FC Porto (Futebol Clube do Porto) Portugalgofutbol talderik onenetakoa da, "hiru handien" artean baitago. Berau da Lisboakoa ez den bakarra, Porto hirikoa baita izatez. Portugalgo txapelketa ugari irabazteaz gain nazioarte mailan punta puntako taldea izan da, tartean Kontinente arteko Futbol Kopa birritan ere irabazi baitu.
António Nicolau de Almeida merkatariak sortu zuen 1893 urtean. XX mendean Portugalgo talde handia izan zen. 30.hamarkadan hiru liga eta Iberiar Kopa bat irabazi zituen, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren 1956 eta 1958an ligak eta kopak lortu zituen.
1984 artean Porto zen "Portugalgo hiru handien" artean Europako titulurik ez zeukan talde bakarra. Urte horretan Europako Errekopako finala galdu zuen Italiako Juventus FC-ren aurrean baina 1987an Europako Kopa (FC Bayern Munich 2-1 gaindituz) eta Kontinente arteko Futbol Kopa (CA Peñarol, berriz 2-1) lortu zituen. Urte bikaina bukatzeko Europako Superkopa ere eskuratu zuen Ajax Amsterdami bi partidatan 1-0 irabaziz. Hurrengo urteetan Portugalen puntako taldea izaten jarraitu zuen baina Europako txapelketatan ez zuen emaitza aipagarririk izan.
XXI mendean Portugalgo talde nagusia bihurtu da, 9 Liga, 7 Kopa eta 9 Superkopa irabazi baititu. Azken hiru denboralditan Jackson Martinez aurrelari kolonbiarra golegile nagusia izan da.
Europan ere mende berria indartsu hasi zuen 2003rako UEFA Kopa eskuratuz eta hurrengo urtean berriz ere Txapeldunen Liga (finalean AS Monacori 3-0) eta Kontinente artekoa irabazi zituen, oraingoan 0-0 egin ondoren CD Once Caldas penalti jaurtiketetan gaindituz. 2011ean bigarren UEFA Kopa eskuratu zuen finalean SC Braga gaindituz.
2014an Julen Lopetegiasteasuarra fitxatu zuen entrenatzaile lanetarako. 2014-15 denboraldian Txapeldunen Ligan aritu da eta taldekako fasean Athletic-en talde berean kokatua izan da. Partida bietan portotarrak izan dira nagusi. Final laurdenetaraino iritsi da baina Bayern Munichek kanporatu du. Portugalgo ligan bigarren postuan amaitu du. 2015ean emaitza eskasen erruz Julen Lopetegi bota zuten eta Ligan 3. egin zuen arren Kopako finala jokatu zuen eta penaltietan galdu zuen titulua. 2018an Liga berri bat irabazi zuen eta 2020an Liga eta Kopa.
1906 inguruan hainbat uniforme erabili zituen baina 1909an Monteiro da Costa-k marra urdin eta zuriak zituen elastikoak diseinatu zituen. Hasiera batean polemika piztu zen hiriko kolore berde eta zuria erabiltzea egokiagoa zela esanez, baina Monteiro da Costak orduko Portugalgo banderaren koloreak hobetsi zituen, urdina eta zuria.