Edukira joan

Halterofilia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Pisu-jasotzaile» orritik birbideratua)

Halterofilia edo pisu-jasotze[1] (ingelesez: weightlifting) ahalik eta kilo gehienez osatutako barra lurretik buru gainera jasotzea helburutzat duen kirol olinpikoa da, eta hau praktikatzen duten kirolariei pisu-jasotzaile[2] edo haltera[2] deitzen zaie[3]. Kirol horretan bi ariketa aurki daitezke: batetik, abiada (snatch) eta, bestetik, bi denbora (clean and jerk). Lehenengoaren helburua barra lurretik buru gainera higidura batean jasotzea da, eta, bigarrenean, aldiz, bere izenak esaten duen moduan bi denboratan egiten da: lehendabizikoa lurretik sorbalda gainera eta bigarrena sorbaldetatik buru gainera eta bietan gorputzaren estentsio osoa lortu behar da.

Bi ariketa hauek zehaztuz, aipatutako abiada edo “snatch” mugimendua bigarrenarekin konparatuz, mugimendu arinago bat da. Ordea, altxatu beharreko pisua, txikiagoa da eta mugimendua, hiru zatitan banatzen da; “pull”, barra ahalik eta gehien igotzen den mugimendua, “quick drop”, besoak luzatzen diren momentua eta kukubilkatze posizioa, atleta, barra buru gainean duela geldi geratzen den momentua.

Bi denborako mugimendua (clean and jerk), aldiz, abiada mugimendua baino geldoagoa da eta mugimendu honetan, atletak barra sorbaldetan duela geldialdi bat egin behar izaten du. Pisu asko altxatzen da mugimendu honetan. Pisu hau altxatzea laguntzeko, bigarren fasean, hanken laguntzaz eginiko inpultsoaren beharra egoten da, barra buru gaineraino altxatzea lortuz. Mugimendu hau bi fasetan banatzen da, clean eta jerk faseak, batik bat. Clean fasean, barra ahalik eta gehien igotzea (pull), barra azpian sartzea (drop), honek sorbaldetan deskantsatuz eta azkenik, kukubilkatzea mugimenduak daude. “Clean” fasea eta gero, “jerk” fasea dator eta hau ere, hiru zatitan banatzen da; “drip”, drive” edo split”[4].

Guzti hori egiteko, atleten aldetik indar psikologiko eta fisikoa izateaz gain, teknika, abiadura eta zehaztasun handia ere behar da. Hau lortzeko gorputza modu funtzionalean trebatu behar da, indar leherkari eta teknika egokiena erabiliz ahalik eta pisu gehien jaso ahal izateko [5].

Atenasko Joko Olinpikoak (1896. urtea).

Pisu-jasotzea Europa Erdialdean XIX. mendean garatu zen; izan ere, garai horretan tabernetan indar-erakusketak egiteko ohitura zegoen, ertz bakoitzean bola bat zuten barrak erabiliz. Mende horren bukaeran zirkuko langileek baino ez ziren horretan jarduten, baina geroago amateur mailan jarduten hasi ziren. Kirol olinpikoa izatera pasatu zen 1896ko Atenasko Joko Olinpikoetan, baina gizonezkoentzat bakarrik, emakumezkoen modalitatea ez baitzen 2000ko Sidney-ko Joko Olinpikoetara arte sartu.

Pisu-jasotzea kirolik zaharrenetarikoa da; izan ere, bere jatorria Txinan dago K.a 3600. urtean non enperadoreek indar ariketak praktikatzen zituzten.

Chow dinastian eta antzinako greziarren garaian ere baditugu zenbait aztarna. Lehenengoan, soldaduek armadaren parte izateko pisu zehatz bat jaso behar zuten, eta, bigarrenean, greziarrek luzera jauziak egiteko gainean pisuak eramaten zituzten, horrek jauzia hobetuko zuen usteaz. Gainera, haltera hitza grekoko "hallomai" hitzetik dator eta "jauzi egin" esan nahi du.

Antzinako Grezia.
Crotonako Milon.

Historialari gehienek pisu-jasotzearen aitzindaritzat Crotonako Milon greziar borrokalaria dute. K. a. VI. mendean Grezia “Indarraren Garaia” izenaz ezagutzen zen, eta bertan ezarri ziren gaur egungo pisu-jasotzearen oinarriak.

