Pinu
Pinuak edo lerrak (Pinus) pinazeoen familiako zuhaitz edo zuhaixkak dira. Adaburua piramidala edo borobila izan daiteke eta pinu zaharretan, zabala eta etsia. Pinudia, lerdia edo lerdoia[1] zuhaitz hauen basoa da.
Pinu | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Klasea | Pinopsida |
Ordena | Pinales |
Familia | Pinaceae |
Generoa | Pinus Linnaeus, 1753 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Pinazi, pine (en) , naval stores (en) , pine needle (en) , Myrtol standardized (en) , pine oil (en) eta pine cone (en) |
Pinus generoa kormofitoa da, garraio-sistema ongi garatua duelarik. Hortaz, pinuak urarekiko independenteak direla esan daiteke, hau da, homeohidroak. Hain zuzen gimnoespermoak dira, hau da, hazia agerian duten landareen taldea (landare baskular, espermatofitoak).
Pinus generoa Pinaceae familiaren barruan dago. Pinaceae familiako landareak monoikoak (lore sexubakarrak, bai arrak eta baita emeak ere oin berean dituen landarea) eta erretxinadunak izaten dira. Zuhaitzak dira ohikoenak, inoiz zuhaixkak izan daitezkeelarik. Adarretan makroblastoak (kimu luze batzuk) eta brakiblastoak dituzte (daudenean, hazkuntza mugatutakoak). Hostoak espiralean edo sortaka antolatzen dira. Konoek ezkatak espiraletan dituzte, kono arren ezkata bakoitzak bi polen zaku edukiz; kono emeek bi motatako ezkata libreak dituzte, antzuak (estaltze-funtzioa dutenak) eta emankorrak (hazia garatzen dutenak) direnak. Emankorren barne aurpegian bi hazi-hasikin dituzte. Fruktifikazioak (pinaburu edo estrobiloak) zurezkoak dira, eta haziak hegaldunak.
Familiak 10 genero eta 250 espezie inguru hartzen ditu barne.
Pinus generoa beste generoetatik desberdintzeko, honako ezaugarri hauek hartu behar dira kontuan:
- Brakiblastoetako hostoak 2 edo gehiagoko faszikuluetan eta makroblastoetakoak bakartiak edo hostorik gabeak diren.
- Brakiblastoak hasikinak, 2-3 hostodunak; pinaburu zutitu edo erreflexuak.
Ezaugarri horiek edukita, Pinus generoko landare baten aurrean gaudela ondoriozta dezakegu.
Sailkapena
aldatuPinus halepensis
aldatuPinu autoktono bat da. Euskal Herrian, Aleppo Pinua modura izendatzen da. 20 metrotara iristen den zuhaitza da, orokorrean enbor okertua duena eta azal eta adar zurixka edo grisaxkak dituenak. Hostoak binaka ateratzen zaizkio. Oso fin eta luzeak dira, azikula itxura dute eta gehienetan 6-10 cm luze eta 1 mm lodiera dute, nahiz eta batzuetan txikiagoak izan. Pinaburu txikiak ditu, 4-8 cm-takoak, eta 1-2 cm luzera duen txorten lodi batez daude lotuta. Pinaburuen moduan, pinaziak txikiak dira ere eta hego txiki moduko bat dute, haien sakabanaketa errazteko behin pinaburuak heldu bihurtu eta irekitzen direnerako. Hala ere, ale helduek beste urteetako pinaburu lehorrak edukitzen dituzte haien adarretan, beste pinu espezie batzuengandik bereizten laguntzen duena.[2]
Hazkuntza azkarra dauka eta 250 eta 300 urte artean bizi daiteke.
Bere loreak sexubakarrekoak dira eta ez dute aurkezten ez kaliz ezta korolarik ere. Zuhaitz batean lore ar eta emeak aurki daitezke, martxoa eta maiatzaren artean irekitzen direnak. Lore emeak itxura oboideko egitura arrosetan antolatzen dira, pinaburu txikien antza dutenak. 5 eta 8 mm arteko tamaina izaten dute eta kono edo estrobilo bezala ezagutzen dira. Lorearen ar bakoitzak ere estrobilo bat eratzen du. Kono arrak luzeagoak dira eta hori kolorekoak, 10-12 mm-ko luzera dute eta taldeka agertzen dira adarren punta apikalean. Ireki eta polena askatzen dutenean, sufrezko euritea deritzon fenomeno bat sortzen dute, normalean apirilean ematen dena. Polinizazioa eta pinazien hedapena haizearen bidez ematen da.
