Hungaria
Hungaria[1] (hungarieraz: Magyarország), ofizialki Hungariako Errepublika[1] (hungarieraz: Magyar Köztársaság), Erdialdeko Europako estatu itsasgabea da. Austria, Eslovakia, Ukraina, Errumania, Serbia, Kroazia eta Eslovenia ditu mugakide. 93.028 kilometro koadroko eremua du,[2] eta 2014an, 9.877.365 biztanle zituen.[3] Hiriburua Budapest du.
KHEE, NATO eta Europar Batasuneko kidea da, eta Schengen estatua. Hizkuntza ofiziala hungariera (magyar) da, fino-ugrikoa. Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen artean, jatorri indoeuroparra ez duten lau hizkuntzetako bat da: beste hirurak finlandiera, estoniera eta maltera dira.
Geografia
aldatuMugak
aldatuHungaria Erdialdeko Europako Panoniako ordokian dago. Iparraldean Eslovakiarekin du muga, ekialdean Errumaniarekin, hegoaldean Serbiarekin, hego-mendebaldean Kroaziarekin, mendebaldean Esloveniarekin, ipar-mendebaldean Austriarekin eta ipar-ekialdean Ukrainarekin.
Erliebea
aldatuEremuaren erdia baino zertxobait gehiago ordokiak dira. Zabaldi eskualde nagusiak Hungariako Ordoki Txikia, mendebaldean, eta Hungariako Ordoki Handia, hego-ekialdean, dira. Azken horren puntu gorena itsas mailatik 183 metro baino ez da. Transdanubia muinoz eta mendi txikiz osatutako eskualdea da. Bertako mendebaldean dago Alpokalja, Alpeen ekialdeko zerrenda, eta baita Transdanubiar Mendiak, erdialdean, eta Mecsek mendiak, hegoaldean, ere. Eskualdeko tontorrik garaiena Írott-kő da (882 m). Herrialdeko mendi garaienak Karpatoetan daude, iparraldean, Eslovakiako mugan; garaiena Kékes da (1.014 m)
Hidrografia
aldatuBi ibai nagusik iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dute lurraldea: Danubio (Alpe mendietan sortzen diren Rába eta Drava adarrekin) mendebaldean, eta Tisza (Karpato mendietan du iturburua) ekialdean. Danubioz haraindi Balaton aintzira dago, Erdialdeko Europako aintzirarik handiena. Munduko laku termal handiena, Hévíz lakua, Hungarian dago.
Klima
aldatuBertako klima kontinentala da, hezetasun gutxiko uda beroekin eta elur ugariko negu hotzekin. Urteko batez besteko tenperatura 9,7 °C da, udakoa 27/35 °C eta negukoa 0/−15 °C. Muturrekoak 42 °C eta −29 °C dira. Urtean metatutako prezipitazioaren batez bestekoa 600 mm inguru da. Hegoaldeko eskualde txiki batean, Pécs inguruan, klima mediterraneoa dela esaten da baina, berez, uda beroxeagoak baino ez ditu.
-
Balaton aintzira, Erdialdeko Europako handiena
-
Zemplén mendiak, herrialdearen ipar-ekialdean
-
Tisza ibaia
-
Somló eskualdeko mahastiak
-
Danubioren harana Visegrádetik hurbil
Historia
aldatuLehen urteak
aldatuEgungo Hungariak hartzen duen lur eremuan gizakia Historiaurreaz gero bizi da. K.a. III. mendean Tène kulturako zelta herriak heldu ziren lur horietara eta K.a. I. mendean daziarrak izan ziren, harik eta erromatarrek lurraldea hartu zuten arte, K.a. I. mendearen eta K. o. II. mendearen artean.
Migrazio Garaian, magyarren etorreraren aurretik, beste herri franko kokatu ziren erromatarrek deitutako Panonia lurraldean. Haien artean, lehenetako bat hunoak izan ziren, Atilaren agindupean inperio boteretsua osatu zutenak. Haien ostean, ostrogodoak eta lombardiarrak joan ziren. 560ko hamarkadan, abaroek erresuma bat eratu zuten lurralde horretan. Nagusitasun militarra edukita, bi mendez ondoko guztiei egin zieten eraso. Azkenean, Karlomagnoren frankoek mendebaldean eta bulgariarrek ekialdean garaitu zituzten. Hala ere, ez batek, ez besteek, ezin izan zuten estatu iraunkorrik antolatu. Izan ere, handik gutxira (896an) magyar batu berriak finkatu ziren bertan, Árpád buru zutela.