XIX. mendean, gehienbat Europa Erdialdean, tabernetan indar-erakusketak egiteko ohitura zegoen; horretarako, alde bakoitzean metalezko bola bat zuten burdinazko barrak erabiltzen ziren. Mende bukaeran pisu-jasotzea zirkuko langileek baino ez zuten egiten (aipagarrienak Saxon anaiak), eta aurrerago amateur mailan jarduten eta kluben arteko lehiaketak egiten hasi ziren [6]

Launceston Elliot.

1896an Atenasen ospatu zen lehenengo Joko Olinpiko Modernoan (pisu-jasotzea horren parte izan zen) non Launceston Elliot ingelesa gailendu zen esku batekin 71 kg altxatu ondoren. 1900. urtean ez zen lehiaketarik egin. 1904ko Saint Louiseko Joko Olinpikoetan Pericles Kakousis greziarrak 111,67 kg altxatu zituen.

Lehiaketa gabeko zortzi urteren ondoren, 1920ko Anberesko Joko Olinpikoetan berriz ere gehitu zen lehenengo aldiz, atletak pisuaren arabera sailkatu ziren: luma, arina, ertaina, erdi-pisutsua eta pisutsua. 1928an Amsterdamen hiru modalitate ezarri ziren, abiada, garapena eta bi denbora. Urte batzuk geroago, 1972an Munichen, bi kategoria gehitu ziren: eulia eta oso pisutsua.

1987an emakumezkoen lehenengo pisu-jasotze txapelketa ospatu zen, eta 1997an Olinpiar Batzordeak emakumeek Joko Olinpikoetan esku hartzea onartu zuen. Garai horretan kategoriek aldaketa ugari jasan zituzten baina gaur egun gizonezkoetan zortzi eta emakumezkoetan zazpi kategoria aurki ditzakegu.

1905ean Parisen Nazioarteko Federazioa sortu zen, eta hamalau herrialdek osatzen zuten, hortik abiatuta federazio nazionalak sortuz.

1920an Nazioarteko Pisu-jasotze Federazioa ezarri zen, gaur egun International Weightlifting Federation (IWF) izenaz ezagutzen duguna, eta hainbat herrialdetako federazioez osatuta dago. Erakunde horren helburua nazioartean egiten diren pisu-jasotze topaketak kontrolatu eta arautzea da, errekorrak homologatzeaz gain.[7]

Lehiaketetako irabazleak urtez urte aldatuz joan dira:​ mende hasieran Austria, Alemania eta Frantzia gailentzen ziren, ondoren Egipto eta, urte batzuen ondoren, Ameriketako Estatu Batuak. 1950eko eta hurrengo hamarkadetan Sobietar Batasuneko atletak gailendu ziren, eta beraien aurkaririk nagusiena Bulgaria izan zen. 90eko hamarkadaren erditik aurrera, ordea, Turkia, Grezia eta Txina nagusitu ziren, gizonezko kategorian Georgia eta emakumezkoetan Txina, zehazki. Hala eta guztiz ere, orokorrean, mundu-mailako kontinenterik indartsuena Europa da.

Espainiako halterofiliaren federazioaren sorrerari dagokionez bi data esanguratsu daude; lehenengoa, Gimnasia Federazioaren parte izan zenekoa da, hau da, 1950etik 1966 urtera bitartekoa. Bigarrena, Federazio Independente bezala osatu zenekoa; 1966 urtetik gaur egunera arte[8].

Euskal Herriari dagokionez, kirol askotan gertatzen den bezala, euskaldunak aitzindariak dira gimnastikan eta Bilboko Zamacois eta Donostiako Soroa gimnasioetan. Izan ere, gimnastika eta borroka modalitateak praktikatzen dituzten atleta ugari biltzen dituzte. Prestaketaren osagarri gisa, barra zilindriko batez lotutako esfera metaliko kontsolidatuak erabiltzen dituzte. Geroago heldu ziren pisuak, gaur egun ezagutzen diren ezaugarriekin osatuak, baina gaur egun erabiltzen diren material sofistikatuez oso bestelako materialekin eginak. Gaur egun, praktika zabalduz eta materiala hobetuz doan arren, ezin izan dugu euskal halterofiliaz hitz egin 1967ra arte[9].