Haziei pinazi deritze eta zurezko estalki bat daukate kanpoaldean. Pinaburuen barnean babestuta daude, itxura konikoa dutenak eta 6-12 cm luze dutenak behin hazteari uzten diotenean. Pinaburuak marroi kolorekoak dira behin haien heldutasunera iritsi direnean, eta behin ireki eta pinaziak askatzen dituztenean, zuhaitzean mantentzen dira urte batzuetan zehar deskonposatu arte. Pinaziak askatzen ez dituzten pinaburuak itxita mantendu eta kolore grisa hartzen dute.
Ekologia
aldatuPinu espezie honek klima mediterraneoak behar ditu, eguzki asko eta hotz eta euri gutxi egiten duen eremu bat. Ondo hazten da mendi-hegal lehorretan, nagusiki kareharrizko lurrazaletan eta itsasertzetik hurbil. Itsas mailan edota 1000 metrotara aurki daiteke, nahiz eta hegoaldeko mendilerro batzuetan 1600 metrotara iristen den.
Iberiar pinuen artean xerofiloena da: prezipitazioa 250 mm baino handiagoa den eremuetan bizi da. Gainer a, termofiloena da ere (hotzarekiko sentikorrena). Hotza da orokorrean Aleppo pinuaren hedapena mugatzen duen faktorea, bere inguruneko plubiometria nahiko aldakorra delako (250-1.000 mm).[3]
Baso argiak eratzen ditu, beste zuhaitz batzuekin batera, sabina eta artearekin adibidez.
Euskal Herriko sakabanaketa
aldatuAraban eta Nafarroan aurkitzen dira gehienbat. Hala ere, espezie hau mehatxatuta dago Euskal Herrian.
Bere jatorria Mediterraneoaren arroa da. Iberiar penintsulan itsasertzeko penintsuletan edo Ekialde erdiko mendi-hegal lehor eta eguzkitsuetan nagusitzen da. Ebrotik Lizarraraino sartzen da.[3]
Erabilera
aldatuPinus halepensis espeziearen egurra ez da beste espezieen egurra bezain preziatua, bere erretxina kantitate ugariagatik eta bere itxura txiki eta okerrarengatik. Hala ere, pieza ez oso handiak egiteko erabili izan da, bilgarriak eta aglomeratuak egiteko, ikatza lortzeko eta bere azala, larruazalak belzteko. Espezie bikaina da zaharberritzerako, higadura edo erosioa eteteko eta itsasertz ondoko lur lehor eta elkorrak kolonizatzeko. Izan ere, lehortasunarekiko oso erresistentea da espezie hau.
Berezitasunak
aldatuPinudi edo artadien degradazioaren ostean agertzen da askotan, baina Levante-ko eremu idorren klimaxa irudikatzen du ere.
Pinus pinaster espeziea hurbil ez dagoenean, erretxinatzen da. Eremu kritikoak kolonizatzeko gai da, higadurak pairatzeko arriskua duten eremuak konkretuki.
Beste alde batetik, sute bat egotekotan, beroaren aurrean pinaburuak irekitzen dira eta honek pinu berriak haztea baimenduko dio inguruneari, sutearengatik hildako pinuak beste berri batzuetaz ordezkatuz.
Pinus nigra
aldatuLarizio pinu Pinaceae familiako Pinus nigra espeziearen izen arrunta litzateke.
Itxura koniko-biribila du zuhaitz honek, eta hosto iraunkorrekoa da. Kareharrizkoa lurzoruak ditu gustuko. Itsas mailatik hasi eta 2.000 m-raino aurki daiteke, baina ohikoena 250-1.600 m bitartean aurkitzea da.
Tamaina ertain-handiko zuhaitza da, 20-55 m bitarteko altuerara iristen dena. Enborraren azala zuri hauskara da eta errauts-kolorekoa edo gris arrea izan daiteke ere. Zartadura gero eta gehiago ateratzen zaizkio urteetan aurrera egin ahala, ondorioz kolore ilunagoa erakusten ildoetan. Hosto orrazkarak ditu, kolore berde ilunekoak, luzeak (8-20 cm) eta gogorrak, binaka antolatzen direnak.
Pinaburuak edo estrobiloak txikiak izan ohi dira eta maiatza-ekainean agertzen dira polen-konoekin batera. Pinaburu helduek, 5-10 cm bitarteko luzera dute. Hostoak borobildunak dira eta heltzean berde izatetik hori zurbilekoak izatera pasatzen dira. Polinizazioa pasa eta 18 hilabetetara, pinaburuak ireki (abendutik apirilera) eta haizeak haziak sakabanatzen ditu.
