Edukira joan

Jorge Oteiza

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau eskultoreari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Oteiza (argipena)».
Jorge Oteiza

Bizitza
JaiotzaOrio1908ko urriaren 21a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia2003ko apirilaren 9a (94 urte)
Hezkuntza
HeziketaLekarozko ikastetxea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakpoeta, eskultorea, margolaria, arkitektoa eta zeramikaria
Lantokia(k)Donostia
Buenos Aires
Santiago
Madril
Bogota
Altzuza eta Kukuarri
Jasotako sariak
Mugimenduaarte abstraktua
Genero artistikoaarte abstraktua

Find a Grave: 14476279 Edit the value on Wikidata
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ez Dok Amairu eta XX. mendeko kantagintza

Jorge Oteiza Enbil[1] (1908ko urriaren 21a, Endaia etxea, Orio, Gipuzkoa2003ko apirilaren 9a, Donostia, Gipuzkoa) euskal herritar eskultore eta arte-teorilaria izan zen. Eduardo Txillidarekin batera, XX. mendeko euskal herritar eskultorerik garrantzitsuena da, eta hare itzala mundu guztira zabaldu da, XX. mendeko bigarren erdiko abangoardia artistikoetan izan baitu eragina, baita Euskal Herritik kanpo ere, esperimentazioarekin eta arteak gizartea eraldatzeko duen ahalmenarekin erabat konprometitutako sortzaile gisa.[2]

Euskal Herriko hainbat pentsalari, artista eta arkitektorengan eragin handia izan du, "euskal arima" berreskuratzea izan baitzuen helburu. Espazioari buruzko gogoetan oinarritu zuen bere lana: bolumenaren eta espazioaren arteko analisia irudi karratuen eta esferen bidez; espazioaren hustuketari buruzko ikerketa. Haren lana konstruktibismotik abiatu bazen ere, bere ondorioek minimalismoaren sortzaileetako bat bihurtzen dute; izan ere, Richard Serrak ere onartu zuen Oteizaren teorien eragina. XX. mendean arteari buruz gaztelaniaz idatzi duten saiakeragile garrantzitsuenetarikotzat jotzen da.

Bizitza eta lana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen pausoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bere osaba Victor Enbilen omenez egindako eskultura.

Orioko Endaia etxean jaioa, ondoko Zarautz udalerrian bizi izan zen gehienbat. Donostiako Jesusen Bihotzaren ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. 13 urte zituela, Lekaroza bidali zuten gurasoek ikastera. Aitak zuen negozioak porrot egin eta Ameriketara joan behar izan zuenean, Oteiza lanean hasi beharrean aurkitu zen. Aita Ameriketatik itzultzean, Madrila joan zen familia osoa. Linotipista lan egin behar izan zuen han, ikasketak aurrera eraman nahi bazituen. Arkitektura oso begiko zuen arren, medikuntza ikasketak hasi zituen, baina hirugarren ikasturtea egiten egiten ari zela dena bertan behera utzita, Arte eta Lanbide eskolan eman zuen izena. 1928. urtean hasi zen eskulturagintzan, eskultura figuratiboekin garaiko estiloari jarraiki. Hasiera haietakoa da Adan eta Eva izeneko eskultura.

1931n irabazi zuen lehen aldiz Jorge Oteizak Gipuzkoako Artista Hasiberrien saria. Bi urtekoa zen lehiaketa, eta 1933an irabazi zuen berriro.1934an, Nikolas Lekuona eta Narziso Balentziagarekin batera, egin zuen Donostiako Kursaalean lehen erakusketa. Gizarte egoerak nazkaturik, Ameriketara doa 1935ean Balentziaga margolaria lagun duela[3]. Buenos Airesen, Txileko Santiagon eta Bogotan egon zen, nahiko neke eta eskasia pasatuz. Buenos Airesen, Wittcomb aretoan, erakusketa egin zuen 1935ean, Ignacio Zuloagaren gomendioari esker.

Ameriketako egonaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Ameriketan zen eta han gelditu zen bizitzen 1946 urtera arte. Txilen Huidobro, Lipchitz, Brancusi eta Arp abangoardistak ezagutu zituen. Eragin handia izan zuten Oteizarengan Europako abangoardiek eta Hego Ameriketako Kolon aurreko eskulturak. Txileko Herri Frontean eman zuen izena, eta bestalde Antzerki Politiko Esperimentala eratu zuen. Txileko Herri Fronteak hauteskundeak galtzearekin batera, Buenos Airesera alde egin zuen. Bi hirietan erakusketak egin zituen. Buenos Airesen jaso zuen Gernikaren bonbardaketaren berria, eta depresio izugarri batek jo zuen. Egoera horretan sartzen da bere bizitzan Itziar Carreño, eta harekin ezkonduko da 1938an. Bogotako Zeramika Eskola Nazionalean irakasle gisa lan egin zuen 1941 urtetik. 1943 urtean Carta a los artistas de América sobre el arte nuevo en la postguerra idazten du.

