594.539 % 5,5 |
39.370 % 0,36 |
219.451 % 2,03 |
10.823.095 | |
Patriarkatu Ekumenikoen Estatistikak, 1912 | |||||||
Guztira % |
7.048.662 % 72,7 |
1.788.582 % 18.45 |
608.707 % 6,28 |
37.523 % 0,39 |
218.102 % 2,25 |
9.695.506 |
Asia Txikiko espedizioa abian jartzeko Greziako gobernuak proposatutako arrazoietako bat izan zen bazela Anatolian grezieradun kristau ortodoxoen populazio handi bat babesa behar zuena. Greziarrak antzinatik bizi ziren Asia Txikian, eta I. Mundu Gerra lehertu baino lehen, 2,5 milioi greziar bizi ziren Otomandar Inperioan. [10] Historialari anitzek, ordea, ezeztatu egin izan dute Greziak beretu nahi zituen lurraldeetan greziarrak populazioaren gehiengoa zirelako ustea. Cedric James Lowek eta Michael L. Dockrillek esan zuten, halaber, Esmirna bereganatzeko arrazoiak, onenean ere, eztabaidagarriak zirela, zeren eta greziarrak ozta-ozta baitziren gehiengo han, eta zitekeenago zela gutxiengo handi bat izatea Esmirna Vilayet eskualdean, zeina nagusiki turkiarra zen Anatolia batean baitzegoen kokatua[11]. Demografia zehatza, ostera, zail da ezagutzen, otomandar politika izan zelako populazioa erlijioaren arabera banatzea, eta ez jatorriaren, hizkuntzaren edo norberak adierazitako identitatearen arabera. Ostera, garaiko britaniar eta amerikar estatistiketatik (1919) aisago heltzen da Esmirnako eskualdean osagairik ugariena greziarrak zirela, 375.000, eta, aldiz, musulmanak 325.000.[12][13]
Venizelos Greziako lehen ministroak hau adierazi zion egunkari britaniar bati: "Grezia ez da gerran ari Islamaren aurka, baizik eta Otomandar Gobernu anakronikoaren aurka eta haren administrazio ustel, lotsagarri eta odolzalearen aurka, xede harturik gobernu hori lurralde horietatik botatzeko, hor populazioaren gehiengoa greziarrek osatzen baitute".[14]
Neurri batean, goian adierazitako arrisku hori zela-eta gehiegizka aritu zen Venizelos, Sèvresko mahaian negoziaziorako karta moduan baliatu nahirik, Aliatuen gobernuen babesa irabaztearren. Izan ere, Turkiar Gazteak ez zeuden boterean gerraren garaian, eta horrek ahuldu egiten du argudio argi hori. Erregimen hartako buruzagi gehienak ihesi joan ziren Turkiatik Lehen Mundu Gerra amaitzean, eta Konstantinoplako otomandar gobernua, dagoeneko, britaniarren kontrol pean zegoen. Gainera, Venizelosek agertuak zituen jada Otomandar Inperioaren lurraldeak bereganatzeko asmoak Lehen Mundu Gerraren hasieran, hilkintzak gertatu aurretik. 1915eko urtarrilean Konstantino errege greziarrari bidalitako gutun batean, honako hau idatzia zuen: "Irudipena dut ezen Greziari Asia Txikia lagaz gero..hain zabala izango litzatekeela, ezen beste Grezia berdin handi eta ez gutxiago aberats bat erantsiko litzaiokeela Balkanetako gerran garaile atera zen Grezia bi bider handiago hari."[15]
Porrotaren ondorioz, litekeena da greziar inbasioaren ondorioz gaizkoatu izana ustez gerra hark eragotzi behar zituen izugarrikeriak. Arnold J. Toynbeek, hala, Britania Handiak eta Greziak xede zituzten politikak eta Parisko Bake Konferentziako erabakiak jo zituen errudun, eta alde biek gerran zehar eta gerra ondoren eragindako basakerien eragile: "Pontoko greziarrak eta greziarrek okupatutako lurraldeetako turkiarrak, nolabait, Venizelos eta Lloyd George jaunek Parisen egindako kalkulu okerren biktima izan ziren.[16]
Greziar irredentismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra hasteko motibazio nagusietako bat Megali (euskaraz: «Handia») Ideia gauzatzea izan zen, greziar nazionalismoaren oinarrizko kontzeptu bat. Megali Idea (euskaraz: «Ideia Handia») ikuspegi irredentista bat zen, Egeo itsasoaren alde bietan Grezia Handia berrezartzekoa, Greziako Erresumaren mugetatik kanpo greziar populazioak zeuzkaten lurraldeak batzekoa, Greziako Erresuma oso txikia baitzen hasiera batean. Grezia Otomandar Inperiotik bereizi eta 1830ean beregain bihurtu zenetik, Megali Idea delakoak eragin handia izan zuen Greziako politikan. Greziar politikariek, Greziako Estatuaren independentziaz geroztik, hainbat hitzaldi eginak zituzten "Greziako Erresumaren hedapenaren ezinbestekotasun historikoaren" gainean.[15] Kasurako, Ioannis Kolettis politikari greziarrak uste hau aldarrikatu zuen 1844ko batzarrean: "Helenismoak baditu bi gune nagusi. Atenas, Erresumaren hiriburua, batetik, eta Konstantinopla, hiriburu handia, hiria, greziar guztien amets eta itxaropena, bestetik.
Ideia Handia ez zen XIX. mendeko nazionalismoaren emaitza soilik. Ideia hori, aldez, sakon erroturik zegoen greziar anitzen erlijiozko kontzientzian. Ideiaren alderdi horrek xedetzat zuen Konstantinopla kristautasunerako berreskuratzea eta Bizantziar Kristau Inperioa berrezartzea, zeina 1453an erori baitzen. "Harrezkero, Santa Sofia eta hiria berreskuratzea belaunaldiz belaunaldi igaroarazten zen gai bat izan zen, Greziar Ortodoxoen xede eta guraria.[15] Megaliaren ideiak, Konstantinoplaz gain, greziarren ohiko lurraldeak ere hartzen zituen, hala nola, Kreta, Tesalia, Epiro, Mazedonia, Trazia, Egeoko uharteak, Zipre, Asia Txikiko kostaldeak eta Pontoa. Asia Txikia greziar munduaren funtsezko atala zen eta, artean ere, greziar kultur nagusitasunak irauten zuen eremua. Antzinatean, Brontze Aroaren amaieratik erromatar konkistara arte, Greziako hiri-estatuek ukan zuten eskualde politikoaren gaineko kontrol politikoa, k.a. 550-470 ca. epean izan ezik, Akemenestar Inperioaren barnean izan baitzen orduan. Geroago, Erdi Aroan, eskualdea Bizantziar Inperioaren mende egon zen XII. mendera arte, lehen Seljuktar Turkiarren erasoak iritsi ziren arte.
Nazio etena Grezian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grezian, nazio etena agitu zen, bitan zatitu zirelarik greziar politikariak eta jendartea, alderdi batean Eleftherios Venizelos izan zelarik aitzindaria, eta Konstantino erregea beste alderdian, eta, nahiz eta eten hori Lehen Mundu Gerra baino lehen sortua izan, nabarmenki areagotu zen gerran, Greziak zein alderdiren alde egin behar zuen erabaki behar izan zenean.
