A Place in the Sun
A Place in the Sun 1951an George Stevensek zuzendutako filma da, Theodore Dreiserren An American Tragedy eleberrian oinarrituta.
Argumentua
aldatuGeorge Eastman (Montgomery Clift) familia apaleko semea da, ikasketarik gabekoa. Osaba aberats baten lan-eskaintza onartu eta bere familia eta herria uzten du. Osabaren lantegian lan egiten hasi eta -enpresaren barne-arautegia hautsiz- harreman sentimentala hasten du Alice izeneko neska batekin (Shelley Winters), berarekin ekoizpen-kate batean lan egiten duena. Handik gutxira, Alice haurdun geratzen da.
Aldi berean, George bere osabaren giro aberatsean lortzen du sartzen, eta bertan goi-gizarteko neska eder bat ezagutzen du, Angela Vickers (Elizabeth Taylor). Laster biak maitemintzen dira, baina Alice ohartzen da eta Georgeri exijitzen dio berarekin ezkontzeko, haurdun baita. Berarekin ezkondu ezean, bere osabari eta Vickers familiari haren egoera azalduko diela esaten dio Georgeri, mehatxu gisa. Horren aurrean, George Eastman, atsekabeturik, Aliceren heriotza bere arazoaren irtenbidea izan daitekeela hasi da pentsatzen.
Asteburua elkarrekin pasatuz, Georgek Aliceri proposatzen dio laku batera joateko eta txalupa batean elkarrekin paseatzeko. Neskak onartzen du. Txalupan daudenean, Georgek -hasieran Alice lakuan itotzeko asmoa zuena- barne gatazka bortitza bizi du, bere gogoa eta bere senaren artean. Zalantza horretan dagoenean, Alice zutitzen da baldarki eta txalupa irauli egiten da, neska itota suertatuz.
George atxilotzen dute, heriotzaren egilea izateko akusaziopean. Epaiketan errudun deklaratzen dute eta aulki elektrikora kondenatu. Pelikulak anbiguotasunarekin jokatzen du, ez baita argi ikusten Aliceren heriotza nola gertatzen den eta Georgeren jarrera une horretan zein den. Georgek berak uste du errudun dela gogoan, Aliceren heriotza nahi zuelako, nahiz eta heriotza horren egile zuzena ez izan. Honenbestez, bere hiltzeko epaia etsipenez onartzen du.
Beste datu batzuk
aldatuPelikula 1949ko bukaeran eta 1950eko hasieran filmatu zen. Bertan Nevadako Lake Tahoe-ko inguruak agertzen dira. Pelikula hau egin zuenean, Elizabeth Taylor-ek 17 urte besterik ez zituen, eta Montgomery Clift-ek 30. Taylor Metro-Goldwyn-Mayer-ko izarra zen, eta pelikula honekin ume izatetik gazte izatera igaro zen. Montgomery Clift bere karrera distiratsua sendotzen ari zen, hau bere bosgarren filma izanik.
Paramount Pictures ekoizleak bikote horren xarma eta magnetismoari etekina atera nahi zion, eta bi antzezle horien arteko ustezko amodio-kontua lau haizetara zabaldu zuen. Maitasun-harremanik ez, baina Taylor eta Clift lagun minak bihurtu ziren pelikula honetan, eta urte luzeetan harreman estua mantendu zuten.
Pelikulak laudorio bikainak lortu zituen kritikoen aldetik, eta arrakasta handia txarteldegietan. Sei Oscar irabazi zituen.
Charles Chaplinek "Hollywoodeko inoizko pelikularik onena"-tzat jo zuen [1] , eta AEBetako Kongresuko liburutegiak 1991ean film hau betiko gordetzeko hautatu zuen.
Pertsonai nagusiak
aldatu- Montgomery Clift : George Eastman
- Elizabeth Taylor : Angela Vicker
- Shelley Winters : Alice Tripp
- Anne Revere : Hannah Eastman
- Raymond Burr : Marlowe
- Keefe Brasselle : Earl Eastman
- Herbert Heyes : Charles Eastman
- Shepperd Strudwick : Anthony Vickers
- Frieda Inescort : Vickers andrea
- Kathryn Givney : Louise Eastman
Sariak
aldatuOscar Sarietan sei sariak lortu zituen, baina ez zuen film onenarena lortu:
- Argazkigintza onenaren Oscar Saria (William C. Mellor)
- Jantzi-diseinu onenaren Oscar Saria (Edith Head)
- Zuzendari onenaren Oscar Saria (George Stevens)
- Muntatze onenaren Oscar Saria (William Hornbeck)
- Jatorrizko soinu banda onenaren Oscar Saria (Franz Waxman)
- Egokitutako gidoi onenaren Oscar Saria (Michael Wilson eta Harry Brown)
Erreferentziak
aldatu- ↑ Andrew, Geoff. "A Place in the Sun." "Cinematheque".