Karlos IV.a Borboikoa (Espainia)
Karlos IV.a Ehiztaria[1] (Portici, Napoli, 1748ko azaroaren 11 – Erroma, 1819ko urtarrilaren 20a) Espainiako erregea izan zen 1788ko abenduaren 14tik 1808ko martxoaren 19ra arte.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karlos IV.a Borboikoa Porticin jaio zen (Napoli), 1748ko azaroaren 11n. Aita Karlos III.a izan zuen eta ama, berriz, Maria Amalia Saxoniakoa.
1765ean, Karlos Maria Luisa Parmakoa bere lehengusuarekin ezkondu zen eta, 1788an, berriz, Espainiako errege bilakatu zen. Bere erreinaldian, gobernatzeko jarrera pasiboa hartu zuen eta emaztearen eragin handia izan zuen. Hasieran Arandako kondea ordezkari izan bazuen ere, Frantziako Iraultzaren ondoren, Manuel Godoy izendatu zuen Lehen Ministro. 1797an Espainiak Trinidad galdu zuen Ingalaterraren mesedetan[2]. 1800an, berriz, Frantzia Luisianaz jabetu zen[3]. 1805ean, Espainiako ontzidiak Trafalgarko gudua galdu zuen.
Aranjuezko matxinadaren ondoren, Godoyk dimisioa eman eta erbesteratu behar izan zuen, eta Karlos IV.ak Fernando VII.a bere semearen alde abdikatu zuen. Baionan, 1808ko maiatzaren 5ean, Napoleonek Jose Bonaparte bere anaiaren alde abdikatzera behartu zituen aita-semeak.
Karlosek gaztetatik izan zuen interesa artean. Biolina jotzen zuen eta, 1775ean, gaur Madrilgo Errege Jauregian dagoen Stradivarius tresnak erosi zituen gorterako, inguru musikal pribilegiatu hura Gaetano Brunetti bibolinjole eta konpositoreak zuzenduko zuelarik.
Pintura ere bere zaletasunetako bat zen eta Luis Meléndez, Claude Joseph Vernet eta Luis Pareten lanak enkargatu zituen, 1789an, Francisco de Goya kamara margolari egin zuelarik.
Bere erregealdian, hainbat noblezia titulu berri eskaini zituen -179-, horietatik 33 Espainiako Handiak izan zirelarik.
Seme-alabak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1765ean, Karlos IV.a bere lehengusuarekin ezkondu zen, Filipe, Parmako dukearen alaba zen Maria Luisa Parmakoarekin. Maria Luisa Parmakoa 24 alditan egon zen haurdun, baina 14 seme-alaba izan zituen, haietatik 7 besterik ez zirelarik heldu arora iritsi:
- Karlos Klemente Antonio (1771ko irailaren 19a - 1774ko martxoaren 7a).
- Karlota Joakina Borboikoa (1775eko apirilaren 25a – 1830eko urtarrilaren 7a), Joan VI.a Portugalekoarekin ezkonduko zena.
- Maria Luisa Karlota' (1777ko irailaren 11 – 1782ko uztailaren 2a).
- Maria Amalia Borboikoa (1779ko urtarrilaren 9 – 1798ko uztailaren 27a), bere osaba Antonio Paskual Borboikoarekin ezkonduko zena, Espainiako Infante, Karlos III.a Espainiakoaren semea eta Karlos IV.aren anaia txikiena.
- Karlos Domingo Eusebio (1780ko martxoaren 5a - 1783ko ekainaren 11)
- Maria Luisa Borboikoa (Etruriako erregina) (1782ko uztailaren 6a – 1824ko martxoaren 13a), Luis Etruriakoarekin ezkonduko zena, Parmako dukea eta Etruriako erregea zena.
- Karlos Frantzisko Paulakoa (1783ko irailaren 5a - 1784ko azaroaren 11).
- Filipe Frantzisko Paulakoa (1783ko irailaren 5a - 1784ko urriaren 18a).
- Fernando VII.a Espainiakoa (1784ko urriaren 14a – 1833ko irailaren 29a), Espainiako errege izango zena.
- Karlos Maria Isidro Borboikoa (1788ko martxoaren 29a – 1855eko martxoaren 10a), Molinako kondea eta karlismoari hasiera emango ziona, Espainiako tronuaren erregegai izan baitzen.
- Maria Elisabet Borboikoa (1789ko uztailaren 6a – 1848ko irailaren 13a). Bere lehengusua zen Frantzisko I.a Dos Siciliaskoarekin ezkondu zen lehenengo eta Frantzisko, Balzoko kondearekin gero.
- Maria Teresa (1791ko otsailaren 16a - 1794ko azaroaren 2a). Baztangak hil zuen.
- Filipe Maria Frantzisko (1792ko martxoaren 28a - 1794ko martxoaren 1a).