Heldutasun sexuala 15 eta 40 urteren bitartean lortzen du; eta haziaren uzta handienak 2 eta 5 urte bitartean lortzen dira. Bere hazkuntza nahiko azkarra da (30-70cm/urteko) eta itxura koniko biribila du gehienetan, adinarekin irregularra izatera iritsiz. Bizitza luzeko zuhaitza da, ale batzuek 1000 urte ingurura heltzen baitira, eta agian espezie honetako zuhaitzik zaharrenak izan daitezke. Zura oso malgua du, eta erretxinan aberatsa izaten da.
Ekologia
aldatuEspezie orofiloa da nagusiki, Espainian 800-2000 msnm-en artean banatuz, nahiz eta bere lurraldeko-banaketa beste zonalde batzuetan itsas mailako altitude hurbiletara iristen den. Baditu errekerimendu hidriko batzuk ere, nahiz eta Pinus sylvestris-enak baino txikiagoak diren, eta udako lehorte nabarmen edo handiak jasateko gai da. Hotzarekiko erresistentzia handia du ere, izozteak eta elurte biziak jasateko gai baita. Nahiz eta kareharrizko substratuak nahiago, batzuetan silizezko substratuetan ere ageri da. Itzal erdiko izaera du, hazten hari den lehen aldietan behintzat, ondoren, argia behar izaten du hazteko.
Erabilera
aldatuAzken mendeetan itsasontzigintzarako erabili ohi zen. Horrez gain, pinu honetako erretxina itsasgarriak, kolak eta destilazioagatiko agoarrasaren lorpenerako erabiltzen da.
Pinus pinaster
aldatuPinus pinaster edo itsas pinua, pinu autoktonoa da. Bere azikulen eta pinaburuen tamainagatik ezagutzen da, iberiar pinuen artean handienak izanik.
Espezie honen enborra, orokorrean, pixka bat okertua azaltzen da eta kolore marroi ilunarekin, bere azal lodia dela eta. 40 metrotako altuera har dezake. Haren azikulen tamaina 10-25 cm artean dago eta pinaburuak luze samarrak dira, 8-22 cm luze eta 5-8 cm zabalerarekin. Haren hostoak bikoteka agertzen dira, adar txiki bakoitzean (brakiblasto deituak) bi hosto dituelarik. Pinaziak txikiak dira, eta pinaburuak hazi eta irekitzen direnean (2 urte pasatzean), mintzezko hegala batekin irteten dira, haizearen bidezko sakabanaketa errazteko.
Monoikoak dira: oin bakoitzak bereizitako kono arrak eta emeak sortzen ditu. Arrak multzoetan agertzen dira adarren muturretatik gertu, horiak dira eta polen kantitate handiak sortzen dituzte. Emeak, aldiz, kolore bioletakoa da eta adar altuen ia muturrean kokatzen dira.
Ekologia
aldatuLurzoru azidoen gainean baso puru edo mistoak era ditzake, lurzoru harritsuak eta lehorte egoerak ondo jasanez. Itsas mailatik 1700 metroko altituderaino aurki dezakegu. Kasu askotan zaila da jakitea basatiak edo landatze zahar batetik datozen.
Udaberriaren hasieran loratzen da.
Sute bat egon bada, oso birsorkuntza azkarra eta ona dauka espezie honek.
Euskal Herriko sakabanaketa
aldatuPopulaziorik altuena Bizkaian aurkitzen da, baina Euskal Herri osotik sakabanatuta dago.
Urtaroetako daukan biodibertsitateagatik bi talde osatzen dira, subespezie ere deituak:
- Atlantikoa. Area murriztu batean kokatzen dira, Iberiar penintsulan Ipar-mendebaldean kokatuta (Galizian).
- Mediterraneoa. Atlantikoa ez bezala, honek klima lehorragoetan aurki ditzakegu, zentrotik edota hegoaldetik. Iberiar penintsula osotik sakabanatuta dago Badajoz, Kadiz, Sevilla, Kordoba, Huelva, Almeria, Alacant, Huesca, Nafarroa, Kantabria, Palentzia eta Zamorako probintzietatik izan ezik.
Erabilerak
aldatuPinus pinaster espeziearen egurra ez da beste espezieen egurra bezain preziatua, bere erretxina kantitate ugariagatik. Erretxina hori trementina-esentzia sortzeko erabiltzen dute industriak. Antzinan erabat suntsitzen zuten zuhaitza baina gaur egun teknika leunagoak erabiltzen dituzte, nahiz eta gero eta gutxiago erabili.
Pasta eta papera sortzen dute haren egurrarekin, eta baita ere kutxak, habeak edota paldoak eraikitzeko.
