Data
Itxura
Egutegi batean, data egun zehatz bat adierazten duen erreferentzia bat da, 1997ko ekainaren 13 esaterako. Gertaera baten data finkatzeko, erabiltzen den egutegia eta ordu-zona zehaztu behar dira. Adibidez, Pearl Harbor-eko erasoa 1941eko abenduaren 7 gertatu zen Hawaiin, baina abenduaren 8an Japoniako orduaren arabera, gregoriotar egutegia erabiliz bietan.
Datak euskaraz nola adierazi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaltzaindiaren gomendioak [1] hauek dira:
- Gutun eta antzekoetan bi forma hauek erabil daitezke:
- Donostian, 1965eko ekainaren 13an.
- Donostia, 1965eko ekainaren 13a.
- Era laburtuan hauek dira forma egokiak:
- 2007/04/10
- 1982/III/07
- 1994-04-06ko Euskaldunon Egunkaria-n.
- Hilabetea eta eguna bakarrik adierazi behar direnean, berriz:
- kasu markarik ez bada, urtarrilaren 10a zein urtarrilak 10 (Urtarrilak 10 egun dituela egituraren laburpena da azken hau); adibidez, datorren ostiralean, urtarrilak 10, ospatuko da urtemuga.
- kasu-markaren bat jarri behar bada, berriz, beti egitura hau erabiliko da:
- Hilaren 22an eta 29an.
- Martxoaren 24tik 27 arte.
- Datorren ekainaren 14an.
- Gainera urtea ere jarri behar bada, era berean egin behar da:
- 1997ko martxoaren 18a egun tristea izan zen niretzat.
- Azterketak Donostian, 2004ko urtarrilaren 15etik 17ra izango dira.
- Bihar, 2009ko maiatzak 16, izango da ospakizuna.
- Aposizioetan, honela eman daiteke asteko zein egun den:
- Maiatzaren 17an, osteguna, etorriko da.
- Maiatzaren 17an, ostegunean, etorriko da.
- Maiatzaren 17an, ostegunarekin, etorriko da.
ISO 8601
[aldatu | aldatu iturburu kodea]ISO 8601 arauak datak irudikatzeko nazioartean adostutako modu bat[2] planteatzen du:
- UUUU-HH-EE.
Beraz nazioarteko arau honi jarraiki, esate baterako, 2024ko maiatzaren 17a, horrela idatziko litzateke:
- 2024-05-17.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Data nola adierazi, Euskaltzaindia, 2009-05-15.
- ↑ (Ingelesez) «ISO - ISO 8601 — Date and time format» ISO 2017-02-21 (Noiz kontsultatua: 2024-07-14).