Erresuma Batuak espero zuen Konstantinok bat egingo zuela Aliatuen kausarekin, gogoeta estrategikoek hartaraturik, baina erregeak eta haren aldekoek neutraltasun zorrotzaren beharra gogorarazten zuten behin eta berriz, batez ere gatazkaren emaitza antzematen zaila zen bitartean. Gainera, familia-harremanak eta atxikimendu emozionalak zirela-eta, zail gertatu zitzaion Konstantinori I Mundu Gerran zein alderekin bat egin behar zuen erabakitzea. Erregearen dilema larriagoa bihurtu zen otomandarrek eta bulgariarrek, Greziako Erresumaren alderako kexuak eta asmoak ukanik batak zein besteak, Erdialdeko Inperioen alde egin zutenean.
Konstantinok neutral iraun zuen arren, Eleftherios Venizelos Greziako lehen ministroak aski goiz erabaki zuen Greziaren intereserako hobe zela Ententearekin bat egitea, eta Aliatuekin ahalegin diplomatikoak egiteari ekin zion, garaile ateraz gero ordainak jasotzeko bidea prestatzearren. Erregea ez zen ados agertu, eta kargutik kendu zuen Venizelos, eta, hala, leize sakon bat sortu zen bien artean, eta beren jarraitzaileen artera eta greziar jendartearen zatirik handienera zabaldu zen, gainera. Grezia bi alderdi politiko erabat bereizitan banatu zen, hainbeste, non Venizelosek estatu bereizi bat eratu baitzuen Grezia iparraldean, eta, finean, Aliatuen babesarekin, abdikatzera behartu zuen erregea. 1917ko maiatzean, Konstantino erbesteratu eta gero, Venizelos Atenasera itzuli zen, eta Ententearen aliatu bihurtu. Greziar indar militarrak (nahiz eta zatituta egon monarkiaren aldekoen eta Venizelismoaren aldekoen artean) bulgariar armadaren kontrako ekintza militarretan parte hartzen hasi ziren mugan.
Gerran sarturik, eta aurretik izandako gertakariak tarteko, Lehen Mundu Gerra osteko Grezian zatiketa politiko eta sozial sakona gertatu zen. Herrialdeko formazio politiko nagusiak, Venizelosen zale liberalak eta erregezaleak, lehendik ere areriotasun garratzean bizi zirenak gerra aurreko politikarengatik, elkarren arteko herra erabatekora iritsi ziren. Alderdi batak zein besteak bidegabekeria politikotzat eta traiziotzat zeuzkaten batak zein besteak Lehen Mundu Gerran egindakoak. Etsaitasun hori, ezinbestean, greziar jendartera ere zabaldu zen, eta arrakala sakona ireki, eta horrek eragin erabakigarria izan zuen Asia Txikiko kanpainak huts egiteko orduan, eta ezinegon handia sortu zen gizartean, bi gerra handien arteko urteetan.
Greziaren hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra, alderdi militarrari dagokionez, Mudrosko Armistizioarekin hasi zen. Greko-Turkiar gerraren operazio militarrak hiru fase nagusitan bana daitezke: lehenengo fasea, 1919ko maiatza eta 1920ko urria bitartean, greziarrak Asia Txikian lehorreratzea eta Egeoko itsasaldean finkatzea gertatu zirelarik. Bigarren fasean, 1920ko urritik 1921eko abuztura, Greziaren eraso operazioak gertatu ziren. Eta hirugarren eta azken faseak 1922ko abuztura arte iraun zuen, noiz ere ekimen estrategikoa turkiar armadak ukan baitzuen.
Esmirnan lehorreratzea (1919ko maiatza)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1919ko maiatzaren 15ean, hogei mila[17] greziar soldadu lehorreratu ziren Esmirnan, eta hiriaren eta inguruen kontrola hartu greziar, frantziar eta britaniar itsas armaden babesarekin. Mudros Armistizioaren 7. artikuluan kausitu zen horretarako zuribide legezkoa, baimena ematen baitzien aliatuei "edozein leku estrategiko okupatzeko, baldin eta Aliatuen segurtasuna mehatxa zezakeen egoerarik gertatzen bazen". Greziarrek, dagoeneko, ekarriak zeuzkaten beren indarrak Trazia Ekialdera (Konstantinoplara eta haren eskualdera ez ezik).
Esmirnako kristau populazioa (gehienak greziarrak eta armeniarrak), iturri batzuen arabera, gutxiengoa zen, eta beste batzuen arabera, gehiengoa, hiriko turkiar musulman populazioaren aldean. Greziar armadan baziren 2.500 armeniar boluntario. Hiriko greziar gehienek askatzaile gisa hartu eta agurtu zituen greziar tropak. [18]
Greziaren erasoak udan (1920ko uda)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1920ko udan, greziar armadak hainbat eraso egin zituen Büyük Menderes ibaiaren aldean, Karşıyaka (Peramos) aldean eta Alaşehir (Filadelfia) aldean, eta emaitza ona lortu. Ekintza horien helburu estrategiko orokorra zen, turkiarrek geroz eta irmoago iharduki arren, Esmirnaren defentsari babes estrategiko zabalagoa ematea . Asmo horrekin, greziarren okupazio eremua hedatu egin zen Anatolia mendebalde osora eta ipar-mendebalde osora.
Sèvresko Ituna (1920ko abuztua)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziar armadak aliatuen alde egin zuen ekarpenaren truke, aliatuek Trazia ekialdea eta Esmirna Greziari lagatzearen alde egin zuten. Tratatu honekin eman zitzaion amaiera Lehen Mundu Gerrari Asia Txikian, eta, aldi berean, otomandar inperioaren patua zigilatu zen. Handik aurrera, Otomandar Inperioa ez zen jagoitik europar potentzia bat izango.
1920ko abuztuaren 10ean, Otomandar Inperioak, Sèvresko Ituna sinatu zuen, Greziari lagaz Trazia, Chatlja lerroetaraino. Are garrantzi handiagoa izan zuen beste honek: Turkiak uko egin zien Imbros eta Tenedos uharteen gainean zeuzkan eskubideei, Greziaren alde, eta, aldiz, Konstantinopla, Marmarako uhartea eta Europako lurralde zerrenda txiki bat atxiki zituen. Bosforo itsasartea nazioarteko batzorde baten pean ezarri zen, guztientzat irekia, jagoitik.