Erdi Aroa eta Aro Modernoa
aldatuFinkatu eta hurrengo urteetan eraso eta arpilaketa andana burutu zuten Europa osoan zehar, harik eta 955eanOdon I.ak, Germaniako Erromatar Inperio Santuko lehen enperadorea izatekoa zenak, Lechfeldeko guduan garaitu zituen arte. 1000rako hungariarrak kristautu ziren.
Erdi Aroan Hungariako Erresuma oso zabala izan zen, egungo Eslovakia, Transilvania, Voivodina eta Eslavonia hartzen zituena. Bela III.a erregearen agintaldiaren (1172-1196) ondoren, aitonen semeek gero eta indar handiagoa lortu zuten erregeen kaltetan. 1241ean mongolek beretu zuten erreinua, eta jende asko hil zuten. Ordu arte aginpidean egon zen Arpad dinastia desagertu zenean, Anjou etxeko Karlos I.ak lortu zuten agintaritza (1308). Karlos I.aren ondorengoak, Luis I.a Handiak (1342), Balkanen iparralderaino hedatu zuen erreinua, eta Buda hirian (Budapest, gero) jarri zuen gortea.
Erreinuaren garairik oparoena Matias Corvinoren agintaldian (1458-1490) izan zen: sartaldeko monarkien antzerako gortea inguratu zuen eta sortalderantz hedatu zuen erreinua. Corvino hil ondoren, erregetzara iristeko borrokek monarkiaren ahalmena ahuldu zuten, eta 1526an turkiar otomanoak beretu zuten lurraldea, 1526an Luis II.a erregea Mohácseko guduan garaitu ondoren.
1526ko Mohácseko guduak amaiera eman zion Hungariako Erresumari, nahiz eta lurralde txiki batek independentziari eutsi zion, Pózsony (Pressburg, gaur egun Bratislava) hiriburua zuela. 1686. urtean, Austriako habsburgotarrek turkiarrak kanpora egotzi zituzten eta mendean hartu zuten lurraldea. Nolanahi ere, Hungaria austriar probintzia bat zen administrazioari zegokionez, eta alemana hizkuntz ofizial izendatu zuten (1780). Austriak indarrean jarri zuen zentralismoak Hungariaren independentzia nahia suspertu zuen eta herria matxinatu egin zen.
XIX. mendea
aldatu1848an, Lajos Kossuthen gidaritzapean, iraultza liberala izan zen, eta hungariarrek independentzia aldarrikatu zuten austriarren kontrako garaipena lortu ondoren; hala ere, austriarrek matxinada gogor zanpatu eta aginpidea eskuratu zuten berriro, Errusiaren laguntzarekin. Errepresio politikoaren garaia hasi zen, 1860ko hamarkadarako apaldu zena.
Austriaren eta Prusiaren arteko gerran, Sadowako guduan (1866) austriarrak galtzaile atera zirenean, Austria-Hungariako Inperioaren indarra ahuldu egin zen eta Frantzisko Josef I.a enperadoreak nolabaiteko autogobernua eman behar izan zion lurraldeko zati bati. Honela, 1867tik aurrera, enperadore bakarra izan arren, bi erresuma sortu ziren, Austriakoa eta Hungariakoa. Hungarian, boterea aristokrazia lurjabe boteretsuaren esku zegoen. Lurraldearen magiarizazioa bultzatu zuen Budapest hiriburu berritik.
XX. mendea
aldatuLehen Mundu Gerran Austria galtzaile izan zen eta handik gutxira desegin zen Austria-Hungariako Inperioa. 1919ko azaroaren 16an, Mihály Karolyiren gidaritzapean zegoen batzorde nazionalak errepublika independente izendatu zuen Hungaria. Urte bereko martxoaren 21ean, Karolyiren gobernu sozialdemokrataren ordez sobietar errepublika ezarri zen indarrean, eta Béla Kun errepublikaren buru. Kun-en gobernu komunistak eliza katolikoari aurre egin behar izan zion eta oposizioko indar guztiak gogor zapaltzen ahalegindu zen. Miklós Horthy almiranteak, Errumaniako gudarosteak lagunduta, erregimen komunista kentzea lortu zuen 1919ko abuztuaren 4an, eta parlamentu monarkia ezarri zen berriro. 1920ko uztailean Hungariak eta aliatuek Trianonen izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, Hungariako eremua 325.411 km² izatetik 92.963 km² izatera laburtu zen.
