Haustura hidrauliko
Haustura hidraulikoa (ingelesez hydraulic fracturing edo fracking izenez ezaguna) presio handiko fluido baten bidez harri-geruzak hausteko prozesua da. Oro har, petrolioa, gas naturala edo beste substantzia batzuk lurzorutik erauzteko sortutako prozesua da. Haustura-lan bakoitzean, putzu bat zulatzen da erreserbak dituzten harri-formazioetan. Presio handiko fluidoa injektatzeak zartadura berriak sortzen ditu harkaitzean, erregai fosilen erauzte-tasak handituz. Hausturen zabalera mantentzeko, habetzaile bat sartzen da fluidoan, hau da, hausturak ixtea galaraziko duen elementu bat: harea, zeramika-zatiak, edo beste zenbait partikula.
Haustura hidraulikoak kezka eragin du munduan, jardunbide horrek lurpeko eta lur gaineko urak kutsatu ahal dituenez ingurumenaren, osasunaren eta segurtasunaren gainean eragin potentzial handia duelako, eta zenbait herrialdetan bertan behera utzi da edo debekatu egin da.
Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa den SHESA enpresak bultzatzen du haustura hidraulikoa. Izan ere, Eusko Jaurlaritza da Euskal Herrian teknika hori bultzatzen duen administrazio publiko bakarra, hala Patxi Lopezen agintaldian nola Iñigo Urkullurenean, nahiz eta Urkulluk, hauteskunde kanpainan, haustura hidraulikoari buruzko bere jarrera honela azaldu zuen: «ez ustiapenik, ez esploraziorik».[1][2]
Historia
aldatuLehendabizi, haustura hidraulikoak nitroglizerinarekin egin ziren gutxi gorabehera 1860. urtean, Ipar Amerikako kostetan. Ondoren, 1930an nitroglizerina alde batera utzita azidoak baliatu zituzten haustura hidraulikoa egiteko. Baina Bigarren Mundu Gerraz geroztik, urarekin hasi ziren egiten haustura hidraulikoa, eta aldi berean dinamita ere erabiltzen zuten, urarekin batera. Azkenean, Stanolind Oil enpresa metodo hori 1949an industrialki erabiltzen hasi zen. Harea erabiltzen da pitzadurak ez apurtzeko edo ez estutzeko, urarekin batera. 1980an Estatu Batuetan arbel-gasa hasi ziren hartzen, metanoz osatua. Gehienetan hori erabiltzen da gaur egun.
Gas hori 400 metro eta 5000 metro artean izan ohi da, eta zulaketa handiak egin behar dira gas mota hori aurkitzeko. Gas hori hasi zen ateratzen Coloradon, Wyomingen, Utahn nahiz Texasen. Leku horiek fabrika handiak dituzte[erreferentzia behar], metodo horrekin ateratako gasa kontsumitzen dutenak. Estatu Batuetan 2008 eta 2012 artean, haustura hidraulikoaren erabilera %40 gehitu da. Hausturaren metodoa hasi zenetik 2011 arte, 2,5 milioi haustura egin dira mundu osoan. Aurrerantzean arazo larria sortuko dela uste da, hurrengo 20 urteetan gasaren eskaria %30 igoko dela aurreikusi delako, eta, beraz, haustura hidraulikoa egiten duten instalazio gehiago beharko delako munduan.
Ekologisten ikuspuntua
aldatuOrokorrean ekologismoa teknika honen aurkako jarrera erakutsi du mundu osoan. Euskal Herrian ere horrela gertatzen ari da. Hauek dira aipatzen dituzten arrisku nagusiak:
- Lur okupazioa, gehien batean eremu naturalen eta nekazal inguruen okupazioa.
- Landa eremuen industrializazioa.
- Kutsadura atmosferikoa.
- Uraren eta akuiferoen kutsadura.
- Metano ihesak.
- Pertsonen osasunarengan arazo larri asko gerta daitezke.[3]
Ekologismoaren ikuspuntutik teknika hauen zabalera erregai fosilen akitzearekin dator bat. Orain urte batzuk horrelako ustipenak ez ziren errentableak izaten.
Haustura hidraulikoa Euskal Herrian
aldatuIpar Euskal Herrian debekatuta dago haustura hidraulikoaren teknika erabiltzea, Frantziako legeak debeku hori ezarri baitu.[4] Hego Euskal Herrian, berriz, denbora laburrean haustura hidraulikoaren proiektu asko plazaratu dira. Handiena, Arabako iparraldean kokatu nahi den Enara Handia proiektua; hori aurrera eramateko 2000 putzutik gora egin beharko lukete. Ekologisten informazioak dioenez, oraintxe mahai gainean dauden ikerketa baimenek eta eskatutako zundaketek lurraldeen eremu hauek hartzen dituzte:
- Arabako lurraldearen % 88
- Bizkaiko lurraldearen % 73
- Gipuzkoako lurraldearen % 40
- Nafarroako lurraldearen % 14
Zenbait kasutan proiektuak Euskal Herriko mugetatik harago zabaldu nahi dituzte, Kantabrian, Burgosen eta Zaragozan.