Turkia, gainera, behartua izan zen Greziari eskualdatzera Esmirna gainean zituen subiranotasun eskubideen erabilera, eta, Esmirnarekin batera, Hinterland handi samar baten gaineko subiranotasuna ere bai; Turkiak bandera bat baino ezin izan zuen atxiki, "kanpoaldeko gotorleku batean". Nahiz eta Greziak administratu Esmirnako enklabea, haren gaineko subiranotasuna, ofizialki, Sultanari zegokion, artean. Tratatuaren xedapenen arabera, Esmirnak bere parlamentua izango zuen, eta, baldin eta, bost urteko epearen barruan Greziako Erresumari atxikia izatea galdegiten bazuen, xedatua zen Nazioen Ligak plebiszitu bat antolatuko zuela, horri buruz erabakitzeko. Otomandar Inperioak ez zuen inoiz ere berretsi Tratatu hori, ezta Greziak ere.[19]
Greziarrak aitzinatu (1920ko urria)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1920ko urrian, greziar armada ekialderago aitzinatu zen Anatolian, Lloyd Georgek sustaturik, haren asmoa baitzen Turkiar eta Otomandar gobernuak areago hertsatzea Sèvresko Ituna sinatzera. Aitzinatze hori Eleftherios Venizelosen gobernu liberalaren pean hasi zen, baina erasoa hasi eta gutxira, Venizelos boteretik erori zen eta Dimitrios Gounaris-ek ordezkatu zuen. Operazio militar horien helburu estrategikoa zen Turkiar Nazionalistak garaitzea eta Mustafa Kemal bake negoziazioetara behartzea. Greziarrak aitzinatzen ari ziren, oraindik ere nagusi baitziren tropa kopuruan eta ekipamendu modernotan, eta uste izan zuten guduak goiz piztuko zirela eta turkiar indar gaizki ekipatuak suntsitu egingo zituztela. Alabaina, erresistentzia txikia aurkitu zuten, turkiarrek ordenatuki atzera egin baitzuten eta inguratuak izatea saihestu. Churchillek esana da: "Greziar zutabeak herrialdeko errepideetan aurrera egin ahala, segurtasunez igaroz mendi zintzur izugarrietan barna, turkiarrak, lidergo sendo eta zuhur baten pean, desagertu egiten ziren Anatoliako ezkutalekuetara."[17]
Aldaketa Greziako gobernuan (1920ko azaroa)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1920ko urrian, Alexander erregea (1917ko ekainaz geroztik zen errege, haren aita Konstantino erbesteratu beharrean aurkitu baitzen Venizelosen aldekoek hartaraturik), gaixotu egin zen eta septizemiak jota hil, lorategietan tximu batek hozka eginik. Alexander erregea ondorengorik gabe hilik, 1920ko azaroaren 1ean egitekoak ziren hauteskundeek beste gatazka bat eragin zuten bat-batean, Venizelosen aldekoen eta erregezaleen artean. Venizelosen kontrako alderdiak gobernuaren kudeaketa txarra eta autoritarismoa salatu zituen kanpaina egiteko; izan ere, gerra zela eta, 1915eko hauteskundeez geroztik zegoen boterean gobernu hura.
Aldi berean, Asia Txikiaren afera utzi eta handik ateratzeko beharra sustatu zuten, baina ez zuten plan zehatzik aurkeztu horretarako. Aldiz, Venizelos gerran jarraitzearen aldekotzat jotzen zuten, gerra hura nora zihoan ezin antzeman bazen ere. Greziar gehienak akiturik zeuden gerrarekin, eta gogaiturik Venizelosen erregimen kasik diktadurazkoarekin, eta, hala, aldaketaren alde egin zuten. Askoren harrigarri, Venizelosek 118 jarleku baino ez zituen irabazi 369ren artetik. Hondamendiaren ondorioz, erbesteratu beharrean aurkitu ziren Venizelos bera eta haren kide hurbilenekoetako batzuk. Oraindik ere galdetzen da zergatik egin ote zuen hauteskundeetarako deialdia ordu hartan.
Dimitrios Gounarisen gobernu berriak plebiszitu bat prestatu zuen Konstantino erregea itzultzearen inguruan. Erregea Lehenengo Mundu Gerran aurkari agertu zela ohartarazirik, Aliatuek abisua eman zioten Greziako gobernuari ezen, hura erregetzara itzuliz gero, kendu egingo ziotela laguntza finantzazko eta militar oro.
Handik hilabetegarreneko plebiszitu baterako deialdia egin zen, Konstantino erregea itzultzearen inguruan. Hura itzuli eta laster, erregeak kargutik kendu zituen I. Mundu Gerrako Venizelosen aldeko ofizial anitz, eta esperientziarik gabeko ofizial monarkikoak izendatu maila goreneko karguetarako. Kanpainaren aitzindari Anastasios Papoulas izendatu zuten, eta Konstantino erregeak, bestalde, aginte orokorra bere gain hartu zuen ofizialki. Esmirnako goi komisario Aristeidis Stergiadis, alta, ez zuten kargutik kendu. Gainera, gainetiko Venizelosen zale anitzek dimisioa eman zuten, etsiturik erregimen aldaketarekin.
Ofizial talde batek, ordea, Georgios Kondylis buru zuela, "Nazio Defentsa" bat eratu zuen Konstantinoplan, eta Venizelosen aldeko iheslariekin azkarturik, aurki hasi ziren Atenasko gobernu erregezalea maiseatzen. Greziar armadak segurtatuta zeuzkan Esmirna eta Asia Txikiko itsasaldea, eta, Venizelosen aldekoak ohildurik, Ankararantz abiatua zen. Alabaina, tentsioa ez zen itzali, artean, Armadaren barnean, bi alderdien artean.
İnönüko guduak (1920ko abendua-1921eko martxoa)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1920ko abendurako, greziarrak bi fronteetan aitzinatuak zeuden, Eskişehirrera hurbildu ziren ipar-mendebaldetik eta Esmirnatik, eta finkatua zeukaten okupatutako eremua. 1921eko hasieran, berriro hasi ziren aitzinatzen, miaketa egiteko barneratze txikien bidez, turkiar nazionalistek irmo ihardukitzen zitzaizkielarik lubakietatik, geroz eta prestatuago eta hornituago armada erregular gisa.
Greziarren aitzinatzea İnönüko lehen guduan gerarazi zuten, 1921eko urtarrilaren 11n. Greziako dibisio bakarrak parte hartu zuen arren, eta, beraz, gudu txikia izan zen arren, ondorio politiko handi samarra ekarri zuen turkiar iraultzaile hasi berrientzat. Gertaera horrek eraginik, aliatuek Sèvresko Itunean aldaketak egiteko proposamenak egin zituzten Londresko biltzar batean, non turkiar iraultzaileek nahiz Otomandar Gobernuek ordezkariak izan baitzituzten.
Nahiz eta akordioak izan ziren Italiarekin, Frantziarekin eta Britainia Handiarekin, Greziako Gobernua ez zen ados izan akordio haiekin, uste baitzuten oraindik ere aitzinamendu estrategikoa atxikitzen zutela eta posizio azkarragoa izan zezaketela negoziatzeko. Greziarrek beste erasoaldi bat abiarazi zuten martxoaren 27an, İnönüko bigarren gudua deitu zitzaiona, eta turkiar tropak gogorki iharduki zitzaizkien, eta hondarrean greziarrak garaitu, martxoaren 30ean. Britaniarrak Greziarren hedapenaren alde ziren, baina ukatu egin zieten laguntza militarra, frantziarrak ez tarritatzearren. Turkiar indarrek Errusia Sobietarraren laguntza jaso zuten, armak eman baitzizkieten. [20]
Turkiar iraultzaileen alde jarri
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ordurako, beste fronte guztiak turkiarren alde finkatuak ziren, eta, hala, turkiarrek baliabide gehiago jarri ahal izan zituzten greziar armadaren mehatxu nagusiari aurre egiteko. Frantziak eta Italiak isilpeko hitzarmenak egin zituzten turkiar iraultzaileekin, haien indar geroz eta handiagoari ezagutza agertuz. Ikusten zuten Grezia britaniarren bezeroa zela, eta ekipamendu militarra saldu zieten turkiarrei. Errusiako gobernu boltxebike berria turkiar iraultzaileen alde jarri zen, Moskuko Tratatuan (1921) agerian geratu zenez. Boltxebikeek Mustafa Kemal eta haren indarren alde egin zuten, eta diruz eta munizioz hornitu zituzten. 1920an bertan, Errusia Boltxebikeak 6.000 fusil, 5 milioi fusil-kartutxo, 17.600 leherkari eta 200.6 kg urre lingote eman zizkien kemalzaleei. Hurrengo bi urteetan laguntza are eta handiagoa, berriz.