1920tik aurerra, Miklós Horthy erregeordea izan zen, botere diktatorialekin. Ondorengo urteetako ekonomia krisiak eskuindarren erreakzioa izan zuen ondorio, eta István Bethlen kontserbadorearen gobernualdian sindikalistak eta juduak esetsi zituzten (izualdi zuria). 1938an Hungariak eta Alemania Nazik bat egin zuten eta Eslovakiako hegoaldea eta Karpato-Ruthenia lurraldea berreskuratu zuten hungariarrek. Ardatzarekin aliatuta ere, Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Hungaria okupatu zuten aliatuekin bere kasa bakea sinatzen saiatu zenean. Alemaniak Bigarren Mundu Gerra galdu zuenean, Hungariak hartutako lurraldeak atzera itzuli behar izan zituen eta 330 milioi dolar ordaindu indemnizazio gisa.
Bigarren Mundu gerra amaiatu zelarik, sobietar armadak Hungaria okupaturik zuen. 1947an komunistek lortu zuten aginpidea, eta eratu zen konstituzio berriak Herri Errepublika bilakatu zuen herrialdea. Urte hartatik aurrera SESB-ren politika ereduari jarraitu zitzaion. 1956an, Imre Nagy lehen ministro erreformazalea burua zela, iraultza piztu zen. Europako sortaldeko nazioek ez zuten esku hartu eta sobietar gudarosteak gogor zanpatu zuen matxinada, eta jende asko hil. Hurrengo urteetan ekonomiaren egoera hobetuz joan zen, industria indartzearekin batera, Hungariako Langileen Alderdi Sozialistako buru János Kádár komunistaren gidaritzapean.
Azken urteak
aldatuJános Kádárek arazo handiei aurre egun behar izan zien 1986an, gazteen martxa bat gogor zapaldu zuenean, eta bi urte geroago, Budapesten herritarrak erreformak eskatzen hasi zirenean. Gobernuak prentsa zentsura lasaitu behar izan zuen, eta sindikatuak eta alderdi politikoak baimendu zituen.
1986 eta 1988 bitartean Danubion presa handi bat eraikitzearen aurkako protestak egin zituzten hungariar eta austriar ekologistek. Presa egitea Hungaria eta Txekoslovakiaren proiektu bat zen, eta Austriaren babesa zuen. Tirabira askoren ondoren, gobernuak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen azkenean.
1989ko urtarrilean Legebiltzarrak greba eskubidea, manifestazio eskubidea eta elkarte politikoak sortzeko eskubidea onartu zuen legez. Urte hartan bertan Hungariako Langileen Alderdi Sozialistak alderdi bakarreko sistema arbuiatu zuen. 1989ko martxoan hauteskundeak egitea eta sobietar gudarostea Hungariatik joatea eskatu zuten 100.000 pertsonak Budapesten. Alderdi Sozialistak eta oposizioak Hungariako Errepublika aldarrikatzea eta alderdi bakarreko gobernu sistema deuseztatzea hitzartu zuten. Varsoviako Ituneko herrialdeen artean Hungaria izan zen Gerra Hotzaren nazioarteko loturak hausten aurrena. 1989. urtearen bukaeran Hungariako Langileen Alderdi Sozialista Hungariako Alderdi Sozialista bihurtu zen, baina sektore batek lehengo izenari eutsi zion.
1990eko hauteskundeetan Hungariako Foro Demokratikoak botoen % 43 eskuratu zuen eta gobernua antolatu zuen bi alderdi txikiren laguntzarekin; Alderdi Sozialistak eta Langileen Alderdi Sozialistak, berriz, botoen % 10,3 eta % 3,5 eskuratu zituzten. Hungariako Lehen Ministroa eta Txekoslovakiako eta Poloniako presidenteak Krakovian elkartu ziren 1991. urtearen bukaeran, herrialde horien elkarren arteko lana sustatzeko. Hiru agintariek NATOrekin, Mendebaldeko Europar Batasunarekin eta Europako Ekonomia Erkidegoarekin harremanak sendotzeko asmoa azaldu zuten. Garai hartan Hungariak zuen Europa osoko kanpo zorrik handiena: 1990ean familia batek oinarrizko kontsumo gaiak erosteko pertsona baten soldataren % 75 behar zuen; hurrengo urtean, soldataren % 90. Hungariako 10 milioi biztanleetatik 2 milioi behartsu ziren. Krisi egoera hartan, manifestazio nazionalistak eta xenofoboak ugaldu ziren. Foro Demokratikoko lehendakariordeak, István Csurka idazleak, manifestu bat plazaratu zuen, komunistei, liberal sartaldetarrei, ijitoei eta juduei leporatuz klima soziala usteltzearen erantzukizuna. Handik egun gutxira manifestazio handi bat egin zen (70.000 pertsona inguru), alderdi politiko desberdinek deitua, demokraziaren alde eta erradikalismoaren aurka. Justiziak, bestalde, berrogeita zortzi neonazi kondenatu zituen ijitoei eta atzerritarrei eraso egiteagatik.