Sendabelar moduan ere funtzionatzen du, hau da, propietate sendagarriak ditu:
- Odol-jarioen aurkako efektua dauka.
- Efektu bitaminikoa.
- Beherakoa hobetzen du.
- Funtzio antiseptikoa dauka. Erreumaren aurkarako ere erabiltzen da.
- Hainbat gaixotasun tratatzen ditu: faringitisa, errinitisa, sinusitisa, laringitisa, bronkitisa, asma, gripea eta hotzeriarako. Baita ere gernu-infekzioetarako eta hemorroideetarako erabiltzen da.
Pinus pinea
aldatuPinus pinea edo pinazi pinua, pinu autoktonoa da. Bere itzalkin formagatik eta bere globo-formako pinaburu handiengatik bereizten da.
Pinaburuak 8-15 cm-ko luzera eta 7-10 cm-ko zabalera daukate, eta adaxketan eseriak agertzen dira. Pinaziak handiak dauzkate ere (2 cm-tara heldu ahal dira) eta hauek ez daukate mintzezko hegalik, beste espezie batzuk bezala. 30 metrotako altuera har dezake (normalean 25 metro ingurutakoak dira). Bere azala plaka lodi eta gorrixketan bananduta dago. Hostoak azikula forma daukate, bikoteka ateratzen dira eta 10-15 cm inguruko luzera daukate, nahiz eta 20 cm.ko salbuespenak egon.
Monoikoak dira, lore arrak eta emeak oin berberean kokatzen dira. Ernalketa polinizazio ostean gertatzen da eta konoak hirugarren urtean hazten dira.
Ekologia
aldatuPinus pinea espezieak baso puruak sortzen hazten da, errezel dentso eta itxia eratuz. Pinus pinaster, artelatzekin eta arteekin hazten da normalean eta hazitik birsortzen da.
Kostaldeko inguruneak nahiago ditu baina lurzoru hareatsuen gainean ere hazi egiten dira. Argi asko behar duen espezieetarikoa da.
Itas mailatik 1400 metrotaraino aurkitu ahal da espezie hau.
Euskal Herriko sakabanaketa
aldatuAraban aurkitzen dira gehienak, baina ez dauka inolako mehatxurik Euskal Herrian.
Penintsulan, aldiz, nahiko sakabanatuta dago, baina batez ere zentroan eta hegoaldean aurkitzen dira.
Erabilerak
aldatuPinus pinea-ren erabilerarik garrantzitsuena bere pinaziak dira. Oso prezio altuak izatera ailegatzen dira eta Iberiar Penintsulako probintzia batzuetan haien bilketa debekatuta dago, bakarrik pertsona espezializatuek egin dezakete.
Nahiz eta Pinus generoaren pinazi guztiak jangai izan, Pinus pinea-ren pinaziak gozoenak dira haren tamaina eta zaporeagatik. Gozogintzan erabiltzen diren pinaziak espezie hauenak dira. Baita ere alkoholdun edariak egiteko.
Beste alde batetik, bere egurra eza da kalitate onekoa eta sutarako egurretarako erabili ohi da.
Produktu kimiko toxikoak erabiltzen dituzte espezie honen pinaburuak, labezomorroen uxagarria egiteko, adibidez.
Pinus radiata
aldatuIntsinis pinua, insignis pinua, pinu beltza edo pinu azkarra bezala ezagutzen da Pinus radiata. Jatorriz kaliforniarra da, eta oso erabilia da lurrak basotzeko. Laster hazten delako erabiltzen da hainbeste; izan ere, urte gutxi batzuen buruan hainbat metroko garaiera eta zentimetro ugariko zurtoina hartzen du.
Oro har 30 metroko garaiera lortzen du gure lurralde inguruetan, 50 metrora ere irits daitekeen arren. Gaztetan, eite konikoa dute, adinarekin zabaldu egiten direnak. Eta azaleko sustrai sistema, ondorioz, ez dituzte haize boladak ondo jasaten. Enbor zuzen eta zilindrikoa, azala lodiera aldakorrekoa duena, iluna, latza eta berehala zartatzen dena.
Hostoak azikula itxurakoak dira, hirunaka faszikuluetan antolatua daudenak. Honako hau identifikaziorako erabil daiteke, izan ere, Euskal Herrian 3 hosto dituen pinu bakarra baita eta 7-15 cm inguru neurtzen dute.
Espezie honen pinaburuak oso asimetrikoak dira, arre horixkak eta 7-14 cm luze neurtzen dute, txorten gabeak edota oso motza izan ohi dute, hortaz adaxkaren gainean finkatuta agertzen dira, eseriak baleude bezala. Pinaziak oso txikiak dira eta pinaburua heltzen eta irekitzen denean, mintzeko hegalaz irteten dira haizezko sakabanatzea errazteko asmoz.