Afyonkarahisar-Eskişehir-ko gudua (1921ko uztaila)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1921eko ekainaren 27tik uztailaren 20ra bitartean, bederatzi dibisioko greziar armada berrindartu batek eraso nagusi bati ekin zion, ordurarteko handienari, turkiar tropen aurka, zeinek Ismet Inönü baitzuten buruzagi, Afyonkarahisar - Kütahya - Eskişehir lerroan. Greziarren asmoa zen Anatolia erdibitzea, barnealdea itsasaldearekin lotzen zituzten trenbide nagusietan izaki hiri horiek. Azkenean, turkiarren defentsa gotorrak hautsirik, gune estrategiko garrantzitsu horiek okupatu zituzten. Alabaina, aurrera jarraitu eta turkiar nazionalisten ahalmen militarra deuseztu ordez, greziar armada geratu egin zen. Ondorioz, eta nahiz eta garaituak izan hasiera batean, turkiarrek eragotzi egin zuten inguratuak izatea, eta erretiratu egin ziren estrategikoki Sakarya ibaiaren ekialdera, eta han antolatu zuten atzenengo defentsa lerroa.
Erabaki horrek zigilatu zuen greziarren Anatoliako kanpainaren patua. Estatu eta armada buruzagitza, Konstantino erregea, Dimitrios Gounaris eta Anastasios Papoulas jenerala barne, Küthayan bildu ziren, eta han eztabaidatu zuten kanpainaren hurrengo urratsez. Greziarrek, beren adore ahuldua indarberriturik, huts egin zuten ez aintzat harturik beste aldearen defentsa egoera estrategikoa; aitzitik, "azken konponbide" baterantz lehiatu ziren, eta buruzagitzak erabaki arrunt alde baterantz makurtua hartu zen, alegia, turkiarrei jazartzea eta haien atzenengo defentsa lerroari erasotzea, zeina Ankaratik gertu baitzegoen. Buruzagitza militarrak, ordea, zuhur jokatu nahiz, indar gehiago galdegin zituen, eta denbora ere bai prestatzeko, baina ez zuen politikarien erabakien kontra jo. Ahots gutxi batzuek baizik ez zuten aldeztu defentsazko jarrera bat hartzea, haien artean, Ioannis Metaxasek. Alabaina, Konstantino erregeak ahal txikia zuen ordurako, eta ez zuen ez alde baten ez bestearen aldeko jarrerarik hartu. Hilabetean ez atzera ez aurrera egon ziren, eta, atzenerako, zazpi greziar dibisiok Sakarya ibaia zeharkatu zuten ekialderantz; bitartean, ordea, turkiarrek astia izan zuten beren defentsa lerroa antolatzeko.
Sakaryako gudua (1921eko abuztua eta iraila)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ismet Inönü-en buruzagiaren manupean Kütahya-Eskişehirko guduan atzera egin zuten turkiar tropek, eta greziar armada haien ondotik abiatu eta Sakarya ibai aldera (Sangarios, grezieraz) aitzinatu ziren berriro, zeina Ankaratik mendebaldera baitago, 100 km baino gutxiagora. Konstantinok borrokarako dei egiten zuen "Angira-rantz" deiadar eginez, eta britaniar ofizialak ere gonbidatu zituzten greziarrek, aldez aurretik, Kemalen hirian garaipen-afari bat egitera. Greziarren asmoa zen turkiar iraultzaileak, ordura arte behin eta berriro erdietsi izan zuten arren inguratuak izatea, beren hiriburua defendatzeko borroka egitera behartzea, eta haiek higadurazko gudu baten bidez suntsitzea.
Sobietarren laguntza izan arren, hornidurak eskas gertatu zitzaizkien turkiarrei, greziarrei aurre egiteko prestatzen ziren bitartean. Herritarrek, fusilak, pistolak eta muniziorik izanez gero, armadari eman behar izan zizkioten, eta etxe bakoitzari galdegin zitzaion barruko arropa pare bat eta sandalia pare bat emateko. Bitartean, Turkiako parlamentuak, pozik ez Ismet Inönüren lanarekin, eta kendu egin zuen hura mendebaldeko fronteko komandante kargutik, Mustafa Kemal eta Estatu Nagusiko buru Fevzi Çakmak nahi zituelako agintean.
Greziar indarrek 200 km egin zituzten basamortuan astebetean, erasorako posizioetara iritsi nahian, hartara turkiarrek etortzen ikus zitzaten. [21]
Greziar armadari jazarri zitzaizkion, ordea, turkiarrak, eta Sakayrako gudua eragin, 21 egun iraun zuena (1921eko abuztuaren 23tik irailaren 13ra). Greziar armada Haymana hartzen saiatu zelarik, Ankaratik 40 km hegoaldera, turkiarrek eutsi egin zioten, eta greziarrak, hornikuntza eta komunikazio lerroak oso luzeak izaki Anatolian oso barna, muniziorik gabe geratzen ari ziren. Borrokak hain gogorrak izan ziren, non bi aldeak akitu egin baitziren; alta, greziarrek atzera egin behar izan zuten.
Hori izan zen greziarrak Anatolian urrunen aitzinatu ziren lekua, eta bost asteren buruan, ordenatuki egin zuten atzera, ekaineko lerroetara. Turkiako Parlamentuak kapitain nagusiaren titulua eman zien Mustafa Kemali eta Fevzi Çakmaki. Gaur arte ez da izan beste inor Turkiako Errepublikaren bost izarreko jeneralaren titulua jaso duenik.
Ez atzera, ez aurrera (1921eko iraila - 1922ko abuztua)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irtenbide militarrik erdietsi ezinik, Greziak aliatuei eskatu zien laguntza, baina 1922ko hasieran, Britainia Handiak, Frantziak eta Italiak erabaki zuten Sèvresko Ituna ezin zela betearazi eta berrikusi egin behar zela. Erabaki horri jarraituz, hurrenez hurrengo hainbat tratatu tarteko, soldadu italiarrek eta frantziarrek beren posizioak utzi zituzten, greziarrak bakarrik utziz.
1922ko martxoan, Aliatuek armistizioa proposatu zuten. Abantaila estrategikoa zuelakoan, Mustafa Kemalek ezezkoa eman zion, ez zuen inolako akordiorik egingo greziarrak Anatolian ziren artean, eta eginahaletan ekin zion turkiar indar militarrak berrantolatzeari greziarren aurkako atzenengo erasorako. Aldi berean, greziarrek indartu egin zituzten beren defentsa posizioak, baina geroz eta adoregabetuago zeuden defentsan geldirik egon beharrez eta gerrak luze jotzez. Greziarrek britaniarren laguntza lortu nahi zuten, eta behartu ere behartu nahi izan zituzten diplomazia bideetatik, Konstantinopla hartzeko mehatxu eginez. Ez zen, ordea, horrelako egitasmorik gauzatu. Turkiarrak, bitartean, sobietarren laguntza jasotzen ari ziren. [22]
Grezian geroz eta gehiago ziren erretiratzea eskatzen zutenak, eta tropen artean ere adorea galarazteko propaganda hedatu zen. Ofizial Venizelosen zaleak ere antolatu ziren "Nazio Defentsa" mugimendu batean, eta estatu kolpe bat ere prestatu zuten, baina ez zuten izan Venizelosen beraren babesik, eta haien ahaleginek ez zuten emaitzarik izan.
