Edukira joan

Datue jauregia

Koordenatuak: 43°08′23″N 1°31′36″W / 43.1397°N 1.5267°W / 43.1397; -1.5267
Wikipedia, Entziklopedia askea
Datue jauregia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaElizondo
Koordenatuak43°08′23″N 1°31′36″W / 43.1397°N 1.5267°W / 43.1397; -1.5267
Map
Arkitektura
EstiloaBarrokoa

Datue edo Datueberria[1] jauregi barroko eta leinu etxea da, Nafarroa Garaiko Elizondo herrian dagoena.[2]

Baztanen dago, Elizondo herriaren hegoaldeko sarreran, Datuzelai alderdian.[2]

Leinu etxea da Datue, egungo jauregia eraiki aurretik ere existitzen zen leinu batena. Jatorrizko familia Aldekoa zen.[2] 1568an Joan Aldekoa zen jabea, Agustin Aldekoa 1696an, eta Frantzisko Aldekoa 1723an.[3] [4] Bertan jaio zen 1692an Miguel Aldekoa Datue, Asturiasko Printzearen diruzain eta Finantza kontseilari izatera iritsi zena.[5] Haren arreba, Joana Maria Aldekoa Datue, Agustin Jauregi Aldekoa (1711-1784) Txileko gobernadore eta Peruko erregeordearen ama izan zen.[6][7]

Martin Luis Etxeberria Baztango alkate eta militarra ere han bizi izan zen, Maria de los Angeles Iturralde Aldekoarekin ezkondu ondoren. Buruzagi karlista gisa nabarmendu zen Etxeberria Lehen Karlistaldian, eta Erreniegako guduan hil zen 1838an.[2][8] Zigor gisa, liberalek su eman zioten jauregiari Elizondoz jabetu zirelarik; era horretan familiaren artxiboa galdu zen.[9]

Gerra zela-eta, Martin Luisen emaztea erbesteratu egin zen, eta haren seme Damaso Etxeberria Iturralde Bordelen jaio zen 1834an. Gerra bukatuta itzuli zen Datuera, eta hura ere Baztango alkate izan zen. Baina semea ez zen nabarmendu gerrengatik; letrengatik ere ez asko, baina euskal hitzak idatzi zituen: 1857an Frantzisko Xabierkoaren omenez egindako poema, besteak beste. Luis Luziano Bonaparterekin harremana izan zuen, haren idatziak landu baitzituen euskararen mapa egiteko. Are gehiago, Bonaparte Datue jauregi ondoko Datugaraia etxean hartu zuten.[2]

Bigarren Karlistaldian, Nafarroako Junta Karlistaren partaidea izan zen Damaso Etxeberria eta, 1874-1876 bitartean, Burgosetik deserrituak izan ziren Misioaren Kongregazioko 35 fraide eta ikasle aterpetu zituen Datue jauregian; urte horietan Baztan karlisten esku zegoen.[10]

Bolumen kubikoko eraikin bakartua da, paramentu igeltsuztatuak eta kantoi-harri gorriak dituena. Hiru solairu dauzka, hegatz bikoitza, eta lau isurkiko teilatua; estalkiaren gainean, txapitula txiki batzuk nabarmentzen dira. Behealdean, fuste ildoduneko eta doriar ordenako bi zutaberen artean, erdi-puntuko portalea dago. Lehenbiziko solairuan, balkoi bat dago portalearen gainean, artekatutako pilastren artean irekia; hauetan pausaturik, frontoi zatitu bat, bigarren solairura ere hedatzen dena.[11]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Datueberria. Leku-izenak, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  2. a b c d e Larrabe, Ainhoa; Tubia, Iker. Historiaren zati bat, salgai. Berria egunkaria, 2014ko urriak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  3. Datue de Elizondo. Gran Enciclopedia de Navarra (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  4. Zudaire, Eulogio. Facerías de la cuenca Baztán-Bidasoa. Institución Príncipe de Viana, Gobierno de Navarra, 1967, culturanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  5. Gonzalez Enciso, Agustín. La monarquía como destino: administración, ejército, iglesia. Juan de Goyeneche y el triunfo de los navarros en la monarquía hispánica del siglo XVIII, fundacioncajanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  6. Remedios Contreras, Miguel. Un navarro del siglo XVIII en América: El virrey del Perú Agustín de Jauregui. Tercer congreso general de historia de Navarra, 1994, sehn.org.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  7. Caro Baroja, Julio. La casa en Navarra. Caja de Ahorros de Navarra, 1982, fundacioncajanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  8. Echeverría, Martín Luis de. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  9. Echeverría Iturralde, Dámaso de. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  10. Olabuenaga, Mitxel. Los Padres Paúles en Elizondo. pauleszaragoza.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-18).
  11. Elizondo. Atlas del patrimonio histórico-cultural, lebrelblanco.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-2).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]