Edukira joan

Loina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Chondrostoma toxostoma

Loina hainbat arrainen izen arrunta da. Loina arrunt izena ematen zaio Parachondrostoma miegii espezieari, baina historikoki Chondrostoma generoan egon diren animaliei ere izen hori ematen zaie. Gaztelaniaz, adibidez, loina izena ematen zaio Parachondrostoma arrigonis espezieari.

2007ra arte talde monofiletikoa zela uste zuten adituek baina harrezkero 6 generotan banatu dute: Achondrostoma, Chondrostoma, Iberochondrostoma, Pseudochondrostoma, Protochondrostoma eta Parachondrostoma. Baina litekeena da Achondrostoma eta Iberochondrostoma zalantzazkoak izatea.[1][2]

Loinak

Chondrostoma toxostoma

Loina handienek 20 cm. baino gehiagoko luzera izan dezakete guztira. Hala ere, normalean harrapatzen diren aleak 15 eta 18 cm. artekoak dira. Gorputza fusiformea eta luzea du eta itxura lirainekoa. Ahoa ilargi-erdi formakoa du, infera eta ez du biboterik. Beheko ezpaina loditua eta gogortua du, adarkara eta ebakitzailea. Uzki-hegalak kanpoko ertza konkaboa du. Bizkarraldearen kolorea marroi iluna da. Alboak zilar-itxurakoak ditu eta alboko lerroarekiko paraleloa den zerrenda beltz batek zeharkatzen du.

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrain hauek erreofiloak dira, bizitzeko nahiago dituzte ur korronteak eta freskoak, ongi oxigenatuak. Hala eta guztiz ere, ur lasaiagoetan eta sakonagoetan ere egoten dira askotan, erreka ertzeko zuloetan ezkutatzen dira, hamarnakako sardak osatuz.

Taldekoiak dira; jaki bila uretan korrontearen kontra igerian ibiltzen dira,sardetan bilduta. Ohikoa da loinak beren ezpain adarkararekin hondoko harriak karraskatzen ikustea, itsatsitako algak irentsiz moztea lortzen dutenean. Era berean, gustura aprobetxatzen dituzte normalean algei itsatsita bizi diren animalia guztiak. Lurrazaletik gertu bizi diren intsektu hegalariak edo inguruan bizi diren larbak dira loinen dietaren beste zati bat, uretatik kanpora salto eginez harrapatzen dituzte.

Espezie honen araldia udaberriarekin batera iristen da. Ugaltzeko, sarda handiak osatzen dituzte, eta ibaian gora erruteko leku egokien bila joaten dira. Aukeratzen dituzten lekuak, ur biziak, garbiak eta ondo oxigenatuak izaten dira. Errekarrizko edo hartxintxarrezko zorua eta korronte handia dagoen lekuak izaten dira. Emeak, ar batzuekin batera, arrautzak zuzenean botatzen ditu hondoko harrien gainean, sakonera txikiko lekuetan. Jaiotzen diren arrainkumeak zilar kolorekoak dira eta erreka ertzetik hurbil ibiltzen dira, ehunka arraineko taldetan; beste espezie batzuen portaera dute hauek ere, harraparien aurrean babesteko mekanismo eraginkorra da.

Banaketa, habitata eta estatusa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie hau Europako hego-mendebaldean dago. Frantziako hego aldean, Italiako iparraldean, eta Iberiar penintsulako erreketan. Iberiar penintsulan azpiespezie bat bereizten da, Parachosdroma arrigonis, hegoaldeko arroetan dago. Gure uretan , Bidasoaren arroan izan ezik, non ez den aurkitu, beste arro hidrografiko guztietan banatzen da. Ugariagoa da hegoaldeko isurialdeko ibaietan kantauriarrean baino. Iparraldeko isurian ubide askotatik desagertu da, edo, oro ar, gizakiaren eta industriaren presio hobea jasaten duten ibaiadarretan mantentzen da.

Ibaien erdi inguruetan arrainik tipikoena da, non espezie nagusia den kopuruari dagokionez, ibaien behe aldean ere ohikoa da, barboekin[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gante, Hugo F.; Santos, Carlos D. & Alves, Maria Judite. (2007). «A new species of Chondrostoma Agassiz, 1832 (Cypriniformes: Cyprinidae) with sexual dimorphism from the lower Rio Tejo Basin» Zootaxa 1616: 23–35...
  2. Robalo, J.I; Doadrio, I.; Valente, A. & Almada, V.C.. (2008). Insights on speciation patterns in the genus Iberochondrostoma (Cyprinidae): Evidence from mitochondrial and nuclear data. .
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 87 or. ISBN 84-7542-639-5..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]