1993ko urrian, Péter Borossek hartu zuen Lehen Ministro Jozsef Antallen lekua. Budapesten, kutsadura handia zela eta, hamar egunez haurrak kalera ez ateratzea gomendatu zen. 1994ko martxoan, hauteskunde kanpainaren erdian, gobernuak irrati publikoko 129 kazetari kaleratu zituen, eta bertan behera utzi behar izan ziren estatuko hiru irratietan hogeita hamar bat kultura eta politika programa. Maiatzeko hauteskunde orokorretan Gyula Hornen Hungariar Alderdi Sozialistak botoen % 54 eskuratu zituen, 386 aulkietatik 208. Demokrata Libreen Aliantzak, berriz, aurreko hauteskundeetan baino hogei eserleku gutxiago eskuratu zituen (70), eta Foro Demokratiko ofizialista 165 eserleku izatetik (botoen % 43), 37 izatera igaro zen (botoen % 10). Horn izendatu zuten Lehen Ministro. Urtearen bukaeran udal hauteskundeetan berretsi zuten komunistek beren nagusitasuna. 1995eko martxoan, baina, defizitari aurre egiteko neurri ekonomiko gogor batzuk onartu ondoren, herritarren babesa galdu zuen.
1997ko lehenengo hilabeteetan Hungaria NATOn sartzeko negoziazioak hasi ziren. Hungariak bere lurraldean arma nuklearrak jartzea eta NATOko gudarosteak hartzea onartu zuen. Azaroan, erreferendum bidez, boto emaileen % 85ek herrialdea NATOn sartzearen alde bozkatu zuen. Hautesleen erdiak, ordea, ez zuen parte hartu bozketan. 2000. urtean Ferenc Mádl (independentea) hautatu zuen Biltzar Nazionalak lehendakari, eta 2002ko parlamenturako hauteskundeetan sozialisten (MSzP, Hungariako Alderdi Sozialista) eta demokrata liberalen (SzDSz, Demokrata Askeen Batasuna) koalizioak irabazi zuen, gehiengoarekin; Péter Medgyessy izendatu zuten Lehen Ministro. MSzP alderdia, aurreko alderdi bakarretik sortua (alderdi komunista), politika liberal eta europazalea zuen. SzDSz alderdi liberala zen, ekonomian eta gizarte ekintzan. Horrela bada, emakumeen, homosexualen eta gutxiengo etnikoen eskubideak babesten zituen.
2004an Hungaria Europar Batasunean sartu zen, beste bederatzi herrialderekin batera. Ferenc Gyurcsány hautatu zuten 2006an lehen ministro eta Iraken zituen militarrak Hungariara itzuliko zirela adierazi zuen. 2007an ehun mila pertsona inguruko manifestazio batek lehendakariaren dimisioa eskatu zuen, 2006ko hauteskundeak irabazteko, aurrekontuei buruz gezurra esan zuela onartu baitzuen.
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuHungaria ganbera bakarreko ordezkatze bidezko demokrazia da. Biltzar Nazionalak (hungarieraz: Országgyűlés) 199 kide ditu (386 1990-2014 bitartean), lau urtetik behin aukeratzen direnak. Biltzar Nazionalak botere legegilea du, gobernuak edo legebiltzarrak berak proposatutako legeak onartzeko.
Lehen ministroa (miniszterelnök) gobernuburua da, eta Biltzar Nazionalak aukeratzen du. Legebiltzarrean eserleku gehien dituen alderdiko burua izan ohi da. Berak izendatzen ditu gobernuko ministroak, eta berak bakarrik kargugabetzen ahal ditu. Errepublikako presidentea (köztársasági elnök, államelnök edo államfő) estatuburua da, eta Biltzar Nazionalak, bost urtetik behin, aukeratzen du. Auzitegi konstituzionalak (15 kide) legeen konstituzionaltasuna epaitzen du.
Banaketa administratiboa
aldatuAdministratiboki, Hungaria 19 konderritan (singularrean: megye; pluralean, megyék) banaturik dago. Horiez gain, Budapest főváros (hiriburua) izeneko unitate administratibo berezi batean dago. NUTSeko hirugarren mailako unitate administratiboak dira.
Konderri horiek 175 barrutitan (singularrean: járás; pluralean, járások) banatzen dira. Budapest 23 barrutitan (singularrean: kerület; pluralean, kerületek). 1996tik konderriak eta hiriburua 7 eskualdetan bildurik daude, arrazoi estatistikoak direla eta. Horiek Hungariako bigarren mailako NUTSak dira.
Gainera, 23 hirik konderri eskumenak dituzte (singularrean: megyei jogú város). Hiri horietako alkateek botere bereziak dituzte, baina euren konderriaren barnekoak dira (ez dira independenteak).
