Naiara
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Naiara (argipena)»
Naiara[1] (gaztelaniaz: Nájera) Errioxako udalerri bat da, Errioxa Garaia eskualdean kokaturik dagoena. 2020an 8.072 biztanle zituen.
Naiara Nájera | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Errioxako udalerria | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatu burujabe | Espainia | ||||||||||
Autonomia | Errioxa | ||||||||||
Alkatea | Marta Martínez García | ||||||||||
Izen ofiziala | Nájera | ||||||||||
Jatorrizko izena | Nájera | ||||||||||
Posta kodea | 26300 | ||||||||||
INEk ezarritako kodea | 26102 | ||||||||||
Herriburua | Nájera | ||||||||||
Geografia | |||||||||||
Koordenatuak | 42°24′57″N 2°44′03″W / 42.415833333333°N 2.7341666666667°W | ||||||||||
Azalera | 37,44 km² | ||||||||||
Altuera | 485 m | ||||||||||
Mugakideak | Alesón, Alesanco, Tricio, Arenzana de Abajo, Camprovín, Cárdenas, Badarán, Cordovín, Azofra, Hormilla, San Asensio, Hormilleja, Torremontalbo, Uruñuela eta Huércanos | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 8.059 (2023) −10 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 215 bizt/km² | ||||||||||
Informazio gehigarria | |||||||||||
Ordu eremua | UTC+01:00 | ||||||||||
Matrikula | LO | ||||||||||
najera.es |
X. eta XI. mendeen artean Nafarroako Erresumaren hiriburua izan zen eta garai hartako erresumari Naiara-Iruñeko Erresuma izena eman zitzaion. Donejakue bidean kokaturik dago, bide frantsesean hain zuzen ere[2].
Etimologia
aldatuEuskaraz Naiara izena du eta gazteleraz Nájera. Izenaren jatorria ez da zehazki ezagutzen. Korronte nagusiaren arabera arabiarrek eman zioten Náxara izena ("harkaitz arteko tokia")[3] eta ibaiari Naxarilla izena eman zioten. Beste iturri batzuen arabera Naggara, Naiara edo Nazara izena bisigodoen garaikoa izan liteke.
Geografia
aldatuErrioxa Garaia eskualdearen barnealdean dago, Najerilla ibaiaren haranean[4]. Alde historikoa ibaiaren mendebaldeko ertzean kokatzen da, Malpica muinoaren oinean[5] eta ibaiaren beste aldera zabaldu zen gero. Mendebaldetik Naiara babesten duten muinoak Alto del Castillo (625m), La Calavera (666m) eta Malpica (619m) dira[6].
Historia
aldatuAntzinaroa
aldatuIndusketa arkeologikoek erakutsi dute antzinatik populatua izan dela eremua, hiria inguratzen dituzten muinoak batez ere. Brontze Aroan hasi zen okupazioa eta Burdin Arotik populazio jarrai bat izan zen. Naiaratik gertu Cerro Molino-n (Hormillo) eta El Villar-en (Bobadilla) etxe konplexuen hondarrak aurkitu dira, harkaitzean zulatuak eta zurezko eta adobezko egiturak dituztenak[7]. Beroiak ziren bertako biztanleak erromatarrak iritsi zirenean.
Erromatarrek Tritium Magallum herrixka eraiki zuten gaur egungo Tricio herria dagoen tokian, Naiaratik bi kilometro hego-ekialdera. Han ekoizturiko keramika oso ospetsua bihurtu zen eta Ebro haranean zehar Mediterraneo osoko kostaldera iritsi zen. Legio VII Gemina destakamentua ezarri zen bertan eskualdea babesteko[8].
Naiara-Iruñeko Erresuma
aldatuMusulmanek gaztelua eraiki zuten Malpica muinoan eta Náxara izena eman zioten. Tutera aldeko kasitarren mendean egon zen. Bertatik eskualde osoa eta erreinu kristauekiko muga kontrolatzen zuten. Ordutik aurrera agiri ugaritan aipatzen da Naiara, muga eremua izanik haren kontrola garrantzitsua izan baitzen.
918 eta 924 artean Antso I.a Gartzeitz Iruñeko erregeak Ordoño II.a Leongoa lagun, Errioxako hiriak eskuratzeari ekin zion. 923. urtean konkistatu zuen Naiara eta Gartzia II.a Santxitz semeari eman zion[3]. Hurrengo urtean ordea Abd ar-Rahman III.ak Iruñea hiriburua suntsitu zuen eta 925ean Antso I.aren heriotzaren ondoren Gartzia II.a Santxitzek Naiaran ezarri zuen bere egoitza eta Erresumako hiriburu bihurtu zen. Naiara-Iruñeko Erresuma izena hartu zuen orduan. Gartzia II.ak inguruko lurraldeak birpopulatzeko politikak garatu zituen eta inguruko monasterioei doaintza ugari eman zizkien, Donemiliaga Kukulari batez ere, Calahorrako apezpikuaren egoitza bertara ekarri baitzuen. Hurrengo erregeek ere zabalkundeari ekin zioten baina Almanzorren kanpainek Gartzia Dardartia erregeari atzera eginaraztea ezezik Kordobako Kalifa-herriari tributoa ordainaraztea ekarri zioten X. mendearen amaieran[9].