Ameriketako lehen urteetan eskultura figuratiboari jarraitu zion, baina 1940ko hamarkadan piramide iraulia hautatu zuen oinarrizko banakotzat, eta irudi etzanak egiten hasi zen. Garai hartan ekin zion eskulturaren eta estetikaren inguruko teoriak hausnartzeari. Lehen lanek espresionismoaren eta kubismoaren eragin garbia zuten, baina hutsaren estetikaren esperimentazioari ekin zion ondoren. Bere orduko lanetan Henry Mooreren eragina nabarmena da.

Euskal Herrira itzulera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Korearra, gorpu bat hustuz sortutako lehen eskulturetako bat.

1947an itzuli zen Euskal Herrira. Hasieran bizimodu zaila izan zuen eta Bilbon bakartzaile elektrikoak egiten zituen fabrika bateko zuzendari tekniko gisa lan egin behar izan zuen. Halere, itzulerarekin batera hasi zen eskulturagintzako garai oparoa Oteizaren bizitzan.

1949an Felipe IV.ari Donostian monumentu bat egiteko lehian irabazle atera zen, monumentua sekula gauzatuko ez bazen ere. Orobat, Bilbon Studio Galerian eta Madrilen Biosca Galerian erakusten du bere obra.

Hiperboloidetik Arantzazuko Apostoluen frisora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Arantzazuko Apostoluen Frisoa»

Halere, 1950. urteak markatu zuen Jorge Oteizaren jarduna: Arantzazuko santutegi berrirako irudiak egiteko enkargua ematen diote. Sáenz de Oiza eta Laorga arkitektoek egingo zuten arkitektura, Carlos Pascual Larak pintura –hura hiltzean, Lucio Muñozek pintatu zuen absidea–, Xabier Alvarez de Eulatek beirateak, Eduardo Txillidak ateak eta Nestor Basterretxeak kripta. Lehendabiziko apostoluak egiten hasi eta hurrengo urtean, Oteizaren irudiek debekua jasotzen dute, eta Arantzazuko errepideko bazterrean geratuko dira irudiok –batzuk osatuta, osatu gabe gainerakoak–, garai hobeak iritsi zain.[4][5]

1951ean Milanen IX. Hiru Urteko Sariko Diploma erdietsi zuen, eskultura saio baten bidez. Santanderko Udako Unibertsitatean Informe sobre la escultura contemporánea txostena aurkeztu zuen. Londresen jartzeko zen baina inoiz gauzatu ez zen Preso Politiko Ezezagunari Monumenturako nazioarteko lehiaketa irabazi zuen Oteizak: hutsune bat inguratzen duten bi zutiko eta zeharkako bat ziren monumentuaren osagarriak, eskultura hutsartea baita, zilindroaren hustuketaren bidez ateratzen diren bi pilare hiperboloideren eraginez eratzen den hutsartea, alegia. Hutsarte horrek, positibaturik, beste eskultura bat ekarriko zuen, Prometeo izenekoa, hain zuzen ere.

Arantzazuko lanaz eta Londresko monumentuaz hizkera espazial eta abstraktu berri bat erdietsi nahi zuen Oteizak, euskal abangoardia bat sortuko zuena. Historiaurrean eratu zen “euskal arima jatorrizkoa” izango da Oteizaren kezka gailenena orduan eta geroago. Une horretan idatzi du Androcanto y sigo poema-liburua, 1954an argitara emana.[6]

Hiperboloidea
Arantzazuko Apostoluen Frisoan lanean

Propósito Experimental

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1954an, Arantzazu utzi behar izan zuelarik, eta 1959 arte, Juan Huarteren laguntzari esker, Propósito Experimental deituan lan egin zuen. Saio sorta bat zen guztia (klera, igeltsua, latorria, burdin haria, zura eta kartoi mehea erabili zituen aldi horretan bere ideiak moldatzeko, saio eta maketa txiki ugari), hutsunearen eta espazioaren eta denboraren izaera kulturan zein zen aztertu nahi zuen, hori baitzen, bere ustetan, arte esperimentalaren egiteko nagusia. Sorta horretatik guztitik, zirriborro gutxi batzuk bihurtuko ziren eskultura lan, harriz edo beltzez margoturiko burdin xaflaz eginak, materialak ahalik eta neutroena behar baitzuen izan.

Malevitx unitateak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1954an, Romaní eta Sáenz de Oizarekin batera talde bat osatuz, Arkitekturako sari nazionala irabazi zuen. Eta urte horretan Valladolideko domingotarren elizako absideko eskultura egin zuen. Esperimentazio garai horretan, Madrilen egin zituen ikerketen unitate berri bat sortzen du, Malevitx izenekoa.

