Edukira joan

Basotze

Wikipedia, Entziklopedia askea

Basotze, basoberritze edo oihaneztapena eremu bateko landaredia kudeatzeko praktika bat da, non zuhaitz-espezie desberdinak landatzen diren gertatutako ezbehar baten ondoren; hala nola, suteak. Bestalde, ekintza horiek helburu ekonomikoekin ere egiten dira, eta askotan espezie exotikoak txertatzen dira, ahalik eta etekin handiena lortzeko. Ingelesez, kontzeptu hau definitzeko aforestation erabiltzen da, erro gisa forest hitza duena. Nahiz eta gaur egun are eta garrantzi handiagoa izaten ari den, oso erabilia izan da historian zehar. Antzinaroan, Hego Amerika zein Europako hainbat zibilizaziok, maiek eta erromatarrek adibidez, praktika horiek erabiltzen zituzten euren beharrak asetzeko. Bi zibilizazio horieku bertako zuhaitz-espezieak landatzen zituzten, lurzoruaren kalitatea hobetu eta, aldi berean, nekazal-ekoizpena areagotzeko helburuarekin.

Baso-birlandaketa Amazonian (iturria: The New York Times)

Basotzearen helburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoberritzea bizi-prozesu bat da, deforestazioak eta basoen degradazioak gure inguruan dituzten ondorio suntsitzaileak lehengoratzea helburu duena. Giza jarduerek baso-ekosistemen osasunean eta orekan eragin nabarmena izan duten mundu honetan, baso-berritzea funtsezko irtenbide gisa agertzen da ekosistema horien edertasuna eta funtzionaltasuna leheneratzeko. Funtsean, baso-berritzea erantzun zuzena da aurrean ditugun ingurumen-erronken aurrean.

Egiteko modua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoberritzea bi eratara egiten da: modu naturalean edo artifizialean. Basoberritze naturalaren prozesua gertuko zuhaitzen haziak eta kimuak giza laguntzarik gabe sustraitzean oinarritzen da; hala ere, mantsoa eta urria da, eta beste teknika batzuekin osatu behar da, zuhaitzak ordezkatzeak gizakien parte-hartzea eskatzen duenean.

Basoberritze-teknikak sailkatzeko bi aukera daude, batera dauden zuhaitzen adinaren arabera:

  • Adin uniformeko zuhaitzak: oihanpe heldua kentzen da berriari hazten uzteko.
  • Adin ezberdineko zuhaitzak: zuhaitz zaharrak eta gazteenak elkarrekin hazten dira.

Metodo bakoitza aukeratzeko, kontuan hartu behar da espeziea beste espezie batzuen babesean haz daitekeen ala ez, eta eskualde bakoitzaren berezitasun klimatikoak. Horrela, deforestazioak zuhaitz-masa berriak sortzen ditu, geratzen diren zuhaitz helduek belaunaldi berriak sustatzen dituztenean, haziak, faunarentzako habitata, gehiegizko eguzki-argiaren edo haizearen aurkako babesa eta abar emanez.

Lehenik, basoen erregai-izaera murrizten da; hau da, zuhaitz-landaketek energia-iturri garrantzitsu gisa jokatzen dute, jatorrizko landaretzaren ustiapenaren presioa murriztuz. Gainera, baliabide ekonomiko garrantzitsutzat har daiteke, bertatik egurra bezalako oinarrizko lehengaiak har daitezkeelako.

Lurzorurako ere onura nabarmenak ekartzen ditu. Basotzearen ondorioz landatutako zuhaitzen hondakinek ongarri moduan funtzionatzen dute, lurzorua egonkortuz eta emankortasuna emanez. Era berean, uraren ahalmen higakorra murrizten du, lixibiazio prozesuak arinduz. Honi esker, aipatutako emankortasun hori mantentzen da.

Bestetik, airearen kalitatea hobetzen du; airearen kutsadura murrizten du, eta baita berotze globalak sortutako berotegi-efektua ere. Gainera, landa-garapena bultzatzen du, enplegu berdea modu inklusiboan sustatzen lagunduz eta ingurune horietan enpresa-sarea bultzatuz.

Halaber, basotzeak biodibertsitatea berreskuratzea sustatzen du antzinako baso-eremuak leheneratuz, eta habitat naturala eta espezie autoktonoak berreskuratzen laguntzen du. Azkenik, teknika honek gizateriari laguntzen dio, gure ingurunearen osasuna eta kalitatea hobetzen lagunduz.

Basotzea inpultsiboa bada, hau da, egikaritze-plan onik ez badu, kaltegarria izan daiteke, espezieen dibertsitatea edo nekazaritza-laboreak kaltetzen baititu. Baso-laborantza handietan bilatutakoaren alderantzizko efektua lor dezakegu, gatz-kontzentrazio handiegiagatik lurrak lehortu eta txirotuz.

