Edukira joan

Nafarroako Alderdi Sozialista

Wikipedia, Entziklopedia askea
PSN» orritik birbideratua)
Nafarroako Alderdi Sozialista - Partido Socialista de Navarra (PSN-PSOE)
BuruzagiaMaría Chivite
Sorrera1982
Egoitza nagusiaIruñea
Ideologia politikoaSozialdemokrazia eta espainiar nazionalismoa
Nazioarteko kidetzaEuropako Alderdi Sozialista
Internazional Sozialista
www.psn-psoe.es

Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN, Partido Socialista de Navarra) Espainiako Alderdi Sozialistaren (PSOE, Partido Socialista Obrero Español) Nafarroa Garaiko adarra da. 1982an sortu zen, nafar sozialistek Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE, Partido Socialista de Euskadi) utzi ondoren.

Maiz, nafar sektore ezkertiar, aurrerakoi eta abertzaleetatik, Nafarroako Foru Erkidegoko eskuin espainolistaren itzalpean kikildua egotea edota berezko nortasunik gabeko alderdia eta Nafarroa Garaian Madrilgo agintari sozialisten esanetara dagoen alderdia izatea leporatu izan diote.[1][2][3]

1902an sortu zen lehenengo elkarte sozialista Iruñean, Unión General de Trabajadores (UGT, Langileen Batasun Orokorra) sindikatura bildutako langile batzuek bultzatuta. 1914an aukeratu zuten Iruñean lehen zinegotzi sozialista, eta 1920an aukeratu zuten Fitero herrian Nafarroako lehen alkate sozialista. Handik aurrera, Iruñean eta Erribera aldean zabaldu ziren sozialistak bereziki eta nolabaiteko indarra izan zuten Espainiako errepublika garaian. UGT eta PSOEko militante asko hil zuten faxistek 1936ko gerra zibilaren hasierako hilabetetan. Erbestera jo zuten sozialista nafarrek harreman estuak izan zituzten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko sozialistekin.

1974an, Tuteran, Nafarroako sozialistak bildu ziren PSOE berrituari bultzada emateko asmotan, eta PSOE alderdiaren mendeko PSEren barnean jardun zuten 1977tik aurrera, izan ere, Euskadi lurralde kontzeptuaren barruan Nafarroa ere ulertzen zuten. Honela, eta 1977-1982 artean euskal sozialistak lau lurraldeetan jardungo zuten sigla berdinen pean, autonomia-estatutu bateratuaren eta autodeterminazioaren alde agertuz.

1979tik aurrera, ordea, sozialista nafarrak berezko nortasunaren alde lanean hasi ziren, eta, hasieran Hego Euskal Herrirako autonomia bakar baten alde zuten proiektua baztertuta utzi ondoren, PSN sortu zuten 1982an. Nafarroako sozialisten lehen kongresua egin zuten orduan, PSEtik irtenda.

2008an Carlos Chivite idazkari nagusia hil eta gero, ekainaren 28 exekutiba erregionala antolatu eta idazkari nagusi berria aukeratu zuten. Roberto Jimenez eta Amanda Acedo, azken hau Unión del Pueblo Navarro (UPN, Nafar Herriaren Batasuna) alderdiarekin gobernatzearen aurkakoa, lehian aritu ziren. Azkenik Roberto Jimenezek irabazi zuen botoen % 71,71rekin.

Lau aldiz eskuratu du Nafarroako gobernua, eta haietako hirutan lehendakaritza izan du: 1984-1991 bitartean, Gabriel Urralbururekin, eta 1995-1996 bitartean Javier Otanorekin (Convergencia de Demócratas de Navarra Nafarroako Demokraten Elkargunea y Eusko Alakartasunarekin koalizioan). 2011an UPN-rekin sortu zuen gobernua, lehendakaritza ez, baina euren zerrendaburu Jimenez lehendakariorde jarrita. 2019ean Maria Chivite-rekin Nafarroako Gobernua eskuratu zuen berriz ere, Geroa Bai eta Ahal Dugu alderdiekin patua eginez.

Chiviteren garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko urriaren 19an PSNren presidentegai aukeratu zuten Chivite hauteskunde primarioetan, botoen %58,6rekin. Maiatzeko foru hauteskundeetan PSNren lehendakarigai izateko Amanda Acedorekin lehiatu zen. Azaroaren 4an, hautagaitzak aurkezteko epea 18:00etan amaitu zen, eta soilik Chivite aurkeztu zen alderdiko idazkari nagusi izateko. Beraz, azken hau izango zen PSNko idazkari nagusia.[4]

Abenduaren 1ean jakin zenez, Maite Esporrín izango zen PSNk Iruñeko Udalerako hautagaia.[5] Abenduaren 10ean jakin zenez, Chivite idazkari karguan berretsiko zuen PSNk abenduaren 13an.[6] Abenduaren 13an, alderdi "sendo, batu eta parte hartzailea" nahi zuela esan zuen honek, eta Alderdi Popularraren politikak eta "egoeraz baliatu nahian agertu diren ur nahasiko arrantzaleak" ukatu zituen Patxi Lopezek PSNren kongresuan.[7]

Abenduaren 23an, PSNk esan zuen ez zuela Bilduren «jokoan» parte hartuko.[8]

Idazkari nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]