Turkiarren kontraerasoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Turkiarrek, azkenik, kontrako erasoa abiarazi zuten abuztuaren 26an, "eraso handia" (turkieraz: Büyük Taarruz) izenez ezagutzen dutena. Abuztuaren 30ean, turkiarrek greziar armada garaitu zuten Dumlupnarreko guduan, greziar soldaduen erdiak harrapatu edo hil zituztelarik eta haien ekipamendua erabat galdu zelarik. [23] Data hau Garaipen Egunaren gisa ospatzen da Turkian, nazioaren jaiegun gisa. [23]
Turkiarrek Esmirna hartu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irailaren 2an, Eskişehir hartu zuten eta Greziako gobernuak su-eten bat antolatzeko eskatu zion Britainia Handiari, Esmirna bederen atxikitzeko. Turkiar zalditeria irailaren 9an sartu zen Esmirnan. Irailaren 18an, Anatoliatik egotzia izan zen greziar armada.[24]
Turkiako zalditeriaren abangoardia irailaren 8an sartu zen Esmirnako aldirietan. Egun berean, greziarrek utzi egin zituzten hiriko kuartel nagusiak. Irailaren 9an hartu zuten hiriaren erdigunea turkiarrek. Mustafa Kemalek agindu bat argitara eman arren herritar ez-borrokalariak kolpatzen zituzten turkiar soldaduei heriotza emango zitzaiela esanez, sarraskiak izan ziren greziar eta armeniar herritarren kontra, eta harrapaketak ere egin ziren haien ondasunen artean [25]. Lekuko gehienek esaten zuten turkiar armadaren tropak ikusi izan zituztela hirian suteak pizten. Hiriko armeniar eta greziar auzoak erre egin zituzten, eta turkiar eta judu auzoek, aldiz, onik iraun zuten.
Chanak krisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esmirna berreskuraturik, turkiarrek iparrerantz jo zuten Bosforo aldera, Marmarako itsasora eta Dardaneloetara, non aliatuek garnizioak baitzeuzkaten, Konstantinoplako britaniar, frantses eta italiar tropekin segurtatuak.[23] Daily Mail egunkarian irailaren 15ean argitaratutako elkarrizketa batean, Mustafa Kemalek honako hau zioen: " Lehengo lepotik dugu burua oraintsuko garaipen honen ostean ere. Asia Txikia eskatzen dugu, bai eta Trazia ere Maritsa ibairaino, eta Konstantinopla...Geure hiriburua behar dugu, eta, hartara, Konstantinopla hartzera bidali beharko ditut gudarosteak, eta egun gutxiko kontua izango da. Nahiago nuke negoziazioaren bidez hartu, baina, jakina, ezingo naiz egon betiko itxaroten.","[26]
Hasieran, britainiar kabineteak erabaki zuen turkiarrei aurre egitea Dardaneloetan, behar izanez gero, eta frantziar eta italiarrei laguntza eskatzea greziarrek Trazia ekialdean geratzeko modua izan zezaten. [27] Britainia Handiko gobernuak ere bere kolonien laguntza militarra eskatu zuen, eta haiek ezezkoa eman zuten, Zelanda Berriak izan ezik. Gainera, italiar eta frantses indarrek utzi egin zituzten itsasarteetako posizioak, eta britaniarrak bakarrik utzi turkiarrei aurre egiten. Irailaren 24an, Kemalen tropak itsasarteetako eremuetara hurbildu ziren, eta britaniarrek alde egiteko galdegin arren, ezezkoa eman zuten. Britaniar gobernua zatituta zegoen arazoari aurre egiteko orduan, baina azkenean saihestu egin zuten gatazka armatua. Charles Harington britainiar jeneralak, Konstantinoplako komandante aliatuak, eragotzi egin zien bere gizonei turkiarrei tiro egitea, eta Britania Handiko gobernua ohartarazi zuen ez zedin lehia abentura ero batera. Hark eskatuta, greziarrek utzi egin zuten Konstantinopla. Azkenean, gainera, britaniarrek behartu egin zituzten greziarrak Trazian Maritsa baino harago erretiratzera. Hala, Mustafa Kemalek onartu egin zuen armistiziorako elkarrizketak hastea.
Mudanyako Armistizioa 1922ko urriaren 11n sinatu zen. Aliatuek (Britainia Handia, Frantzia eta Italia) ekialdeko Traziaren eta Bosforoaren kontrola atxiki zuten. Greziarrek, ordea, utzi egin behar zituzten eremu horiek. Hitzarmena 1922ko urriaren 15ean hasi zen eragiten, Greziak adostasuna eman eta hurrengo egunean.
Mudanyako Armistizioaren ondotik etorri zen Lausanako Tratatua. Tratatu horretatik kanpo, Turkiak eta Greziak hitzarmen bat egin zuten biztanleria trukatzeko. Milioi bat greziar ortodoxo baino gehiago lekualdatu zituzten; gehienak Atikan kokatu zituzten, bai eta berriki eskuratutako Mazedoniako eta Traziako greziar lurraldeetan, eta haien trukean 500.000 inguru musulman lekualdatu zituzten greziar lurraldeetatik.
Gerraren emaitza zerk eragin zuen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziarrek estimatu zuten, frantsesek eta britainiarrek ohartarazi arren ez gutxiesteko etsaia, nahikoa izango zituztela hiru hilabete beste inoren laguntzarik gabe turkiar dagoeneko ahulduak garaitzeko.[28] Akiturik, lau urte igaro baitzituzten gerran odola isuriz, aliatuek ez zuten sartu nahi beste gerra batean, eta Greziarekin fidatu ziren. 1921ean Londresen egin zen biltzarrean, Kalogeropoulos Greziako lehen ministroak adierazi zuen greziar armada gogotsu zegoela eta haren adorea zalantza gabea zela, eta, bere irudiko, Kemalen zaleak ez zirela soldadu erregularrak, baizik eta jende oste arlote bat, ez zirela aintzat hartzekoak ere.[28] Hala ere, aliatuak zalantzan ziren Greziak ba ote zuen ahalmen militarrik Anatolian sartu eta aitzinatzeko, lurralde zabal-zabaletan, komunikazio-lerro oso luzeekin, Greziako diru-kutxetan finantza eskasia zelarik eta, batez ere, turkiar baserritar/soldadu bortitzen aurka egin beharrez. [28][15] Greziarrek huts egin baitzuten İnönüko Lehen eta Bigarren guduan turkiar armada berrezarriaren kontra, italiarrek utzi egin zuten beren okupazio eremua Anatolia hego-mendebaldean, 1921eko uztailean. Gainera, italiarrek adierazi zuten Greziak urratu egin zituela greziar okupazioaren mugak, Lauen Biltzarrean ezarritakoak. Frantziak, bestalde, bazuen bere frontea Zilizian turkiar nazionalisten kontra. Frantsesak, beste potentzia aliatuak bezala, jarrera aldatu eta turkiarren alde jarri ziren, boltxebikeen kontra estatu kuxin bat eraiki nahirik, eta beren okupazio eremua uztekotan ziren. Greziarrek huts egin zutelarik berriro, ezin garaiturik turkiarrak Sakaryako gudu erabakigarrian, frantsesek Ankarako Tratatua sinatu zuten azkenean turkiarrekin, 1921eko urria amaieran. Gainera, aliatuek ez zioten erabateko baimenik eman greziar itsas armadari Itsaso Beltza blokeatzeko, turkiarren janari eta hornigai inportazioa murrizteko balia zezaketen arren. Hala ere, greziar itsas armadak bonbardatu egin zituen zenbait portu handi (1921eko ekainean eta uztailean). Ordea, Greziako itsas armada gai izan zen Itsaso Beltza blokeatzeko, aldi batez.