Antso III.a Nagusia izan zen Naiararen sustatzaile handiena[3]. Osatu zuen Inperioaren erdigunera zen eta Gorteak bertan ospatzen ziren. Naiarako forua ere ezarri zuen, Nafarroako legediaren oinarria izango zena. Donejakue bidea bultzatu zuen aterpetxeak eta ospitaleak eraikiz eta bideko puntu garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Antso III.a hil zenean inperioa semeen artean banatu zuen eta Gartzia IV.a Santxitz bihurtu zen Naiara-Iruñeko errege. "Naiarakoa" ezizena zuen, Naiaran jaio baitzen eta han hobiraturik baitago. Gartzia IVak Ebro haranean behera jo eta 1045ean Zaragozako taifarena zen Calahorra hiria konkistatu zuen. 1052an Naiarako Andre Maria Erreginaren monasterioa fundatu zuen eta apezpikuaren egoitza bihurtu zuen. Terrazako edo Jarrako zaldun ordena sortu zuen, penintsulako zaldun kristauen aurreneko ordena hain zuzen ere[3]. Donemiliagako, Naiarako eta Albeldako izkribugintza ere sustatu zuen. 1054. urtean hil zen, Atapuercako guduan, Fernando I.a anaiaren aurka borrokan[10].
Antso IV.a "Peñalengoa" semeak hartu zuen lekukoa. Naiarako monasterioa erakitzen amaitu zuen eta 1067an kontzilioa antolatu zuen erritu mozarabearen ordez erromatarra ezartzeko. Gaztelaren erasoei aurre egin zien Aragoiko Antso V.a Ramiritz erregearen laguntzarekin. 1076an Peñalen herrian Raimundo anaiak erail zuen. Ekintza honek Erresuma bitan zatitu zuen. Nafarroa Aragoiko Erresumari lotuta gelditu zen eta gaztelarrek Errioxako hiriak eskuratu zituzten. Naiarako Erresumaren amaiera izan zen[11].
Gaztelako Erresumaren barnean
aldatuGaztelan sartu izanak ez zuen Naiararen garrantzia kaltetu eta Erresuma berriko politika eta ekonomian zeresan handia izan zuen. Honen adibide Fernando III.a Gaztelakoa Naiaran koroatu izana. 1367an Petri I.a Krudelaren eta Henrike Trastamarakoaren arteko borrokaren pasarte bat gertatu zen Naiaran. Gaztelako erregearen armada nagusitu zen, Printze Beltzaren tropa anglo-gaskoiek lagunduta. Garaipena erabatekoa izan zen eta Naiarak zigor handia pairatu zuen, Petri I.aren krudel fama sortuz[12].
1438an Joan II.ak "hiri titulua" eman zion eta Henrike IV.ak 1454an "Muy Noble y Muy Leal" izendapena[9]. 1465ean Pedro Manrique de Lara, Terbiñuko kondeari eman zion Naiara eta ondoren Naiarako Duke titulua emanez Naiarako Dukerria sortu zen. 1520ako irailaren 14an, Gaztelako Komunitateen Gerra garaian naiararrak matxinatu egin ziren dukearen aurka. Dukeak Karlos V.a enperadorearen laguntza eskatu zuen eta haren izenean Eneko Lopez Loiolakoaren agindutara zeuden tropek hiritarrak borrokatu eta hiria arpilatu zuten. 70.000 dukadutako altxorra lortu zuten[3]. Eneko Lopez Ignazio Loiolakoa bihurtuko zen urte batzuk beranduago[3]. XVI. mendean Karlos V.a (1520, 1523 eta 1542) eta Filipe II.a enperadoreak (1592) Naiaran izan ziren hainbat alditan Aragoiko Gorteetarako bidean.
Aro modernoa
aldatu1672an argitaraturiko Parte del Atlas Mayor o Geographia Blaviana Que contiene las Cartas y Descripciones de Españas liburuan Naiara deskribatzen da. 1.000 biztanle zituela kontatzen da hiru parrokiatan banaturik. Hauetaz gain lau komentu zituen, hiru fraideenak eta bat monjena. Irailaren 29an feria handi bat ospatzen zen.
XIX. mendearen hasieran Napoleonen tropa frantsesek hiria okupatu eta harpilatu zuten, monasterioa izan zen kaltetuena[3].
Biztanleriaren bilakaera
aldatuEkonomia
aldatuNekazaritza da jarduera nagusia, mahatsa eta ortuariak, batez ere.
Altzarigintzak ere garrantzia handia du eta Aste Santu garaian "Altzariaren Feria" antolatzen da, sektoreko Penintsula iparraldeko feriarik garrantzitsuena hain zuzen ere. Nájera, Capital del Mueble ("Naiara, altzariaren hiriburua") ezizenaz ezagutzen da[13]. Zeramika eta janari industria ere baditu.