- Frantzisko Paulakoa eta Borboikoa, Cádizko dukea (1794ko martxoaren 10a – 1865eko abuztuaren 13a). Bere ilobarekin ezkondu zen, Maria Elisabet Borboikoa arrebaren alaba zen Luisa Karlota Borboikoa-Dos Siciliasekin. Hauen seme zaharrena Frantzisko Asiskoa eta Borboikoa izan zen, Elisabet II.a Espainiako erreginarekin ezkonduko zena.
Erregealdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karlos bere aita Karlos III.aren oinordekoa izan zen eta, tronua eskuratu zuenean, ezagutza zabalak zituen Estatua zuzentzerako garaian. Halere, 1789an Frantzian gertatutako gertaerek gainditu egin zuten. Gobernatzerako garaian, energia pertsonala falta izan zitzaiola esaten da eta, ondorioz, Maria Luisa Parmakoa bere emaztearen eskuetan egon zela denbora batez Estatuaren ardura.
Godoy Lehen Ministroak ere garrantzi handia izan zuen Karlosen erregealdian. Godoy Erreginaren maitale zela esaten zen, baina historialariek ez dute informazio hori frogatu. Hala ere, egorea honek, Erregea ahuldu egin zuen eta hasierako indarra galdu zuen. Bitartean, Frantziar Iraultza gertatzen ari zen eta antzinako erregimenari bukaera hurbiltzen ari zitzaion.
Floridablancako kondearen gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karlos IV.aren lehen erabakiek argi eta garbi utzi zuten asmo erreformatzaileak zituela. Floridablancako kondea izendatu zuen Lehen Ministro, ilustratua, eta kudeaketa kontribuzioen atzerapenak barkatuz, ogiaren prezioa mugatuz, maiorazkoa ezabatuz... hasi zuen bere agintaldia. Bestalde, Erregeak berak indargabetu zuen Lege Salikoa, bere arbasoetako Filipe V.ak jarri zuen legea.
1789ko Frantziar Iraultzak espainiar politika goitik behera aldatu zuen. Frantziatik albisteak iristen ziren heinean, espainiar koroaren beldurra areagotu egiten zen eta, azkenik, Gorteak istea erabaki zuten. Bien bitartean, bildu egin ziren Asturiasko Printzea onartua izateko. Isolatzeak bide egokia zirudien Frantziako ideia iraultzaileak Espainian heda ez zitezen. Floridablancako kondeak Luis XVI.aren alde egin zuen, horrez gain, mugan kontrolguneak jarri zituen iraultza gelditu ahal izateko eta Familiako Itunak, denbora batez, (Frantzia eta Espainiaren artekoak) alboratu zituen. Karlos IV.ak aurreko erregealdiko erreforma batzuk bertan behera utzi zituen, kontserbadorismo eta errepresioaz ordezkatu zituelarik eta Inkisizioaren eragina zabaldu zuelarik.
Arandako kondearen gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1792an, Floridablanca Arandako kondeak ordezkatu zuen, Voltaire eta beste frantses iraultzaile batzuen laguna zenak.
Erregeak eginkizun zail bat agindu zion, bere lehengusua zuen Luis XVI.aren bizitza salbatzea -1791ko konstituzioa onartu beharrean izan zen-.
Lan zaila, 1792tik aurrera, iraultza gogortu egin baitzen eta, Luis XVI.a tronua uztera behartu zutenez, Arandako kondearen erorketa etorri zen, horrela, 1792ko azaroaren 15ean, Manuel Godoy jarri zutelarik boterean.
Manuel Godoyren lehen gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Manuel Godoy guardia xume bat izatetik berehala gorantz igo zen pertsonaia dugu. Kapare izatetik Alcudia eta Suecako duke bilakatu zen, kapitain general eta, 1792an, Karlos IV.aren balido ahaltsua. Pentsaera ilustratua, erreforma asko jarri zituen martxan, zientzia aplikatuen irakaskuntza sustatuz, Herriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoak eta Godoyk erlijio komunitateen esku zeuden ospitale, miserikordia eta umezurztegiei eginiko desamortizazioak.
Frantses iraultzak espainiar politika baldintzatu zuen. Lehen neurriak Luis XVI.aren bizitza salbatzera zuzendu bazituzten ere, 1793ko urtarrilean, Frantziako erregea gillotinan hil zen. Horrela, europar potentziek Frantzia iraultzaileari Konbentzio gerra egin zioten eta Espainia ere bertan sartu zen. Frantzia errepublikarrak garaitu zuen, ordea, material falta, armadaren prestakuntza eza eta sans culottes kementsuen aurrean moral jaitsia arrazoi. 25.000 gizonez osaturiko armada, Ricardos jeneralen agindupean, Rosselló-n sartu ziren eta arrakastaren bat lortu zuen.
1794tik aurrera, espainiar tropek atzera egin behar izan zuten eta frantsesek Figueres, Irun, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Miranda de Ebro okupatu zituzten.
1795ean, Godoyk Basileako bakea sinatu zuen Frantziarekin. Frantziako errepublikak Espainiari itzuli zizkion aurrez hartutako lekuak eta, ordainez, Hispaniola lortu zuen.