Proiektu horien atzean hainbat enpresa daude: SHESA, Petrichor Euskadi Coöperatief, Cambria, Trofagás Hidrocarburos, Frontera Energy Co, Union Fenosa, Oil and Gas Skills...
Dagoeneko Hego Euskal Herrian 23 udalerri eta 60 kontzeju inguruk haustura hidraulikoaren aurkako mozioa onartu dute.[5]
2014ko azaroaren 18an jakin zenez, Eusko Jaurlaritzak ez zuen oztopatuko haustura hidraulikoari buruzko herri ekimena. Jaurlaritzaren ustez, eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramatea «egokia» zen, baina arlo horretako eskuduntza Estatuarena zela adierazi zuen.[6]
Abenduaren 3an jakin zenez, Bizkaiko kostaldean, Gernikatik Gorlizera bitartean gas naturalaren hobirik baden ikertzen hasiko dira. Bestalde, haustura hidraulikoa debekatzeko lege proposamena eztabaidatzen hasiko ziren Eusko Legebiltzarrean abenduaren 4an.[4]
Abenduaren 4an, Eusko Legebiltzarrak haustura hidraulikoaren kontrako herri ekimena eztabaidatzea onartu zuen eta horrela aintzat hartu zuen Fracking Ez plataformaren testua onartzea, aho batez. Gero legebiltzar taldeek jatorrizko testua landu beharko zuten[7].
Abenduaren 16an, Gorenak erabaki zuen udalerriek ezin zutela haustura hidraulikoari buruzko galdeketarik egin[8].
Abenduaren 17an, proiektuen ingurumen eragina batera neurtzea baztertu zuen Eusko Legebiltzarrak, EH Bildu eta PSE-EE alde eta EAJ, PP eta UPD aurka agertuta[9].
Abenduaren 18an, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen haustura hidraulikoa baimentzen zuen teknika debekatzen zuen Nafarroako legea[10]. Egun berean, haustura hidraulikorako proiektuak globalki ebaluatzea ukatu zuen Legebiltzarrak. EH Bilduk eta PSE-EEk ebaluazio proiektuak 'bere osotasunean' kontuan hartzea eskatzen zuten baina EAJk, PPk eta UPyDk aurka egin zuten[11].
Ikus, gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Manuel TRILLO: «"Fracking": hay gas para los próximos 70 años», ABC, 2014-06-30.
- ↑ (Gaztelaniaz) Iker ARMENTIA: «El fraude de Urkullu con el fracking», El Diario, 2014-09-24.
- ↑ Fracking Ez Araba: "Fracking. Euskal Herriarentzako mehatxu berria"
- ↑ a b Garikoitz Goikoetxea, «Bizkaiko kostaldera heldu da 'fracking'-a», Berria, 2014-12-03
- ↑ Fracking Ez Araba: «Fracking. Euskal Herriarentzako mehatxu berria»
- ↑ «Jaurlaritzak ez du oztopatuko frackingari buruzko herri ekimena», Berria, 2014-11-18
- ↑ Jon Rejado, «Eusko Legebiltzarrak 'fracking'-aren aurkako herri ekinaldia eztabaidatuko du», Berria, 2014-12-04
- ↑ «Gorenak ebatzi du udalerriek ezin dutela 'fracking'-ari buruzko galdeketarik egin», Berria, 2014-12-17
- ↑ «Fracking proiektuen ingurumen eragina batera neurtzea baztertu du Eusko Legebiltzarrak», Berria, 2014-12-18
- ↑ Oihan Vitoria, «'Fracking'-a, trabarik gabe», Berria, 2014-12-19
- ↑ «Fracking proiektuak globalki ebaluatzea baztertu du Legebiltzarrak», EiTB, 2014-12-18
Bibliografia
aldatuKanpo estekak
aldatu- Unai BREA: «Arbel-gasa: Energiaren azken "pagotxa"», Argia, 2303. zenbakia, 2011-12-18.
- Fracking Ez Araba taldearen webgunea.
- (Ingelesez) Josh Fox (2010): Gasland («gasaren lurraldea») dokumentala, euskarazko azpitituluekin. 104 minutu.
- (Gaztelaniaz) Arquetu. Fracking Kantabrian: [2]
- (Gaztelaniaz) Bideo kritiko bat: http://vimeo.com/46871495
- (Ingelesez) Earthworks: Hydraulic Fracturing slanted toward environmental issues
- (Ingelesez) ProPublican agertutako berriak eta komentarioak: Fracking
- (Ingelesez) FracFocus Site indicating chemical composition of fracking fluid of individual wells
- (Ingelesez) YouTube: Hydraulic fracturing shale gas extraction