Edukira joan

Irak

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Irakeko Errepublika
الجمهورية العراقي
(Al-Jumhuriyah Al-Iraqiyah)
كۆماری عێراق
(Komara Iraqê)
Ereserkia: Mawtini
Goiburua: الله أكب
Allahu Akbar
("Jainkoa handiena da")

Irakeko bandera

coat of arms of Iraq (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaBagdad
33°18′55″N 44°21′58″E
Azalera437.072 km²
Punturik altuenaCheekha Dar (en) Itzuli
KontinenteaAsia
MugakideakTurkia, Siria, Jordania, Saudi Arabia, Kuwait eta Iran
Administrazioa
Gobernu-sistemaErrepublika federal eta federazio
Irakeko presidenteaAbdul Latif Rashid (en) Itzuli
LegebiltzarraCouncil of Representatives of Iraq (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria38.274.618
Dentsitatea87,57 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Erlijioaislam
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa4,566 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak1.826.357 (2007)
Bizi-itxaropena69,862 (2016)
Giniren koefizientea29,5 (2012)
Giza garapen indizea0,686 (2021)
Ekonomia
BPG nominala197.715.736.040,61 $ (2017)
BPG per capita5.017 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa648.183.174.024 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn16.935,066 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala10,1 % (2016)
Erreserbak49.315.419.400 $ (2017)
Inflazioa−1 % (2016)
Historia
Sorrera data: 1932
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+964
ISO 3166-1 alpha-2IQ
ISO 3166-1 alpha-3IRQ
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.europar loki, AC power plugs and sockets: British and related types (en) Itzuli eta BS 1363 (en) Itzuli
Internet domeinua.iq
gds.gov.iq

Irak[1] (arabieraz: العراق‎, al-‘Irāq; kurdueraz: عێراق, Eraq), izen ofiziala Irakeko Errepublika[1] (arabieraz: جُمُهورية العِراق‎, Jumhūrīyyat al-‘Irāq; kurdueraz: کۆماری عێراق, Komari Eraq), Hego-mendebaldeko Asiako estatua da, ia Mesopotamia osoa hartzen duena. Mugakide ditu Kuwait eta Saudi Arabia hegoaldean, Jordania mendebaldean, Siria ipar-mendebaldean, Turkia iparraldean eta Iran ekialdean. 437.072 kilometro koadroko eremua dauka, eta 2016an 37,2 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Bagdad da.

Tigris eta Eufrates ibaien ibarraren behealdea hartzen du, antzinateko lau zibilizazio handienetako baten bihotz-bihotzean. Lehenbizi arabiarrek inbaditu zuten, mongolek gero, eta turkiarrek azkenik. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Britainia Handiaren agindupean geratu zen. 1932an lortu zuen burujabetasuna. 1958an monarkia eraitsi zuten, eta Abdul Karim Kassem jeneralak hartu zuen agintea. Hark harremanak estutu zituen Sobietar Batasunarekin eta Txinarekin. 1968an, Baath alderdi panarabiarrak hartu zuen agintea. Handik hara, Irak kurduen kontra borrokatu zen lehenbizi, eta Iranen aurka gero, Saddam Husseinen agindupean.

1990ean, Irakek Kuwait inbaditu zuen, baina berehala koalizio batek, Estatu Batuak buru zirela, aterarazi zuen handik. 2003an, Estatu Batuek eta haren aliatuek herrialdea inbaditu eta Baath alderdia kendu zuten agintetik; 2005ean, alderdi anitzeko hauteskundeak egin ziren. Estatubatuar tropek 2011n alde egin bazuten ere,[3] irakiar matxinoen erasoak aregotu ziren Siriako Gerra Zibilaren ondorioz. 2014an, Estatu Islamikoak erasoaldia egin zuen herrialdearen iparraldean, baina 2017an garaitua izan zen.[4]

Irak (arabieraz: العراق, al-‘Irāq; turkieraz: Irak; asirieraz: ܥܪܐܩ; kurdueraz: عێراق) izenaren jatorria zalantzazkoa da, hainbat iturri proposatu baitira. Aditu batzuen arabera, Sumerren zegoen Uruk (edo Erek) hiriaren izenean izan lezake jatorria[5]; beste batzuen arabera, berriz, persierazko erāq ("zelaigunea") hitzetik letorke.[6]

Sasaniar Inperioaren agintepean, Erak Arabi izeneko eskualde bat zegoen, Persiar Inperioaren hego-mendebaldea izendatzeko erabilia, egun Irak hegoaldea dena. Al-Iraq arabiarrek erabilitako izena da, gutxienez VI. mendetik, egun Irakek hartzen duen lurraldea izendatzeko. Egungo arabierazko ahoskera [ʕiˈrɑːq] da, Iraq nazioarteko arabieratiko transkripzioaren arabera. Euskaraz Irak idazten da.[1]

Irak Hego-mendebaldeko Asiako estatua da, ipar latitudeko 29° eta 38° artean, eta ekialdeko longitudeko 39° eta 49° artean hedatua. 437.072 kilometro koadroko eremua du. Iparraldean Turkia du, ekialdean, Iran, hego-ekialdean Persiar golkoa, hegoaldean Kuwait eta Saudi Arabia, eta mendebaldean Saudi Arabia, Jordania eta Siria.

