Edukira joan

Jason

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jason
Greziar mitologia
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
Familia
AitaAeson (en) Itzuli
AmaAmphinome (en) Itzuli, Alcimede (en) Itzuli eta Polymede (en) Itzuli
Ezkontidea(k)Glauce (en) Itzuli, Medea eta Hypsipyle (en) Itzuli
Seme-alabakMermerus (en) Itzuli, Pheres (en) Itzuli, Alcimenes (en) Itzuli, Euneus (en) Itzuli, Deipylus (en) Itzuli, Tisander (en) Itzuli, Thessalus (en) Itzuli, Medus (en) Itzuli eta Eriopis (en) Itzuli
Anai-arrebakPromachus (en) Itzuli

Jason[1] (antzinako grezieraz: Ἰάσων, Iásōn, i.ǎː.sɔːn ahoskatua) greziar mitologiako pertsonaia bat da. Eson eta Alzimedaren semea zen, Iolkoseko erregea, bere anaia Peliasek tronutik kendu zuena. Azken honi, orakuluak, sandalia bakarra jantzita zeraman gizon batekin kontu handia izateko esan zion, bere tronua arriskuan jarriko baitzuen.

Jason, Kiron Zentauroak hezi zuen helduarora iritsi zen arte. Jasonek hogei urte bete zituenean, Iolkosera abiatu zen, herentziaz berea zen tronua berreskuratzeko asmoz. Bidean, ibai bat gurutzatu behar izan zuen, non bere sandalietako bat galdu zuen. Hirira iritsi zenean, bere osaba Peliasek deitu zuen, eta honek, bere ilobak sandalia bakarra zeramala ikusi zuen. Baita orakuluak esandako pertsona izan zitekeela ere. Horregatik, bere lurretik aldentzea erabaki zuen, betebehar zail batetara bidaliz: Kolkidara bidaiatu eta handik urrezko ahari larrua ekartzea, Frixo, Peliasen arbasoaren bizitza salbatu zuen ahari mitiko baten larrua zena. Ahari honek Kolkidara eraman zuen Frixo. Han, Frixok, Zeusi, ahari hau eman zion sakrifizio bezala, eta, ondoren, ahari larrua, urrezkoa zena, Eetes erregeari eman zion, zuhaitz batean utzi zuena, ahotik sua botatzen zuten bi zezenek eta sekula lo egiten ez zuen suge batek zaindua.

Jasonek, berrogeita hamar greziar heroi talde batek lagunduta (Kastor, Polux, Peleo, Orfeo, Herkules, Teseo, Laertes, Meleagro, Atalanta -taldeko emakume bakarra, korrikalari eta arkulari bikaina-) espedizioa antolatu zuen. Argosi, honen omenez Argo izena hartu zuen itsasontzia eraikitzeko esan zion. Eta, aldi berean, bertan ontziratu zirenek, ontziaren izenetik, Argonauta izena hartu zuten. Argonauta guztiak bilduta, itsasorantz atera ziren, Kolkidara bidean.

Handik gutxira, Lemnos uhartera iritsi ziren, non emakumeak soilik bizi ziren. Erreginak, Hipsipila izena zuenak, Jasonetaz maitemindu zena, uharteko emakumeak Afrodita jainkosak zigortuak izan zirela esan zion, gurtzen ez zutelako, atzera botatzeko moduko kirats batekin bustiz. Honegatik, hara hurbiltzen ziren gizonek uko egiten zieten, inguruko uharteetako emakumeekin bliduz. Mendeku bezala, lemniek uharteko gizonak hil zituzten. Argonautek denbora bat eman zuten Lemnoseko emakume hauekin, eta, gero alde egin zuten.

Herrialde batzuetatik igaro ondoren, Salmidesora iritsi ziren, non Fineo aurkitu zuten, itsua eta igarlea, argonautek, harpiak gainetik kentzen lagundu zutena emakume aurpegidun munstro hegalariak, herpe eta hegoekin, nortzuk, jainkoek jarritako zigor bat betez, Fineori, elikatzea eragozten ziotena.

