Alberto Sols
Alberto Sols | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Alberto Sols García |
Jaiotza | Sax, 1917ko otsailaren 2a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Dénia, 1989ko abuztuaren 10a (72 urte) |
Hezkuntza | |
Doktorego ikaslea(k) | Margarita Salas |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | medikua eta unibertsitateko irakaslea |
Enplegatzailea(k) | Madrilgo Unibertsitate Autonomoa |
Jasotako sariak | |
Kidetza | Royal National Academy of Medicine (en) Royal Academy of Valencian Culture (en) |
Alberto Sols García (Sax, Alacant, 1917ko otsailaren 2a - Denia, 1989ko abuztuaren 10a) espainiar biokimikaria izan zen.
Medikuntzako ikasketak egin zituen (1946). Ikasketak bukatuta, Bartzelonara joan zen, eta klinika-analista gisa eta fisika eta kimikako irakasle gisa lan egin zuen. Gero, diru-laguntza bati esker, Estatu Batuetan izan zen hiru urtez, Saint Louisko Washington Unibertsitatean, Cori senar-emazteekin batera, hexokinasari buruzko ikerketa-lanak egiten (garuneko energiaren metabolismoa baldintzatzen duen entzima bat da hexokinasa). Espainiara itzuli zenean (1954), Fisiologia Institutuan hasi zen lanean, eta bi urte geroago CSICen, karbohidratoen metabolismoaren entzimologia eta metabolismoaren erregulazioa aztertzen. Espainiako Biokimika Elkarteko sortzaileetako bat izan zen, eta erakundeko lehendakari lehenengo bost urteetan (1963-1968). Gero, Biokimikako Batzorde Nazionalaren ardura hartu zuen, 1972. urtera arte. 1969an, Madrilgo Medikuntza Fakultateko Biokimika Sailaren ardura hartu zuen, eta 1976an, biokimikako katedradun izendatu zuten, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Halaber, Entzimologia eta Molekula Patologia Institutuko zuzendari izan zen CSCIen. Espainiako biokimikaren aitzindaritzat hartzen da. Lanik aipagarrienak: Nuevos sistemas de análisis calorimétrico (Azterketa kalorimetrikorako sistema berriak) eta Regulación metabólica y Acción enzimática (Erregulazio metabolikoa eta entzimen eragina). Bere lanik gehienak aldizkari espezializatuetan argitaratu dira. Sari asko jasotakoa da: 1981eko Ikerkuntzako Asturiasko Printzea Saria eta 1988ko Ramón y Cajal Ikerkuntza Sari Nazionala, besteak beste.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.