Konderria (megye) |
Hiriburua | Biztanleria (2011)[4] | Eskualdea |
---|---|---|---|
Bács-Kiskun | Kecskemét | 524.841 | Hegoaldeko Lautada Handia |
Baranya | Pécs | 391.455 | Hegoaldeko Transdanubia |
Békés | Békéscsaba | 361.802 | Hegoaldeko Lautada Handia |
Borsod-Abaúj-Zemplén | Miskolc | 684.793 | Iparraldeko Hungaria |
Budapest | Budapest | 1.744.665 | Erdialdeko Hungaria |
Csongrád | Szeged | 421.827 | Hegoaldeko Lautada Handia |
Fejér | Székesfehérvár | 426.120 | Erdialdeko Transdanubia |
Győr-Moson-Sopron | Győr | 449.967 | Mendebaldeko Transdanubia |
Hajdú-Bihar | Debrecen | 565.674 | Iparraldeko Lautada Handia |
Heves | Eger | 307.985 | Iparraldeko Hungaria |
Jász-Nagykun-Szolnok | Szolnok | 386.752 | Iparraldeko Lautada Handia |
Komárom-Esztergom | Tatabánya | 311.411 | Erdialdeko Transdanubia |
Nógrád | Salgótarján | 201.919 | Iparraldeko Hungaria |
Pest | Budapest | 1.237.561 | Erdialdeko Hungaria |
Somogy | Kaposvár | 317.947 | Hegoaldeko Transdanubia |
Szabolcs-Szatmár-Bereg | Nyíregyháza | 552.000 | Iparraldeko Lautada Handia |
Tolna | Szekszárd | 231.183 | Hegoaldeko Transdanubia |
Vas | Szombathely | 257.688 | Mendebaldeko Transdanubia |
Veszprém | Veszprém | 353.068 | Erdialdeko Transdanubia |
Zala | Zalaegerszeg | 287,043 | Mendebaldeko Transdanubia |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu2014an Hungariak 9.877.365 biztanle zituen[3], 107 biztanle kilometro karratuko dentsitatearekin. Biztanle gehienak hirietan bizi dira (% 71,2 2015ean)[2]. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak, % 14,8; 15-64 urte bitartekoak, % 66,6; eta 65 urtetik gorakoak, % 18,6[2]. Bizi itxaropena 75,9 urtekoa da, 72,2 urtekoa gizonezkoena eta 79,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespena)[2].
Banaketa etnikoa
aldatuBiztanle gehien-gehienak magiar jatorriko hungariarrak dira. Gainerakoak alemaniarrak, eslovakiarrak, serbiarrak, kroaziarrak, ijitoak eta errumaniarrak dira.
Hizkuntzak
aldatu2011ko datuen arabera, hungariera biztanleriaren % 99ren lehen hizkuntza da[5].
Erlijioak
aldatuHungariako erlijio nagusia katolizismoa da, baina kalbinismoa erlijio gutxitu garrantzitsua da. 2011ko datuen arabera, biztanle gehienak kristauak dira (% 52,9): % 37,1 katolikoak (Katolikusok), % 11,1 kalbinistak (Reformátusok) eta % 2,2 luteranoak (Evangélikusok); juduak % 0,1 dira, musulmanak % 0,06 eta erlijiorik gabeak, % 18,2[5]. Judu elkartea askoz handiagoa izan zen Bigarren Mundu Gerraren aurretik, alemaniar nazien jazarpenaren aurretik, alegia.
Hiri nagusiak
aldatuHiri nagusia Budapest da; Danubio ibaiak bi erditan banatzen du hiria: Buda, hiri zaharra, eta Pest, hiri modernoa. Budapest Hungariako industria eta kultura hiri nagusia da. Oso hiri ederra da, eta Europako erdialdeko turismogune garrantzitsuenetako bat, Viena eta Pragarekin batera.
Hungariako gainerako hiriak askoz txikiagoak dira: Debrecen (203.506 biztanle), batez ere nekazaritzatik bizi den eskualde bateko merkataritzagune nagusia; Szeged (162.593 biztanle); Miskolc (159.554 biztanle), industriagunea (burdina, altzairua); eta Pécs (145.985 biztanle)[6].
Ekonomia
aldatu1989. urte arte Hungariako ekonomia eredu sozialistari jarraitu zitzaion. Bi mundu gerren artean Europako nazio atzeratuenentakoa zen, baina 1950. urtetik aurrera egin ziren berrikuntzei esker industriak gero eta indar handiagoa hartu zuen nekazaritzaren aldean. Edonola ere, komunismoaren garaian ere, Hungariako ekonomiak herrialde kapitalisten ezaugarri batzuk zituen. Gero gobernuak ateak zabaldu zizikien ekimen pribatuari eta atzerriko kapitalari, eta estatuak enpresa asko pribatizatu zituen.