Hornikuntza egokiak edukitzea arazo etengabea izan zen greziar armadarentzat. Gizonik, adorerik eta gogorik eskas izan ez arren, laster aurkitu zen gainerako guztiaren beharrean. Ekonomia ahula zela-eta, Greziak ezin zion eutsi epe luzeko mobilizazio bati. Britania Handiak 1922an egindako txosten baten arabera, 60.000 anatoliar sortzez greziar, armeniar eta zirkasiar aritu ziren Greziaren okupazio armadarentzat borrokan (6.000-10.000 artean zirkasiarrak ziren). Horren aldean, turkiarrek ere arazoak izan zituzten gizon egoki aski biltzeko, 1,5 milioi biktima militar izan zituenez gero I. Mundu Gerran. Aurki gertatu zen greziar armada bere egitura logistikoa gainditurik eta horren lurralde zabala atxiki ezinik turkiar tropa hasieran erregular eta geroago erregularren etengabeko erasoen pean. Okerrekoa gertatu zen horren armada handiak batez ere "lurretik biziz" erasoari eutsi ahal izango ziolako ideia. 1921eko irailaz gero, greziar armadak lurralde handi-handi bat atxiki behar izan zuen, eta turkiar armada baino motorizatuago egonik, irudi zuen egokiago eutsiko ziola.
Hornikuntzaren egoera greziarrentzat larriagotu ahala, hobetu egin zen turkiarrentzat. Mudrosko Armistizioaren ondotik, alabaina, aliatuek desegina zuten otomandar armada, atzituak zituzten otomandar arma eta munizioa guztiak, eta, beraz, Turkiako Nazio Mugimendua, armada berri bat eratzekotan baitzen, arma behar gorrian zegoen. Artean aliatuek konfiskatu gabeko armez gain, sobietarren laguntza ere bazuten atzerritik, Batumi Sobiet Batasunari ematearen trukean. Sobietarrek, halaber, finantza laguntza handia eman zioten Turkiar Nazio Mugimenduari, ez agindu bezainbeste, baina bai agindutako arma horniduraren izandako eskasia handiak berdintzeko adina. Sobietarrek laguntzeko zuten arrazoi nagusietako bat zen aliatuak errusiar lurrean ari zirela borrokan boltxebikeen aurka, eta, beraz, turkiar oposizioaren alde jarri zen Mosku, lagunduz. Italiarrei gaitzitu egin zitzaien Esmirnaren gain zuten mandatua Greziarren esku utzi beharra, eta Antalyan zuten basea utzi zieten turkiarrei, tropak armatzeko eta prestatzeko, hartara Kemalisten alde eginez greziarren kontra.[15]
Britaniar militar atxikiriko batek, 1921eko ekainean greziar armada ikuskatu zuelarik, esan zuen hura zela "inoiz ikusi zuen borrokarako makinarik eraginkorrena". Geroago, hau idatzi zuen: "Asia Txikiko greziar armada, aurrera egiteko prest eta irrikaz, nazioak inoiz gudu zelaian jarritako indarrik handiena da. Ezin adoretsuagoa da. Balkanetako estandarren arabera, ofizialak gai dira, diziplina eta antolamendu ona dute". Turkiar tropek, berriz, bazuten ahalmena aginte gune estrategiko eta taktiko baterako, eta I. Mundu Gerran arituak zituzten buruzagien artean. Turkiar armadaren abantaila zen defentsan arituko zela, eta "eremu defentsa" molde berriaren arabera gauzatuko zuela eginkizun hori.
Mustafa Kemalek iraultzaile gisa aurkeztu zien bere burua komunistei, tradizioaren eta ordenaren babesle gisa kontserbadoreei, soldadu abertzale gisa nazionalistei eta lider musulman gisa erlijiosoei, eta, hala, turkiar elementu guztiak bildu zituen eta gartu borrokarako. Turkiar Nazio Mugimenduak ekialde urruneko musulmanen babesa bildu zuen, batez ere. Mumbaiko Khilafet Batzordeak dirua bildu zuen Turkiar nazio-borrokarn alde laguntzeko eta finantza-laguntza ez ezik, adore emateko gutunak ere igorri zituen etengabe. Diru guztia ez zen helburura iritsi, ordea, eta Mustafa Kemalek erabaki zuen Khilafet Batzordeak igortzen zuen dirua ez erabiltzea. Otomandar Bankuan jarri zuten dirua, gordailuan. Gerra ostean, Türkiye İş Bankası turkiar bankua finantzatzeko erabili zen.
Izugarrikeriak eta garbiketa etnikoaren salaketak alde batean zein bestean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Turkiarrek greziarren eta armeniarren artean eragin sarraskiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rudolph J. Rummelek kalkulatu zuen ezen, 1900tik 1923ra, Turkiako hainbat erregimenek 3.500.000tik 4.300.000 baino gehiagora arteko armeniar, greziar eta asiriar hil zituztela. [29] [30] Rummelen kalkuluen arabera, 440.000 armeniar zibil eta 264.000 greziar zibil hil zituzten turkiarren indarrek Turkiar Independentzia Gerran, 1919tik 1922ra bitartean. Hala ere, bere azterlanetan ematen dituen kopuruetan, 1,4 eta 4,3 milioi dira hilak, eta horien artean 2,7 milioi izan ziren armeniarrak, greziarrak, nestoriarrak, turkiarrak, zirkasiarrak eta beste talde etniko batzuetakoak. 4,8 milioi inguru frontean. Arnold J. Toynbeek adierazi zuen ezen, eskualde hartan ibili zenean, greziar herri asko ikusi zituela erreta eta lur jota. Halaber esan zuen ezen, nabarmenki, turkiar tropek banan-banan eta nahita erre zutela etxe bakoitza herri horietan, petrolioa isuriz haietara eta guztiz suntsitzen zirela ziurtatuz. Sarraskiak izan ziren 1920-23 epean, Turkiar Independentzia Gerraren garaian, batez ere armeniarrak hil zituztelarik ekialdean eta hegoaldean, eta greziarrak ere bai Itsaso Beltzaren eskualdean. Halaber, jarraitasun nabarmen bat egon zen armeniar eta greziar genozidioen antolatzaileen artean 1915etik 1918ra eta 1919etik 1921era.[31]
Turkiar gobernari batek, Ebubekir Hazim Tepeyran zeritzanak, esan zuen 1919an ezen sarraskiak hain izan zirela lazgarriak ezen ezin baitzuen jasan haien berri ematea. Itsaso Beltzaren eskualdean greziarren kontra egindako izugarrikeriez ari zen, eta zenbaketa ofizialaren arabera, 11.181 greziar erail zituen turkiar armada nagusiak 1921ean, Nureddin Paxa buruzagiaren agindupean (berak hil omen zuen doilorki Chrysostomos apezpikua). Parlamentuko diputatu batzuek eskatu zuten heriotza zigorra ezartzeko Nureddin Paxari, eta erabaki zen hura auzitara eramatea, baina gero bertan behera utzarazi zuten auzia, Mustafa Kemalek esku harturik. Taner Akçamek idatzi zuen ezen Nureddin Paxak, egunkari baten esanetan, proposatu zuela Anatolian geratzen ziren greziar eta armeniar guztiak hiltzea, eta Mustafa Kemal kontra agertu zela.[31]
Pontoko eskualdean bizi diren Pontoko greziarren aurkako erasoak[32] Pontoko Genozidio gisa ezagutzen dira Grezian eta Zipren. George Pataki garai hartan New Yorkeko gobernadoreak 2002an egindako aldarrikapen baten arabera (greziar estatubatuar populazio handi samarra bizi da han), Asia Txikiko greziarrek krudelkeria neurrigabea jasan zuten Turkiako gobernuak haiek lekualdatzeko onetsitako kanpaina sistematiko batean; greziar herriak eta hiriak suntsitu zituzten, eta beste ehunka mila zibil erail greziarrak gehien ziren eskualdeetan, hala nola Itaso Beltzean, Pontoan, eta Esmirna inguruko eskualdeetan; bizirik iraun zutenak erbestera joan ziren ihesi, eta, gaur egun, haiek eta haien ondorengoak Greziar diasporan bizi dira. [33]
1922ko irailaren 9rako, Turkiar armada Esmirnan zen, eta greziar agintariak bi egun lehenago ihesi joanak. Nahaste handiak izan ziren ondoren, eta kristau populazioak turkiar soldaduen eta biztanleen erasoak jasan zituen. Chrysostomos greziar apezpikua jende aldra batek lintxatu zuen, turkiar soldaduak ere tartean zirela, eta irailaren 13an, armeniar auzoan sortu zen sute bat kristauen itsas aurreko auzora zabaldu zen, eta erabat suntsitu hiria. Eztabaida handia dago nork eragin ote zuen sua: iturri batzuek turkiarrak jotzen dituzte errudun, eta beste batzuek greziarrak edo armeniarrak. 50.000 eta 100.000 greziar eta armeniar hil ziren sutean eta ondoko sarraskietan.