Lehiaketetako kategoriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiaketak emakumezko eta gizonezko kategorietan banatzen dira, eta, aldi berean, gorputzaren pisuaren araberako azpikategoriak daude. Gaur egun Nazioarteko Pisu-jasotze Federazioak (IWF) 2018ko udan onartutako kategoriak daude indarrean:

Emakumezkoen kategoriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IWFko kategoriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 45 kilogramo (99 lb)
  • 49 kilogramo (108 lb)
  • 55 kilogramo (121 lb)
  • 59 kilogramo (130 lb)
  • 64 kilogramo (141 lb)
  • 71 kilogramo (157 lb)
  • 76 kilogramo (168 lb)
  • 81 kilogramo (179 lb)
  • 87 kilogramo (192 lb)
  • 87 kilogramo edo gehiago (191 lb+)

Kategoria olinpikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 49 kilogramo (108 lb)
  • 55 kilogramo (121 lb)
  • 59 kilogramo (130 lb)
  • 64 kilogramo (141 lb)
  • 76 kilogramo (168 lb)
  • 87 kilogramo (192 lb)
  • 87 kilogramo edo gehiago (191 lb+)

Gizonezkoen kategoriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IWFko kategoriak:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 55 kilogramo (121 lb)
  • 61 kilogramo (134 lb)
  • 67 kilogramo (148 lb)
  • 73 kilogramo (161 lb)
  • 81 kilogramo (179 lb)
  • 89 kilogramo (196 lb)
  • 96 kilogramo (212 lb)
  • 102 kilogramo (225 lb)
  • 109 kilogramo (240 lb)
  • 109 kilogramo edo gehiago (240 lb+)

Kategoria olinpikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 61 kilogramo (134 lb)
  • 67 kilogramo (148 lb)
  • 73 kilogramo (161 lb)
  • 81 kilogramo (179 lb)
  • 96 kilogramo (212 lb)
  • 109 kilogramo (240 lb)
  • 109 kilogramo edo gehiago (240 lb+)

“Snatch-a” edo abiatzea, halterofilia lehiaketetako lehenengo ariketa da, barra lurretik buru gainera mugimendu batez altxatzean oinarritzen dena, horretarako besoak erabat luzatu eta mugimendu bakar batean egiten da. Snatch-aren mugimendua konplexua da eta 5 fase ditu: hasierako posizioa, lehen tiraldia, bigarren tiraldia, sarrera edo harrera eta berreskuratzea.

Kokapenari dagokionez, barra plataforma gainean eta jasotzailearen aurrean horizontalki jarrita hasten da, eta atletak eskuak pronazioan izanik helduko du. Oinak, berriz, barraren bertikala, goitik perpendikularki ikusita, falangeak eta metatartsoak zatitzen dituen lerroarekin bat datorren posizio batean kokatu behar dira. Aldiz, zangoak tolestuta geratu behar dira beso artean, barratik gertu; eta sorbaldak posizio baxuan eta beti barrak markatzen duen lerroaren aurrean geratu behar dira, besoak luzatuta.

Behin posizio egokian jarrita, barra plataformatik mugimendu bakar baten bidez altxatu beharko da. Horretarako, lehenengo eta bigarren tiraldietan barra gerriraino eraman beharko du jasotzaileak. Tiraldi horien ondoren barrak duen inertzia aprobetxatuz, jasotzaileak belaunak makurtuz jaisteko aprobetxatzen du, eta azpian sartzeko, barra besoak buruaren gainetik luzatuta mantenduz, sarrera- edo harrera-fasean.

Tiraldien eta sarreraren faseak igaro ondoren -fase horiek dira teknikoenak eta zailtasun handiena dutenak-, abioa berreskuratzeko fasera iristen da. Fase honetan, barra buruaren gainetik egonkortu ondoren (gogoan izan posizioa hankak tolestuta dagoela), belaunak luzatu behar dira. Hankak erabat zabaldu ondoren, oinak hurbiltzen dira berriro, eta snatch-aren altxaera edo halterofiliaren erauzketa amaitutzat ematen da.

"Snatch" mugimendua.

Lehian, epaileak amaiera-seinalea ematen du jasotzailea gorputzeko atal guztietan erabat geldirik dagoenean, pisua altxatuta, azken posizio horretan geldirik, besoak eta hankak luzatuta. Barra buru gainean atxiki behar da, hiru epaileetako batek “lurra” esan arte, bestela jasoaldia ez da baliozkotzat joko.