Eskualde naturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geografo gehienen arabera, lau eskualde natural nagusi daude Iraken:[7][8]

  • Basamortua, Eufrates ibaiaren mendebalde eta hego-mendebaldean hedatua, Siriar basamortuaren zati da. 168.000 kilometroko koadroko eremua hartzen du, herrialdearen bostena. Zabaldi harritsu handia da, tarteka hondar eremuak dituena. Mendebaldeko basamortuak 490 metroko garaiera du, batez beste, eta hegoaldekoak 100-400 metro artekoa. Uadi sare trinkoa dago herrialdeko mugatik Eufrateseraino; uadiak agorturik egoten dira ia urte osoan. Aipagarria da Al-Batin uadia, Al-Dibdibah ordokia 75 kilometroan zeharkatzen duena, Irak eta Kuwaiten arteko mendebaldeko muga eratuz.
  • Mesopotamia Garaia edo Al-Jazira, Tigris eta Eufrates ibaien goialdea hartzen duena, Samarra eta Hit hirietatik iparraldera. Eskualde zabal eta agorra da, Siria eta Turkia aldera ere hedatzen dena. Ibaiek haran sakonak zeharkatzen dituztez gero, zaila da alorrak ureztatzea. Iparraldean, Ninive, Dohuk eta Zakhon, landaredi mediterraneoa badago ere, hego-mendebaldea basamortua da. Gatz basamortuak ere daude, hala nola Milhat Ashqar.
  • Behe Mesopotamiako lautada alubiala, 132.000 kilometro koadroko eremua duena, Balad eta Ramaditik hegoalderantz Persiar golkoraino. 100 metroko garaiera du, batez beste. Leku askotan Tigris eta Eufratesen oheak ordokia bera baino gorago daudenez, urtaroko uholdeak gertatzen dira. Eskualde osoa ibai delta da, hainbat adarrek eta ureztatze ubidek zeharkatua; aintzirak ere daude. Bi ibaien elkargunean Hawr al Hammar padura dago, 15.000 kilometro koadro eremua hartzen duena, eta ekialderantz Iraneraino heltzen dena.
  • Iparralde eta ipar-ekialdeko mendialdea, Mosul eta Kirkuken hegoaldetik Turkia eta Irango mugetaraino iristen dena. Muino, goi ordoki eta mendiguneak tartekaturik daude, 92.000 kilometro koadroko eremuan. Gailurrak 1.000 eta 4.000 metro artean daude, garaienak Turkia eta Irango mugetan. Gehiena Irakeko Kurdistanen barnean dago. Petrolio hobi handiak daude Mosul eta Kirkuketik gertu.
Irakeko erliebea.

Ipar-ekialdean daude mendirik gorenak, Kurdistango Zagros eta Taurus mendiguneetan. Mendilerroek ipar-mendebalde hego-ekialde norabidea dute, eta gailurrak 2.400-3.300 metro arteko altueran daude. Irak eta Iranen arteko mugan dago Cheekha Dar (3.611 metro), herrialdeko punturik garaiena.[9] Sinjar da Al-Jazirako mendialderik garrantzitsuena; 100 kilometro luze da, eta 1.356 metroan dago gailurra.[8][7]

Tigris-Eufrates ibai sistemak drainatzen du Irak. Turkian dute iturburua bi ibaiek, Armeniar goi-ordokian zehazki. Tigrisek 1.417 kilometroko bidea egiten du Iraken zehar, eta Eufratesek 1.212 kilometrokoa. Al-Qurnahetik hurbil baturik, Xatt al-Arab eratzen dute, Persiar golkora isurtzen dena. Zagros mendietan iturburua duten ibaiadar handiak ditu Trigrisek, hala nola Zab Handia, Zab Txikia eta Diyala. Hori dela eta, uholde suntsigarriak gerta daitezke martxo eta maiatza artean. Eufratesek ez du ibaiadar garrantzitsurik Iraken.[8] Al-Jaziran dago Al-Tharthar uadia, 210 kilometroko luzera duena; Sinjar mendian du iturburua eta Tharthar gatz basamortura isurtzen da. Aipagarriak dira Razzaza eta Habbaniyaha aintzirak.[7]

Irakeko klimak.

Bi klima mota nagusi daude: basamortuko klima beroa (BWh Koppen sailkapenaren arabera) hegoaldeko basamortu eta lautadetan, eta estepako klima (BSh eta BSk) iparralde eta ipar-ekialdean.