Hortik sortuko ziren eskultura sorta berriak, Sao Pauloko Bi Urtekoan 1957an irabazle aterako zirenak. Obrarekin batera, argibideak ere bidali zituen Sao Paulora: La estatua como desocupación activa del espacio por fusión de unidades formales livianas. Sao Pauloko garaipen handiaren ondoren, Denise René galeristak –Txillidarekin lan egina zenak– eskaintza handia egin zion Ibarrolaren bitartez Oteizari bere obra zabaltzeko. Baina Oteizak ezezkoa eman zion, bere esperimentazioa ez zuelako eten nahi.

Urte horretan egin zuen Agiñako monumentua Aita Donostiaren omenez. Inguruan harrespil batzuk dituen leku batean jarririk, Aita Donostiaren monumentuak, Oteizaren ustetan, historiaurreko gizakiaren asmo esperimentala ispilatzen du. Baina Oteizak amaitzear zeukan bere bilaketa, eta Caja metafísica número 1 barru-hutsa egitean, eskultura bertan behera uzteko erabakia hartu zuen 1959 urtean, errepikapenak eta kopiak ez egitearren. Izan ere, "artearen azkenaldia, abangoardia historikoen azken aldia osatzea" izan baitzen bere artearen egitekoa. "Aldaketen Legea" deituaz amaitzen du bere ikerketa: "adierazpenaren okupatzea/desokupatzea". Kaxa izeneko bere eskultura erradikalenak sotiltasun formal handienekoak dira: Homenaje a Velázquez obrako "euskal frontoia" triedroa edo Unidad Mínima obrako diedroa.

1960an, Nestor Basterretxearekin batera, erakusketa bat egin zuen Madrilgo Neblí galerian; geroago Bilbora ere eraman zuten. Liman eta Montevideon zenbait hitzaldi eman zituen. 1960-1962 bitartean erakusketak egin zituen Estatu Batuetan eta Kanadan, New Yorkeko Arte Modernoko Museoak antolatzen duen “Pintura eta eskultura berria Espainian” erakusketari esker.

Oteizaren jardueran aparteko garrantzia du 1963 urteak. Arantzazuko apostoluen lana geldirik zegoen artean, Vatikanoko aginteak debekaturik.

Euskal pentsamendua eta estetikaren ikerketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aita Donostiari omenaldia eskultura Agiña mendian (Lesaka eta Oiartzun artean).

Euskal pentsaera eta estetikaren ezaugarri nagusiak euskararen erroetan bilatzen saiatu zen. Quousque Tandem saiakeran euskal arimaren estetikaren interpretazioa aztertu zuen, historiaurreko artean eta antropologian erroak bilatzen zituena, berariaz asmaturiko sistema filologiko-poetikoen bidez. Antzinako gizakiak mundua nola ikusten zuen jakitea izan zuten helburu bere ikerketek, naturarekiko harreman eta ikuskera hori gizaki hark hizkuntzan eta artean nola zizelatu zuen jakin eta aditzera eman ahal izateko, euskal historiaurreko harrespil, zutarri eta trikuharriak ulertzeko. Huts eta harro hitzen estetika-etimologiak erabili zituen antzinako ikuskera horiek ulertzeko.

Oteizak berak idatziko du: "Atzeraka idazten dut. Aurreraka begira, baina atzera jotzen dudala, atzeraka noala". Oteizaren ustetan, atzera eginez, historiaurreko gizakiarekin, indoeuropar aurrekoarekin bat egitera jotzen du, kutsatu gabe dagoen gunera, aurreraka jotzeko, hau da, abangoardiara (azpititulu argigarri bat dakar liburuak 1963ko argitalpenean: Euskal arimaren ulerpide estetikorako saioa). Euskal estiloa izango zen euskal berpizkundea ekarriko zuena, munduko modernotasuna sor zezakeena. Liburuak oso arrakasta zabala izan zuen, gazteen artean batez ere.

Kultur eragile eta Euskal Herriko arte-mugimenduaren gidari jokatu nahi izan zuen Oteizak. 1964an Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Joxe Azurmendi eta Juan San Martin (Otsalar) poeten antologia baterako hitzaurre jakingarria idatzi zuen. Ez Dok Amairu taldeari izena eman zion (1965) Azkuek Bizkaian jasotako herri ipuin batetik hartua eta Elorrioko Haur-Unibertsitatea sortzen saiatu zen. Hainbat talde artistikoen sortzaileetako bat izan zen: Hemen, Gaur, Orain, Danok, Baita (1966).

Ejercicios en un túnel liburua 1966an prest zeukan, Quosque Tandem...! lanaren haritik, baina zentsurak ez zion utzi argitaratzen (1982an argitaratuko zen). Kultura higikunde alternatibo bat sortu behar dela aldarrikatu zuen Oteizak: estetika hartzen zuen jakintza osotzat, giza esperientziaren oinarrizko batasun ontologikoa argitzeko gauza den jakintza bakartzat.