Turkiako eta Greziako gobernuek sinatutako biztanleria trukatzeko itunaren arabera, trukea egin zen Turkiako greziar hiritar ortodoxoen eta Grezian bizi ziren turkiar eta greziar musulman herritarren artean. Gutxi gorabehera 1.500.000 kristau ortodoxo, Turkiako greziar etnikoak eta turkiar etniakoak, eta Greziako 500.000 turkiar eta greziar musulman behartu zituzten euren etxeak eta herrialdeak uztera. M. Norman Naimarkek adierazi zuen tratatu hori azken atala zela turkiarrentzako herrialde etnikoki garbi bat sortzeko kanpaina batean. [34] Dinah Shelton historialariak idatzi zuen ezen "Lausanako Itunak herrialdeko greziarren lekualdatze behartua osatu zuela". [35]
Greziar populazioaren zati handi bat behartua izan zen arbasoen herrialdeak uztera Jonian, Pontoan eta Ekialdeko Trazian, 1914-22 urteen artean. Iheslari haiei eta jatorria Anatolian zuten Estatu Batuetako greziarrei ez zitzaien utzi beren sorterrietara itzultzen Lausanako Tratatua sinatu eta gero.
Greziarrek turkiarren artean eragindako sarraskiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arnold J. Toynbee historialari britainiarrak idatzi zuen sarraski antolatuak izan zirela greziarrak 1919ko maiatzaren 15ean Esmirnan lehorreratu ondoren. Adierazi zuen, halaber, bera eta bere emaztea lekuko izan zirela greziarrek Yalova, Gemlik eta İzmit inguruetan eragindako izugarrikerietan, eta froga material asko bildu zituztela, etxe erre eta arpilatuak, erail berrien gorpuak eta bizirik baina izuak jota iraun zutenen lekukotzak, hain zuzen, "eta ikusi ere ikusi zituztela greziar zibilek egindako lapurretak eta greziar soldadu uniformez jantziek eragindako suteak. Toynbeek idatzi zuen ezen, greziar armada lehorreratu bezain laster, izugarrikeriak eragiten hasi zirela turkiar zibilen kontra, Menderesko ibar joria suntsituta utziz, eta milaka turkiar behartu zituztela greziarrek hartutako eremuetatik kanpo babes hartzera. Kolonietarako Estatu Idazkari eta geroago Erresuma Batuko lehen ministro Winston Churchillek, ekintza zehatz horiek turkiarrek eragindako genozidio-politikekin alderatuz, adierazi zuen ezen greziarrek eragindako izugarrikeriak txikiagoak izan zirela "Trebizonda eta Samsun barrutietatik greziarrak lekualdatzeko turkiarrek baliatutako politika ikaragarrien aldean."
Aliatuen arteko Batzordeak, zeina britainiar, frantziar, amerikar eta italiar ofizialek osatzen baitzuten, [a] eta Genevako Nazioarteko Gurutze Gorriaren ordezkari M. Gehrik txosten bereizi bi prestatu zituzten elkarlanean, Gmlik-Yalova penintsulako sarraskien inguruko ikerketen gainean. Txosten horietan ondorioztatu zen ezen greziar indarrek izugarrikeria sistematikoak eragin zituztela turkiar biztanleen kontra. Batzordekideek adierazi zuten ezen "turkiar herriak erre eta arpilatu zirela", "greziarrak eta armeniarrak bortizki jazarri zitzaizkiela turkiarrei" eta "populazio musulmana suntsitu eta azkentzeko plan sistematiko bat" izan zela. 1921eko maiatzaren 23ko txostenean, Aliatuen arteko Batzordeak adierazi zuen ezen plan hura greziar eta armeniar taldeak ari zirela gauzatzen, eta greziarrek jarraibideak emanik edo are batzuetan tropa erregularren taldeek lagundurik ere gauzatzen zirela. Halaber adierazi zuen bazitekeela herriak suntsitzearen eta musulman populazioa desagerraraztearen xedea izatea eskualde hartan Greziako Gobernuaren aldeko egoera politiko bat sorraraztea. Aliatuen ikerketak, halaber, seinalatu zuen ezen zenbait ekintza berezi mendekuzkoak izan zirela, turkiarrek iraganean eragindako jazarpen orokorrengatik eta bereziki turkiarrek Marmara eskualdean urtebete lehenago eragindako izugarrikeriengatik, noiz ere greziar herriak erre baitzituzten eta milaka greziar erail.
Arnold J. Toynbeek idatzi zuen froga sinesgarriak bildu zituztela erakusten zutenak era horretako izugarrikeriak abiatuak zirela, 1921eko ekainetik hasita, greziarrek okupatutako gainerako lurraldeetako eremu zabaletan. Agertu zuen ezen Esmirna hiriko turkiarren egoera "izuaren peko erresuma" baten gisakoa bihurtua zela, gehiegikeriarik gabe esanda, eta ondorioztatzekoa zela laborari eskualdeetako tratamendua proportzioan txarragoa izango zela". Hala ere, Toynbeek ez du aipatzen nola Aliatuen txostenak ondorioztatzen zuen ezen turkiarrek İzmiteko penintsulan eragindako izugarrikeriak "ankerragoak izan zirela greziarrek eragindakoak baino". Oro har, Britaniar inteligentzia-zerbitzuen txosten batek zioenez: "Eremu okupatuetako turkiar biztanleek, kasu gehienetan, onartu egin zuten greziarren erregimen berria, eragozpenik gabe, eta, batzuetan, segurki, nahiago izan zuten greziarren agintepean egon turkiar nazionalisten pean egon baino.
