Andrabanda
Andrabanda | |
---|---|
Datuak | |
Mota | musika taldea |
Herrialdea | Euskal Herria |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 2011 |
Andrabanda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andrabanda Ondarroako batukada talde feminista da, perkusioaren eta ahotsaren bitartez emakumeak bistaratzea eta kaleak eta eremu publikoa bereganatzea helburu duena.[1] Emakumeenganako indarkeria matxistaren aurkako borrokan ekarpena egiten du, herriko kaleak musika eta kolorez betez, hainbat egunetan: Martxoaren 8an, Azaroaren 25ean, Andramarietan… Udalaren Berdintasun Kontseiluan ere parte hartzen du. Bere etxea Ondarroako Etxelila du. Eta, Ondarroan ez ezik, Euskal Herrian ere kalera irteten da Euskal Herriko Batukada Feminista sarearekin.[2]
Helburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andrabandaren helburuak honakoak dira: emakumeek kaleak hartzea (Kaleak gureak dira! oihukatzen dute), burrundara ateratzea, elkarren arteko kohesioa eta koordinazioa, elkar babestea, ahalduntzea, indartzea eta ondo pasatzea.[3]
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andrabanda 2011. urtean eratu zen. Urte horretako udaberrian, perkusio tailerra antolatu zen Ondarroako Jabekuntza Eskolan. Irakaslea Silvia Palumbo izan zen, artista argentinarra, Mujeres en Bandada proiektuaren sortzailea. Ikastaroa Ermua, Basauri, Bilbo eta Gasteizen ere egin zen, eta 2011ko ekainaren 11n, talde guztiek Jabekuntza Eskolen ikasturte bukaerako jaialdian Ondarroako kaleetan jo zuten: 80 emakume ibili ziren kalean aldarrikapen feministak egiten, perkusioa tarteko.
Tailerrak nolako arrakasta izan zuen ikusita, Andrabanda Feminista elkartea osatu zen. Hori izan zen finantzazioa lortzeko lehen pausua, batez ere, danborrak eta bestelako materiala erosteko.
Hurrengo urteetan ere Ondarroako Jabekuntza Eskolak perkusio tailerrak antolatu zituen, taldea zabaltzeko eta sendotzeko asmoarekin. 2014tik aurrera, Ainara Sarasketa, Aran Vicedo eta Arantza Albizu izan ditu irakasle.
2021eko ekainean, Andrabandak, 10 urte bete zituela eta, Euskal Herriko Andrabanden Topaketa antolatu zuen Ondarroan, bere ibilbidea eta Euskal Herriko gainerako batukadena partekatu, egindakoa jaso, hausnartu eta eragina handitzeko helburuarekin. Batukaden partaideek, gaian adituek (Mari Luz Esteban antropologoa eta Rosa Baltar Ondarroako Berdintasun teknikaria) eta batukada feministen prestatzaileek adierazitakoak Kali geuri re! Ondarroako Andrabanda Feminista izeneko dokumentalean jasota daude.[3]
Ekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Andrabanda Ondarroan Martxoaren 8an (Emakumearen Egunean), Azaroaren 25ean (Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean), urriaren erdialdean (Aniztasunaren Besarkada Egunean) eta herriko festen atarian kaleratzen da kalera. Horrez gain, Euskal Herriko batuka feministen sarearekin eta beste eragile sozial batzuekin ere lan egiten du. Horrela, honako ekimenetan parte hartu du 2011tik aurrera:
- Lea-Artibai eskualdean: Martxoaren 8an, Markinan, Berriatuan, Mutrikun, Lekeition.
- Ermuan, askotan, hango batukada feministarekin.
- Mutrikun, malenetan.
- Bilbon, Mamikik gonbidatuta, Aste Nagusian, emakumeen egunean.
- Mallabian, inauterietan.
- Donostian, Beldur Barik sari banaketan eta emakumeen euskal selekzioaren alde.
- Argia Egunean, Usurbilen.
- Durangon, Jabekuntza Eskolen topaketan.
- Basaurin, Jabekuntza Eskolen Topaketan.
- Iruñean, abortuaren aldeko manifestazioan.
- Lemoan, Martxoaren 8ko programazioan.
- Ermuan, Gure Esku Dago giza-katean.
- Donostian, Sorginbanda batukada feministaren urtehurren ospakizunean.
- Donostian, Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkatzeko estropadan.
- Mutrikun eta Lekeition, ekainaren 28an LGBT Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Mutrikuko Marimatraka batukada feministarekin batera.[4]
- Elgoibarren, Martxoaren 8an bertako Uluka Batuka taldearekin batera; baita Azaroaren 25ean ere.[5]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Andrabanda. .
- ↑ Jarduera. .[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Ondarroako Andrabanda Feminista. (2021-12-25). Kali geuri re! Ondarroako Andrabanda Feminista. (Noiz kontsultatua: 2024-10-30).
- ↑ Andrabanda. .
- ↑ Uluka Batuka eta Ondarroako Andrabanda feminista kalejiran. .