Kaldear Eliza Katolikoa

Kaldear Eliza Katolikoa (asiriera klasikoz: ܥܕܬܐ ܟܠܕܝܬܐ ܩܬܘܠܝܩܝܬܐ‎; ʿītha kaldetha qāthuliqetha) Ekialdeko Eliza katolikoa da, Erromatar Eliza Katolikoarekin erabateko komunioan dagoena eta Erromako Erromako aita santuaren autoritatea onartzen duena. 500.000 jarratzaile inguru ditu, gehienbat iparraldeko Irak, hego-ekialdeko Turkia, ipar-ekialdeko Siria eta ipar-mendebaldeko Iranen bizi diren asiriarrak. 2013ko urtarrilaren 31tik Louis Sako da Kaldear Elizaren aitalehena[2].

Kaldear Eliza Katolikoa
ܥܕܬܐ ܟܠܕܝܬܐ ܩܬܘܠܝܩܝܬܐ
Ecclesia Chaldaeorum Catholica
PrimatuaLouis Raphaël I.a Sako
EgoitzaBagdad (Irak)
Jarraitzaileak490.370 (2010[1])
Eliz-hizkuntza(k)Asiriera, aramera
Webguneahttp://www.saint-adday.com/

Historia

aldatu

Kristautasuna II. mendean zabaldu zen Irak eta Iranen. V. mendean Sortaldeko elizak nestorianismoa hartu zuen dotrina gisa. Eliza asko hedatu zen; Txina, Mongolia eta Malabar kostaraino iritsi zen XIV. menderako. Garai hartan 250 apezpikutegitan banatutako 60-80 milioi jarraitzaile izatera heldu zen[3].

1551. urtean Erromako elizarekin bat egin zuen, Joan Sulaka aitalehenak Erromara joan eta fede katolikoa hartu zuenean. Hala ere, bateratzea ez zen erabatekoa izan 1830 arte; urte horretan Pio VIII.a aita santuak Joan Hormizd II.a aitalehena karguan berretsi eta Babiloniako Kaldearren patriarka izendatu zuen[3].

Historian zehar asiriar-kaldearrek jazarkunde ugari jasan dute. Gertari tragikoena 1915eko asiriar genozidioa izan zen, non otomandarrek 270.000 kaldear inguru, 1,5 milioi armeniarrekin batera, hil baitzituzten[4]. 2003an estatubatuarrek Irak okupatu zutenetik kaldearrak, eta gainerako gutxiengo erlijiosoak, esetsiak izan ziren: buruzagi erlijiosoen bahiketa eta hilketak, heriotza mehatxuak etxeak edota negozioak uzten ez bazituzten, elizen suntsipena...[5] 2008an talde islamista batek Mosulgo artzapezpiku Paulos Faraj Rahho bahitu eta hil zuen[6].

Kaldear erritua

aldatu

Kaldear Eliza katolikoak Kaldeako erritua, Siria Ekialdeko erritua ere deitua, jarraitzen du. Jerusalemgo eta Antiokiako elizen errituetan du sorrera, hango kristauak antzinako babiloniarren ondorengoak baitziren; gerora Asian zehar Indiaraino zabaldu zen. Kaldeako errituaren ezaugarri nagusia Ekialdeko beste erritu kristauen aldean soilago izatea da. Liturgian asiriera, arameraren dialektoa, erabiltzen da.

Antolaketa

aldatu

Ekialde Hurbileko gainerako lurraldeak

aldatu

Munduaren gainerakoa

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Ronald ROBERSON: «The Eastern Catholic Churches 2010», Catholic Near East Welfare Association. 2014ko irailaren 17an kontsultatua
  2. Mgr Louis SAKO nouveau Patriarche des Chaldéens Mission-chaldeenne.org. 2014ko irailaren 19an kontsultatua
  3. a b Chrétiens d'Irak en danger[Betiko hautsitako esteka] Croire.com. 2014ko irailaren 19an kontsultatua
  4. Marwan CHAHINE: Sarcelles en Chaldée Liberation.fr. 2014ko irailaren 19an kontsultatua
  5. Sabah HAJJAR: Iraq's Persecution of Christians Continues to Spiral out of Control Chaldean.org. 2014ko irailaren 19an kontsultatua
  6. L'archevêque chaldéen de Mossoul, Faraj Rahho, a été retrouvé mort La-croix.com 2014ko irailaren 19an kontsultatua

Kanpo estekak

aldatu