Eskulturagintzaren amaiera eta buelta Arantzazura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Apostoluak Arantzazuko santutegiko fatxada nagusian, Oñati

Eskulturagintzaren ikerketa eman zuen amaitutzat Oteizak 1959an, ez eskulturagintza bera, eskulturak egitea. Obra berriak, eta ugari gainera –batzuk lehenago hasiak– egingo zituen. Ideia zaharren aldaera berriak egingo zituen Laboratorio de Tizas delakoan; eta etorri ere hortik etorriko zen Arrasateko Lankide Aurrezkiaren egoitzaren aurrean ipinita dagoen Arri ernai zaitzailea (1974). 1968an Arantzazuko apostoluak egiteko ordua iritsi zitzaion: lehengo debekuak gainditurik, Oteiza Arantzazuko obran murgildu zen.

1966ean Gaur taldea sortu zen, eta lehen erakusketa antolatu zuen Donostian: euskal eskola zen, eta taldekide ziren Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Amable Arias, Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi eta Remigio Mendiburu. Estetikarenak baino gehiago gizartearen arazoak ziren artista guztiok elkartzen zituenak. Oteizaren eraginez, Orain taldea Araban eta Emen taldea Bizkaian sortuko ziren.

Oteizaren asmoa betidanik izan da Euskal Herrian artegintza bultzatzea, estetikaren garrantzia eskolara eta gizartera –are politikara– eramatea. Ameriketara joan aurretik azaldua zuen asmo hori, eta gerora ere behin eta berriz azaldu izan du. 1964an, Gernikan, Basterretxea eta Larruquerten Pelotari filma aurkeztean, Oteizak hitzaldi bat eman zuen: Importancia del artista en la vida del pueblo vasco. Eta Madrilen eskainiko duen hitzaldi sorta batean, ikerketa estetiko konparatuen nazioarteko laboratorio bat sortzeko adostasuna lortu zuen Giulio Carlo Arganekin.

Hurrengo urtean Bartzelonan ikasle euskaldunei eskaini zien hitzaldiak El arte como escuela política de tomas de conciencia du titulua. Loiolako jesuitei proposamen bat egin zien pabilioi bat ikastola esperimentaltzat eta Euskal Unibertsitate gisa ipini zezaten, arte lantegiak jarriz. Donostian gisa bertsuko proposamena egin zuen Kursaal Handian, eta Euskal Antropologia estetikoko museo proiektu bat aurkeztu zuen Gasteizen. Proiektu hauetatik guztietatik ez zen bakar bat aurrera atera. 1969an oraindik, Deban, beste ahalegin bat egin zuen Oteizak, Debako Eskola deitua sortuz. Baina Debakoak apenas iraun zuen hamar hilabete. Iruñean Ikusmen Arteen lantegia sortu nahi izan zuen (1978), eta Bilboko Arte Ederretako Fakultatea berritzeko planak egin zituen, Euskal Eskolaren mende jartzeko inolaz. Baina piztu bezala itzali ziren proiektu hauek guztiak ezerezean.

Altzuzan erretiroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorabehera hauen guztien ondoren, Oteiza Altzuzara erretiratu zen, eta poesia eta ustezko aurreindoeuropar filologia bat (filologiaren zientzia hastapenak aintzat hartzen ez zituena) hasi zen lantzen. Gizakiaren barnera itzuliko den pedagogia bat indartu beharra eta proposamen linguistiko berri baten premia azpimarratuko ditu Oteizak behin eta berriro. 1974an Hondarribiko Txantxangorri galerian egin du bere ustetan “eskultore gisa egin duen azken erakusketa izango dena”.

Itxaropen handiak piztu zitzaizkion Oteizari, Franco hil eta gero, Euskal Kontseilu Orokorra sortu zenean: hark bere ideiak gauza zitzakeela pentsatu ere pentsatzeraino. Baina itxaropen horiek guztiak ustel atera zitzaizkion. 1979an, Sabino Arana Fundazioaren egoitzaren proiektua egiteko hautatu zuten –Basterretxearekin batera–; harako dirua biltzeko Sabino Aranaren buru irudia egin zuen, eta haren kopia ugari egin ziren. Halere, proiektu hori Oteizarik gabe burutu zen berriro. Euskadi aldizkariak bere izeneko saria eman zion Oteizari 1985ean, kulturaren alorrean urtetan egindako lana aitortuz. 1988an, Asturiasko Printzearen saria eman ziotenean, Cartas al Príncipe idaztean, berriro ere gai horiek beroriek, alegia, estetika hedatu beharrak eta horretarako eskolak sortu beharrak, pedagogia berria bilatu beharrak kezkatzen zuen, eta Ejercicios en un túnel liburuan azaldutako kezka berak azalduko zituen. Aukera horretan idatzi zuen gutun irekian, bere atsekabea eta samin mingotsa azaldu zituen Oteizak, herri agintariek jaramonik egin ez zietelako bere eskaintzei eta proposamenei. Urte berean Arte Ederretako domina jaso zuen.[7]

Donostian Ametzagaineko hilerri berria egiteko proiektua prestatu zuen 1986ean, eta Izarrak Alde proiektua aurkeztu. Baina proiektu hori ere bazterturik geratu zen. Urte berean poesia sorta bat eman zuen argitara, Theomaquias deitua: poesia mota benetan laburtua da, erritmo trumiltsuz idatzia, adierazpen minimoa erabiltzen duena.