1796an, Iraultzaren aldi erradikalena bukatuta zegoen jada eta Godoyk San Ildefonsoko ituna sinatu zuen, Espainia Frantziaren aliatu bilakatuz. Aldaketa honek Britainia Handiarekin harremanak haustea ekarriko zion, Frantziaren betiko arerio zena eta Espainiarena ere bai, nagusitasuna itsasoan eta Amerikarekiko merkataritza baitzuten sesio. 1797an, espainiar ontzidiak porrota jaso zuen San Bizente lurmuturrean, baina Cádiz eta Santa Cruz Tenerifekoak eutsi egin zien Nelson almirantearen erasoei. Ameriketan, britainiarrek Trinidad uhartea okupatu zuten eta porrota izan zuten Puerto Ricon. Honek denak Godoyren erorketa ekarriko zuen, 1798ko maiatzean.
Saavedra eta Urquijoren gobernuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi ilustratu, Francisco de Saavedra eta Mariano Luis de Urquijo izan ziren ondorengo gobernuburuak 1798 eta 1800ean.
Manuel Godoyren bigarren gobernua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1799an, Napoleon agintera heldu zenean eta, 1804an, Enperadore bilakatu zenean, nazioarteko harremanak aldatu egin ziren. Napoleonek Espainiaren beharra zuen britainiarren aurkako borrokan eta horregatik presionatu zuen Karlos IV.a Godoy berriro bere karguan jartzeko. 1800ean gertatu zen hori eta, 1801ean, Aranjuezko hitzarmena sinatu zuten, espainiar armada Napoleonen eskutan jarriz eta, bide batez, Britainia Handiaren aurka.
1801ean, Godoyk gerra deklaratu zion Portugali, britainiarrek kontinentean zuten aliatu nagusia
1805ean, espainiar ontzidiak porrota izan zuen Trafalgarko gudan armada britainiarraren aurka eta, ondorioz, egoera guztiz aldatu zen. Britainiarrek itsasoan zuten nagusigoaren aurrean, Napoleonek blokeo kontinentala ezarri zuen, eta Espainia ere batu zitzaion. 1807an sinatu zuten Fontainebleauko ituna Portugal Frantzia, Espainia eta Godoyren artean banatuz eta, Portugaleko bidean, armada frantsesak Espainia zeharkatzeko eskubidea bermatuz.
Gainbehera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbeste gerra eta borrokek krisi larria eragin zuten Ogasunean eta Karlos IV.aren ministroek ezer gutxi egin zezaketen konpontzeko. Iraultza baten beldurrak erreformak egiteko kemena zapuztu zuewn eta ez ziren estamentu pribilegiatuak ukitzera ausartu.
Hori gutxi balitz, frantses soldaduen presentziak Godoyrenganako aurkakotasuna areagotu zuen eta, 1807an, El Escorialeko konjura prestatzen hasi ziren, Fernando Asturiasko printzea buru, aita tronutik bota nahian. Ez zen ondo atera eta Fernandok berak eman zituen bere kideen izenak.
1808ko martxoan, frantsesen okupazioa nabarmena zen, jada, eta Godoyk Espainiatik alde egiteko aholkua eman zien errege-erreginari. Orduan izan zen Aranjuezko altxamendua, errege familiaren aurkako istilua Aranjuezen zeudela aprobetxatuz. Altxatu zirenek Godoy harrapatu zuten eta Karlos IV.ak, egoera ikusita, abdikatu egin zuen, bere semea Fernando VII.ari koroa utziz.
Une hartan, Napoleon sartu zen, Espainiako errege familia Baionara konbokatuz. Enperadorearen eta gurasoen presiopean, maiatzaren 6an, Fernando VII.ak koroa itzuli zion Karlos IV.ari, jakin gabe hark, bezperan, Napoleoni emateko tratua egin zuenik, anaia Jose jarri nahi baitzuen Espainiako errege.
Karlos Napoleonen preso izan zen Marseillan, 1814ko porrotera arte. Une hartan, Fernando VII.a Espainiako tronora itzuli zen, baina horrek aita erbestean segitzea ekarri zuen, agintea kentzeko aukerarik gabe. Bai Karlos, baita emaztea ere, aita santuaren Borghese jauregian hil ziren, erbestean.
Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitona Filipe V.a Espainiakoa |
Amona Isabel Farnesiokoa |
Aitona Augusto III.a Poloniakoa |
Amona Maria Josefa Austriakoa |
Aita Karlos III.a Espainiakoa |
Ama Maria Amalia Saxoniakoa | ||
Karlos IV.a Espainiakoa |
Oinordekotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurrekoa Karlos III.a Espainiakoa |
Espainiako erregeak 1788-1808 |
Ondorengoa Fernando VII.a Espainiakoa |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 186. arauaː Atzerriko pertsona-izenak. Grafia-irizpideak. Erregeerreginen eta kidekoen kasua. .
- ↑ Enrique GIMENEZ LOPEZ: La guerra con Inglaterra Artehistoria.jcyl.es
- ↑ Luisiana Artehistoria.jcyl.es