Sartu beharreko zuhaitz berriak gaizki aukeratzea eta horiek landatzeko eta kokatzeko modua kaltegarria izan daiteke. Gainera, espezie inbaditzaileak sartzeak beste espezie batzuk desagertzea eragin dezake. Gaizki planteatutako basoberritze batek monolaborantza ekar lezake, eta horrek bertako floraren dibertsitateari ez ezik, basoko biztanle desberdinen habitatei ere eragingo lieke.

Gaur egun, bi basotze mota daude:

Hiri-basotzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri-inguruneetan zuhaitz-espezieak landatzean datza. Beroari aurre egiteko, itzal-eremuak handitzeko, airearen kalitatea hobetzeko, trafikoaren gehiegizko CO2 harrapatzen saiatzeko eta hiri-paisaia eraldatzeko izaten da. Hiri-basoberritzearen ekintzen barruan, hondamendi natural baten ondoren hiri-basoak leheneratzea ere barnebiltzen du.

Landa-basotzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deforestatutako eremuak leheneratzeko zuhaitzen landaketa masiboari egiten dio erreferentzia. Helburu desberdinak izan ditzake; adibidez, inguruko espezieak kontserbatzea, lurzoruak ongarritzea eta higaduratik babestea. Hor sartzen da, halaber, hondamendi natural baten ondorioz suntsitutako baso-eremuen berreskuratzea.

Mundu-mailan duen eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eragin ekologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Interes eta konpromiso sozial eraginkorrarekin, produktu horiek errendimendu mugagabekoak izan daitezke. Basoberritzea da helburu hori lortzeko gakoa. Estentsionistek identifikatu egin beharko dituzte komunitatearen beharrak, lana egiteko eskura dauden baliabide naturalak eta giza baliabideak, eta basoberritzeko ahaleginak lagundu edo oztopa ditzaketen gizarte-ohiturak eta tradizioak. Landaketak nekazaritzarekin eta landa-garapenarekin duen harremana garrantzi handikoa da gizartean. Nekazaritzarako egokiak diren lurretan, lehentasuna eman behar zaio elikagaiak ekoizteari, basoak garatu beharrean.

Eragin ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erosioa, desertifikazioa eta elikagai eskasia pairatzen duten nazio txiroen garapen ekonomikoa bultzatuko du basotzeak. Zuhaitzek beren balio erantsia sortzen dute: dirua sor dezakeen lurra baloratuago bihurtzen da eta, gainera, berme gisa balio dezake. Zuhaitzek merkatu-kapitalerako sarbidea sortzen dute nekazarien aldetik, eta beren konpainietan inbertitzeko arrazoi dira. Horrela, zuhaitzek baliorik gabeko lurrak balioetsitako lur bihurtzen dituzte. Beraz, mikrokredituak sortzen dituzte, eta, epe luzera, kreditua posible egiten da, hazten diren lurzorua albokoa bihurtzen baita. Inbertsioak bere balioari eusten dio, erregaia agortuta egon arren. Izan ere, zuhaitz-landaketa globala pobreziari emandako erantzuna da.

Basotzearen bilakaera Euskal Autonomia Erkidegoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoaren gainazalaren % 55a zuhaitzez estalita dago, eta ehuneko horren ia erdia bertako landare-espezieek osatzen dute. Duela 40 urtetik hona, Euskadin dagoen egurraren kantitateak nabarmen egin du gora, lurraldeko mendi magaletan espezie desberdinen landaketa masiboak egin direlako. Espezie horiek kanpokoak dira ia bere osotasunean, koniferak gailenduz. Baso-mota horietan topa daitekeen zuhaitz ohikoena pinus radiata da, eta papergintza eta egurgintza-industrian oso preziatua da bere hazkuntza azkarrarengatik. Azken urteetan, lehengai honengatik eman den eskariaren ondorioz, beste zuhaitz-espezie exotiko batzuk landatu dira gure lurzorutan, eukaliptoa, batez ere. Aurretik aipatutako pinus radiataren antzeko ezaugarriak ditu: hazkuntza azkarra, merkea… baina espezie honek hazkuntza nabarmen azkarragoa dauka aurrekoarekin alderatuta. Hori ikusita, zuhaitz hori landatzeko joera handitu da, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere.

Pinu-basoa Euskadin (iturria: uik.eus)

Landaketa masibo horien ondorioz, lurzoruak eta inguruko landaredia izugarri kaltetu dira. Pinuek eta eukaliptoek emankortasuna kentzen diote lurzoruari, errekak eta urpeko urak lehortuz. Gainera, gainerako zuhaitz-espezie autoktonoen gaineko lehia pizten du, izugarrizko baso-masak kaltetuz.