Greziako Aro Iluna
Aro Iluna Greziako historiaren garaia da. Mizenastar zibilizazioaren suntsitzetik (K.a. 1200-1100 urtetatik) Aro arkaiko arte (K.a. VIII. mendera arte) doa. Urte horietaz oso informazio gutxi dago eta iturriak eskasak dira.[1] Orain arte aurkitutako aztarna guztien arabera kultura greziarraren dekadentzia eta atzeraldiko garaia da. Urte horietan ere, poliki-poliki, brontzea burdinaz ordezkatua izan zen.[2]
Aro Ilunaren kontzeptua ere Erdi Aroaren lehenengo urteak definitzeko erabili izan da. Espezialista batzuen ustez hasierako urte horiek kultura arloko itzalketa izan ziren eta hori definitzeko "Iluna" hitza erabili izan da. Izan ere, beste iritzien arabera, itzalketa hori ez zen eman, kultura desberdin baten garapena baizik.
Kausak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mizenastar zibilizazioaren desagerpenak Aro Ilunari eman zion hasera. Desagerpen horren arrazoiak ez daude garbi eta, gaur egun, oso fenomeno desberdinen ondorioa izan zela pentsatzen da.[2]
Tesi tradizionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Doriarrek Grezia menderatu zutenean, mizenastarren hiri-jauregiak desagertu ziren. Garai hartan erabat hedatu zen burdinaren erabilera. Hiribildu batzuk sortu ziren, politikari dagokionez burujabeak (polis) izan zirenak, eta lursailak landu ziren haien inguruan. Erregeek gobernatzen zituzten, aitonen semeek lagunduta, haiek baitziren, hain zuzen, artaldeetako eta lurretako jabeak eta kontseiluko kideak. Laborariek eta artisauek bazuten ordezkaririk biltzarrean, baina kontseilu nagusiak esaten zuena izenpetzea zen haien eginkizun bakarra ia. Jopuek eta esklaboek ez zuten eskubide politikorik. Polisak burujabeak baziren ere, elkarren artean bazuten alderdi komunik: hizkuntza, idazkera eta erlijioa, esaterako, bat zuten guztiek. Greziako hiriak Asia Txikiaren kostaldeetara ere hedatu ziren.
Itsasoko herrien tesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro Ilunaren hasiera ere itsasoko herri batzuen inbasioekin lotu izan da. Egiptoko kostaldeko herrietan urte horietan horrelako inbasioen testigantzak daude eta, halaber, Mizenastar jauregien txikizioa, kronologikoki, antzeko urtetan dokumentatu dira. Testu batzuen interpretazioak dio, esaterako, Pilos hirian horrelako inbasioen beldur bizi zirela. Inbasio horiek Hititen Inperioaren erorketarekin lotu izan dira: inperio horren amaierak Brontze Aroan bizi izandako oreka eta merkataritza sarea puskatu zuen. Ondorioz, nomada edo sasinomada ziren herri asko libre sentitu ziren horrelako ekintzak eta erasoak burutzeko.[3]
Dena dela, hainbeste herriren aldi bereko erasoak martxan jartzeko azalpena izan daitekeenik inoiz ez da oso garbi egon. Bat-batean herri txiki asko zibilizazio handien aurka aritzeko gauza izatea ez da erraza ulertzeko. Egeo itsasoko uharte askotan ez da inbasio horien aztarnarik ikusi, gainera, eta barrualdeko beste batzuetan, ordea, bai.
Dirudienez, herri erasotzaile horiek arma berriak zituzten: ezpata luzeak eta xabalinak. Agian horiek hiri-estatuei aurre egiteko abantaila eman zitzaien eta horretaz baliatu ziren.
Barruko arazoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mizenastarren arteko gatazkak txikizio horien jatorria izan daitezke. Agian, herrien matxinadak aristokraziaren aurka eman ziren. Horren ondorioz baliabideak gutxitzea gerta zitekeen. Baina horrek ez du azaltzen zergatik gune txikiagoak utziak gelditu ziren. Agian, kultiboen gutxitzeak eta zergen handitzeak populazioaren pobretzea ekarri zuen eta, azkenean, herrixka horiek uztearen fenomenoa.
Arazo naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezin da ezeztatu ere agian lurrikara gogor batek Mizenastar Zibilizazioaren oreka puskatuko zuela, txikizioa eraginez.
Garaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeramiko estiloen azterketaz oinarrituta aro honen zatiketa planteatu da. Bi estilo horiek Atika aurkitu izan dira eta, ondorioz, zaila da Greziako beste lurraldetara zabaltzea. Bi garai arkeologiko dira eta Aro Iluna zatitzeko erabiltzen dira baina bere funtsa ez da erabatekoa ezta orokorra ere.
Mizenastar azpigaraia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte horietan dekorazio sinplea ikusten da, eskuz egindako lerro horizontalak eta uhindunak, triangeluak, zirkuluerdiak. Irudi ilunak dira atzealde argi baten gainean. Estilo horri aletegi estiloa esan zaio.[4]
Protogeometriko azpigaraia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeramiketan aurrerapen handia ikusten da. Teknika eta tresna berriak agertzen dira: buztingileraren tornua, konpasen erabilera, pintzela... Bernizak eta dekantazioaren kalitatea ere hobetu ziren. Apaingarriak erabat geometrikoak dira, batez ere lerro zuzenak. Kurbak egiteko konpasak erabiltzen ziren. Apaintze nagusia ontziaren erdialdean egiten zen. Aztarna interesanteenak Atenasen aurkitu dira, Kerameikos eta Dipylon hilerrietan. azpigaraiaren bukaeran bariante bat agertu zen, Dipylon beltz estiloa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ María José Hidalgo de la Vega, Juan José Sayas Abengochea, José Manuel Roldán Hervás. Historia de la Grecia Antigua, 73 or. Salamancako Unibertsitatea, 1998. ISBN 84-7481-889-3.
- ↑ a b https://www.lacrisisdelahistoria.com/la-edad-oscura-de-grecia/
- ↑ Sandars, N.K., The Sea Peoples: Warriors of the ancient Mediterranean 1250–1150 BC. London: Thames and Hudson, c. 1978. ISBN 0-500-02085-X.
- ↑ https://web.archive.org/web/20210731082601/https://www.artehistoria.com/es/contexto/cer%C3%A1mica-0
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez):Thomas R. Martin: An Overview of Classical Greek History from Mycenae to Alexander, The Early Greek Dark Age And Revival in the Near East atala.
- (Ingelesez):Perseus proiektua.
- (Ingelesez):Anthony M. Snodgrass, The Dark Age of Greece: An Archaeological Survey of the Eleventh to the Eight Centuries BC, Routledge, 2001. ISBN 0-415-93636-5