Mafia
- Artikulu hau La Cosa Nostra konfederazioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Mafia (argipena)».
Mafia edo Cosa Nostra (italierazko izena; «gure gauza» esan nahi du) organizazio kriminala da, XIX. mendearen erdialdean Sizilian sortua. Mafiako kideei mafioso deritze (italieraz, mafioso singularrean, mafiosi pluralean). Erakunde mafiosoak Mendebaldeko kulturaren zati bihurtu dira, hainbat eta hainbat film, liburu eta telebistako saiotan agertu baitira.
Mafiako kideek ohore araudia jarraitu behar dute: taldeko agintariek esaten dutena egin behar dute beti, elkarri lagundu, eta mendekua hartu erakundearen sekretuak zabaltzen dituenaren kontra (mendekua senide guztiei ezar dakieke).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Napoleonen gudarosteak Sizilia inbaditu zuenean, herriko aristokraziaren interesak zaintzeko sortu zen mafia. Ondoren, lur jabe handien esanetara zegoen polizia pribatu gisako zerbait bilakatu eta ezkutuko elkarte moduan antolatu zen.
Faxismoaren garaian, haren kontra jarri zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Siziliaren burujabetasuna eskatzen zuen higikundearen alde jarri zen.
XX. mendearen hasierako mafia Estatu Batuetan zabaldu zen, italiarren immigrazioa zela bide. Lege lehorrari esker, 1920ko hamarkadan, indar handia hartu zuten, 1980ko hamarkada arte galdu ez zutena. Estatu Batuetan duen adarrak, Cosa Nostra izenekoak, herrialde hartako drogaren, prostituzioaren eta jokoaren zati handi bat kontrolatzen du. Mafiaren interesak bai Italiako eta bai Estatu Batuetako politikari askoren interesekin bat datozenez, askotan ez dute arazo larririk izan justiziarekin.
1982an Palermon Carlo Alberto della Chiesa, mafiaren kontrako borrokaren buruzagi nagusia hil ondoren, Italiako gobernuak erakundearen kontrako neurri gogorrak hartu zituen. 1993ko urtarrilean Siziliako poliziak Salvatore Riina (dirudienez 1970-1990 bitartean mafiaren buruzagi nagusia izandakoa) atxilotu zuen.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.