Humza Yousaf
Humza Haroon Yousaf (Glasgow, Eskozia, 1985eko apirilaren 7a) politikari eskoziarra da, Eskoziako lehen ministroa eta Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) burua 2023ko martxotik 2024ko maiatzera.[1] Nicola Sturgeon aurreko buruzagiaren gobernuan aritu zen Yousaf, 2018tik 2021era bitartean justizia-idazkari gisa, eta gero 2021etik 2023ra osasun-idazkari gisa. Eskoziako Parlamentuko Kide (MSP) izan da Glasgow Pollok barrutirako 2016. urteaz geroztik, eta aurretik Glasgow eskualdea ordezkatu du 2011tik 2016. urtera bitartean.
Glasgowen jaio zen Yousaf, pakistandar etorkinen semea, eta Politika ikasi zuen Glasgowko Unibertsitatean. 2007an Bashir Ahmad Eskoziako Parlamenturako aukeratutako lehen musulmanaren laguntzaile parlamentarioa izan zen. Ahmad bi urte geroago hil zen eta Yousafek laguntzaile moduan lanean jarraitu zuen Alex Salmond eta Nicola Sturgeonentzat. 2011ko parlamenturako hauteskundeetan hautatua izan aurretik, Yousafek SNPren egoitza nagusian lan egin zuen komunikazio-ofizial gisa. 2012an Salmonden gobernuko idazkariorde izendatu zuten eta 2014ra arte kanpo-arazoetarako eta nazioarteko garapenerako ministro izan zen.
2014an Sturgeon lehen ministro izendatu zutenean, Yousaf Europako ministro izendatu zuten eta 2016an Garraio eta Uharteetako ministro. 2018an Sturgeonen bigarren gobernuaren kabinetearen birmoldaketan, Yousaf Justizia idazkari kargura igaro zen. Gorroto-delituen lege polemikoa aurkeztu zuen.[2][3] 2021ean, Osasun idazkari izendatu zuten COVID-19aren pandemiaren ondorengo fasean, eta NHSren (Eskoziako Osasun Zerbitzuaren) susperraldiaren arduraduna izan zen, baita bere aurrekoarekin hasi zen txertaketa-programa masiboa aurrera eraman zuena ere. Sturgeonek SNPko buruzagi eta Eskoziako lehen ministro kargua uzteko asmoa iragarri ondoren, Yousafek SNPko buruzagitzarako hauteskundeak irabazi zituen 2023an, Kate Forbes ozta-ozta garaituz bigarren bozketan (% 52 eta % 48).
Yousaf ofizialki lehen ministro izendatu zuten 2023ko martxoaren 29an. Eskoziako lehen ministrorik gazteena bihurtu zen, kargu horretan lehen musulmana eta asiar jatorriko lehena ere izan zen. 2024ko maiatzean, Eskoziako lehen ministro eta Eskoziako Alderdi Nazionaleko buru karguak utzi zituen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Humza Yousaf, Cabinet Secretary for Health and Social Care, visit to University Hospital Monklands» YouTube.
- ↑ (Ingelesez) «MSPs approve Scotland's controversial hate crime law» BBC News 2021-03-11 (Noiz kontsultatua: 2023-03-29).
- ↑ (Ingelesez) Philip, Andy. (2020-09-09). «Humza Yousaf defends controversial hate crime laws after backlash» Daily Record (Noiz kontsultatua: 2023-03-29).