BourgesFrantziako erdialdean dagoen hiria da, Erdialdeko eskualdearen eta Cher departamenduaren hiriburua. 2006an 70.828 biztanle zituen. Berry antzinako lurraldeko hiriburua izan zen, eta Yèvre eta Auron ibaien elkargunean dago.
Bituriges Cubigaliar leinuaren hiriburua izan zen. Zesarrek hartu zuen K. a. 52an eta Avaricum erromatarra bihurtu zen (Galia Akitania, I-IV. mendea). Erdi Aroan guztiz hiri oparoa izan zen, Karlos VII.a bertan hartu zuen egoitza (Bourgesko pragmatika, 1438) eta haren seme Luis XI.ak unibertsitate ospetsu bat sortu zuen bertan (1463). Kontzilio hiria izan zen 1031 eta 1584 bitartean.
Artzapezpiku egoitza dauka. Saint-Étienne katedrala (XII.-XIII. mendea) Frantziako eraikuntza gotiko handi eta hoberenetakoa da; aurrealdeko bost ate eskulturadunetara irekitzen diren bost habearteek, alboko habearte bikoitzek eta beirate zaharrek (XIII.-XVI. mendea) ospetsu bihurtu dute mundu osoan. Jacques-Coeur jauregia (XIV. mendea) arkitektura zibil gotikoko eredu bikaina da. Eraikuntza zahar ugari dago.