Ekologia
aldatuEspezie hau, negu leun eta klima epel eta hezeko zonetan hazten da. Izozteei gaizki eusten die eta gainera, pinu-beldarrak erasotzeko joera handia izaten du. Lurzoru azidoetan landatzen da batez ere, itsas mailatik 800 m-tara bitartean.
Euskal Herriko sakabanaketa
aldatuBasotze artifizialei esker, orain oso hedatua dago Europako hego-mendebaldean, Zeelanda Berrian, Txilen, Australian eta Hegoafrikan. Gaur egun Euskal Herrian banaketa zabala duen arren, zuhaitz hau berezko area txikienetakoa den pinua da.
Euskal Herrian Intsinis pinuaren gehiegizko landaketaren eta ustiaketaren ondorioz, bertako basoak arriskuan jarri ditu. Gainera, pinu honek eragiten duen lurraren azidifikazioak bertako basoen birsortzea eragozten du. Eta, gainera, Intsinis pinua gaitzez jota dago.
Erabilerak
aldatuBatez ere papera, altzariak eta meatzaritzako habeak egiteko erabiltzen da.
Pinus sylvestris
aldatuPinus sylvestris edo pinu gorria, bere altueragatik ere ezaguna da, ia 40 metrotara heltzen delarik.
Haren enborra oso lodia da eta espezie honen berezitasun nabariena, enborrararen goikaldean hartzen du laranja kolorea da, izokinaren kolorearen antzekoa. Kolore hau enborraren azal faltagatik da, barruko egitura kanpora geratzen baita. Ezaugarri hau hurrunetik bereizi ahal da, horregatik erraza da espezie hau besteetatik bereiztea.
Haren hostoak urdinxka kolorea daukatela ikusi ahal da, bikoteka ateratzen dira eta azikula forma hartzen dute, 2-6 cm-ko luzerarekin.
Pinaburuak txikiak dira, 3-6 cm luzerakoak, eta adaxketan eseriak agertzen dira edo txorten oso motz batekin.
Pinaziak ñimiñoak dira, eta hegal batekin ateratzen dira, sakabanaketa errazteko pinaburuak hazi eta irekitzen direnean.
Ekologia
aldatuEspezie hau iparraldeko klima hotzetan eta hezeetan hazten da. Batzuetan ere hegoaldeko mendilerroetan hazten da, ur nahikoa badaukate.
Edozein lurzoruan hazteko gai da eta 1000-2000 metroko altitudean agertzen da.
Euskal Herriko sakabanaketa
aldatuEuskal Herri osotik banatuta dago baina batez ere honen populazioa Araban nagusitzen da.
Mundutik gehien sakabanaturik dagoen zuhaitzetariko bat da.
Iberiar Penintsulan batez ere Iparraldean dago, baina ekialdeko eta hegoaldeko mendilerroetan agertzen da ere.
Erabilerak
aldatuPinu espezie guztietatik egur preziatuena duena da. Egur hau hain ona da non garestiegia bihurtu egin dute.
Haren olioa hainbat xaboi egiteko erabiltzen da eta medikuntza tradizionaleko produktuak egiteko ere.
Pinus uncinata
aldatuMendi-pinua (Pinus uncinata) bezala ezagutzen da, nahiko pinu txikia da, normalean ez baitu 25 metroko tamaina gainditzen. Mendi garaietan hazten da, 1.600-2.400 metroko altueratan.
Mendi-pinua zuhaitz txikia da eta ez ditu normalean 25 metroak gainditzen. Adakera koniko edo piramidala du eta hostotza oso dentso eta iluna. Enbor zuzena du, normalean ezkataduna, baina haize bortitzak dauden eskualdeetan okertu egiten da elurraren pisuaren eraginez haizearen norabidean. Oinarritik adarkatzen da eta enborrak azal gris ilun edo arrea izaten du.
Hosto azikulatuak ditu, berde ilun kolorekoak eta 3-8 cm-koak. Ertz latza dute eta binaka elkartzen dira, beste pinu batzuetan ez bezala adarrak ia erabat estaliz eta hosto-egitura dentsoak osatuz.
Pinaburuak ia eseriak dira, kolore arre distiratsukoak, 5 eta 7 cm artean neurtzen dutelarik eta erabat asimetrikoak dira, alde bateko ezkatak bestekoak baino handiagoak dira eta kako-forma dute, bertatik bere izen espezifikoa (uncinata). Haziek (pinaziek) mintzezko hegala dute haize bitartezko sakabanatzea errazteko.