Hegoaldean bi urtaro daude: euritsua azarotik apirilera, eta lehorra maiatzetik urrira; urteko prezipitazioa 100 eta 170 milimetro artekoa izaten da, %90 urtaro euritsuan. Negua leuna izaten da; Bagdaden, esate baterako, 2 °C da minimoen batez bestekoa eta 15° C maximoena. Uda, berriz, oso beroa eta lehorra da; Bagdaden 35 °C da maximoen batez bestekoa, eta 51 °C-tik gorakoa maximo absolutua.[8]

Ipar-ekialdeko mendialdean 300-560 milimetro euri jasotzen dira urtean, eta 1.000 milimetrotaraino irits daitezke mendilerrorik garaienetako prezipitazioak.[7] Uda hegoaldean baino laburragoa da, eta negua luzeagoa. Uda beroa eta lehorra bada ere, tenperaturak 3-6 °C hotzagoak dira hegoaldean baino. Neguak hotzak izan daitezke ipar-ekialdeko haizeen eraginez. Mosulen, esaterako, -4 °C da urtarrileko minimoen batez bestekoa, eta 17 °C maximoena; minimo absolutua -11 °C da.[8]

Bi haize mota dira kontuan hartzekoak. Udan iparralde eta ipar-mendebaldetik jotzen duen shamal izenekoa oso beroa eta lehorra da. Sharqik, berriz, hegoalde eta hego-ekialdetik jotzen du uda eta negu hasieran, eta hauts ekaitzak eragiten ditu.[7]

Sakontzeko, irakurri: «Irakeko historia»
Hammurabiren Kodeko irudia, Babilonia, K.a. 1754.
Sakontzeko, irakurri: «Mesopotamia», «Sumer», «Akadtar Inperioa», «Babilonia», «Asiria» eta «Sasandar Inperioa»

Gaur egungo Irak Mesopotamia deitua izan da Antzinatetik, eta han, Tigris eta Eufrates ibaietako haran emankorretan, sortu ziren munduko lehen zibilizazioak. K.a. 3500. urte inguruan sumeriarrak heldu ziren lurralde hartara, idazkera kuneiformea landu zuten eta Ur, Uruk, Lagash eta Kish hiriak sortu zituzten. K.a. 2350. urte inguruan, Sargon akadtar buruzagiaren mende geratu ziren hiri horiek.

Akadtarren nagusitasuna galdu ahala, beste bi inperio ahaltsu sortu ziren: Babilonia eta Asiria. Babiloniarrek Hammurabi izan zuten errege; haren erregealdian egin zen ezagutzen den lehen lege bilduma: Hammurabiren Kodea. Asiriarrek, K.a. 609. urtea arte, antzinako Ekialde Hurbila osorik hartzen zuen inperio erraldoia izan zuten mendean. Babiloniar Inperioak bigarren aldi bat ere izan zuen, harik eta K.a. 538an Persiako Ziro II.a Handiak Mesopotamia osoa hartu zuen arte.

Alexandro Handiak K.a. 331ean menderatu zituen persiarrak, eta ekialdeko Iranen bizi izan ziren partiarrak K.a. 141-129 bitarteko urteetan Mesopotamiaraino heldu eta inperio ahaltsua sortu zuten. Erromatarrek huts egin zuten Mesopotamia beretzeko lehen ahelginean (K.a. 53-54), baina Trajano enperadorek Erromako probintzia bihurtu zuen lurraldea K. o. 114-177 urteetan. III. eta VII. bitarteko mendeeetan partiarren eta erromatarren, eta persiar sasandarren eta bizantziarren arteko lehiak izan ziren.

Abbastar Kalifa-herriaren hedadura handiena, c. 850

641. urtean, arabiarrek Mesopotamia hartu zuten, sasandarrak garaiturik. Omar kalifak bi hiri sortu zituen konkistatutako lurraldea defendatzeko: Kufa eta Basora. Islama zabaldu zen, eta arabiera bilakatu zen hizkuntza ofizial, persieraren ordez. VII. mendean, omeiatarrek Damaskotik agindu zuten Iraken. Baina 747an, Abu Muslim abbastar jeneralak omeiatarrei eraso egin eta Irak hartu zuen. 750ean, As-Saffah bilakatu zen Abbastar Kalifa-herriko lehenbiziko kalifa.[10]