"Bi denbora" deitzen den ariketa, bi denboratan egiten den modalitatea da; lehenengoan lurretik sorbalden gainera (clean) eta, bigarrenean, berreskuratu ondoren, sorbaldetatik buru gainera (jerk) egiten dena da. Modalitate honetan ere barra plataforma gainean eta jasotzailearen aurrean horizontalki jarririk hasten da, eta atletak eskuak pronazioan jarririk helduko du, abiadako zabalera baino estuago.

Kargatze-mugimenduan (clean) hainbat fase aurkituko ditugu: hasierako posizioa, aireratzea, tirakada, sarrera, berreskuratzea. Kargatutako halterofialiaren hasierako posizioa, aireratzea eta tirakada aurreko atalean ikusi dugun snatch-aren antzekoak dira. Sarrera, barraren azpian sartu ahal izateko barraren inertzia aprobetxatuz egiten da, tirakaden ondoren. Kargatuaren sarrera amaitzean, barra finkatuta egongo da sorbalden, klabikulen eta eskuen artean. Kasu honetan ere belaunak tolesten dira, baina aurrekoan ez bezala, barra ez da buruaren gainetik geratu behar. Bizkarrak zuzen egon behar du, eta enborra bertikalaren ia lerroan, sorbaldak tolestuta, euskarri handiagoa izateko. Ukondoak barraren azpitik geratu behar dira, barraren aurretik, eta pixka bat altxatuz. Lehengoratzea abiaraztearen kasuan bezala egiten da.

"Clean and Jerk" mugimendua.

“Jerk”a edo enbioia, halterofiliaren jasotze honen bigarren higidura da, eta altxatze honetan zailtasun handiena dagoen tokia da. Kontuan izan behar da kargatu ondoren egiten dela, eta, beraz, nekea pilatuz doala. Hasierako posizioan, oinak aldaken zabaleran jarrita daude, eta puntak pixka bat kanpora begira. Enborrak bertikalean egon behar du, kaxa torazikoa zabalduta duela, bularra altxaraziz. Barra kargatze-mugimenduaren amaieran hasiko da mugimendua; barra, sorbalden eta klabikulen gainean dagoela eta eskuek apur bat baino ez eusten diotela. Buruak aurrera begiratu behar du, eta apur bat makurtuta egon behar du atzealderantz, barra igo ahal izateko. “Dip and drive” mugimendu kritikoaren fase bat da. Bertan, belaunak eta aldaka pixka bat makurtzen dira bizkarra zuzen dutela, eta barrari enborrak eta hankek eusten diote. Beherakada hori ez da oso sakona izan behar. Beraz, flexio, balaztatze eta luzatze-fasea segundo batean baino gutxiagoan egiten da, eta horregatik da mugimenduaren une kritikoa.

"Jerk” mugimenduan, barra buruaren gainetik eramaten da, besoak luzatuta, eta hiru modutan egin ahal izaten da. Lehena, “Split jerk” deitzen da: barraren azpian kokatzean datza, oinak guraize moduan banatuz, bata aurreratuta eta bestea atzeratuz. Bigarrena, “Push jerk”: “split jerk” delakoaren fase berak ditu, baina diferentzia honekin: hankak alboetara mugitzen dira eta barra erdiko posizioan edo eserialdi laurden batean jasotzen da. Azkena, “Squat jerk”: harrera-fasean gaudela, barraren azpian sartzean datza, eserialdi sakon bat eginez. "Jerk"en estilo hori, teknikoena eta zailena da, eta, beraz, arraroagoa da lehiaketan ikustea[10].

  • Oinetakoak: Orokorrean larruzkoak izaten dira, eta horren atzealdean zurruma dute, egonkortasuna emateko eta lesioak saihesteko. Altxatzaileentzat elementu beharrezkoak dira. Bi dira arrazoi nagusiak; zapatilaren beheko aldea (suela) eta orpoetako suela altxatua. Zapatilaren suela gogorra denez, suela bigunaren inestabilitatea desagerrarazten du, pisuak aguantatuz eta itxura aldatzea ekidinez. Altuera jakin bat izatea (orpoan), baliozkoa da orkatilen mugimendu handiago bat emateko eta horrela gerrialdea aurrerantz izatea ahalbidetzeko. Sentadilla egoki bat egiteko, ezinbesteko materiala da. Nahiko garestiak dira, ordea, inbertsiotzat hartu behar dira hauen funtzionaltasuna dela eta[11].
  • Maillota: Elastanezko jantzia da, atletari erosotasuna emango diona.
  • Belaunetakoak: Belauneko lesioak edo minak saihesteko erabiltzen dira.
  • Gerrikoa: Bizkarreko beheko aldean gainzama dagoenean, edo hauek saihesteko gerrian jartzen da.
  • Eskumuturrekoak: Eskumuturreko giltzadura babesteko.
  • Uhalak: Lehiaketetan debekatuta daude baina trebatzeko erabiltzen dira, helduera hobea lortzeko.
  • Magnesio-hautsak: Esku eta sorbaldetan ematen dira labainketak saihesteko eta, aldi berean, helduera hobetzeko.

