Edward Montgomery Clift (Omaha, 1920ko urriaren 17New York, 1966ko uztailaren 23) Estatu Batuetako aktorea izan zen, XX. mendeko 50eko hamarkadan ospe handia lortu zuena. Hemezortzi urteko ibilbide zinematografikoa izan arren, 17 pelikuletan besterik ez zuen parte hartu. Hala ere, talentu handiko aktorea izan zen, Oscar eta Urrezko Globoen sarietara behin baino gehiagotan izendatua izan zena. Zinemako izar heterodoxoa, beti saiatu zen bere intimitatea gordetzen; horrek Hollywood inguruko giro mediatiko eta arranditsuari bizkarra ematera bultzatu zuen. "Aktorea izan nahi dut, ez zinemako izarra" errepikatu ohi zuen. Gazte galanta, 1956. urtean bere xarma fisikoa aldrebestu zuen kotxe istripu larria pairatu zuen, bere bizitza sakon markatuko zuena. 45 urteekin hil zen, bihotzekoak jota.

Montgomery Clift

Bizitza
JaiotzaOmaha1920ko urriaren 17a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNew York1966ko uztailaren 23a (45 urte)
Hobiratze lekuaFriends Quaker Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: miokardio infartu akutua
Familia
AitaWilliam Brooks Clift
AmaEthel Anderson Fogg
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaActors Studio
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakantzerki aktorea, zinema aktorea eta gidoilaria
Altuera177 zentimetro
Jasotako sariak

IMDB: nm0001050 Allocine: 1652 Rottentomatoes: celebrity/montgomery_clift Allmovie: p13682 114490 TV.com: people/montgomery-clift IBDB: 67103
Find a Grave: 206 Edit the value on Wikidata

Haurtzaro eta gaztaroa

aldatu

Ethel Fogg-en eta William B. Cliften semea zen, eta arreba bikia (Ethel) eta anaia bat (Brooks) zituen. Aita ingeniaria zen, geroago bankaria bihurtu zena. Ama, jatorri apalekoa, saiatu zen bere seme-alabei hezkuntza fina eta dotorea emanez. Horrenbestez, bidai luzeak egin zituzten Europan zehar, umeek hizkuntzak ikasi (frantsesa, alemana...) eta eliteko heziketa jaso zezaten. 1930ean, baina, burtsaren krisiak bete-betean harrapatu zuen Clift familia, eta porrotera eraman. AEBetara itzuli ziren.

Monty -hala deitzen zioten- gazteak, 13 urtekin, bere lehenengo lana egin zuen antzerki obra batean: "As Husbands Go". Garai hartan zeukan irakasle partikular batek, Walter Hayward-ek, jakin zuen bere lagun produktore bat gazte baten bila zebilela bere antzerki obra baterako, eta Monty animatu zuen parte hartzera. Nahiz eta hasieran familiaren jarrera oso aldekoa ez izan, bere antzezle karreraren abiapuntua izan zen obra hori.

Urtebete geroago bere bigarren lana lortu zuen, Fly Away Home izenekoa, Broadwayen sei hilabeteetan antzeztu zena. Kritikaren laudorioak jaso zituen obra honek, eta baita Clift gaztearen lanak ere. Hurrengo urteetan publizitateko modeloaren lana antzerkiarekin uztartu zuen, 1938an Dame Nature antzezlanean protagonista izan arte. Lan honek arrakasta handia lortu zuen eta Broadwayko ateak parez pare ireki zizkion Clift gazteari.

Hollywood

aldatu

Broadwayen karrera distiratsua burutu zuen 40ko hamarkadaren urteetan, hamaika antzezlanetan parte hartuz (Mexican Mural, Our Town, The Skin of our teeth -Elia Kazanek zuzenduta-, The Searching Wind, You touched me!...). Laster iritsiko zitzaizkion Hollywood-eko lehenengo eskaintzak, hasiera batean errefusatu zituenak. 1947an, ordea, ez zion muzin egin Howard Hawks zuzendariaren eskaintzari, John Waynerekin batera western batean parte hartzeko: Red River (1948) genero horren klasiko bat bihurtu zen, eta arrakasta handia lortu zuen kritiko zein publikoaren aldetik. Bere bigarren pelikulak, The Search (1948), Bigarren Mundu Gerraren ondorio latzak era gordinean islatzen zituen, eta Oscar sarietarako bere lehenengo izendapena ekarri zion.