Poesia horien artean sartu behar da Existe Dios al noroeste (1990) ere. Urte berean, ordea, Parisko Georges Pompidou Zentroan egingo zen eskultura modernoko erakusketa handirako Oteizaren zenbait obra hautatu zituen Margit Rowellek, eta horrela iritsi zen Oteizaren obraren berrikusketa sakona, haren balioa eta eragina denen begien aurrean ipini zuena. 1992 Elegía a Itziar poema liburua idatzi zuen.

Eraikuntza Hutsa altzairuzko eskultura, Donostia
2 gaineko 1, multzo hirukoitza, Ordizia.

Veneziako Bi Urtekorako hautatu zuten Susana Solanorekin batera 1988 urtean. Urte horretan bertan egingo da, azkenean, Caixak babesle, Oteizaren obraren erakusketa handia, Txomin Badiola eskultoreak prestatua, Propósito Experimental izenarekin. Lehen aldia da, gainera, 1978an Pelay Orozcoren biografia argitaratu zenetik, bere obrari buruz gogoeta berriak argitara ematen direna. Erakusketa hori ikustean iger daiteke Jorge Oteizak mende honetako eskulturan izan duen garrantzia: minimalismoa, arte povera eta kontzeptualismoa ezin uler daitezke guztiz Oteizarik gabe, joera horiek sortu baino lehen lan egin baitzuen bide horietatik. Horregatik, aipaturiko joera horiek euskal artistengana iritsi ziren arte, Oteizaren eragina axalekoago izan zen haiengan.

Bilboko Udalak eskatuta, Sáenz de Oiza eta beste zenbait arkitektorekin batera, Alondegi zaharrerako proiektua prestatzen du, Kubo bezala ezagutuko zen proiektu famatua. Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu proiektu hori, eta berriro sutu zen Oteizaren amorrua. Oteizaren ustetan, Guggenheim Museoak baztertu zuen bere Alondegi zaharra, euskal abangoardia eta arte modernoa bere baitan hartuko zituen museoa, hain zuzen. Hala, 1992an, Euskal Erkidegoari agindua zion bere oinordekotza kendu eta Nafarroako Gobernuari eman zion, Altzuzan museo-fundazio bat sortzearen truke.

Nociones para una filología vasca de nuestro preindoeuropeo (1996), bere azken obran, Oteizak aurreindoeuropar hizkuntza teoriei helduko die: bere hainbat hizkuntza intuizio eta irudipen azaltzen ditu, latinak euskara «kutsatu» aurretiko izpiritu estetikoa oratu nahirik. Berriro ere atzera jo nahi du aurrera egiteko, jatorrira jo nahi du gaurko mundua ulertzeko. 1996an Eskulturako Anton Pevsner nazioarteko saria jaso zuen Jorge Oteizak, nazioartean ere bere obraren garrantzia aitortzen den seinale.

Altzuzako museoaren eraikuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Oteiza Museoa»