Ondasun nabarmenak
aldatu- Andre Maria Erreginaren monasterioa: Eraikin gotikoa da, 1422-1453. urteetan eraikia. Elizan Nafarroako eta Leongo zenbait errege daude hobiratuta.
- Gurutze Santuaren eliza: 1052an fundatu bazen ere agur egungo eliza 1611. urtekoa da.
- Santa Elena komentua (XVII. mendekoa)
- Motako gaztelua: Arabiarrek eraikia eta Naiarako guduan garrantzitsua izan zena. Gaur egun hondarrak baino ez dira gelditzen[14].
- Alkazarra, gaur egun hondarrak baino ez.
- Najerillense museoa: Naiarako Arkeologia, Etnografia eta Arte museoa da, aurrehistoriatik aro modernora arteko material arkeologikoak erakusten dituena.
- Santa María de Arcos basilika (Tricion)[15]
- Errioxako Lorategi Botanikoa (Hormillan)[16]
Kultura
aldatuJaiak
aldatu- San Jose artisauaren jaia, zurgintzaren patroia, martxoaren 19an.
- Aste Santua: Ekintza nagusia Altzariaren Feria izaten da. Santa Vera Cruz kofradiaren prozesioa ere egiten da.
- San Prudentzio eguna, hiriko patroia, apirilaren 28an.
- Fernando III.aren koroazioaren omenaldia maiatzaren 1ean. Erdi Aroko feria egiten da.
- Ekainaren 24 eta 30 artean San Joan eta San Pedroko jaiak ospatzen dira. Ekintza entzutetsuena "Las Vueltas" izaten da. Pasealeku guztian birak ematen dira plazara iritsi arte, dantzan eta ura eskatuz[17].
- Irailaren 15 eta 18 artean San Juan Martiriaren eta Andre Maria Erreginaren omenezko jaiak ospatzen dira. Naiarako jai handienak dira.
Gastronomia
aldatuErrioxako gastronomia tipikoa aurkitzen da Naiaran. Barazkiak dira oinarri eta hauei ehizakiak gehitzen zaizkie. Naiarako jaki tipikoenak caparrones (lekak), potxak galeperrekin eta orburuak urdaiazpikoarekin dira. Haragiari dagokionez arkume saiheskiak sarmientotan erreta, txorizo mina, barraskiloak errioxar erara eta piper beteak dira.
Najerilla ibaiak barboak, karramarroak, lanproiak, igel hankak eta amuarrainak ematen ditu[18].
Kirolak
aldatuHerriko kirol taldea Náxara Club Deportivo da. Futboleko hirugarren mailan jokatzen du La Salera estadioan[19]. Saskibaloi taldeak (Club Baloncesto Nayara eta Asociación Baloncesto Najerilla[20]), patinatzaile taldea eta boleibol eskola ere baditu.
Naiarar ospetsuak
aldatu- Gartzia IV.a Santxitz "Naiarakoa" (1020? - 1054), Naiara-Iruñeko erregea.
- Diego Lopitz II.a Harokoa (1152-1214), Bizkaiko Kondea.
- Berengela Lopitz Harokoa (1220-1296), aristokrata.
- Félix Morga (1891 - 1936), politikari anarkosindikalista, Naiarako alkate, Espainiako Gerra Zibilaren hasieran faxista matxinatuek fusilatua.
- Mariví Ibarrola (1956- ), argazkilaria eta kazetaria.
- Alberto del Rey (1981- ), esku huskako pilotaria.
- Álvaro Untoria (1990- ), esku huskako pilotaria.
- Javier Zabala (1997- ), esku huskako pilotaria.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-7-21 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindiaren 149. araua: Euskal Herri inguruko exonimoak
- ↑ «Nájera ciudad del Camino.» www.najera.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ a b c d e f g «Nájera | artehistoria.com» www.artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «ValleNajerilla.com - El portal del Valle del río Najerilla en La Rioja (España)» www.vallenajerilla.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Nájera. (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «Malpica desde Nájera» www.senderioja.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «TRICIO EN LA ANTIGUEDAD - LA TERRA SIGILLATA HISPANICA» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «VÍA ROMANA DE CAESARAVGVSTA A LEGIO VII GEMINA» www.traianvs.net (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Nájera, Ayuntamiento de. «Historia de Nájera:» Ayuntamiento de Nájera (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «García Sánchez III El De Nájera - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «Historia Medieval del Reyno de Navarra» www.lebrelblanco.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «El Príncipe Negro combatió en Nájera | Historias Riojanas - Blogs larioja.com» blogs.larioja.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Nájera Decor - XXIV Feria del Mueble de Nájera - Agenda» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «Nájera en red: Castillo de La Mota» www.najeraenred.es (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «TRITIVM MAGALLVM» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Jardín Botánico – Jardín Botánico. (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Nájera - Destino» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «Gastronomia» www.vallenajerilla.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ «Náxara CD - Web oficial» web.archive.org 2019-08-24 (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) ASOCIACION BALONCESTO NAJERILLA | Pasión por el baloncesto. (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Naiarako Udalaren webgunea