Abbastarrek Bagdad hautatu zuten hiriburutzat. Mundu musulmaneko botere gune nagusia izan zen handik aurrera, eta filosofia, zientzia eta literaturaren loraldi handia bizi izan zuen. VIII. mende amaieran, milioi bat biztanle izatera iritsi zen.[11] Abbastarrek berreraiki zituzten Mesopotamiako ubideak, ezpondak eta urtegiak, eta Bagdad inguruko zingirak drainatu zituzten. IX. mende hasieran, Harun al-Rashiden semeak elkarren aurka borrokatu ziren ondorengotza lortzeko; Al-Mamun nagusitu zen, persiarren laguntzarekin. Haren kalifalditik aitzina, abbastar agintearen gainbehera hasi zen eta, bai Persian, bai mendebaldeko eskualdeetan, kontrola galtzen hasi ziren. 945ean, jatorria mendebaldeko Iranen zuten buiatarrek hartu zuen Bagdad; umiliazio handia izan zen kalifa-herria persiar xiien mende erortzea. Toghrilek, Seljuktar Inperioaren sortzaileak, egotzi zituen buiatarrak 1055ean. Seljuktarrak suniak zirenez gero, ongi hartuak izan ziren Bagdaden. Handik aurrera, kalifak erlijio-aginpidea atxiki bazuen ere, gobernua seljuktarren esku gelditu zen.[10]

Hulaguren osteak Bagdad erasotzen, 1258.

Seljuktarren adar nagusiak Bagdaden ezarri zuen gobernua, eta Bosforotik Ekialdeko Turkestanerainoko lurraldea kontrolatu zuen 1155 arte. Seljuktar Inperioak Malik-Xah-ren (10531092) agintaldian izan zuen goren aldia, Mediterraneoaren ekialdea, Asia Txikia eta Arabiako zati batzuk menderaturik. Urte horietan, pizkundea gertatu zen Irak eta Irango kulturan Nizam al-Mulk bisirraren eskutik; behatoki astronomiko bat fundatu zen, eta Bagdaden kokatu ziren, besteak beste, Omar Khayam zientzialaria eta al-Ghazali teologoa. Malik-Xah hil ondoren, seljuktar agintea desegin zen; Iran eta Iraken dinastia txikiak sortu ziren, elkarren aurka borrokatzen zirenak. Zengid eta Khwarazmi leinuak izan ziren garrantzitsuenak, 1258an Hulagu buru zuten mongolek Bagdad hartu zuten arte.[10]

Mongolak odol eta gar sartu ziren Abbastar Kalifa-herrian. Jakintzaren Etxea suntsitu zuten, barnean zeuden artelan eta dokumentu historiko baliotsuak barne, eta Mesopotamiako ureztatze azpiegiturak ezereztu zituzten. Azken Khan mongola, Abu Said, 1335ean hil zen; horren ondoren, jalairtar dinastia igo zen agintera.[10] XIV. mendearen erdialdean, Izurri Beltzak sakailatu zuen eskualdea.[12] 1401ean, Tamerlanek, Timur dinastiaren sortzaileak, Bagdad arpilatu eta milaka bizilagun hilarazi zituen. Tamerlanen inbasioan Irakeko beste herri eta hiri asko ere erraustu zituzten, eta Ipar Mesopotamiako asiriar kristauak sarraskituak izan ziren.[13]

Otomandar agintea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Otomandar Inperioaren 1803ko mapa; egungo Irak lau eyaletetan zatiturik dago: "al-Jazira" (arrosa), "Kurdistan" (urdina), "Irak" (berdea), eta "Al Sham" (horia).

XIV. mendearen amaieran eta XV.aren hasieran, Qara Qoyunluko turkmenek eduki zuten mendean gaur egungo Irakeko lurraldea. 1466an, Aq Qoyunluk hartu zuen eskualdearen kontrola, Qara Qoyunlu azpiraturik. 1509an, irandar safaviek konkistatu zuten Irak. Safaviak musulman xiiak ziren, heretikoak otomandarren ikuspuntuaren arabera. Beraz, xiismoa Anatoliarantz hedatzea galerazteko asmoz, Selim I.a sultanak eraso egin zien safaviei 1514an; 1535ean, otomandarrek, Suleiman Handia buru zutela, Bagdad hartu zuten. Safaviek hiriburua berreskuratu zuten 1623an, baina Murad IV.a sultanak egotzi zituen 1638an.[10]

Otomandarren eta safavien arteko gatazken ondorioz, sunien eta xiien arteko arrakala handitu zen. Safavien agintaldi laburrean (1623-1638) suniak baztertuak izan ziren, eta xiiek pairatu zuten bereizkeria otomandarrak agintean egon ziren urteetan (1638-1916). XVII. mendean, safavien aurkako guduek ahuldu zuten Otomandar Inperioaren indarra, eta ezin izan zuen eskualdea kontrolpean eduki. Hori dela eta, tribuek hartu zuten aginpidea: Al-Muntafiq batasunak erdialde eta hegoaldean, Xammar eta Anazzah federazioek hego-mendebaldeko basamortuan, eta Baban dinastia kurduak iparraldean.[10]