Greziarren lur errearen politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat iturriren arabera, greziar armadak, atzera egiten ari zela, lur errearen politika ezarri zuen Anatoliatik ihes egitean, gerraren azken aldian. Erdialdeko Ekialdeari buruzko historialari Sydney Nettleton Fisher-ek idatzi zuen greziar armadak, erretiratzean, lur errearen politika bat aplikatu zuela, eta, bidean, "diren basakeria guztiak eragin zituela turkiar babesgabeen kontra". Norman M. Niamarkek adierazi zuen ezen "greziarren erretiratzea okupazioa bera baino askoz suntsigarriagoa izan zela populazioarentzat.".[34]
Erretiratzen ari zirela greziarrek eragindako izugarrikerien kasu bat: 1922ko otsailaren 14an, Karatepe inguruko Aidingo vilayeteko turkiar herrian, greziarrek inguratu ostean, herritar guztiak meskitan sartu zituzten, eta greziarrek su eman zioten meskitari. Ihes egin zutenei tiro egin zieten. M. Miazzi italiar kontsulak txosten batean jaso zuen ezen turkiar herri bat ikustera joana zela, non greziarrek hirurogei bat emakume eta ume erail baitzituzten. Txosten hori berretsi egin zuen frantses kontsul Kocher kapitainak. [37]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Hare jenerala, britainiar delegatua; Bunoust jenerala, frantziar delegatua; Dall'Olio jenerala, italiar delegatua; Bristol almirantea, estatubatuar delegatua
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Jelavich, Barbara. (1983). History of the Balkans: Twentieth century. Cambridge University Press, 131 or. ISBN 978-0-521-27459-3..
- ↑ (Ingelesez) Bilmez, Bülent. The Place of the Turkish Independence War in the American Press (1918-1923). .
- ↑ (Turkieraz) Çelebi, Mevlüt. Mütareke Döneminde Mustafa Kemal Paşa-Kont Sforza Görüşmesi. .
- ↑ (Turkieraz) Mustafa Kemal Paşa – Kont Sforza ve İtalya İlişkisi. .
- ↑ Woodhouse, C.M.. (1968). The Story of Modern Greece. Londres: Faber and Faber, 204 or..
- ↑ Toynbee, Arnold J. (1926). Turkey. Londres: Ernest Benn, 94 or...
- ↑ Milton, Giles.. (2008). Paradise lost : Smyrna 1922 - the destruction of Islam's city of tolerance. Sceptre ISBN 978-0-340-83786-3. PMC 191890571. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
- ↑ Tung, Anthony M.. (2001). Preserving the world's great cities : the destruction and renewal of the historic metropolis. (1st ed. argitaraldia) Three Rivers Press ISBN 0-517-70148-0. PMC 606532268. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
- ↑ Pentzopoulos, Dimitri.. (2002). The Balkan exchange of minorities and its impact on Greece. Hurst & Co ISBN 1-85065-674-6. PMC 51234364. (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
- ↑ Roberts, Thomas Duval. Area Handbook for the Republic of Turkey. , 79 or..
- ↑ Lowe & Dockrill 2002.
- ↑ Zamir, Meir. (1981). Population Statistics of the Ottoman Empire in 1914 and 1919. 7, 85–106 or. doi: ..
- ↑ Montgomery, AE. (1972). The Making of the Treaty of Sèvres of 10 August 1920. 15, 775 or. doi: ..
- ↑ «Not War Against Islam – Statement by Greek Prime Minister» The Scotsman: 5...
- ↑ a b c d e Smith 1999.
- ↑ Toynbee 1922.
- ↑ a b Kinross 1960.
- ↑ (Ingelesez) «The Ruined City of Smyrna: Giles Milton's 'Paradise Lost'» NY Sun.
- ↑ Treaty of Lausanne. GR: MFA..
- ↑ Stone, David R.. (2013). «Soviet Arms Exports in the 1920s» Journal of Contemporary History 48 (1): 57-77..
- ↑ Greek Army General Staff, The Minor Asia Campagne, volume 5th, The Angora Campagne, Athens, 1986
- ↑ Kapur, H.. Soviet Russia and Asia, 1917–1927. , 114 or..
- ↑ a b c Shaw & Shaw 1977.
- ↑ Lenczowski, George. (1962). The Middle East in World Affairs. New York: Cornell University Press, 107 or..
- ↑ (Ingelesez) James, Edwin L.. (1922-9-11). «Kemal Won't Insure Against Massacres» New York Times.
- ↑ ELEFTHERIA DALEZIOU, BRITAIN AND THE GREEK-TURKISH WAR AND SETTLEMENT OF 1919-1923: THE PURSUIT OF SECURITY BY 'PROXY' IN WESTERN ASIA MINOR. .
- ↑ Walder, David. (1969). The Chanak Affair. Londres, 281 or..
- ↑ a b c Friedman 2012.
- ↑ (Ingelesez) (GIF) Turkey's Dead (1900–1023). .
- ↑ (Ingelesez) Rummel, Rudolph J.. (1997). «Statistics Of Turkey's Democide Estimates, Calculations, And Sources» Statistics of Democide.
- ↑ a b Akçam 2006.
- ↑ New York City: Cyprus Press Office..
- ↑ Pataki, George E. Governor Proclaims October 6th, 2002 as the 80th Anniversary of the Persecution of Greeks of Asia Minor. New York..
- ↑ a b Naimark 2002.
- ↑ Dinah, Shelton. Encyclopaedia of Genocide and Crimes Against Humanity. , 303 or..
- ↑ Conference on Near Eastern Affairs, Lausanne. Records of Proceedings and draft Terms of peace : Presented to Parliament by command of His Majesty. Londres: H.M.S.O..
- ↑ Howell, HG. Report on the Nationalist Offensive in Anatolia. Istanbul: The Inter-Allied commission proceeding to Bourssa F.O. 371-7898, no. E10383..
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Akçam, Taner (2006). A Shameful Act: The Armenian Genocide and the Question of Turkish Responsibility. New York: Metropolitan Books.
- Kinross, Lord (1960). Atatürk: The Rebirth of a Nation. Weidenfeld & Nicolson. ISBN 978-0-297-82036-9.
- Dobkin, Marjorie (1998). Smyrna 1922: The Destruction of a City. New Mark Press. ISBN 978-0-9667451-0-8.
- Clark, Bruce (2006). Twice A Stranger: How Mass Expulsion Forged Modern Greece and Turkey. Harvard University Press. ISBN 978-0-674-03222-4
- Fromkin, David (1990). A Peace to End All Peace: The Fall of the Ottoman Empire and the Creation of the Modern Middle East. New York: Avon Books
- ISBN 978-1-4128-4710-0..
- . (Commission interalliée d'enquête sur l'occupation grecque de Smyrne).
- Milton, Giles (2008). Paradise Lost: Smyrna 1922: The Destruction of Islam's City of Tolerance (paperback ed.). London: Sceptre; Hodder & Stoughton. ISBN 978-0-340-96234-3. Retrieved 2010-07-28.
- Papatheu, Katerina (2007). Greci e turchi. Appunti fra letteratura, musica e storia [Greeks & Turks. Appointments on literature, music & history] (in Italian). Roma-Catania: Bonanno.
- Shaw, Stanford Jay; Shaw, Ezel Kural (1977). History of the Ottoman Empire and Modern Turkey. Cambridge University Press.
- ISBN 978-0-472-08569-9...
- Toynbee, Arnold J (1922). The Western Question in Greece and Turkey: A Study in the Contact of Civilisations. Boston: Houghton Mifflin.
- Richard G. Hovannisian (2007). The Armenian Genocide: Cultural and Ethical Legacies. Transaction Pub. ISBN 978-1-4128-0619-0.