Ekologia
aldatuPinu hau, hotzari eta mendietako aire lehorrari egokituta dago, baso puru edo mistoak eratzen ditu, urki eta izeiekin batera, beste zuhaitz-espezieek lehiatu ezin duten tokietan hain zuzen ere haz daiteke. 1.600-2.400 metroko altueratan bizi da, baina ale solteak ikusi izan dira 2.700 metroko altueratan ere, baita 1.400 metrotan. Ia edozein substratu motatan haz daiteke, baita hartxingadi eta arroka arrailetan. Oso ondo jasaten du hotza eta lurzoru hezea behar du, baina, ez ditu udako lehorteak jasaten.
Euskal Herriko sakabanaketa
aldatuHotza oso ondo jasaten duenez, Euskal Herrian Pirinioetan soilik hazten da.
Erabilerak
aldatuHazkuntza moteleko pinua da eta bizitza luzekoa, 600 urte baino gehiago bizi daitekeelarik. Bere zura zurruna da, arina eta lantzeko erraza, erretxinatsua, baina ez da gehiegi erabiltzen zuhaitz honen eskasia dela eta. Bere zura, aroztegi finerako erabiltzen zen, tornularitzan leuntzeko erraztasunagatik. Kosmetikan, espezie honetako azikulak erabili dira bertatik esentzi olioa atera eta bainu-gatzak lantzeko asmoz.
Lur subalpetarra birpopulatzeko oso erabilia izan da, lurzorua babesteko eta berreskuratzeko asmoz.
Banaketa geografikoa
aldatuPinuak jatorriz Ipar Hemisferiokoak dira, baita Hego Hemisferioko tropikoaren eremu batzuetakoak ere. Munduan 110 pinu espezie inguru ezagutzen dira. Espezie bakarra dago Ekuadorren hegoaldean aurkitu zena, Sumatra irlan (2ºS, Sumatrako pinua). Ipar Amerikan, 66ºN eta 12ºN latitudeen arteko eskualdeetan kokatzen dira, Jack pinua (Kanadan) edo pinu karibetarra (Nikaraguan).[4]
Mexikoko mendi subtropikaletan Pinus generoko espezie dibertsitate gehiena aurki daiteke, 47 espezie inguru egonik. Estatu Batuetako mendebaldea (Kalifornia) Lurreko bigarren lekua da pinu dibertsitate handienetarikoa duena.
Zazpi espezie ezagutzen dira Iberiar penintsulan dutela jatorria eta antzinatik biziraun eta garatu direnak.
Hainbat espezie eremu epel eta subtropikaletara barneratu dira, bi hemisferioetan. Hauek zur-baliabide modura hazten dira edota parkeetan apaingarri modura. Esan behar da espezie batzuk inbaditzaile bihurtu direla.
Orokorrean pinuak ingurumen oso desberdinetan aurki daitezke, basamortuetatik basoetara, 5.200 metroko altuerako mendietan, eremu hotz edo beroetan. Hala ere, normalean eremu menditsuetan aurkitzeko aukera gehiago daude, non lurra eta ura ego daitekeen
Erabilerak
aldatuPinuak edo lerrak (Pinus) pinazeoen familiako zuhaitz edo zuhaixka genero bat da. Adaburua piramidal edo borobila izan daiteke eta pinu zaharretan, zabala eta etsia. Pinudia zuhaitz hauen basoa da.
Konifera mexikarrek baso-industriaren mantenua irudikatzen dute. Konifera hauetatik hainbat produktu lor daitezke, egurra, erretxina, ezpalak, haziak edota azikulak beste batzuen artean. Zelulosa eta papera egiteko erabiltzen dira. Bere egurra, beste alde batetik, altzairuak, etxeak, musika tresnak, posteak, kaxak, eskulangintza edota erregai moduan erabiltzen da. Erretxinari dagokionez, espezie batzuk hazien uztarako erabil daiteke, apaindura edo sendagai helburuekin.[5]
Berezitasunak
aldatuBanda gorria eta banda marroia
aldatuPinudiak aberatsak dira onddoetan. Dothistroma septosporum, Lecanosticta acicola eta Dothistroma pini onddoek, banda marroi eta banda gorria gaixotasuna sortzen ari dira Euskal Herriko pinudietan, batez ere Gipuzkoako zonaldean.[6]
Onddo hauek Ipar Amerika eta Erdialdeko Amerikatik datoz. Europara 70.hamarkadan iritsi ziren. Bizkaian, 1975ean, pinudien 5.000 hektarea moztu behar izan zituzten onddoek eragindako gaixotasunarengatik.