Gaur egun, lurraldearen erdia baino gehiago landuta dago, eta garia artoa eta ekilorea[2] egiten da batez ere, garagarra, azukre erremolatxa, barazki, fruitu eta mahatsaz gainera. Abeltzaintzan zerri, behi eta hegazti hazkuntza dira jarduera garrantzitsuenak[2]. Mea baliabide nagusia bauxita da; iparraldean, Bakony mendietan, ateratzen da gehiena. Energia sortzeko meen artean, lignitoa eta harrikatza dira garrantzitsuenak. Lignitoa iparraldean ateratzen da, eta ikatza hego-mendebaldean, Pécs hiritik hurbil. Petrolio eta gas natural hobi txiki batzuk ere badira. Industriak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen XX. mendearen azkeneko urteetan (BPGren % 30,7 2014an[2].). Budapest da industriagune nagusia: elektronika, telekomunikazioak, kimika, automobilak, ehungintza, janari industria. Hiritik 60 kilometro hegoaldera dago herrialdeko siderurgia lantegi nagusia, eta Győren, berriz, trenaren inguruko industria handia. Energia gehiena zentral termikoetan eta zentral nuklear batean, Budapesten hegoaldean, sortzen da.
Azpiegiturak
aldatuGarraioa
aldatuAireportuak
aldatuKultura
aldatuGastronomia
aldatuHungariar sukaldaritzako jaki tipiko bat gulyás delakoa da (goulasha), abeltzainek prestatzen zuten zopa marmita handi batean su gainean eta kanpoaldean. Zopa horretan, okela, urdaia, tipula, azenarioa, patatak eta paprika (piperrak) batera egosten dira. Hasiera batean, abeltzainek bakarrik prestatzen zuten, baina XVIII. mende amaiera inguruan burgesiako familiek bertakotu eta beste erregosiekin batera aurkeztu, beste piper eta esnegain garratzarekin (tejföl) edo pörkölt delakoarekin, baina nazioarteko sukaldaritzara igaro den bakarra goulasha da.
Haren osagai nagusia paprika da, piper egosi lehortu eta xehatuz egina, haragia eta ehiza prestatzeko espezia nagusia. Piperra, turkiarrek Indiatik bertaratua, hungariar sukaldaritzan sustraitu egin da. Kondairaren arabera, nekazari hungariar bat Budako paxaren haremean behartuta bizi zen eta bertako lorategietan piperra nola landatzen ikasi zuen ezkutuan. Behin askatuta, herrixkako beste nekazariei paprika nola landatzen eta prestatzen zen erakutsi zien.
Piper bilketa jai alaia da. Irailaren 8an, soineko ikusgarriz jantzitako emakumeek jasotako piperrekin kordak egiten dituzte eta etxe aurrealdean edo zurezko egituretan zintzilikatzen lehortzeko, Ezpeletan bezala.
Literatura
aldatuEztebe I.a Hungariakoaren erregealdian (1000-1038), Hungariako Erresuma kristautzearekin batera, alfabeto latinoa erabiltzen hasi zen. Garai hori baino lehen zegoen ahozko tradizioaren aztarna batzuk geroagoko kodexetan agertzen badira ere, lehenbiziko testu idatziak kristau kulturari loturik daude. Garrantzitsuenak latinezko testuen itzulpenak dira: Ehorzte-sermoi eta otoitza (hungarieraz: Halotti beszéd és könyörgés, 1192-1195) eta Mariaren ahuenak poema (hungarieraz: Ómagyar Mária-siralom, 1300 baino lehen)[7].
XI. eta XVI. mendeen artean, testu gehienak latinez idatzi ziren. Hizkuntza horretan izkiriatu ziren, esate baterako, magiarren jatorriari eta egitandiei buruzko lehenbiziko kronika liburuak: Gesta Hungarorum (1200-1230 artean) eta Gesta Hunnorum et Hungarorum (1282-1285 artean). XIII. eta XIV. mendeetan hungarieraz idatzitako zenbait kodexetan, Bibliako zati batzuen itzulpenak, himnoak, elezaharrak eta monasterioen erregelak agertzen dira[7].Matias Corvino erregeak (1443-1490) Italiako pizkundeko humanismo eta kultura inportatu zituen; besteak beste, Europako liburutegi garrantzitsuenetako bat, Biblioteca Corviniana, sortu zuen. Hungariako errenazimentuko olerkari handiena Janus Pannonius (1434-1472) izan zen, bere lanak latinez idatzi zituena[7].