Instalazioak eta materiala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Halterofilia olinpikoa entrenamenduaren modu espezializatu bat da eta, ondorioz, zenbait baldintza eskatzen ditu instalazio eta materialari dagokienez. Hauek dira horien artean ohikoenak direnak:

Pesen barrak: Altxaldi olinpikoetan, baldintza garrantzizkoena, barra bat egotea da. Barra hauek, erresistenteak, baina aldi berean malguak izan ohi dira, deformazio iraunkorrik ez izateko. Araudiaren arabera, gizonezkoen barrak 20 kg izan behar ditu eta emakumeenak aldiz, 15. Diametroari deritzonez, gizonezkoen barrak 28 mm eta luzeraz, 2200 mm izan behar ditu. Emakumeenak aldiz, 25 mm-ko diametroa eta 2010 mm luzera. Bi kategoria daude; entrenamendukoak eta lehiaketakoak.

Pesen barrak.

Kautxozko diskoak eta disko txikiak: Kautxozko diskoek, altxaldien ondoren barra lurrera erortzea ahalbidetzen dute eta aldi berean, altxaldi txar bat egitean, disko, barra eta lurrarekiko kalteak gutxi edota ekidin daitezke. Kautxozko diskoak, barren bezala, entrenamenduetakoak edota lehiaketakoak izan daitezke. Azkenengo hauek, oso garestiak izan ohi dira eta entrenamenduetakoak, maila altuko halterofiloentzat baliagarriagoak izan daitezke. Kautxozko diskoak 10 kg, 15 kg, 20 kg eta 25 kg-koak aurki ditzakegu eta txikiei deritzenez, 0,5 kg, 1 kg, 1,5 kg, 2 kg, 2,5 kg eta 5 kg aurki ditzakegu.

Lepokoak (kollarinak): Lepokoak, normalean, pesen barraren partetzat hartzen dira, ordea, hauen aipamen sakonago bat ere egin daiteke. Halterofiliako lepokoek, 2,5kg pisatzen dituzte (bakoitzak). Normalean, bi piezaz osatzen dira; lepokoa barran aseguratzen duen tornilloa eta lepokoaren zirkunferentzia inguratzen duen tornilloa.

Jasotze-plataforma: Jarduera hau aurrera eramateko plataforma bat izatea, oso alderdi positiboa da. Plataforma eraikitzeko erak garrantzia handirik izan gabe, nahikoa izango da gomazko lurraren gainean, base bezala egurrezko listoi bat jartzea; lisoa eta konprimaezina.

Kukubilkatze eta potentzia kaiolak: Kaiola hauek, kirolariak kukubilkatzeak, press ariketak…pisua lurretik hartu gabe entrenatu ahal izateko baliagarriak dira. Ezinbesteko materiala da kaiola. Kaiolak unitate bakarrekoak edo bikoak izan daiteke (bi poste indibidual). Kontuan hartu beharreko aspektuak, soportearen forma, altuera posibleak eta altuera eta zabaleraren mekanismoak dira. Ariketaren arabera, kaiola ezberdinak aurki ditzakegu; kukubilkatze-kaiola eta potentzia kaiola adibidez.

Altuera-takoak: Takoak edota kajoiak, luxu bat dira gimnasioetan eta atleta gehienentzat; ez duten kostuagatik, okupatzen duten espazioagatik baizik. Tako hauen eginkizuna, pesen barren diskoak deskantsatzeko edota apoiatzeko superfizie bat izatea da.

Jasotzaileak (kaballeteak): Altuera takoen bariantea dira. Takoak baino errazago mugitzeko eta ajustatzeko aukera ematem dute. Altxaketak, zutikako posturatik hastea ahalbidetzen dute. Ordea, ez dira abiada eta kargada batzuetarako gomendatzen, hauen ezegonkortasuna medio.