Lehenengo bi pelikula horiekin Clift, bat-batean, Hollywoodeko aktore kotizatuenen artean aurkitu zen. Bere xarma fisikoaz haratago (bazterrak astinduko zituena neskatoen artean), interpretatzeko era berri bat kaleratu zuen: sentikorra, trinkoa, emozioez betea, bere begi berde itzelekin espresibitate handia igortzen zuena.

The Heiress (1949) eta The Big Lift (1950) egin ostean, Elizabeth Taylorrekin (hortik aurrera bere lagun mina izan zena) A Place in the Sun (1951) errodatu zuen. Film honek jauzi kualitatiboa suposatu zuen bere ibilbide profesionalean, eta Hollywoodeko goi izarren artean leku pribilegiatua eman zion. Pelikulak 6 Oscar irabazi zituen baina Monty, izendatua izan arren, saririk gabe geratu zen.

Hurrengo urteetan Montyk garai hartako zuzendari hoberenen agindupean lan egin zuen: Alfred Hitchcock zuzendariarekin I confess filman (1953), Fred Zinnemannekin From Here to Eternity filman (1953), eta Vittorio De Sicarekin Terminal Station (1954) pelikulan. Lan horietan guztietan Cliftek pertsonaia zailak antzezten ditu, sentikorrak eta atsekabetuak: aitormen sekretua tinko mantentzen duen apaiz gaztea (I confess), bere lagunen isekak jasan behar dituen soldadu bakartia (From Here to Eternity), eta ezinezko amodioa sufritzen duen irakasle italiarra (Terminal Station). Hirugarren aldiz izendatua izan zen Oscar sariarentzat From Here to Eternity-n egin zuen lan bikainagatik: pelikulak 8 Oscar irabazi arren, Montgomery Cliftek ez zuen preziatutako estatua txikia eskuratu.

Hollywood-ekin minduta, zinema utzi zuen hiru urteetan eta antzokietara itzuli zen, Broadwayera. Bertan, Txekhoven The Seagull (Kaioa, euskaraz) antzeztu zuen 1954an. Clifti ez zitzaion batere axola antzokian astero 100 dolar kobratzea, pelikula bat eginez 160.000 dolar irabazten bazuen ere. Keinu esanguratsua. Aldi berean, Hollywoodeko eskaintza erakargarri batzuei uko egin zien: East of Eden (1955, James Dean-i ospe handia emango ziona), On the Waterfront (1954, Marlon Brandok antzeztuko zuena), Moby Dick (1956)...

Kotxe istripua

aldatu

1956an Elizabeth Taylor bere lagun minak Monty konbentzitu zuen zinemara itzultzeko, berarekin Raintree County izeneko pelikulan parte har zezan. 1956ko maiatzaren 12ko gauean, pelikula hori filmatzen ari zen bitartean, Liz Taylorren etxetik irtendakoan, egundoko istripua jasan zuen bere kotxeak poste baten aurka bete-betean jo zuenean. Hil zorian egon arren, Monty bizirik atera zen, baina aurpegian kalte larriak pairatu zituen: sudur puskatua, ebakiondoak aurpegiaren ezker aldean eta ezpainetan, masailezur hautsia... Kirurgia plastikoaren hainbat ebakuntza egin zizkioten arren, ez zuen inoiz berreskuratu lehen zeukan xarma, eta aurpegiak espresibitate handia galdu zuen. Raintree County pelikulan (1957) ondo antzematen dira aktorearen bi aurpegiak, istripuaren aurrekoa eta ondorengoa.

Kotxe istripuaren ondoren Cliften bizitzan alkoholak eta drogek erabateko protagonismoa hartu zuten. Bere gainbehera fisikoa nabaria zen, eta auto-suntsiketa prozesu luze batean murgildu zen. Hala ere, lanari ekin zion.

Istripuaren ondorengo lanak

aldatu
 
thumb1

1958an bi pelikulatan lan egin zuen: The Young Lionsen, Marlon Brandorekin, eta Lonelyheartsen. Gero, berriz ere Liz Taylorrekin, Suddenly, Last Summer (1959) filmatu zuen.