Fineok, bere esker ona adieraziz, Kolkidarantz jarraitu beharreko bidea zein zen esan zien argonautei, eta, gainera, Harri Urdinetan aurkituko zuten arriskua nola gainditu esan zien. Harri Urdinak, igerian zebiltzan bi harkaitz ziren, etengabe mugitzen zirenak, euren artean talka egiten zutenak, eta, talka horietan, bertatik igarotzen saiatzen zen edonor zanpatzen zutenak.

Oztopo hau igaro ondoren, Kolkidara iritsi ziren. Jasonek, bertako errege zen Eetesi, bere asmoa zein zen adierazi zion. Eetesek, urrezko ahari larrua eramaten utziko ziola esan zion, baina honako baldintza hauekin: lehenik, urrezko ahari larrua zaintzen zuten bi zezenak uztarpetu behar zituen, horren ondoren, lurra landu eta, ildoetan, Atena jainkosak Eetesi berari emandako hortz batzuk botatzea. Gainera, urrezko ahari larruaren beste zaintzailea zen sekula lo egiten ez zuen sugea garaitu behar zuen. Suge hau, beti zegoen urrezko ahari larrua zegoen zuhaitzean. Medea, Eetesen alaba, biziki maitemindu zen Jasonetaz eta, aurretik berarekin Iolkosera joateko konpromisoa hartuz, Peliasen ilobari, bere balentria aurrera eramaten lagundu zion, bere sorginkeriak praktikan jarriz.

Jasoni, edabe magiko bat eman zion, munstrozko zezenek minik egin ez ziezaioten. Zezenak uztarripean jartzea lortu zuenean, hortzak, lurrean eginiko ildoetara bota zituen. Horietatik, ehundaka gizon armatu irten ziren, heroiaren aurka joan zirenak, baina honek, Medeak esandakoa jarraituz gizon horien artera harri bat bota zuen, eta armadak euren artean borrokatu ziren. Ondoren, Medeak, sugeari berebiziko logura eragin zion. Jasonek, larru preziatua bereganatu zuen eta bere bidailagunekin, Medearekin eta azken honen neba zen Apsirtorekin ihes egin zuen honen ontzian. Eetesen gizonek, ontzia jazarri zuten, eta Medeak bere neba hil, txikitu eta itsasora bota zuen. Eetes erregeak bere semearen hondakinak bildu eta Argonautak begi bistatik galdu zituen.

Honen ondoren, Argonautek itzulerako bidaia abiatu zuten, arrisku ezberdinak saihestuz: ekaitzak, uhandreen setioa, Eszila eta Karibdis munstroen erasoa... Azkenik Iolkosera iritsi ziren. Han, Peliasek, Jasonengandik, urrezko ahari larrua jaso zuen, eta ondoren hil egin zen, bere alaben esku, hauek Medeak engainatu ondoren. Orduan, Jasonek eta Medeak Korintora ihes egin zuten. Bi seme-alaba izan zituzten. Baina, beranduago, Jasonek bere emazteari uko egin zion, Glaukarekin ezkontzeko, Korintoko erregearen alaba zena. Medeak, mendeku bezala, Jasonekin izan zituen seme-alabak eta Glauka hil zituen.

Jason eta zinea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost pelikula egin dira, argonautek urrezko ahari larruaren bila eginiko bidaia kontatzen dutenak. Jason eta Argonautak (Jason and the Argonauts 1963) Don Chaffeyk zuzendutakoa, non, Ray Harryhausenen efektu bereziak nabarmendu ziren, Jason and the Argonauts 2000, Hallmarkek ekoiztutako telebistarako pelikula, Medea 1969, Pier Paolo Pasolinirena, Maria Callasekin, "Tessagliako erraldoiak" 1961 eta "Herkules" 1958.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]