Oholtza: Elementu sinple eta sortzeko erraza da. Lurrarekiko abiada gradua edota angelua handitzen du oholtzak. Abiada eta pisu-hila ariketak, bertan egiteko oso efikazak dira.

Kajoi pliometrikoak: Prezio baxuan eros daitezke edota fabrika daitezke hauek. Entrenamenduetako ariketa asko aurrera eramateko aukera ematen dute hauek.

Iskiotibial eta gluteo makinak: Beharrezkoa ez den makina garestiak dira hauek. Ordea, makina hauek izanez gero, oso baliagarriak izan daitezke bizkarreko, gerrialdeko eta gorputzeko nukleoko lan gehigarri bezala.

Pesen banku doigarria: Nahiz eta press banca normal edo inklinatua halterofiloetan landu ohi ez den ariketa bat izan, ahal izan ezkero hau egiteko banku bat izatea, interesgarria da.

Esparadrapoa: Gauza askotarako erabil daiteke. Eskuen kasuan adibidez, lesioak prebenitzeko edota jada lesionatutako eskuak babesteko erabil daiteke. Eskumuturretarako ere oso baliozkoa da, honek, mugimendua pixkat gutxitzen du lesioak ekidinez.

Zintak: Hau ere, kasuak kasu, baliagarria gerta daiteke. Pisu-hila, abiada, errepetizio multiple eta tiraldi ariketetan erabili ohi da gehien bat. Honek, barra eusteko, eskuak “matxakatuta” daudenean erabiltzen dira gehienbat; ez da hauetaz dependitu behar, muga jartzen jakin behar da[11].

Mundu mailan, Turkiako Naim Süleymano-lu eta Halil Mutlu-k urrezko hiru domina irabazi dituzte, Greziako Pyrros Dimasek eta Kakhi Kakhiasvilisek bezala. Horrez gain, Imre Föld atleta hungariarrak, Ronnie Weller eta Ingo Steinhöfel alemaniarrek marka berezia dute: Olinpiar Jokoen bost ediziotan parte hartu dute. Emakumezkoen halterofiliari dagokionez, Chen Yanqing eta Liu Chunhong txinatarrek bina urrezko domina irabazi izan dituzte [12]. Chen Yanqing-ek zehazki, 58kg-ko kategorian, Atenasko 2004 urteko Joko Olinpikoetan eta Pekingo 2008 urteko Joko Olinpikoetan irabazi izan zituen domina hauek[13]. Liu Chunhong-ek aldiz, 69kg-ko kategorian irabazi zituen Atenasko eta Pekingo Joko Olinpikoetan[14]. Ordea, Pekingoa kendu egin zioten, dopinaren ondorioz.

Chen Yanqing.
Lidia Valentín.

Espainiako estatu mailan izan diren lehenengo pisu-jasotzaile olinpikoak Jose Luis Izquierdo eta Rodriguez Lafuente izan ziren 1960ko Joko Olinpikoetan, eta, horien ondoren, Francisco Mateos eta Joaquin Valle etorri ziren, besteak beste. Emakumeen artean aldiz, emakumerik indartsuena eta mundu mailan ezagunena Lidia Valentin da[15]. Lidia Valentín Pérez (Ponferrada, Espainia, 1985eko otsailaren 10a) espainiar pisu-jasotzailea da, 75 kg-ko pisu-altxatze kategorian lehiatzen dena. 2012ko txapeldun olinpikoa izateaz gain, hiru alditan Europako txapelduna (2014, 2015 eta 2017an) eta behin Munduko txapelduna (2017an) izan da.

Euskal Herri mailan ere, badaude halterofilian lehiatzen diren emakume kirolariak eta baita tituluak irabazten dituztenak. Garoa Martinez gazte bermeotarra iaz Espainiako txapeldun izan zen bere kategorian eta aurten bigarren postuan geratu da. Euskadiko txapelduna ere bada[16]. Gizonetan, Álvaro Jiménez arabarra da egungo txapelduna[17].

Hiztegia eta terminologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Back Squat”: Atzeko eserialdi bat da, eta barra bizkarrean jartzen dugu.

“Clean and Jerk”: Halterofiliaren berezko mugimendu olinpikoa. Barra sorbaldetaraino altxatu behar da, atseden har dezan, eta, ondoren, beste mugimendu bat egin behar da, buruaren gainetik altxatuz.