1747-1831 bitartean, georgiar mamelukoek gobernatu zuten Irak. Mamelukoak gaitasun handiko administrariak izan ziren, eta egonkortasun politikoak eta ekonomiaren susperraldiak markatu zuten haien agintaldia. Suleiman Paxa Handiaren agintaldian (1780-1802) aurrerabide handiak egin ziren zuzenbide estatua ezartzeko. Azken gobernari mamelukoak, Dawud Paxak, herrialdea modernizatzeko programa garrantzitsuak abiarazi zituen. Mamelukoen agintaldia 1831n amaitu zen, Mahmud II.a otomandar sultanak Bagdad hartu zuenean. Hala ere, otomandar egintea ez-egonkorra izan zen. 1869an, Midhat Paxa izendatu zuten Bagdadeko gobernadore. Midhat erreformista zen, eta Irak zaharberritzen saiatu zen, Mendebaldea eredu harturik. Haren nekazaritza erreformak, ordea, lurjabe handi bilakatu zituen tribuetako xekeak, eta gainerako tribu-kideak txirotuz joan ziren.[10]

Britainiar agintea eta Irak independentea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Faisal I.aren koroatzea, 1921.

Lehen Mundu Gerran, otomandarrek Erdialdeko Inperioekin egin zuten bat. 1914an, britainiarrak Xatt al-Arab aldera joan ziren beren petrolio ondasunak zaintzera eta Basorako egoera kontrolatzera. 1917an Bagdad hartu zuten, eta Mosul 1918an. Hala, Britainia Handiaren mende geratu zen Irak. 1920an, Nazio Batuek lurraldea gobernatzeko eta babesteko baimena eman zieten britainiarrei. Erabaki horren kariaz, herria matxinatu zen. Horren ondorioz, 1921ean britainiarrek nolabaiteko autonomia eman behar izan zioten lurraldeari, eta Faisal I.a emirra Irakeko errege izendatu zuten 1921ean. Irakek 1932an lortu zuen independentzia.

1958ko iraultza.

Faisal I.a erregearen ondoren, haren seme Gazi I.ak gobernatu zuen. Gazi I.aren erregealdian (1933-1939) Irakeko egoera politikoa nahasia zen oso; bien bitartean, militarrek gero eta indar handiagoa eskuratu zuten. Gazi hil zenean, Faisal II.ari egokitu zitzaion erregetza. 1941ean, Rashid Ali al-Gailanik lortu zuen aginpidea estatu kolpe baten bidez; Alemania Naziaren aldekoa zen eta, horren kariaz, britainiar gudarosteek Irak hartu zuten, berriz ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu bitartean, eta Faisal II.a ezarri zuten berriro aginpidean. 1958ko apirilean, militarrek, Abdul Karim Kassem politikariaren gidaritzapean, beste kolpe bat jo eta errepublika ezarri zuten Iraken. 1961ean, kurduak matxinatu ziren eta, bederatzi urteko gerra baten ondoren, nolabaiteko autonomia eman zitzaien.

Irak baazista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1963an, Abd al-Salam Aref koronelak kolpe militarra jo zuen eta erregimen sozialista ezarri zuen. Beste kolpe bat izan zen 1968an, Baath alderdi nazionalistako eskuindarrei aginpidea eman ziena. 1971ean, Baath alderdiaren buruak, Saddam Husseinek, Salek Mahdi Amas jeneralari lehendakariorde kargua kendu zion, eta Baath alderdiaren eta komunisten arteko harremanak hobera egin zuen. 1972an, Irakeko Petrolio Konpainiaz jabetu zen estatua, eta adiskidetasun hitzarmen bat izenpetu zuen Sobietar Batasunarekin. 1978an, hautsi ziren komunistekiko harremanak, traizioz akusatutako buruzagi komunista batzuk heriotzara zigortu eta hil zituztenean.

Sadam Hussein eta AEBetako bidali berezi Donald Rumsfeld 1983an, Iran-Irak Gerraren garaian.

1979an, Saddam Hussein jeneralak hartu zuen lehendakari kargua. 1980an, Iran eta Iraken arteko gerra hasi zen, Iranen esku zegoen Xatt al-Arab estuarioa arabiarrentzat behar zuela izan eta Irak hura eskuratzen ahalegindu zenean. Gerrak 1988 arte iraun zuen, eta oso ondorio kaltegarriak izan zituen herriarentzat, eta bereziki kurduentzat; 200.000 kurdu inguru Turkiara eta Iranera joan zen ihes. Gerra haren ondorioz, ekonomiak hondoa jo zuen eta Persiar golkoko herriekiko zor ugari ekarri zizkion Iraki. Hala, herri horiekiko harremanak gaiztotu egin ziren eta 1990eko abuztuan Irakek Kuwait hartu zuen[14]; horrela hasi zen Golkoko Lehen Gerra. Irakeko gudarostea 1991eko martxoan atera zen Kuwaitik, nazioarteko indar militarren eraso gogorrari ezin aurre eginik.