Bere obraren zatirik handiena Altzuzako fundazio-museoan dago gordeta, baina Madrilgo Centro Nacional de Arte Moderno Reina Sofían eta Bilbo eta Gasteizko Arte Ederretako Museoetan era gordetzen dira bere hainbat obra. azken urteotan haren eskultura zenbait kokatu dira Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, kasu askotan lehendik zirriborratuta edo zeuden eskulturen bertsio monumentalak, baita obra originalak ere. Oteizaren eskultura lan nagusi batzuk Maternidad, Monumento al prisionero político desconocido, La tierra y la luna, Andra Mari, Poliedro vacío, Malevitch-i omenaldia, Desocupación de la esfera, Estela a Madoz, Irten ezin, Kaxa hustuak, Kaxa metafisikoak, Mallarmé-ri omenaldia eta Retrato de un gudari armado llamado Odiseo dira. Iruñeko kaleetan, besteak beste, Oteizaren sei eskultura kokatu ziren 1993tik 2000. urtea bitartean. Jorge Oteiza Fundazioa, Nafarroako Gobernua, Iruñeko udala eta hainbat enpresa eta finantza erakunderen arteko elkarlanari esker osatu zen ekimen bat 1993an jarri zen abian Odiseo obrarekin, eta horren ondoren etorri ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean kokatutako Homenaje a Saénz de Oiza Yamaguchi parkeko Monumento espiritual 1999ko Unidad triple y liviana eta Coreano eta, azkenik, 2000. urteko martxoan inauguratu zen Homenaje al espíritu Iturrama auzoan kokatutako 5 metro luze eta 1,5 metro zabaleko zutabea. 1997an Itziar lana jarri zuen Zumarragan; 1998an, Ordizian, 2 gaineko 1, multzo hirukoitza izenekoa, gaztetan lagun izan zuen Nikolas Lekuona ordiziar artistari eta ETAk hildako Yoyes ordiziar etakide ohiari eginiko omenaldi moduan; 1999an, Eibarren, Daniel Txopitea artegile zenduari eskainia; urtea berean, maiatzean, Jesús de Galíndezen omenetan eginiko eskultura ere jarri zuen Gasteizen, hiriko udalak aginduta, eta ekainean bere aitaren jaioterrian, Azkoitian, Batarrabi obra ezarri zuen, 675 urtean Azkotia egin dutenei eskainia. 1999ko ekainean jarri zuen halaber aspaldi honetan bizileku duen Zarautzen Bertsolaritzari Omenaldia eskultura San Pelayo auzoan, eta urte hartako irailean aurkeztu zen Jorge Oteizak oraingoz Donostian duen eskultura bakarra: alde zaharreko San Bizente parrokiko atari nagusian dagoen Pietà Oteizaren maketan oinarrituta Anda eskultoreak aluminioz egina. Azken urteotan, bestalde, Bartzelonan eta Terrassan ere kokatu dituzte Oteizaren eskultura berriak; azken egitasmoen artean, Debako (Gipuzkoa) Itziarren kokatzekoa duen eskultura aipa daiteke.

Bere bizitzaren azken urteetan ugaldi ziren bere lanaren erakuskertak. 2000ko maiatzean Oteiza y el espacialismo erakusketa inauguratu zen Iruñean, eskultore gipuzkoarrak 50eko hamarkadaren azken urteetan eginiko 30 eskultura biltzen zituena. 2000. urteko urrian, Alacanten, Oteiza: Paisajes y dimensiones erakusketa eratu ondoren, azaroan erakusketa guztiz bitxi bat inauguratu zuen Oteizak berak Orion, bere jaioterrian: Oteiza, marrazkiak, estanpak eta hitzak. Guztira 50 bat marrazki eta estanpa biltzen zituen, kasu askotan Oteizaren testuez lagunduak, azken urte eta hilabeteetan egindako hainbat lan barne; ondoren Valladoliden erakutsi zen erakusketa hau. 2000. urteko abenduan, berriz, Donostiako Kursaal Jauregian inauguratu zen erakustareto berriak Oteizari buruzko erakusketa zabala aukeratu zuen estreinako saiorako. 88 eskultura eta Alzuzako Klarionen Laborategia eginiko 230 pieza klarionez eginiko marrazkiak, alegia bildu zituen erakusketa hark, eta, hala, 1936an lehen erakusketa egiteko aukera eman zion Kursaalera itzuli zen Oteiza. 2001. urteko maiatzean, bestalde, horietako hainbat klarion eta Oteizaren 50eko eta 70eko hamarkadetako 40 eskultura erakutsi ziren Espacialato izenpean, baita bi lan sortu berri ere: Púlpito y memoria eta Oración lunar.

70eko hamarkadaz geroztik, Nafarroako Eguesibarren dagoen Altzuzan aurkitu zuen Oteizak lanerako eta atsedenerako leku egokia, eta bertan egonaldi eta lanaldi luzeak egin zituen bere emaztearekin batera. Han bertan hil zen, hain zuzen ere, Jorge Oteizaren bizitzan berebiziko garrantzia izan duen Itziar Carreño 1991n. 1992 urtean Oteiza Fundazioa sortu zen, honen eskutik Altzuzan (Eguesibarren) Oteiza Museoa eraiki zen, sortzaileak han baitzeukan bizileku eta lantegietako bat.

Polemista sutsu eta kritikari zorrotz agertu zen gehienetan agintarien kultur politikaren aurrean. Txillidarekin urteetako liskarrak bertan behera utzi zituen 1997an, hedabideek jasotako besarkada baten bidez hainbat urteko gorabeherak alboratuz.

Jorge Oteizari omenaldi grafitia Donostiako Paseo Berrian

Oteizak bere bizitza osoan milaka artelan sortu zituen, adibidez, Altzuzako Oteiza Museoan jasota daude 1.800 eskultura eta lan esperimentaletan egindako 2.400 pieza.[8] Txomin Badiolak 2015ean obra guztiaren katalogoa osatu zuen.[9][10]

Milaka eskultura sortu bazituen ere, hauek dira bere eskultura garrantzitsuenak.

