Andra Maria eliza (Getxo)
Andra Maria eliza (Getxo) | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Elexalde |
Koordenatuak | 43°21′46″N 3°01′12″W / 43.3629094°N 3.0199094°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XII. mendea |
Izenaren jatorria | Maria |
Elizbarrutia | Bilboko elizbarrutia |
Kontaktua | |
Helbidea | Maidagan Kalea, z/g |
Andra Maria Getxoko Andra Mari auzoan dagoen eliza da.
2001eko urriaren 3an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andra Maria eliza Getxoko udalerriaren fundazio-garaiko hirigunea da eta bere balore historikoa bere sorreraren antzinatasunetik, XII. mendekoa da, eta Getxoko gizartearen, gizataldearen eta erlijioaren historiaren zati izan den aldetik datorkio.
Landa-eliza da, barroko latzekoa, apaingarririk gabekoa. Gurutze latinozko oinplanoa duen tenplua da, lau atal ditu, burualde poligonala eta gurutzadura. Dorrea ez dago erdi-erdian eta lau gorputz ditu kupulan errematatzen direnak. Sarrera nagusia hegoaldeko alboan dago eta elizpeak babesten du; elizpeak zurezko zutoin zuzenak ditu eta harrera aurreko gunea da. Eliza dagoen toki berean egon zen jatorrizko eliza erromanikoa.
Andra Mariaren elizak bere fatxada nagusia zabalgune batera begira du. Zabalgunea sarrera dagoen kalea baino garaiagoa da.
Hegoaldeko fatxadak eskala bi ditu: elizaren murrua bera eta sarrerako elizpearen bolumena. Elizaren murrua kareharrizko harlangaitz biluzizkoa da eta kontrahormak ditu, agirian hareharri samurrezko harlanduz egindako eskantzuak dituztenak. Kontrahormen artean turuta itxurako baoak daude. Antolamendua neurritsua du eta bistan du neurri txiki samarreko gurutzadura. Aurreko plano batean, eta eskala txikiagoan, begi bistara datorren lehenengo gauza elizpearen zeramikazko teila kurbatuzko estalkia da. Elizpea kareharrizko basamentuak ixten du eta horrek eusten die bere gaineko egurrezko zutoin zuzenei eta burdin forjatuzko hesolari. Sarrera bi zutaberen artean dago. Atariak estalita duen azalera harearrizko harlanduz egina dago eta hortaz, diferentzia markatzen du elizaren murruarekiko. Elizpean daude kokatuta gainean Martiartutarren armarria duen sarrera nagusia, harrizko zeremonia-mahaia eta dorrepeko bigarren sarrera.
Mendebaldeko fatxadan elizaren harlanduzko dorrea nabarmentzen da. Bere kanpoko murruan Getxoko 166 leinu-etxeren izenak daude grabatuta ordena alfabetikoz, udalerriaren armarria eta inskripzio bat. Dorrearen oinarrian hezurtokia dago, hilarri bi (bata ikur masonikoak duena) dituen panteoi bakarra osatzen duena. Dorrearen eskuinaldean harlangaitzez egindako eraikin txiki bat dago isurialde bi dituena, dorrearen eta elizpearen hegalaren artean ordenarik gabe erantsita.
Iparraldeko fatxada longitudinala hormatal kasik itsua da eta elizaren dimentsioak bistaratzen ditu. Murru pobrea da morteroz egindako entokadura duena eta zati batzuetan harlangaitza bistaratzen duena. Kontrahormek elizaren bertikaltasuna adierazten dute. Murruak bi bao ditu nahi erara jarrita daudenak: txikia bata, erdi parean dagoena eta bestea lurretik hurbil. Bao biek jatorri erromaniko duten elementuak dituzte euren fuste eta basetan. Bigarren sarrera bat du estalia sarrera nagusiaren parean.
Ekialdean, bidearen ondoan eta horren gainean oktogono itxurako absidea eta tamaina txikiko gurutzadura ikus daitezke, biak ere baorik gabeak. Absidearen ezkerraldean gorputz baxuago bat dago eraikin osagarri gisa. Fatxadaren zati batzuk entokatuta daude eta beste batzuei kendu egin zaie entokadura.
Elizaren barru aldea. Ageriko harlangaitz egindako nabea da, ilargixkak dituen bobeda du, igeltzerotzan egindakoa eta zuriz apainduta dagoena, eta bost harlanduzko fajoi-arku, harlanduzko pilastretan oin hartzen dutenak. Gurutze latindarra osatzen da neurri txikiko gurutzadura duena. Presbiterioak bere murru biluzietan erdi-erdian jarritako egur polikromatuzko Kristoa du. Kristoaren gainean bao bat antzeman daiteke, gaur egun itxita dagoena.
Gurutzadura eta presbiterioa mugatzen duen fajoi-arkuak Ossoriotarren armarria duen giltzarria du.
Barrua austeritate handikoa da, apaindura gutxikoa: Egur polikromatuzko Haurra besoetan duen Ama Birjina bat eragin flamenkoa erakusten duena eta bataiarria. Nabearen barrenean hormigoiez egindako solairuarteko batean organoa dago. Dorrera heltzeko erdibideko gunea da.
Iparraldeko murruan puntu erdiko bi bao erromaniko daude. Bietako bata turuta itxurakoa da eta arkiboltak ditu, barrutik itsua da. Bestea dobelatua da eta zutabeek eusten diote.
Akaberak egiteko erabilitako materialei dagokienez, bobeden aparailua entokatuta eta kareztatuta dago, murruak ez dute entokadurarik eta bistan dute harlangaitza; zoroa neurri handiko egurrezko oholez estalita dago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |