Jean Giraud
Jean Henri Gaston Giraud, ezizenaz Moebius (1938ko maiatzaren 8a, Paris – 2012ko martxoaren 10a, Paris) frantziar komikigile bat izan zen. Blueberry da haren pertsonaiarik ezagunena, eta beste hainbat komiki ere sortu izan du, horien artean Le garage hermetique. Halaber, beste arlo batzuetan lan egin izan du, hala nola zineman eta bideo-jokoetan. Frantsesez argitaratu izan du nagusiki, baina ingelesez ere lan batzuk kaleratu ditu.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txikitatik erakutsi zuen marrazkilaritzarako zaletasuna, eta 1954. urtean Parisko Arte Aplikatuetako Eskolan sartu zen. Handik bi urtera egin zituen bere lehenengo lan profesionalak, Parisko agerkarietan, eta lan haiekin erakarri zuen Jijé belgikar gidoigilearen arreta. Soldadutzatik itzuli ondoren Jijéren estudioan sartu zen, laguntzaile.
1963an aldaketa handia gertatu zen Girauden bizitzan, Fort Navajo marrazteko enkargua egin baitzioten. Jean-Michel Charlierrena zen gidoia, eta harekin eman zion hasiera Blueberry teniente ospetsuaren kontakizun sailari. Arrakasta handia izan zuen istorioak, eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen; haren sortzailea hil ondoren ere, Giraudek eman zion jarraipena sailari. Garai hartan hartu zuen Moebius ezizena, eta Hara Kiri aldizkarian hasi zen lanak argitaratzen. Giraud izenez sinatu zuen Blueberryren saila, eta Moebius ezizenaz bere gustuari jarraituz eta belgikar egileen eraginpean egindako lanak.
Arrakasta handia lortu zuen Pilote eta L´Echo des Savanes aldizkarietan egindako lanekin, eta 1975ean Humanoide Elkartuak taldea sortu zuen, Philippe Druillet, Bernard Farkas eta Jean-Pierre Dionnetekin; talde hark sortu zuen 1970eko hamarraldiko agerkari ospetsuenetako bat, Métal Hurlant, Ameriketan Heavy Metal izenaz argitaratua. Agerkari hartan argitaratu zituen Arzach, Garaje hermetikoa eta Agur luzea.
Ridley Scotten Alien, zortzigarren bidaiaria filmerako zenbait marrazki egin zituen, eta 1980an zientzia fikziozko beste abentura bateko marrazkiak egin zituen, estetizismoaren joerari jarraituz. Estilo horretan egin zituen Starwatcher edo Venecia Celeste lamina bilduma bikainak, esaterako. Animazioko zenbait filmetan parte hartu du, arrakasta handiz, baina sekula ez du alde batera utzi komikietako marrazkigile lana.
Lan hautatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jean Giraud izenpeaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Blueberry (29 liburuki, 1965-2007).
- Jim Cutlass (7 liburuki, 1979-1999).
- XIII (18. liburukia, La Version irlandaise 2007an).
- Marshall Blueberry (3 liburuki, 2000).
Moebius izenpeaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Le Bandard fou (1975).
- Arzach (1976).
- Le garage hermetique (1976-1980).
- l'Incal (6 liburuki, 1981-1988).
- Le Monde d'Edena (1985-2001).
- Altor (7 liburuki, 1986-2003).
- Silver Surfer: Parable (1988-1989).
- The Long Tomorrow (1989).
- Little Nemo (1994).
- Halo Graphic Novel (2006).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/28 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Frantsesez) Jean Giraud-Moebiusen webgune ofiziala