Bi gertarik baldintzatu zuten Hungariako politika eta kultura XVI. mende hasieratik aurrera: herrialdearen zatiketak (1526an zati handiena Otomandar Inperioaren mende gelditu baitzen) eta erlijio gatazkek (Erreforma protestantea eta Kontraerreforma). 1540ko hamarkadatik aurrera hedatu zen Erreformak eragin positiboa izan zuen kulturan; hala, mendearen erdialdean, János Sylvesterek Itun Berria hungarierara itzuli eta, horrekin batera, gramatika eta latina-hungariera hiztegia argitaratu zituen[7].
XVI. mendean Pizkundeak eta humanismoak hedapen handia izan zuten. Idazlan gehienak erlijiosoak izan ziren eta, denen buru, Gáspár Károlyi artzain protestanteak egindako Bibliaren itzulpena (1590) dago. Hungarieraz idatzi zuen lehen poeta Bálint Balassi (1554-1594) izan zen, amodio, gerra eta erlijiozko olerkiak ondu zituena. XVII. mendeko egileen artean Miklós Zrínyi (1620-1664) gailentzen da; Szigeteko setioa (hungarieraz: Szigeti veszedelem, 1651n argitaratua) olerki epikoan egilearen birraitona hil zeneko Szigetvárko gudua kontatzen da. Kontraerreformako idazle nagusia Péter Pázmány (1570-1637) izan zen, Hungariako lehen unibertsitatea sortu zuena[7].
XVII. mende amaieran otomandarrak egotzi eta Hungaria Habsburgo etxearen mende geratu zen. XVIII. mendearen bigarren erdian, Vienan barrena, Argien Mendeko ideiak iritsi ziren; György Bessenyeiren Agisen trajediak (hungarieraz: Ágis tragédiája, 1772) boteretsuen eta menekoen arteko gatazkaren gaia plazaratu zuen: garai hartako poeta nagusiak Mihaly Csokonai eta Dániel Berzsenyi izan ziren. Mendearen amaieran, hungarierazko lehen literatur aldizkaria (Museum Húngaro, 1788) eta hungarierazko antzezlanak ematen zituen lehen taldea sortu ziren. XIX. mendearen hasieran, Ferenc Kazinczyk eta haren jarraitzaileek hizkuntza eraberritu zuten, garai berrietako gertakariak eta zientziaren aurrerabideak adierazteko egokia izan zedin[7][8].
1821ean Károly Kisfaludyk (1788-1830) sortutako Aurora aldizkaria funtsezkoa izan zen Hungariako literatura erromantikoaren garapenean[9]. Idazle erromantiko garrantzitsuenak Ferenc Kölcsey (1790-1838), ereserki nazionalaren egilea, Mihály Vörösmarty (1800-1855), Zalánen ihesa (hungarieraz: Zalán futása, 1852) poema epikoa idatzi zuena, eta Sándor Petőfi (1823-1849), 1848ko Iraultzaren bultzatzailea eta Hungariako poeta nazionaltzat hartzen dena, izan ziren. János Aranyk balada deitutako herri-literatura generoa berriztatu zuen[7]. Baina Iraultzak porrot egin zuenez gero, herrialdean etsipena eta pesimismoa nagusitu ziren. Imre Madáchen (1823-1864) Az ember tragédiája («Gizakiaren trajedia», 1861) olerki dramatikoa ezkortasun horren adibidea da. XIX. mende amaierako eleberrigintzan Mór Jókai (1825-1904) eta Kálmán Mikszáth (1847-1910) nabarmendu ziren[7].
XX. mende hasierako belaunaldi gazteak Nyugat («Mendebaldea») aldizkariaren inguruan bildu ziren. 1908tik 1941era argitaratu zen aldizkari horren helburua Hungariako kultura berritzea zen, Mendebaldeko Europako joera berriei (modernismoa, sinbolismoa...) bide emanez. Nyugat-en inguruko lehen belaunaldiko egile nagusiak Endre Ady (1877-1919), Mihály Babits (1883-1941), Dezső Kosztolányi (1885–1936) eta Zsigmond Móricz (1879–1942) izan ziren. 1920ko hamarkadako idazle ezagunenak Lőrinc Szabó (1900–1957) eta Sándor Márai (1900-1989) dira, eta 1930eko hamarkadakoen artean Sándor Weöres (1913-1989), Miklós Radnóti (1909-1944) eta István Örkény (1912-1979) daude[7].Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak eta ondorengo diktadura komunista zirela eta, Hungariako literaturak itzalaldi luzea izan zuen. 1960ko hamarkadaren erdialdean literatura aldizkari batzuk argitaratzen hasi ziren, eta 1989ko erregimen aldaketarekin egoera erabat aldatu zen. 2002an Imre Kertészek Literaturako Nobel saria jaso zuen[7].
