Gurutzatuen estatuak
Gurutzatuen estatuak entitate politiko feudalak izan ziren, Europako ekialdean eta Mediterraneo aldean XI. mende amaieran sortu zirenak, Gurutzaden sasoian europar kristau katolikoek eureganatutako eremu inguruetan. XIII. mendean desagertu egin ziren.
Batez ere Ekialde Hurbileko Estatu Latindarrak izendatzeko erabiltzen zen izendapena, baina Balkanetako beste eskualde batzuetarako eta Itsaso Baltikoko ekialdeko eskualdeetarako ere erabiltzen zen.
Mediterraneoko Levanteko estatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo Gurutzadan sortu ziren:
- Edesako Konderria, 1098-1144
- Antiokiako Printzerria, 1098-1268
- Jerusalemgo Erresuma, 1099-1291
- Tripoliko Konderria, 1104-1288
Armeniako Ziliziako Erresuma Gurutzadak orduko sortuta zegoen, baina Inozentzio III.ak Lusignan etxekoen menpeko erresuma izaera eman zion.
Zipre
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zipreko Erresuma Rikardo Lehoi Bihotzak sortu zuen Hirugarren Gurutzadan: Jerusalemgo errege ohiari eman zion erresuma 1129. urtean. 1489. urtean, Zipreko Erresumako azken erreginak Veneziako Errepublikari saldu zion, eta horiek gerora Maltako Ordenako zaldunei eman zieten, baina ez zuen aurrerabide handirik izan.
Balkanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Laugarren Gurutzadaren ostean Bizantziar Inperioa (Ekialdeko Erromatar Inperioa) hainbat estatutan zatitu zuten, Frankokrazia izeneko aroari hasiera emanez (grekoz Φραγκοκρατία):
- Konstantinoplako Inperio Latindarra, 1204-1261
- Tesalonikako Erresuma, 1205-1224
- Akaiako Printzerria, 1205-1432
- Argos eta Naupliako Jaurerria, 1205-1388
- Atenasko Dukerria, 1205–1458
- Bodonitsako Markeserria, 1204-1414
- Naxosko Dukerria, 1207–1579
- Filipopolisko Dukerria
Veneziako Errepublikak irla batzuen gaineko agintea izan zuen, batzuk XVIII. mendera arte. Maltako Ordena ere irla, hiri eta lur-eremu batzuen jabe izan zen XVI. mendera bitartean.
Feudo txikiagoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mediterraneo itsasoko irla txiki batzuetan estatu izaerarik izan ez zuten entitate feudal txikiak sortu ziren, gurutzada txikiagoen eraginez, gaur egungo Tunisiako kostaldean diren Jerba eta Tabarka uharteetan, esate baterako.
Baltikoko Gurutzadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsaso Baltikoko eskualde batzuetan, tribu indigena batzuk kristautasunaren aurka ekin zioten, eta Zelestino III.ak zaldun kristauen ordena bi bidali zituen prusiar, lituaniar, letoniar eta estoniar paganoak menperatzera.