Gerra ostean, Irakeko erregimenak hegoaldeko xiien eta iparraldeko kurduen matxinadei aurre egin eta gogor eraso zien. Xiien aurkako rrepresioan 100.000 pertsona inguru hil ziren, zibilak gehienak.[15] Milioi bat kurdu baino gehiago joan zen Iranera eta Turkiara babes bila, eta milaka hil ziren, gosez edo hotzez, negua iritsi zenean. Bestalde, milaka pertsona hil ziren Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak ezarritako bahimenduaren ondorioz (567.000 haur, ikerketa baten arabera).[16]

2003tik aurrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estatubatuar marineak Al-Fawen 2003an.

2001eko World Trade Centerreko atentatuen ondoren, Estatu Batuetako gobernuak Al Kaida sarearekin harremanak zituela eta suntsipen masiboko armak zeuzkala egotzi zion Irakeko gobernuari; salaketa horiek inoiz frogatu ez baziren ere, 2003an, Estatu Batuak gidari zituen koalizio batek Irak inbaditu zuen; Sadam Hussein harrapatu eta hil zuten, eta estatubatuarren mendeko administrazio bat ezarri zuten. Aurreko administrazioko zerbizu guztiak —armada, polizia, ur eta elektrizitate sarea…— desegin izanak sekulako kaosa eragin zuen. Bestalde, estatubatuar armadaren okupazioak eta errepresio gogorrak (horren lekuko dira Abu Ghraib espetxean estatubatuar soldaduek ateratako tortura argazki lazgarriak) eta beste herrialdetako islamiar erradikalek inbaditzaileen aurka borrokatzera Irakera joan izanak sekulako sarraskia eragin zuen: zibil asko ziren atentatu suizidetan eta estatubatuar soldaduen eta insurgentziaren arteko borroketan.

Inbasioaren ondorengo gobernuek gutxiengo sunita baztertu zuten; izan ere, Nuri al-Maliki xiita izan zen Husseinen ondoren boterean denbora gehien egon zen agintaria, 2006tik 2014ra. Horrenbestez, gehiengo suniten eremuan azkar egin zuen aurrera Daesh erakunde armatu jihadistak, askotan tribu lokalen oniritziarekin.[17] Egoera horrek hondamen ekonomiko handia eragin zuen, gainera, eta izugarri zaildu zuen herritarren bizimodua. Hainbat hauteskunde ere izan ziren, bai gobernu irakiarra eta bai legebiltzarra eratzeko, eta polizia eta administrazio irakiarra berrantolatu zituzten pixkanaka agintariek, estabatuaren gidaritzapean. 2011n, AEBetako presidente Barack Obamak amaitutzat jo zuen Irakeko misioa, eta tropak atera zituen herrialdetik. Misioak iraun zuen zortzi urte eta erdian, 130.000 zibil irakiar eta 4.500 soldadu estatubatuar hil ziren.[18]


2014an, Daesh-ek kalifa-herria ezarri zuen Siria eta Irakeko lurretan, bi herrialdeen arteko muga urtuta. Urte hartako ekainean, eraso azkar batean, Daesh-ek Mosul konkistatu zuen; Irakeko armada ihesi irten zen hiritik, apenas borrokarik egin gabe, eta armak eta ibilgailu militarrak jihadisten eskuetan geratu ziren. Haien aurka egiteko indarrik eraginkorrenak kurduenak izan ziren.[17] Daesh-en basakeriak Al Kaidarena gainditu zuen: dozenaka mila pertsona hil zituen,[19] eta gutxiengo yezidi eta kristauak jazarriak izan ziren.[20][21] Horiek horrela, herrialde ugari hasi ziren esku hartzen Estatu Islamikoaren aurkako gerran, Estatu Batuak eta Errusia barne (azken hau Sirian bakarrik).[22] 2015ean, Estatu Islamikoa atzera egiten hasi zen: apirilean Tikrit galdu zuen, Ramadi abenduan, Falluja 2016ko ekainean, eta Mosul 2017ko uztailean. 2017ko amaierarako, Daesh egotzia izan zen Iraketik.[23]

2017ko irailean, independentziarako erreferenduma egin zen Irakeko Kurdistanen, eta hautesleen %93 Iraketik banantzearen alde agertu zen.[24] Irakeko Auzitegi Gorenak legez kontrakotzat jo zuen bozketa.[25]

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005eko konstituzioaren arabera, Irak errepublika parlamentario federala da. Presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Ordezkarien Kontseiluak (arabieraz: مجلس النواب‎Majlis an-Nuwwāb al-ʿIrāqiyy; kurdueraz: ئه‌نجومه‌نی نوێنه‌رانی)) dauka botere legegilea; 329 kide ditu, 320 boto zuzenez hautatuak eta 9 gutxiengo etnikoentzat erreserbatuak (5 asiriarrentzat, 1 mandeista, yazidi, xabak eta kurdu feylientzat.[26]

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irak 19 muhafazah (arabieraz: محافظة, muḥāfaẓah, pl. محافظات, muḥāfaẓāt; kurdueraz: پاریزگه, pârizgah) edo probintziatan banaturik dago.

