Edukira joan

Joan Jainkoarena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joan Jainkoarena

Bizitza
JaiotzaMontemor-o-Novo1495eko martxoaren 8a
Herrialdea Portugalgo Erresuma
HeriotzaGranada1550eko martxoaren 8a (55 urte)
Hobiratze lekuaGranada
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
portugesa
Jarduerak
Jarduerakerizaina, Mertzenarioa, liburu-saltzailea eta artzaina
Santutegia
Martxoaren 8
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
katolizismoa
Erlijio-ordenaSan Joan Jainkoarenaren Ordena Ostalaria

Joan Jainkoarena,[1] jaiotzako izen-deiturez João Cidade Duarte (Montemor-o-Novo, 1495eko martxoaren 8a - Granada, Espainia, 1550eko martxoaren 8a), portugaldar erlijio gizona izan zen, Espainian eta Hego Euskal Herrian oso eragin handia izan zuena. San Joan Jainkoarenaren Ordena Ostalaria sortu zuen eri pobreak hartzeko. Erromatar Eliza Katolikoak santu izendatu zuen 1690ean. Jaieguna martxoaren 8an ospatzen da.[2]

João Cidade Duarte Montemor-o-Novon jaio zen. Zortzi urteko mutiko zela, Toledoko Oropesa herrian agertu zen. Joan Jainkoarenaren biografian hutsune nabarmenak eta argitu beharreko kontu asko dago: nor izan ziren bere gurasoak, familia eta bizitza... Tradizioaren arabera, haren etxetik pasatu zen elizgizon batekin iritsi zen Oropesara, eta urte askoan bizi izan zen Frantzisko Cid Mayoralenean.[3]

22 urte zituenean, gerrarako gogoa sortu zitzaion, eta Oropesako kondearen konpainian eman zuen izena. Karlos Habsburgokoaren zerbitzura borrokatu zen Hondarribiko setioan. Esperientzia ezin txarragoa izan zen, doi-doi libratu baitzen urkamenditik. 1532an, Suleiman I.ak setiaturik zuen Viena defendatzera joan behar izan zuen. Gudaritza utzirik, artzain eta egurgile aritu zen, eta baita hargin ere, Ceutako harresien eraikuntzan. Gibraltarren liburu saltzaile hasi zen, eta Granadan luzaroan jardun zuen lanbide horretan, Elvira kalean kokaturik.[3]

1539ko urtarrilaren 20an, Joanen bizitzako gertaerarik erabakigarriena gertatu zen. Egun horretan, Joan Avilakoaren hitzaldia entzun zuen Granadako Martirien ermitan, eta haren hitzek barne-barnean hunkitu zuten.[3] Horren ostean, erlijio krisi sakona izan zuen; zeuzkan liburuak apurtu zituen, herrian zehar biluzik ibiltzen hasi zen, eta umeek harrika eman eta irri egiten zioten. Erotzat harturik, Errege Ospitalean sartu zuten. Bertan, gaixoen eta eskekoen zerbitzura jarri zen eta, bien bitartean, bere burutapenak eta espiritu-bizitza bideratuz joan ziren, gogoeta sakonak eginez. Haren gogoa baretzeko asmoz, Joan Avilakoak Guadalupeko monasteriora bidali zuen. Bertan buruan zerabilen ametsa argitu zitzaion, eta Ama Birjinaren oinetan promestu zuen behartsu, gaixo eta munduko baztertuen alde emanen zuela bere burua.

Urte bereko udazkenean Granadara itzuli zen, adorez eta gizatasunez beterik. Bere ahaleginak eta jendearen eskuzabaltasuna beste baliabiderik ez zeukan. Hasieran, ongileen etxeak erabili zituen gaixoak eta behartsuak hartzeko. Baina laster etxe bat alokatu behar izan zuen, Lucena kalean, eta bertan antolatu bere lehenbiziko ospitalea. Bertan babes ematen zien elbarri, umezurtz eta prostitutei.[3] Haren entzutea berehala zabaldu zen Granada osoan, eta gotzainak “Joan Jainkoarena” izena eman zion.

Joan Jainkoarenaren irudia, Bilboko suhiltzaileen egoitzan.

Ondorengo hamar urteetan Joanen egintza haziz joan zen, eta beste ospitale bat ireki zuen Cuesta de Gomerezen. Era berean, garai hartako ospitale-zerbitzu berrienak ematen zituen. Dizipuluak ere gero eta gehiago izan zituen; haien artean Antón Martin da ezagunena, 1552an Madrilgo Nuestra Señora del Amor de Dios Ospitalea sortu zuena.

1549ko uztailaren 3an, su harturik zegoen Granadako Errege Ospitalean buru-belarri aritu zen gaixoak ateratzen; bera ere onik atera zen.[3] 1550eko urtarrilean, Genil ibaira jauzi egin zuen, ito beharrean zegoen gazte bat salbatzera. Horren ondorioz, biriketakoa harrapatu eta martxoaren 8an hil zen.

Antón Martínek eman zion segida San Joan Jainkoarenaren Ordena Ostalariaren egintzari. Ondoko urteetan, Espainia, Portugal, Italia eta Frantzian zabaldu zen ordena; gaur egun, bost kontinenteetan dago indarrean. 1630eko irailaren 1ean beatifikatu zuten Joan, eta 1690eko urriaren 16an kanonizatu. Ospitale eta gaixoen zaindari izendatu zuten, eta baita suhiltzaileena ere.

Gaur egun bere gorpua Granada hiriko San Joan Jainkoarena basilikan datza.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b c d e Marquez, Daniel A.. Juan de Dios, Santo. es.catholic.net (Noiz kontsultatua: 2018-3-8).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]