1960an eskulturaren bidea alboan utzita Oteizak bere sormena poesiara bideratu zuen, eta hura ere oso oparoa izan zen. 2006an Gabriel Insaustik koordinatu zuen liburuan 800 orrialdetan ehundaka poesia jasotzen dira. Liburuak Jorge Oteizaren bizitzan editatutako olerkiak biltzen ditu eta, aparatu kritikoarekin batera, euskarazko itzulpena, ohar xehe bat eta hainbat testuren sarrera-testuak eskaintzen ditu.[11]

  • 1956-57: Xede esperimentala (Propósito experimental)
  • 1960: Arte garaikidearen amaiera (El final del arte contemporáneo)
  • 1963: Quousque Tandem...!, euskal arimaren interpretazio estetikoa (Quousque Tandem...!, interpretación estética del alma vasca)
  • 1968: Arrautzaren estetika. Euskal pentsamoldea eta labirintua (Estética del huevo. Mentalidad vasca y laberinto)
  • 1973: Giza eredua haurrarentzat herrialde bakoitzean (Un modelo de hombre para el niño en cada país)
  • 1983: Gogo-jardunak tunelean: nortasun galdua bilatzen eta aurkitzen (Ejercicios espirituales en un tunel: en busca y encuentro de nuestra identidad perdida) 1965an idatzia, baina zentsuratua.
  • 1990: Jainkoa bada Ipar-Mendebaldean (Existe Dios al Noroeste)
  • 1991: Aldaketen legea. Plagioen liburua (La ley de los cambios. El libro de los plagios).

Oteiza Museoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Oteiza Museoa, Altzuzan (Eguesibar), Saenz de Oiza arkitektok eraikia

Denboraldi luzean oso harreman txarrak izan zituen Oteizak EAEko agintari eta erakundeekin, eta, hortaz, gero eta denbora gehiago ematen zuen Nafarroan, 1992an bere obra guztia Nafarroako herriaren esku uztea erabaki zuen arte. Adierazia zuen ordurako bere etxean museo antzeko bat sortzea gogoko zuela, eta 1988an lehen hitzarmen bat ere bazen sinatua Altzuzako Kontzejuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, Oteizari eskainitako museo bat eraikitzeko bertan. Oteizak 1992an hartutako erabakiak dimentsio berria eman zion egitasmoari, eta horren ondorioz helburua ere zabaldu egin zen: museoaz gainera, Fundazio bat sortuko zen, Oteizaren ondare guztia artelanak zein material teoriko eta bibliografikoa sailkatzeko, gordetzeko, aztertzeko eta zabaltzeko, eta haurren prestakuntza estetikoa zein hizkuntza artistikoen eta euskararen ikerketarako zentro bat sortzeko, besteak beste. Fundazioaren estatutuak 1996an onartu ziren, 1993koak ez baitzituen Oteizak ontzat hartu. Akordioan aipatzen zen puntuetako bat zen Museoaren eta Fundazioaren egoitza izango zena Javier Sáenz de Oiza arkitektoak Oteizaren adiskide eta lankide izandakoak egingo zuela. Sáenz de Oiza 2000. urtean hil zen, lana amaitu gabe, baina esan daiteke Altzuzako Oteiza Museo-Fundazioa izan dela bere hilondoko obra. Besteak beste, 2001erako sailkatuta zeuden 1.662 eskultura, Klarion Laborategiko 2.138 maketa, 700 marrazki, 4.000 liburu Oteizak eginiko oharrez aberastuak asko eta asko, eta 2.425 eskutitz.[14]

Oteizari buruzko lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oteizaren itzala dela eta, bere bizitzari eta lanari buruzko liburu eta azterlan ugari eman dira argitara azken urteotan mundu osoan. Bere zuzeneko eskuhartzea dela eta, aipagarriak dira 1999an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Oteizari eskainitako jardunaldi batzuetan aurkeztu ziren hiru liburu: Oteizaren poemez osatutako Cansado y giratorio, Carlos Aurtenetxe poeta donostiarraren poemak eta Oteizaren marrazki originalek osatzen zuten Jorge Oteiza, la piedra acontecida, eta Felix Marañak paratutako Jorge Oteiza, elogio del descontento, Oteiza ezagutzeko obra egokia, kronika, artikulu eta elkarrizketa bidez Oteizaren ibilbide pertsonal eta artistikoa biltzen dituena. Helburu berberaz, Oteiza Museoa Fundazioak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Jorge Oteiza, creador integral liburua aurkeztu zuten 2000. urtean. Liburua lau urte lehenago eginiko hitzaldi sorta batean oinarritzen zen, eta bertan hainbat kritikari, artista eta Oteizaren lagunek eskultore gipuzkoarri eta bere obrari buruz dituzten ikuspegiak biltzen dira.