Irakeko probintziak
# Probintzia Eremua
(km²)
Biztanleria
(2009)[27]
Biz.Dents.
(bizt/km²)
Hiriburua
1 Al-Anbar الأنبار 138.501 1.483.359 10,7 Ramadi
2 Arbil أربيل 15.074 1.532.081 101,6 Arbil
3 Babilonia بابل 5.603 1.729.666 308,7 Al-Hillah
4 Bagdad بغداد 204 6.702.538 32.855,6 Bagdad
5 Basora البصرة 19.070 2.405.434 126,1 Basora
6 Dhi Qar ذي قار 12.900 1.744.398 135,2 Nasiriya
7 Dahuk دهوك 6.553 1.072.324 163,6 Dahuk
8 Diyala ديالى 17.685 1.371.035 77,5 Baquba
9 Halabja پارێزگای ھەڵەبجە 889 89.958 101,2 Mosul
10 Kerbala كربلاء 5.034 1.013.254 201,3 Kerbala
11 Kirkuk كركوك 9.679 1.325.853 137,0 Kirkuk
12 Al-Muthanna المثنى 51.740 683.126 13,2 Samawa
13 Maysan ميسان 16.072 922.890 57,4 Amara
14 Ninive نينوى 37.323 3.106.948 83,2 Mosul
15 Najaf النجف 28.824 1.221.228 42,4 Najaf
16 Al-Qadisiya القادسية 8.153 1.077.614 132,2 Diwaniya
17 Saladin صلاح الدين 24.751 1.337.786 54,0 Tikrit
18 Sulaimaniya السليمانية 17.023 1.694.895 99,6 Sulaimaniya
19 Wasit واسط 17.153 1.150.079 67,0 Kut
Irakeko talde etniko eta erlijiosoak:
     Arabiar xiiak      Arabiar suniak      Kurduak      Asiriarrak      Yezidiak      Turkmenak

2016an 37.202.572 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %39,5 dira, 15-24 urte bitartekoak %19,2, 25-54 urte bitartekoak %33,8, 55-64 urte bitartekoak %4 eta 65 urtetik gorakoak %3,5. Bizi itxaropena 74,9 urtekoa da; 72,6 urtekoa gizonezkoena eta 77,2 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak). Biztanleen %70 hirietan bizi da.[26]

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleen hiru laurdenak arabiarrak dira. Irakeko iparraldean kurduak bizi dira, eta biztanleria osoaren %15-20 hartzen dute. Gainerakoak turkmenak, kaldearrak, asiriarrak, irandarrak, yezidiak eta juduak dira.

Arabiera eta kurduera dira hizkuntza nagusiak, eta biak dira ofizialak 2004tik. Asiriako neo-arameerara eta turkmenera eskualde hizkuntzak dira. Armeniera, persiera, zirkasiera, xabakia eta mandeera ere mintzatzen dira.

Erlijioz, biztanle gehienak musulmanak dira, %64-69 xiiak eta %29-34 suniak.[26] Xiiak erdialde eta hegoaldean bizi dira gehienak, eta suniak iparraldean. Xiismoaren hiri santuetako batzuk –Najaf, Kerbala– Iraken daude, Bagdadetik ez oso urrun. Musulmanez gainera kristauak daude –kaldearrak, asiriarrak eta ortodoxoak–, yezidiak (Mosul iparraldeko muinoetan), baptistak (Bagdaden eta Amaran) eta juduak (Bagdaden).

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irakeko Nazio Produktu Gordina per capita 1950-2008 bitartean.

Irakeko gaur egungo ekonomia petrolioan oinarriturik dago gehienbat. Duen industria astun apurra ere petrolioarekin loturik dago. Nekazaritzan datila da esportatzeko lantzen den gai nagusia. Estatubatuar okupazioaren baino lehen, ekonomia erakunde eta elkarte gehienak gobernuarenak ziren edo gobernuaren mendean zeuden; 2003tik aurrera, pribatizatuz joan ziren. Ekonomiaren sektore guztiek sufritu zituzten XX. mende amaierako eta XXI. mende hasierako gerren ondorioak.

Lurraldearen erdia nekazaritzarako egokia bada ere, %18 baizik ez dago landua.[26] Lur sail gehienak Tigris eta Eufrates ibaien artean daude. Datilaz gainera, munduko ekoizle handienetako bat da Irak,[29] garia, garagarra eta arroza lantzen dira batez ere, eta baita fruituak ere, era askotakoak (sagarrak, pikuak, mahatsa, olibak, laranjak, udareak eta mingranak). Abeltzaintza, berriz, herrietako tribu nomada eta erdi nomaden bizibide nagusia da. Batez ere ardiak, behiak eta ahuntzak hazten dituzte, hegaztiez gainera. Garrantzi handikoa da, baita ere, arabiar zaldi ospetsuaren hazkuntza. Arrantzak ez du hainbesteko garrantzirik.