Azken bi urteotan onddoak sakabanatzen hasi dira, baldintza meteorologikoengatik: bero handiagoagatik eta hezetasun maila ohikoa baino altuagoa izateagatik. Sakabanatze prozesu hau gehien bat Gipuzkoan eman da.
Gaixotasun larri honek ez die soilik pinuei eragiten; baserriei, basoei baita ingurumenari eta arnasten dugun aireari eragiten dio ere.
Gaixotasuna ez kontrolatuz gero, 30.hamarkadan bizitako egoerara buelatzeko arriskua dago, zuhaizti azalera oso txikia zenean mendien gehiegizko ustiatzearengatik.
Garapena
aldatuOnddo espezie desberdinek eragindako banda gorria eta banda marroia izeneko gaixotasuna eragiten dute onddoek. Honek Ipar Amerikan du jatorria. Pinu gehienak eta beste konifera mota batzuk infektatzeko gai da.
Orokorrean, udaren bukaeran, kimu berriak gogortu ondoren hasten da infekzioa, izan ere gaixotasuna latente egoten da neguan zehar orratz hiletan. Kimuak hazten diren heinean, infekzioa garatzen hasten da, normalean, pinuan eta kasu bakan batzuetan pinaburuetan. Onddoak landarearen ehunetan bizi dira urte batez, eta urtea pasa ondoren, infekzioa eragiten dute. Gaixotasuna, normalean, pinuan eta gutxi batzuetan pinaburuetan aurkitzen da, urte bateko orratz hiletan negutzen duena.
Gaixotasunaren garapenerako, baldintza hezeak behar dira. Izan ere, 55 eta 100º F artean ernamuinak ireki eta orratzak hazten hasten dira, puntako ezkabia nabarmentzen hasteko.
Euskal Herrian, tenperaturen igoerak onddoen jokabidea aldatu du. Onddoen esporak haizea eta euriaren bidez garraiatzen dira eta pinuen azikuletan lagatzen dira. 12 °C baino tenperatura altuagoekin eta hezetasun maila %75 baino altuagoa izanik, garapena hasten da. 2018ko udaberri eta udan izandako tenperatura altuek, 12 orduz jarraian hezetasun tasa altua mantendu zuten, epidemia mailaraino iritsi zen garapena lortu arte.
Sintomak
aldatuLehenik agertzen den sintoma, azikuletako orban horixkak dira, sakabanatzean banda gorri edo marroiak eratzen dituztenak. Bi hilabetetan, orratzak lehortu, orratz guztiak marroi kolorekoak bihurtu eta erortzen dira. Beheko adarrak kaltetuenak izaten dira.[7]
Beste alde batetik, adar puntan "odol-ateratzea" ematen da. Hostotzak kolore horixka eta marroia hartzen du, barnean ehuna marroi-gorrixka eta erretxinatsua izanik. Enborrak izerdizko globuluak sortuz gero infektaturiko ehunetan, xilemak kolore gris edo beltza har dezake eta zuhaitza heriotzara eraman.
Irtenbideak
aldatuOnddo hauen garapena eteteko, esporen maila murriztu beharko litzateke, infekzio berriak ekiditeko eta azikula kimu berrien eraketa faboratzeko. Beste alde batetik, kuprean oinarrituriko tratamendu fungizidikoek eragin handia erakutsi dute mintegiak kontrolatzeko eta birlandatze gazteetan. Hala ere eztabaida handia sortu duen neurria izan da honakoa, kobrea oso kaltegarria baita ingururugiroarentzat.[8]
Gomendatzen da pinudietan dentsitatea murriztea, honela airea hobe zirkulatzeko eta gaixotasun hauekiko erresistenteak diren pinu espezieen ikerketak bultzateko.
Pinu-beldarra (Thaumetopoea pityocampa)
aldatuPinu beldarra pinu mediterraneotan aurkitzen den plaga garrantzitsuenetarikoa da. "Prozesionaria" edo "pinu-beldar" deritzo, lerro zuzen batean mugitzen baitira, prozesio baten antzera.
Maiatzean Thaumetopoea pityocampa espeziea hasiko da berriro ere hegaka, denok ezagutzen dugun gaueko tximeletaren itxurarekin. Habiak pinuetan egiten dituzte eta hauen orratz eta kimuez elikatzen dira. Habi bat baino gehiago agertzean, plaga modura kontsideratzen da. Honela, pinu eskeletiko eta gaixoak uzten dituzte. Hala ere, nahiz eta oso latza badirudi ere, denborarekin pinuak indar gehiagorekin haziko dira berriro ere. Zedro eta izeiei ere eragiten di.