Pamiela argitaletxeak Jorge Oteizaren Mentalidad vasca liburu argitaragabea kaleratu du 2017an. 1950eko eta 2000ko hamarkadetako testuak batu dituzte liburuan, eta bi zati ditu: Lehenengoan, ondoren Quousque tandem...! lanean garatu zituen ideiak daude bilduta. Bigarren zatian, berriz, gertuko zituen artistak eta baita berarentzat erreferente izan zirenak aztertzen dira.[15] Oskar Alegria zinemagileak ere 2017an kaleratu du artista oriotarrak liburuen marjinetan eskuz idazten zituen oharrekin osatu duen argitalpena: Oteiza al margen izenburupean, haren gogoeta barne-barnekoenak eta haren pentsamendu zuzenaren dirdaiak jaso ditu, zinemari eta arteari buruzkoak gehienak. Alegriaren lan hau Punto de Vista Jaialdiak eta Oteiza Museoak argitaratu dute, eta bere baitan beste liburu batzuk dituen liburu gisa aurkeztu dute obra berri hau, Oteizak bere irakurgaien marjinetan osatzen eta ezeztatzen zituen pasarteak irakurriz gozatzeko aukera ematen baitu.[16]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Oteitza da abizenaren euskara batuko idazkera (ikus Euskal Onomastikaren Datutegia), baina pertsona ospetsu horren abizenaren grafia oso finkatuta dago Oteiza formarekin. Halaxe ageri da EIMAren izen zerrendetan, Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan eta euskaraz argitaratu dizkioten liburuetan[Betiko hautsitako esteka].
  2. Oteiza, Jorge de, 1908-2003.. (2004). Oteiza : mito y modernidad. Guggenheim Bilbao Museoa ISBN 84-96008-76-2. PMC 63183874. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  3. Manterola, Pedro. (1996). Jorge Oteiza Embil. Donostia :Eusko Ikaskuntza, 21 or. ISBN 84-89516-10-3..
  4. Intrusos en la casa : arte moderno, espacio sagrado : Arantzazu, Assy, Audincourt, Rothko Chapel, Vence, 1950-1971. Fundación Museo Jorge Oteiza = Jorge Oteiza Fundazio Museoa D.L. 2011 ISBN 978-84-938823-4-1. PMC 796256684. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  5. Oteiza en Arantzazu = Oteiza Arantzazun. ISBN 978-84-948470-6-6. PMC 1139005518. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  6. (Gaztelaniaz) OTXOA, JULIA. (2008-10-26). «La poesía de Jorge Oteiza» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  7. Echeverria Plazaola, Jon.. (2014). Jorge Oteiza y la finalidad del arte : estética, ciencia y religión. (1. ed. argitaraldia) Fundación Museo Jorge Oteiza = Fundazio Museoa Jorge Oteiza ISBN 978-84-941212-3-4. PMC 892457969. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  8. Fundación Museo Jorge Oteiza. (D.L. 2013). Museo Oteiza. Fundación Museo Jorge Oteiza = Fundazio Museoa Jorge Oteiza ISBN 978-84-941212-2-7. PMC 864278393. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  9. Badiola, Txomin 1957-. (D.L. 2015). Oteiza : eskultura katalogo arrazoitua. Nerea ISBN 978-84-15042-93-8. PMC 951094300. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  10. (Gaztelaniaz) Badiola, Txomin. (2019). Txomin Badiola. OTEIZA Catálogo de Escultura / Eskultura Katalogo. Oteiza Museoa.
  11. Oteiza, Jorge de, 1908-2003.. (2006). Poesía. (1. ed. argitaraldia) Fundación Museo Oteiza Museo Fundazioa ISBN 978-84-922768-4-4. PMC 71821132. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  12. IV Bienal del Museo de Arte Moderno : 1957, São Paulo, Brasil = Arte Modernoaren Museoaren IV. Bienala. (1. ed. argitaraldia) Fundación Museo Jorge Oteiza 2007 ISBN 978-84-935542-2-4. PMC 217124220. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  13. Oteiza, Jorge de 1908-2003. (D.L. 2014). Oteizaren eskultura : catalogo. Fundación Museo Oteiza = Jorge Oteiza Fundazio Museoa ISBN 978-84-941212-9-6. PMC 907052182. (Noiz kontsultatua: 2020-07-10).
  14. Rementeria Arnaiz, Iskandar; Enbil, Jorge de Oteiza. (). «Arteak (ez) duen lekua hirian: hurbilpenak Oteizaren amaitu gabeko proiektutik abiatuta» Aldiri. Arkitektura eta abar (16): 26–28. ISSN 1889-7185. (Noiz kontsultatua: 2020-04-04).
  15. https://web.archive.org/web/20190116100144/https://www.berria.eus/paperekoa/1736/024/001/2017-06-22/oteizaren_nahia_bete_dute.htm
  16. https://web.archive.org/web/20170910174221/http://www.museooteiza.org/2017/03/oteiza-marjinan-argitalpen-berrianueva-publicacion-oteiza-al-margen/

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Jorge Oteiza