Basorako petrolio-kaia.

Iraken petrolio asko dago, eta hori du natura baliabide nagusia. Hegoaldean, iparraldean eta ekialdean dago petrolioa: hegoaldean, Basora inguruan, Persiar golkoaren ondoan, eta iparraldean, Mosul eta Kirkuk aldean. Petrolioaz gainera, meategiak ere badira, hala nola, burdina, urre, berun, kobre, zilar, platino eta zink meategiak, eta baita fosfatoak, sufrea, gatza, igeltsua eta lignitoa ere. Petrolioaren eta gas naturalaren produkzioa eta esportazioa da herrialde honen ekonomia jarduera onuratsuena. 1970 inguru arte petrolioaren industria lau konpainia atzerritarren mende egon zen: Irak Petroleum Company eta Basrah Petroleum Company ziren bi enpresa nagusiak. Lehenak iparraldean zituen bere hobiak, Kirkuk eta Mosul inguruan; bigarrenak, berriz, hego-ekialdean, Basora aldean. 1972 eta 1975 bitartean gobernuak nazionalizatu egin zituen atzerritar konpainia guztiak. Azken urteetako gerrek eragozpen handiak jarri dizkiote sektore honen aurrerabideari.

Industria ez dago oso aurreratua. Petroliotik eta gas naturaletik eratorritako gaien ekoizpenaz gainera, aipagarriak dira janari industria, ehungintza, zapatagintza, zigarroak eta eraikuntza gaiak. Industriagune nagusia Bagdad da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2018-5-9).
  2. a b World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
  3. Basu, Moni. Deadly Iraq war ends with exit of last U.S. troops. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2018-5-10).
  4. Islamic State completely 'evicted' from Iraq, Iraqi PM says. theage.com.au (Noiz kontsultatua: 2018-5-10).
  5. Online Etymology Dictionary
  6. W. Eilers (1983), "Iran and Mesopotamia" in E. Yarshater, The Cambridge History of Iran, vol. 3, Cambridge: Cambridge University Press
  7. a b c d e Iraq, a country study: Major Geographical Features. U.S. Library of Congress, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2018-5-10).
  8. a b c d e Iraq. Encyclopædia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2018-5-10).
  9. Herrialdeetako gailurrik gorenak. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-5-10).
  10. a b c d e f g Iraq, a country study: History. U.S. Library of Congress, countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2018-6-14).
  11. Rosenberg, Matt. Largest Cities Throughout History. thoughtco.com (Noiz kontsultatua: 2018-6-14).
  12. The Black Death. The University of Calgary (Noiz kontsultatua: 2018-6-25).
  13. Nestorian. 2018 Encyclopædia Britannica, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2018-6-25).
  14. (Gaztelaniaz) «100.000 soldados iraquíes ocupan Kuwait de madrugada» El País 1990/08/03.
  15. Black, Ian. 'Chemical Ali' on trial for brutal crushing of Shia uprising. The Guardian, theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2018-7-6).
  16. Zaidi, Sarah. Child mortality in Iraq. thelancet.com (Noiz kontsultatua: 2018-7-6).
  17. a b Garcia, Adrian. Hamar urte, eta odolusten. Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  18. AEBetako Defentsa idazkariak dio "Irak independentearen ametsa" egi bihurtu dela. Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-6).
  19. Shah, Khushbu; Hume, Tim. Nearly 19,000 civilians killed in Iraq in 21-month period, report says. edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  20. Alberdi, Beñat. «Bost dolar ordainduta emakume yezidi bat eros zenezakeen». Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  21. The genocide committed by Daesh must be prosecuted and punished. Council of Europe, assembly.coe.int (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  22. Estatu Islamikoaren kontrako "borroka" luzea izango dela iragarri du Obamak. Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  23. Aboulenein, Ahmed. Iraq holds victory parade after defeating Islamic State. reuters.com (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  24. Kurdistan independentea nahi dutela esan dute boto-emaileen ia % 93k. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  25. Hego Kurdistango erreferenduma bertan behera uzteko agindu du Irakeko Auzitegi Gorenak. Berria egunkaria, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).
  26. a b c d Irak. The World Factbook, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-7-7).
  27. «Iraq: Governorates» citypopulation.de http://www.citypopulation.de/Iraq-Cities.html(Noiz kontsultatua: 2018-6-12).
  28. Irak; Major Cities. citypopulation.de.
  29. FAOSTAT:Crops. Elements:Production Quantity / Items:Dates / Years:2016, fao.org (Noiz kontsultatua: 2018-7-8).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]