“Clean”: “Clean and jerk” mugimenduaren lehen zatia, halterofilian kargatua deitzen dena. Barra lurretik sorbalden altueraraino altxatzean datza.

Pisu-hila (Deadlift).

“Deadlift”: Pisu hilaren ariketa da, eta lurretik ahalik eta karga gehien altxatzean datza, besoak igo gabe. Altxamendu olinpikoen lehen faseen antzekoa da.

“Front Squat”: Aurrealdeko eserialdia, non barra sorbaldetan kokatzen den bizkarraren goiko aldean jarri ordez.

“Hook Grip”: Hatz lodia barraren inguruan jarriz, eta hatz erakuslea eta bihotza haren gainean, eskuekin heltzeko modu bat da.

“Over Head Squat”: Barra buru gainean eusten duen eserialdia da, besoak erabat luzatuta, eta altxamendu olinpikoen azken faseen antzekoa.

“Power Clean”: Indar-karga bat da. Kargatutako horietan, tiraldia altuagoa da, eta jasotzailea ez da eserlekuraino jaisten barra hartzeko.

“Push Press”: Barra sorbaldetatik eramaten den mugimendua da, buruaren gainetik iritsi arte. Halterofilian, hankekin bulkada txiki bat egin daiteke barra gorantz bultzatzeko.

“Zorrozki press”: Aurrekoaren mugimendu bera, baina ez da onartzen hanken bultzada barra gorantz bultzatzeko.

“Power Snatch”: Barra jasotzeko eserialdira jaitsi ezin den lekuan abiaraziak.

“Push jerk”: Barra sorbaldetatik buru gaineraino eramaten den mugimendua, clean baten ondoren, amaieran apur bat makurtuz, gehienez ere esertoki erdian, barra jasotzeko.

“Snatch”: Halterofilia abiatzea da, eta lehiaketetako lehen mugimendu olinpikoa da. Barra lurretik burutik gora altxatu behar da, mugimendu bakar baten bidez.

“Split jerk”: Clean baten ondoren egindako mugimendua, barraren azpian kokatzean datza, oinak guraize moduan banatuz, bata aurreratuta eta bestea atzeratuta geratuz[10].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «haltérophilie | dictionnaire électronique français-basque | Nola Erran» nolaerran.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
  2. a b «haltérophile | dictionnaire électronique français-basque | Nola Erran» nolaerran.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
  3. (Gaztelaniaz) «Halterofilia | Qué es, historia, ejercicios, categorías, material, equipación» Euston96 2017-10-27 (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  4. (Gaztelaniaz) Andrades, Jose Alberto Benítez. (2014-10-06). «Todo sobre la halterofilia: en qué consiste, cómo se entrena y compite» Vitónica (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  5. (Gaztelaniaz) «Halterofilia | Qué es, historia, ejercicios, categorías, material, equipación» Euston96 2017-10-27 (Noiz kontsultatua: 2019-04-02).
  6. Historia de la Halterofilia. .
  7. International Weightlifting Federation (IWF). .
  8. (Gaztelaniaz) webfeh. (2020-08-10). «Historia» Federación Española de Halterofilia (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  9. «HALTEROFILIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  10. a b (Gaztelaniaz) «Halterofilia. Definición, conceptos y ejercicios» aptavs.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  11. a b (Gaztelaniaz) Everett, Greg. (2020-09-04). Halterofilia: Guía completa para deportistas y entrenadores. Paidotribo ISBN 978-84-9910-942-8. (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  12. (Gaztelaniaz) Historia de halterofilia. .
  13. (Gaztelaniaz) Chen Yanqing. 2022-09-24 (Noiz kontsultatua: 2023-05-09).
  14. (Gaztelaniaz) Liu Chunhong. 2022-09-24 (Noiz kontsultatua: 2023-05-09).
  15. (Gaztelaniaz) Lydia Valentín. 2023-04-13 (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  16. «Halterofiliarekin loturarik ez izatetik Espainiako txapeldun izatera» irratia.naiz.eus 2023-02-02 (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  17. (Gaztelaniaz) Dxtfem. (2022-05-18). «Garoa Martínez y Álvaro Jiménez, campeones de Euskadi absolutos de halterofilia» DXTFem Alava (Noiz kontsultatua: 2023-05-09).

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]