Musika
aldatuHungariako musika tradizionala ijitoenarekin nahasten da askotan, aski tradizio ezberdinak diren arren. Musika klasikoko egilerik garrantzitsuenak Franz Liszt eta Béla Bartók dira. Nazioarteko ospea dute Ernő Dohnányi, Franz Schmidt, Zoltán Kodály, Gabriel von Wayditch, Rudolf Wagner-Régeny, László Lajtha, Franz Lehár, Imre Kálmán, Sándor Veress eta Miklós Rózsa musikagileak ere. György Ligeti XX. mendearen bigarren erdian gehien eragin zuen ontzaileetako bat izan zen.
Zinema
aldatuHungariako zinemagintzak Lehen Mundu Gerran eta Béla Kunen diktadurapean (1919) indar handia hartu zuen, baina Miklós Horthyren izualdi zurian zinemagile hoberenak erbestara joan ziren ihes: Alexander Korda, Mihály Kerstész, Béla Balázs, etab. Zinemagileen artean, aipatzekoak dira Károly Makk, Zoltán Fábri, János Herskó eta Miklós Jancsó ere.
Arkitektura
aldatuHungarian Europako sinagoga handiena dago (Dohány kaleko sinagoga), Europako osasun-bainu handiena (Széchenyi), Europako hirugarren eliza handiena (Esztergom basilika), munduko bigarren lurralde-abadia zabalena (Pannonhalma), munduko bigarren gaztelu barroko handiena (Gödöllő) eta Italiatik kanpoko Nekropoli Kristau Goiztiarra handiena (Pécs).
Jaiegunak
aldatuData | Izena euskaraz | Izena hungarieraz | Oharrak |
---|---|---|---|
Urtarrilaren 1a | Urteberria | Újév | |
Martxoaren 15a | Jai nazionala | Nemzeti ünnep | 1848ko iraultza |
aldakorra | Pazko Igandea | Húsvét vasárnap | |
aldakorra | Pazko astelehena | Húsvét hétfő | |
Maiatzaren 1a | Langileen eguna | A munka ünnepe | Langileen eguna |
aldakorra | Mendekoste | Pünkösd | |
Abuztuaren 20a | San Eztebe eguna | Szent István ünnepe | Estatu kristau hungariarren eta sortzailearen eguna |
Urriaren 23a | Jai nazionala | Nemzeti ünnep | 1956ko Iraultza |
Azaroaren 1a | Santu Guztien eguna | Mindenszentek | |
Abenduaren 26a | Eguberria | Karácsony |
Kirola
aldatuHungariako Tourra itzuli handiena da. Itzuli apala izan da beti eta bertoko zein alboko herrialdeko txirrindulariek besterik ez dute parte hartzen. lehen ekitaldia 1925ean izan zen, baina urte askotan ez da ospatu.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015/11/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2015-11-25).
- ↑ a b c d e f g The World Factbook: Hungary. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2015-11-25).
- ↑ a b Population by type of settlement - annually. Hungarian Central Statistical Office, ksh.hu (Noiz kontsultatua: 2015-11-25).
- ↑ Gazetteer of the Republic of Hungary 1st January, 2011. Hungarian Central Statistical Office, ksh.hu (Noiz kontsultatua: 2015-11-26).
- ↑ a b "Hungarian census 2011 / Országos adatok (National data) / 1.1.4.2. A népesség nyelvismeret és nemek szerint (population by spoken language), 1.1.6.1 A népesség anyanyelv, nemzetiség és nemek szerint (population by mother tongue and ethnicity), 2.1.7.1 A népesség vallás, felekezet, és fontosabb demográfiai ismérvek szerint (population by religion, denomination and main demographical indicators) (Hungarian)". ksh.hu (Noiz kontsultatua: 2016-12-11).
- ↑ a b Magyarország közigazgatási helynévkönyve, 2015. január 1.. ksh.hu (Noiz kontsultatua: 2015-12-13).
- ↑ a b c d e f g h i j Bakucz, Dóra. Sobre la historia de la literatura húngara. Literatura húngara on-line, lho.es (Noiz kontsultatua: 2015-12-21).
- ↑ Czigány, Lóránt. The Reform of the Language and irodalmi tudat. mek.oszk.hu (Noiz kontsultatua: 2015-12-22).
- ↑ Czigány, Lóránt. The Hungarian Romantics: the Aurora Circle. mek.oszk.hu (Noiz kontsultatua: 2015-12-22).
Kanpo estekak
aldatu- Hungaria, argia.eus
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.