Bere oinaze fisiko (istripuaren ondorioz) eta psikikoei aurre egiteko, Montyk botika asko hartzen zituen. Horrek eragin nabarmena zeukan bere jokaeran. Garai hartan berarekin lan egin zuen aktore batek horrela gogoratzen du: "Tik eta espasmoz beteta zegoen. Egoera fisiko penagarria zeukan eta asko nekatzen zen. Pelikularen grabazioak asko luzatzen ziren."

Elia Kazan-en zuzendaritzapean Wild River (1960) filmatu ostean, Clark Gable eta Marilyn Monroekin batera The Misfits (1961) pelikula antzeztu egin zuen, John Houstonen agindupean. Marilynek eta Cliftek harreman ona egin zuten hasieratik, haien portaerak, arazoak eta sentikortasunak oso antzekoak baitziren. Gable eta Monroe pelikula bukatu eta gutxira hil egin ziren, eta Monty nekez bizi zen bost urte gehiago, fisikoki zein psikikoki minimoen azpitik.

Hurrengo bi pelikulen filmazioa (Judgment at Nuremberg -1961- eta Freud the Secret Passion -1962-) oso gorabeheratsua izan zen, zeukan egoera fisiko negargarria dela eta. Alkohol eta anfetaminen ondorioz oroimen-hutsune deigarriak zituen, eta nekez gogoratzen zituen bere elkarrizketak. Ikusmen galera nabarmena ere pairatu zuen. Judgment at Nuremberg pelikulan, esaterako, 10 minutuko agerpena besterik ez zeukan, baina Stanley Kramer zuzendariak esaten duenez ez zen gai izan bere gidoia gogoratzeko:

« Bukaeran zera esan nion: "Monty, ahaztu gidoia. Auzitegian zaude. Fiskalak zerbait esan dizu eta defentsaren abokatuak gogor erasotzen zaitu. Zuk esan zerbait. Nahi duzuna, ez du axola. Inprobisatu. Ondo aterako da, horrek zure pertsonaiaren nahasketa agerian jarriko baitu. Bera lasaitu zen eta esan nion moduan egin zuen, gidoia ahaztuta. Primeran atera zitzaion »

Laburra izan arren, Montgomery Cliften agerpena pelikula horretan oso trinkoa izan zen, eta berriz ere Oscar sarira izendatua izan zen, aktore sekundario onenaren paperean. Berriz ere, ordea, urrezko estatua txikiak ihes egin zion.

Freud, the Secret Passion (1962) bere azken-aurreko pelikula izan zen. Oso nekatua, erdi itsutua eta egundoko oroimen arazoekin, filmatzea tortura hutsa izan zen berarentzat zein John Huston zuzendariarentzat. Bukatutakoan, Universal produktoreak aktorearen aurkako demanda jarri zuen, "lanera alkoholizatuta joaten zelako eta jokaera oso zaila erakusten zuelako"

Bere karrera distiratsua B generoko pelikula kaskar batekin amaitu zen: The Defector (1966). 1966ko uztailaren 23an hil zen, bihotzekoak jota.

Montgomery Cliftek barne gatazka latzak pairatu zituen gaztetatik: inoiz ez zuen bere homosexualitatea ondo eraman, eta sekulan ez zuen gainditu bere auto istripuaren ondorio fisikoak eta psikologikoak. Hala eta guztiz ere, antzezpen bikainak burutu zituen, eta 50eko eta 60ko hamarkaden aktore berri askorentzat ezinbesteko eredu bihurtu zen.

Filmografia

aldatu

Sariak

aldatu
Urtea Kategoria Pelikula Emaitza
1961 Aktore Sekundario Onena Judgment at Nuremberg Hautagaia
1953 Aktore Onena From Here to Eternity Hautagaia
1951 Aktore Onena A Place in the Sun Hautagaia
1948 Aktore Onena The Search Hautagaia

Bibliografia

aldatu
  • Bosworth, Patricia (1978): "Montgomery Clift", Ed. Planeta ISBN: 978-84-32035-68-5
  • Kass, Judith M. (1993): "Todas las películas de Montgomery Clift", Ed. Pairós Ibérica ISBN: 84-7509-908-4
  • Las Estrellas, historia del cine en sus mitos (1980), Tomo II, Ed. Urbión ISBN: 978-84-85266-93-5
  • Laguardia, Robert (1977): "A Biography of Montgomery Clift", Avon Books

Kanpo loturak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Montgomery Clift