Udaberrian hasten dira eklosionatzen Thaumetopoea pityocampa espeziearen habiak, normalean Espainiako hegoalde eta erdialdean aurkitzen direnak. Hala ere, Euskal Herrian plagak ikusi ohi dira ere.
Prozesionaria honen beldarrak arriskutsuak dira, erresumingarriak baitira. Beldarrak mehatxatuta aurkitzen direnean, haien gorputza estaltzen duten ile zetadunak askatzen dituzte, argiak eta narritadurak eragiten gizaki eta animaliei.
Orokorrean pinu espezie sentikorrenak erasoen aurrean, Pinus nigra, Pinus canariensis, Pinus sylvestris, Pinus pinaster, Pinus halepensis eta Pinus pinea izaten dira.
Plaga honi aurre egiteko, bere bizi-zikloa ezagutu behar da:
Klimaren arabera, uda amaieran normalean pinu-beldarraren tximeletak arrautzak jartzen ditu pinuen azikuletan. Hilabete batzuk pasa ondoren, beldarrak jaiotzen dira, zaku handietan gordeko direnak. Zaku hauek zetadun hariez daude eginda eta bere barnean 100-200 larba aurkitzen dira.
Gauez mugitzen dira elikagaien bila joateko, beti ere lerro zuzen batean, baina gaueko hotza hasten denean, zakuetara bueltatzen dira. Neguaren amaieran, lurrera jaitsi eta lurperatzen dira, uda amaieran berriro tximeletetan bihurtzeko. Tximeleta fasean soilik 24 ordu bizi dira, beraz ez da oso ezaguna. Beldarrak 30-40 egun pasatzean jaiotzen dira.
Baldintza faboragarrietan, larba helduek pinuak utzi eta prozesio baten modura lurperatzen dira, emea izanik gidaria. Hau gertatzeko tenperatura egokiena 20 °C izaten dira.
- Zakuak kentzea, banan bana moztuz, muturrean aurkitzen direnak izan ezik, hauen kaltea ekiditeko. Moztu baino lehen zakuak ondo ureztatu, urtikariak murrizteko.
- Zakuak apurtzea makil batekin (kontu handiz erresumingarriak baitira). Egun hotzetan eta iluntzean burutzea izango litzateke onena, honela baten bat zakuan ez egotekotan, ezingo da bueltatu eta gaueko hotzaren eraginez hilko da.
- Beldarrak kentzea behin zuhaitzetik jaisten direnean. Plastiko gogor bat jar daiteke enborra inguratuz eta urez beteta. Honela, lurperatzera joaten direnean, beldarrak ito egingo dira.
- Beldarren lurpeko habiaraketa eremua bilatzea (15-25 cm-ko muino txiki bat eratzen dute). Lurpetik atera eta beldarrak hil.
- Feromonekin egindako tranpak. Arrak hartzen dira emeak sintetizatzen dituen feromonekin. Honela, arrak emea ernaltzea ekiditen da eta ugalketa zikloa aldatzen da.
- Pinuen zonaldeetan predatzaile naturalak sar daitezke, beste espezieentzat arriskutsuak ez diren bitartean, liztorrak edo inurriak diren bezala.
- Tratamendu kimikoak daude ere, fumigazio sistemak edo intsektizida ekologikoak diren bezala (Bacillus thurigiensis bakterioaren erabilera). Tratamendu hauek soilik neguan burutu daitezke, intsektua sentikorragoa baita intsektizidekiko fase horretan.
Hosto galtzea eragiten du gehienetan eta ez du zuhaitza heriotzara eramaten, baina asko ahultzen du eta honela beste etsaiekiko sentikortasuna handitzea eragiten du. Plaga garaiz erauziz gero, pinua denborarekin birsortzen joango da.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «lerdoi» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Noiz kontsultatua: 2022-02-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Pinus halepensis» Arbolapp (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
- ↑ a b «Pinus halepensis - Guía interactiva de Plantas» www2.montes.upm.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
- ↑ «Pinus - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pinos y cedros (Gimnosperma). (Noiz kontsultatua: 2019-02-24).
- ↑ distritoforestal.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
- ↑ «Algunas enfermedades de los pinos y abetos del mediooeste - Enfoque: Plantas y Enfermedades - Extensión de la Universidad de Illinois» extension.illinois.edu (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) «'El éxito del tratamiento con óxido cuproso va a depender del cómo se aplique'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) consejos, El Blog de los. (2017-02-09). «La procesionaria del pino: Qué es, y cómo combatirla o eliminarla» El Blog de los mejores consejos y trucos (Noiz kontsultatua: 2019-03-19).
Kanpo estekak
aldatuWikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Pinus |